114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (261 KB - 3 orri.)
- EPUB (245 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3356
EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Eubako trenbide-pasagunea kentzeko zubibidearen eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia linearen 25+387 KP)» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez, «Eubako trenbide-pasagunea kentzeko zubibidearen eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia linearen 25+387 KP)» proiektua onetsi zen.
Proiektuak trenbidearen gainetik pasabide bat egiteko beharrezkoak diren obrak zehazten ditu, Euba eta Bernagoitia auzoak lotzen dituen BI-4337 errepideari jarraipena emateko.
Proiektuaren xedea da gaur egun aipatutako errepidean dagoen trenbide-pasagune langaduna kentzea (trenbide-pasagune horretan Amorebieta-Etxano udalerriko Euba auzotik igarotzen den Bilbao-Donostia linearen trenbideak gurutzatzen dira) eta, modu horretan, erabiltzaileen segurtasuna handitzea.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Eubako trenbide-pasagunea kentzeko zubibidearen eraikuntza-proiektua (Bilbao-Donostia linearen 25+387 KP)» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea, 1 - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Amorebieta-Etxanoko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.
Honen berri ematen da, denak jakitun egon daitezen.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 11.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.