Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3357

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 13koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Zarauzko San Pelaioko geralekua eraberritzeko proiektua»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta titularrei deialdia egiten baitzaie okupatu aurreko aktak egingo diren ekitaldirako.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko martxoaren 18ko Ebazpenaren bidez, «Zarauzko San Pelaioko geralekua eraberritzeko proiektua» onetsi zen.

San Pelaioko geralekua Bilbao-Donostia linearen 86/564 KPan dago, eta Zarauzko herriguneko ekialdeko eremuari ematen dio zerbitzua.

Geralekura iristeko, trenbidearen azpiko pasabide bat dago. Pasabide horrek geralekuaren mendebaldean dauden bi bizitegi-sektore lotzen ditu.

Iparraldetik datozen erabiltzaileek goian aipatutako azpiko pasabidetik joan behar dute.

Aurreikusitako jarduketen bidez, geralekuaren irisgarritasuna, edukiera eta kontrola hobetzeaz gain, bidearen bi aldeetako herritarren oinezko komunikazioa iragazkorragoa izatea lortzen da.

Lursailak eskuratzeko, eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehea biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko martxoaren 25eko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasunak eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrean jartzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta zenbait lekutan argitaratu zen: hain zuzen ere, 2021eko apirilaren 12an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 2021eko apirilaren 14an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan.

Era berean, aipatutako ondasunen eta eskubideen zerrenda Zarauzko udaletxeko iragarki-oholean erakutsi zen jendaurrean.

Tramite horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, eta horrek ahalmena ematen dio Administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da, eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, kontuan harturik aurrekariak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluak, Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikulua, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Zarauzko San Pelaioko geralekua eraberritzeko proiektua»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta okupatzeko beharra deklaratzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Zarauzko udaletxera ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiriak (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroaren ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri aurkeztu beharko dituzte. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetze Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, okupatu aurreko aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1 - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hileko epean; hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 13a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala