Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2021eko ekainaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3327

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzen 2019-2021eko deialdia gauzatzeari buruzko salbuespeneko neurriak, alarma-egoera amaitu ostean.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, salbuespeneko neurriak onartu ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzen 2019-2021eko deialdia gauzatzeari buruz, alarma-egoera amaitu ostean. Bada, Lanbideren zuzendari nagusiari dagokio salbuespeneko neurri horiek argitaratzea, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuarekin.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzen 2019-2021eko deialdia gauzatzeari buruzko salbuespeneko neurriak, alarma-egoera amaitu ostean. Neurriok organismo autonomo honen Administrazio Kontseiluak onartu ditu 2021eko maiatzaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea, salbuespeneko neurriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela, zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
SALBUESPENEKO NEURRIAK LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN LANBIDE-ORIENTAZIOKO EKINTZAK ETA ZERBITZUAK GARATZEKO LAGUNTZEN 2019-2021EKO DEIALDIA GAUZATZEARI BURUZ, ALARMA-EGOERA AMAITU OSTEAN

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, salbuespeneko neurri batzuk onartu zituen organismo autonomo honek enpleguaren alorrean kudeatzen dituen dirulaguntzen deialdiak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma-egoerak ekarritako baldintzetara egokitzeko asmoz, baita une hartan indarrean zeuden birusaren hedapena geldiarazteko neurrietara eta, aldi berean, egoerari aurre egiteko hartutako erabakiek ekonomian eta enpleguan eragiten zituzten ondorio negatiboak arintzeko onartu ziren neurrietara ere, neurri horiek enpresen jarduera etetea edo murriztea baitzekarten berekin.

Pandemiak eragindako osasun-krisiak bere horretan jarraitzen zuenez, berriz deklaratu zen alarma-egoera, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, eta azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatu zen, 2021eko maiatzaren 9ra arte. Agintaritza eskudunek haren babesean hartutako neurriek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako jarduketetan eta organismo horrek aginduta dituen zerbitzuetan izan duten eraginaren ondorioz, aldatu egin ziren onartutako salbuespeneko neurriak, Administrazio Kontseiluak 2020ko abenduaren 15eko bilkuran hartutako beste erabaki baten bidez, egoera berrira egokitzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko jarduketak eta zerbitzuak garatzeko 2019-2021 laguntzen deialdia organismo autonomo horrek kudeatu dituen eta salbuespeneko neurrien xede izan diren programetako bat da.

Neurri horietako bat izan zen alarma-egoerak iraun bitartean zerbitzu ez-presentziala ematea onartzea. Horrela, 2020ko abenduaren 15ean egindako aldaketaren arabera, onartu egin zen 2020ko urriaren 25etik alarma-egoeraren amaiera-datara arte edo programa gauzatzeko aldia amaitu arte (data hori lehenagokoa bazen) egindako orientazio-jarduketen prestazio ez-presentziala. Era berean, enplegu-zentroen edukiera murrizte aldera, erdira murriztu zen enplegu-zentroen jarduera garatzeko eskatutako gutxieneko ordenagailu-kopurua.

2021eko maiatzaren 9an amaitu zen alarma-egoera, baina ez erakunde laguntzaileek deialdi horren babesean gauzatutako orientazio-jarduketak. Eta, hala ere, osasun-krisiaren egoerak jarraitu egiten du, eta, ondorioz, birusaren hedapena geldiarazteko neurriei eustea gomendatzen da. Helburu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan, lehendakariak dekretu hau eman du: 23/2021 Dekretua, maiatzaren 7koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa.

Kontuan hartuta aurreko hilabeteetan urrutiko orientazio-jarduketak gauzatzean izandako esperientzia positiboa, eta aipatutako 23/2021 Dekretuan jasotako gomendioen arabera, egokitzat jotzen da orientazio-zerbitzu horren prestazio ez-presentzialarekin jarraitzea, deialdia gauzatzeko aldia amaitu arte, betiere egiaztatuta ezarritako moduan benetan gauzatu dela. Era berean, egokia da enplegu-zentroetan edukiera murriztea ahalbidetzen duen neurriari eustea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko batzarrean, salbuespeneko neurriak onartu ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan lanbide-orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko laguntzen 2019-2021eko deialdia gauzatzeari buruz, alarma-egoera amaitu ostean, baldintza hauekin:

Lehenengoa.– Orientazio-jarduketak eta -zerbitzuak modu ez-presentzialean egitea.

2019-2021 deialdiko II. eta III. kapituluen babesean diruz lagundutako orientazio-ekintza eta -zerbitzuak egiteko epea amaitu arte –2021eko uztailaren 9ra arte–, onartzen da modu ez-presentzialean egitea deialdiaren 4. eta 11. artikuluetan deskribatutako orientazio-ekintza eta -zerbitzuak.

Bigarrena.– Orientazio-jarduketak eta -zerbitzuak egin izanaren justifikazioa.

1.– Orientazio-jarduketa eta -zerbitzu presentzialak nahiz ez-presentzialak egin izanaren ebidentzia justifikatzeko, eskatzaile erabiltzaileak honako modu hauetakoren batean egiaztatu ahal izango du zerbitzua jaso duela:

– Modu presentzialean, zerbitzua eman duen erakunde laguntzailean bertan, sinadura biometrikoaren bidez.

– Modu telematikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako gaitu duen sistemaren bidez, zeinetara organismo horren webgunetik sartu baitaiteke (www.lanbide.euskadi.eus), Nire Lanbidenet ataletik.

2.– Jarduketak eta zerbitzuak justifikatzeko gehieneko epea 2 hilabetekoa da, ematen direnetik hasita, 2021eko maiatzaren 9ra arte egin diren jarduketetarako, eta 15 egun baliodunekoa, berriz, egun horren biharamunetik aurrera egin direnetarako.

Hala ere, maiatzaren 9tik erabaki hau EHAAn argitaratzen den egunera arte garatutako orientazio-jarduketak eta -zerbitzuak justifikatzeko epea 15 egun baliodunekoa izango da, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.– Enplegu-zentroak.

Enplegu-zentroen jarduera egiteko epea amaitzen den egunera arte, % 50era arte murriztu ahal izango da erabilgarri dauden ordenagailuen kopurua, eta, beraz, deialdiaren 20.3.c) artikuluan eskatzen den gutxieneko kopurua 2 izango da.

Laugarrena.– Erabaki honen eraginkortasuna eta aurretik onartutako salbuespeneko neurrien indarraldia.

1.– Erabaki honetan xedatutakoak atzeraeragina izango du, 2021eko maiatzaren 9tik aurrera.

2.– Erabaki honetan onartutako neurriek osatu egiten dituzte «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpleguaren alorrean kudeatzen dituen dirulaguntzen deialdiak COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoerari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoerak ekarri dituen baldintzetara egokitzeko salbuespeneko neurrien» 12. artikuluan araututakoak. Neurriok Lanbideko Administrazio Kontseiluaren 2020ko ekainaren 23ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu ziren –2020ko uztailaren 3ko EHAA–, eta 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez aldatu ziren –2021eko urtarrilaren 12ko EHAA–, eta bere horretan indarrean jarraitzen dute.


Azterketa dokumentala