Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3355

AGINDUA, 2021eko ekainaren 2koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak ezartzen baitira sendotze-jarduketak egiten dituzten eta COVID-19ak kaltetu dituen enpresentzako. Bateratu COVID-19 programa.

Ustekabean COVID-19ak eragindako pandemiak alarma sanitarioko egoera ekarri du, pertsonen osasunari nabarmen erasaten ari zaiona, eta bide eman dio hedapenaren aurkako borroka etenik gabe bati.

Pandemia nabarmen eragiten ari da gure ekonomiaren ekoizpen-sektoreetan, ustekabean eta bortizki agertu delako, eta irauten ari denagatik, gainera, ekoizpen-sektore batzuetan, urtetarako kontua izan daiteke. Gure industria, Euskadirentzako enplegu- eta ongizate-iturri, ez da eraginetik libratu.

Pandemia agertu zenetik, enpresek, langileen osasuna lehenetsiz, hainbat motatako neurriak hartu dituzte merkatuko errealitate berrira egokitzeko, krisiaren eraginari aurre egiteko nahiz enpresen iraupenean sakontzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eta neurri jarri ditu abian bere sailen bidez. Hala, jarduera ekonomiko eta industrialari dagokionez, aipatzekoak dira honako hauek: COVID-19 lerrotik eratorritako finantzaketa, Ekonomia eta Ogasun Sailak abiarazia; Bideratu COVID-19 programa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutakoa; bai eta sail horrek berak abian jarritako ekimenak ere, Gauzatu Industria edo Indarturen moduko laguntza-programei lotutako diru-sarrerak aurreratzeari eta ordainketak geroratzeari buruzkoak. Horren guztiaren xedea izan da enpresen likidezia handitzea.

Globalizazioak eta informazioaren teknologien iraultzak merkatuak zabaltzea eta merkataritzaren kostuak murriztea ekarri du, eta horrek azken urteotan sektore ekonomiko asko berregituratzea eragin du. Bat egitea eta erostea dira enpresen tresna nagusietako bat, behar duten egitura-aldaketa egiteko eta bizkor handitzeko. Eragiketa horiek aukera bat dira eskala-ekonomiak lortzeko eta enpresaren berrikuntza-gaitasuna areagotzeko.

Bat-egiteen edo xurgatzeen bidez, enpresek salmenta-kanal berrietara sarbidea izan dezakete, merkatu berrietan sar daitezke eta etorkizun oparoa izateko funtsezko gaitasunak eta baliabideak eskura ditzakete. Hala ere, enpresek ez dute bat egiteko edo erosteko erabakia epe laburreko faktoreetan oinarritu behar, hala nola kostuak aurreztea, ez eta motibazio pertsonaletan edo espekulazioan ere. Hau ulertu behar dute: bat-egiteak edo xurgatzeak arrakasta izateko probabilitatea handitu egiten da eskuratutako negozioa ondo ezagutzen bada, eta egiturak eta antolamendu-diseinua nahiz konpentsazio- eta pizgarri-sistemak egokiak badira.

EAEko enpresa-egitura enpresa txiki eta ertainetarantz lerratuegi dago, eta horrek ahulguneak sortzen ditu lehiakortasunean, produktibitatean eta berrikuntza-mailan. Gero eta handiagoa den kanpo-lehiaren aurrean enpresak indartzeko, beharrezkoa da segmentu horretan bat-egiteak eta eskuratzeak sustatzea, beste tamaina batzuetako enpresekin egiten direnak baztertu gabe.

Aurreko paragrafoetan azaldutakoak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egiten ditu krisia gainditzeko eta EAEko industria-sarea indartzeko. Ildo horretan, laguntza eman nahi zaie enpresei, hazkundea sustatzeko eta produktibitatea nahiz lehiakortasuna hobetzeko jarduketetan, enpleguari eutsi diezaioten eta merkatu-egoera sendotu dezaten. Horren guztiaren xedea da pandemiaren ondorio ekonomiko larriei aurre egitea eta enpresen iraupena indartzea.

Europar Batasunak uste du nahasmendu ekonomiko handia eragin duela koronabirusaren agerraldiak EBn, eta koordinazio erabakigarria eskatzen duela. Horregatik, 2020ko martxoaren 19an komunikazio bat onetsi zuen (COM (2020) 1863 komunikazioa), COVID-19aren inpaktu ekonomikoa leuntzera bideratutako Europako Batzordearen berehalako erantzuna jasotzen duena. EBFTren 107.3.b) artikuluaren arabera, Batzordeak erabaki dezake «estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larri bati konponbidea emateko» laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak direla.

Era berean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.2.b) artikuluak eta COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparruak ezartzen dutenaren arabera, barne-merkatuarekin bateragarriak dira hondamendi naturalek edo salbuespenezko beste gertaera batzuek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak.

EBren estatu-laguntzei buruzko arauei esker, estatu kideek neurri azkar eta eraginkorrak har ditzakete herritar eta enpresei laguntzeko, COVID-19 pandemiaren ondorioak pairatzen ari baitira. Aldi berean, estatuaren laguntza eraginkorra izango dela bermatzen dute, behar duten enpresetara iritsi dadin eta dirulaguntzak eskuratzeko lehia kaltegarriak saihestu daitezen, zeintzuetan diru gehien duten estatu kideek beren ondokoek baino gehiago gastatu baitezakete, EBren barneko kohesioaren kalterako. Estatu kideek laguntza-neurri zabalak diseina ditzakete, dituzten estatu-laguntzei buruzko arauekin bat datozenak.

Horiek horrela, EBFTren 107.3.b) artikuluan jasotzen diren laguntzei dagokienez –estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larriei konponbidea ematea–, EBk birritan ebatzi du nahasmenduak kasuan kasuko estatu kidearen ekonomia osoari edo zati garrantzizko bati erasan behar diola, eta ez estatu horretako eskualde batenari edo batzuenari soilik. Horren aurrean –2009an bezala, krisi ekonomiko eta finantzarioko egungo testuinguruan finantzaketarako sarbidea errazteko estatu-laguntzen neurriei aplikatu beharreko aldi baterako esparrua aplikatuta–, Espainiako gobernuak aldi baterako esparru-araubide bat jakinarazi zuen 2020/03/27an, enpresa eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzkoa, COVID-19aren agerraldi honetan ekonomiari laguntzeko.

Estatuko esparru-araubide horri baimena eman zion 2020-04-02ko Europako Batzordearen C (2020) 2154 Erabakiak, SA.56851 (2020/N) kodea duenak. Horrenbestez, estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

Aipatutako aldi baterako esparrua behin eta berriz eguneratu da 2020ko ekitaldian zehar. 2020ko apirilaren 3an, Batzordeak lehen aldaketa bat onartu zuen laguntzak baimentzeko, hau da, COVID-19arekin lotutako produktuen ikerketa, entsegua eta ekoizpena bizkortzera, enplegua babestera eta gaur egungo krisialdian ekonomia babesten jarraitzera bideratuak. 2020ko maiatzaren 8an, Batzordeak bigarren aldaketa bat onartu zuen, krisiak eragindako enpresei kapitala eta likidezia eskuratzeko erraztasun gehiago ematearren. 2020ko ekainaren 29an, hirugarren aldaketa bat adostu zuen mikroenpresei, enpresa txikiei eta enpresa sortu berriei gehiago laguntzeko, baita inbertsio pribatua sustatzeko ere. 2020ko urriaren 13an, Batzordeak, laugarren aldaketa batean, aldi baterako esparrua luzatu zuen (2021eko ekainaren 30era arte), eta aukera eman zuen laguntzaren bidez ordaintzeko krisiak eragindako enpresek ordaindu ezin dituzten kostu finkoen zati bat. Batzordeak onartu zuen azken aldaketak (bosgarrenak, 2021eko urtarrilaren 28koak) helburu hauek ditu: aldi baterako esparruan ezarritako neurriak 2021eko abenduaren 31ra luzatzea; neurri jakin batzuen gehieneko laguntza-mugak egokitzea, gaur egungo krisiaren luzaroko ondorio ekonomikoei aurre egiteko; eta aldi baterako estatu-laguntza jakin batzuk –Batzordearen iritzian Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («EBFT») 107. artikuluko 3. apartatuko b) letrarekin bat datozenak– emateko baldintzak argitzea eta aldatzea, COVID-19aren pandemia dela eta. Halaber, komunikazio honen xedea arrisku negoziagarriak dituzten herrialdeen zerrenda aldatzea da. Zerrenda hori Batzordeak estatu kideei egindako komunikazioaren eranskinean ageri da –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak epe laburrerako esportaziorako kreditu-aseguruari (STEC) aplikatzeari buruzkoa–.

Agindu honek abian jartzen duen laguntza-araubidea bat dator COVID-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko aldi baterako esparruarekin, eta hura betetzen du –eta, ondorioz, COVID-19aren agerraldia dela eta, ekonomiaren mesedetan enpresei eta autonomoei laguntzeko neurrien estatuko aldi baterako esparrua ere bai–, eta Europako Batzordeak ezarritako laguntzen tipologiara eta laguntzak baimentzeko oinarrizko baldintzetara egokiturik dago.

Laguntzei buruzko Agindu hori kontuan hartzen da Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorretan ezarritako kredituen kontura finantzatuko da deialdi hau.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan bat egiteko planak edo xurgapen-planak abian jartzen dituzten enpresak edo enpresa-taldeak sendotzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea, enpresa eta enpresa-talde horiek COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egin ahal izan diezaieten eta iraupena ziurtatua izan dezaten, sortzen diren enpresen hazkundea eta produktibitatearen eta lehiakortasunaren hobekuntza bultzatuz.

Aginduak abian jartzen duen laguntza-araubidea Europako Batzordeak 2020ko martxoaren 19an onartutako Europako Aldi Baterako Esparruaren 22. paragrafoko 3. apartatuan xedatutakoaren barnean kokatzen dira; hau da, COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzak. Araubide hori Europako Batzordearen 2020ko apirilaren 2ko C (2020) 2154 Erabakiaren bidez baimendu zen, eta kode hau dauka: SA.56851 (2020/N). Haren bidez , estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2021eko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun laguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 3.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, produkzio edo eraldaketako industria-enpresak badira edo zerbitzuak (produktu-prozesu industrialari lotuak) eskaintzen badituzte era horretako enpresentzat, betiere laguntza-gai diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen badira.

2.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txiki gisa definitzen dira 50 langile baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez ere 10 milioi eurokoa dutenak; bestalde, mikroenpresa gisa definitzen dira 10 enplegatu baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurokoa dutenak gehienez.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, hauek hartuko dira kontuan: 651/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 17koa; 702/2014, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa; eta 1388/2014, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.

3.– Enpresa taldeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden taldeko enpresek egiten dituzten inbertsioak bakarrik hartuko dira kontuan, betiere haien prozesuak industria-jarduera berarekin eta industria-produktu eta -prozesuari loturiko zerbitzuekin lotuta badaude, memorian zehazten badira eta haien arteko akzio-partaidetza % 100ekoa bada.

4.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskaera egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

4. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.

1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;

b) Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

c) Enpresa porrot- edo C-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

d) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.

Denbora-esparruak, 3.1.c eta c bis ataletan, baztertu egiten ditu 2019ko abenduaren 31n jada krisian zeuden enpresak. Hala ere, 2019ko abenduaren 31n krisian zeuden mikroenpresei eta enpresa txikiei eman ahal izango zaizkie, baldin eta zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta berregituraketako salbamendu-laguntzarik jaso ez badute.

2.– Ez zaizkie agindu honetan xedatzen diren laguntzak emango erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresei, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa.

3.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.

4.– Kanpoan geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

5.– Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ez dute zigor- eta administrazio-arloko zehapenik izan behar, horiek laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta.

6.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko irizpideak.

Erakunde onuradunen bat-egiteen edo xurgatze-eragiketen aholkularitza- eta notariotza-gastuak onartuko dira, bai eta, hala badagokio, eragiketa horiei lotutako inbertsioa ere, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egiten badira, eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntzak jaso ahal izateko, enpresek bat-egitearen plana edo xurgatze-plan bat egin eta aurkeztu beharko dute, egin beharreko eragiketak deskribatzen dituena eta, hala badagokio, horri lotutako inbertsioak identifikatzen dituena.

b) Eragiketatik sortutako enpresaren baliabide propioek, laguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

c) Kontuan hartu beharreko inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu eta, enpresa taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako irizpideak betetzen dituzten eta inbertsioen edo gastuen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.

d) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresari 6.1.f) artikuluan eskatzen zaion plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez.

6. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen gastuak eta inbertsioa.

Laguntzak kalkulatze aldera, honako hauek hartuko dira laguntza jaso dezaketen gastutzat:

1.– Enpresak sendotzeko, bat egiteko edo xurgatzeko plana egiteko aholkularitza-gastuak, hau da:

a) Bat egin edo xurgatu beharreko enpresaren kudeaketari eta akziodunen egiturari buruzko aurretiazko diagnostikoa.

b) Inbertsiorako eta harremanetarako aukerak eta egin beharreko inbertsioaren irizpideak identifikatzea.

c) Negoziazio-prozesua planifikatzeko egin beharreko ikerketa eta informazio-bilketa.

d) Due Diligence prozesuak.

e) Eragiketa ixtea, prozesuan parte hartzen duten hirugarren alderdiekin negoziatzea, etab.

f) Eragiketaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa azaltzen dituen plan ekonomiko-finantzarioa.

2.– Sendotze-eragiketa formalizatzeko notariotza-gastuak.

3.– Hala badagokio, sendotzeko, bat egiteko eta/edo xurgatzeko eragiketari lotuta proposatzen diren inbertsioak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak (agindu honetan xedatutakoaren arabera aplikatzekoak direnez gain):

a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) ondoko epigrafeetako definizioaren arabera:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.

Nolanahi ere, aktiboek lotura zuzena izan beharko dute bat egitearekin edo xurgapen-jarduerekin.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Halaber, kontuan hartuko dira bat egitearen edo xurgapen-eragiketen ondorioz enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion makinak instalatzeko eta egokitzeko inbertsioak.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Inori lagata ez egotea, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen diren inbertsioek, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsiotzat hartzeko, errentamenduaren kontratua amaitzen denean erosteko aukera berariaz sartuta izan beharko dute.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

4.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa kidetu edo lotuaren ondoreetarako, hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren, 2014ko ekainaren 17koaren, I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

7. artikulua.– Enplegua.

Bat egiteko planeko edo xurgatze- planek bermatu beharko dute bat egindako edo xurgatutako enpresak, bai eta xurgatzaileak ere, enpleguari eutsiko diotela. Enpresaren iraupenerako ezinbestekoa bada plantilla murriztea, lan-hitzarmen bat egin beharko da, eta horretan zehazten den plantilla enpleguari eusteko beharrezkotzat jotzen dena izango da.

Enpleguari eustearen jarraipena egiteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

1.– Hasierako plantilla mantentzea termino garbietan neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua oinarritzat hartuta (enpresak aurkeztuko du).

2.– Ondorio horietarako, lehendik dauden enpresen kasuan, honako hau hartuko da hasierako plantillatzat: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean agertzen dena.

3.– Aurreko atalean ezarritakoaren arabera, enpresa onuradunak gutxienez hiru urtez eutsi beharko dio hasierako plantillatzat hartutakoari. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

4.– Enpresa-taldeei dagokienez, hasierako plantillari eusteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako taldeko enpresak soilik hartuko dira kontuan, betiere haien prozesuak proiektuan zehazten den industria-jarduera berari lotuta badaude eta haien arteko akzio-partaidetza % 100ekoa bada.

5.– Plantilla lan-hitzarmen bidez murrizten bada, hitzarmen horretan zehaztutako langile kopurua izango da plantillari eusten zaiola egiaztatzeko erreferentziatzat erabiliko dena.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira.

Beraz, enpresa handientzat eta enpresa txiki eta ertainentzat justifikatutako aholkularitza- edo notariotza-gastuei dagokienez, gastu horien % 25. Gastu horiei dagokienez, gastu hautagarritzat jo beharreko gehieneko kostua 300.000,00 euro da.

Laguntza jaso dezaketen inbertsioen kasuan, % 10 enpresa handientzat eta % 15 ETEentzat.

Laguntzek gehieneko muga bat izango dute: aholkularitza- eta inbertsio-gastuetarako ezarritako ehunekoak aplikatuta ateratzen diren zenbatekoak batuz gero, inola ere ez da izango 500.000,00 euro baino handiagoa enpresa bakoitzeko edo, kasua balitz, enpresa-talde bakoitzeko.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.

Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste erakunde edo administrazio publiko batzuek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 13ko komunikazioan onartutako gainerako laguntzekin; laguntza horiek COVID-19aren agerraldiari erantzun ekonomiko koordinatua emateko onartu ziren, eta Aginduak Estatuko Laguntzen Aldi Baterako Esparrua ezarri zuen.

Europako Batzordearen 2021eko urtarrilaren 28ko jakinarazpenaren 22. puntuko a letran xedatutakoaren arabera, laguntza orokorra ez da 1.800.000 eurotik gorakoa izango enpresa bakoitzeko. Aldi baterako esparruaren barnean onartutako araubideen arabera emandako laguntza guztien balio izenduna hartuko da kontuan, neurri horien balio izenduna, guztira, enpresa bakoitzeko 1.800.000 euroko gehieneko muga globalaren azpitik mantendu dadin. Erabilitako zifra guztiak zenbateko gordinak dira, hau da, edozein kenkari fiskal edo bestelakorik aplikatu aurretikoak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin meta daitezke, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako metatze-arauak errespetatzen badira. Minimis laguntza diruz lagun daitezkeen gastu berberei badagokie, ezin izango da metatu, laguntzaren intentsitatea edo Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan eta Aldi Baterako Esparru Nazionalean ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Minimis laguntzak diruz lagun daitezkeen kostu espezifikoei badagozkie, laguntzekin metatu ahal izango dira.

Agindu honetan ezarritako laguntzak metatu egin daitezke kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren arabera salbuetsitako laguntzekin, betiere diruz lagun daitezkeen kostu identifikagarri desberdinak badira. Laguntza horiek diruz lagun daitezkeen kostu berberei badagozkie, metatu egin ahal izango dira kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorrean adierazitako gehieneko intentsitateak edo zenbatekoak errespetatzen badira.

Azkenik, inbertsioaren finantzaketa publiko osoa (edozein administrazio eta/edo erakunde publikok emandako baliabide publikoen batura gisa zenbatuta) ezingo da izan Agindu honen 6. artikuluaren arabera diruz lagun daitekeen inbertsio-proiektuaren aurrekontu osoaren % 75 baino gehiago.

10. artikulua.– Prozedura hastea.

1.– Laguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraikita emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea; eta 2021eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

3.– Agindu honen 6. artikuluan adierazitako gastuak eta inbertsioak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egin beharko dira (aurretik egindakoak ezingo dira sartu), 2022ko abenduaren 31ra arte.

11. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Izapide-jarraibideak eskura dauden eta eskaera-inprimakirako sarbidea dagoen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Helbide honetan eskura daiteke Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroa: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan beharko ditu.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa hau kudeatzen duen organoak, salbu eta ez zaion arrazoituta aurka egiten, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Kasu horretan, betebehar horiek bete izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskatzaileek.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek gehitu beharko ditu:

a) Enpresa edo enpresa-taldea sendotzeko edo handitzeko planteatutako bat egiteko planen edo xurgapen-planen memoria xehatua, honako alderdi hauek jasotzen dituena:

– Bat egiteko planak edo xurgatze-planak egiteko aholkularitza-gastuak, aholkularitzaren eskaintza xehatua barne, 5.a) artikuluan ezarritakoaren arabera; hau da, bat-egitearen plana edo xurgatze-planaren deskribapena, honako hauek adieraziz: plan hori egiteko erabilitako ordu kopurua, plana egiteko lan egindako orduaren prezioa eta, hala badagokio, eragiketa horri lotuta egin beharreko inbertsioen kostuak.

– Notariotza-gastuak.

– Era berean, memorian xehe-xehe azaldu beharko da COVID-19ak zer eragin izan duen sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresetan, eta eragiketa horrek zer onura ekarriko liokeen pandemiaren ondorio larriei aurre egiteari.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude izan ezik.

c) Sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresen artean, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztutako urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, eta halakorik ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

d) Sendotze-eragiketan parte hartzen duten enpresen artean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, bat egiteko eragiketa edo xurgatze-eragiketa edo lan-hitzarmena –plantilla-murrizketaren kasurako– formalizatzen den hilekoa. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

e) Hala badagokio, xede horiek betetzeko kontratatutako aholkularitza-enpresaren eskaintza xehatua; bertan, egin beharreko lanak zehaztu beharko dira, baita zerbitzuaren prezioa eta bat-egiteak edo xurgatze-eragiketak sor ditzakeen inbertsioen zenbatespena ere. Hori guztia 5.a) artikuluan zehazten diren baldintzetan egingo da.

f) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

– Ez direla kondenatuak izan laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

– Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

– Laguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako susmoa eragiten duten enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

– Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea (aldi baterako esparruko salbuespenarekin, hau da, 2019ko abenduaren 31rako krisian egotea jada, betiere ez badaude beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta eta eta salbamendu- edo berregituratze-laguntzarik jaso ez badute).

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emango ditu laguntza-programa honi dagozkion ebazpenak.

2.– Laguntzak emateko ebazpenean alderdi hauek zehaztuko dira:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.

b) Bat-egite, xurgatze- edo sendotze-plana egiteko aholkularitza-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa, kasua bada, bai eta dagokion inskripzioa egiteko notariotza-gastuetarako ere.

c) Hala badagokio, laguntza jaso dezaketen inbertsioak, horietarako laguntzaren zenbatekoa eta horiek gauzatzeko epea.

3.– Eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak laguntza ukatzeko ebazpena emango du, eskatzailearen izena edo izen soziala, IFZ edo NANa eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziz.

4.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta betiere 2021eko abenduaren 31 baino lehen, aldi baterako esparruak ezartzen duen bezala. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute enpresa interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaz onartua) 51.9 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezertan eragotzi gabe eskatutako laguntzari dagokionez administrazioak eman behar duen berariazko ebazpena.

5.– Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

6.– Onartzeko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Industriako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat.

7.– Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzen ordaintza jasotzeko, enpresa onuradunak honako atal hauek bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»n (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta):

– Sendotze-eragiketari zuzenean lotutako aholkularitza-gastuen fakturen koadroa, bai eta gastu horiek egin izana egiaztatzen duten agiriak ere.

– Bat egitearen edo xurgatze-eragiketaren formalizazioarekin lotutako eskriturak edo kontratu-dokumentuak.

– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen aitorpena.

– Fakturen koadroa, inbertsio-gastuen edo sendotze-eragiketari lotutako bestelako gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa banakatua).

– Deklarazio bat, zeinaren bidez adierazten baita onuraduna ez dagoela –laguntza jaso ondoren– berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiago badira.

Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Behin betiko fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroetan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, adierazitakoa egiaztatzeko.

2.– Bat egitea edo xurgatze-eragiketa notario bidez formalizatu ondoren, enpresak hilabeteko epea izango du eragiketa horri zuzenean lotutako gastuak aurkezteko.

Inbertsioak egiteko epea amaituta, hiru hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko.

3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa aurkezturiko justifikazioarekiko proportzionala izango da.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, hura ezeztatzeko justifikazioa azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.

5.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, berariaz eta idatziz.

2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.

3.– Bat-egiteetan edo xurgatze-eragiketetan ezarritako gastuak eta inbertsioa egin izana betetzea eta justifikatzea.

4.– Hasierako plantillari eusteko baldintza betetzea, 7. artikuluan zehaztua, gutxienez hiru urtez.

5.– Enpleguari eusteko eta gastuak eta inbertsioa egiteko epearen barruan, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

6.– Egindako gastu eta inbertsioari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

8.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

9.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

10.– Bere egin beharko dituzte Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua

11.– Diruz lagun daitezkeen proiektuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, hori islatzeko logotipoa jarrita, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

12.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

13.– Enpresaren deslokalizazioan ez erortzea, hau da, onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo lekualdatzea.

14.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

15.– Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

16.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, laguntzaren xedea beteta, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunen bat aldatzen bada, edota beste laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, Agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.

Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak bat egiteko planen edo xurgatze-planen jarduketak abian jartzeko eta inbertsioa gauzatzeko aurreikusitako epeak nahitaez bete beharrekoak izango dira. Hala ere, epea amaitu baino lehen enpresa onuradunak aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, laguntzak eman zituen administrazio-organoak 6 hilabeteko luzapena eman ahal izango du, gehienez ere, bat-egiteak edo xurgatze-jarduketak eta egin beharreko inbertsioak gauzatzeko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek, gertatzen bada, ez du igoerarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta laguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari audientzia eman eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzen tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta laguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 53.1 artikulua.

2.– Honako hauek izango dira, besteak beste, ez betetzeak:

a) Bat-egitera edo xurgatzera bideratutako jarduketak 2021eko ekitaldian ez hastea.

b) Bat-egitea edo xurgatze-eragiketa ez egitea.

c) Agindu honen 5.b) artikuluan ezarritako gutxienekoak ez betetzea.

d) Enplegua ez mantentzea agindu honen 7. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

e) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.

f) Enpresak deslokalizatzea. 10 urteko epealdian enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

g) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala