Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
3132

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 14koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Energiaren Euskal Erakundeak deitutako hainbat laguntza-programatan zenbait epe luzatzen dituena.

Gorabehera tekniko bat dela eta, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) deitutako hainbat laguntza-programa kudeatu eta izapidetzeko aplikazioa, sartzeko https://gestionayudas.eve.eus/ayudas esteka duena, ez da martxan egon maiatzaren 8ko 00:00etatik maiatzaren 11ko 00:00ak arte. Hori dela eta, interesdunek ezin izan dituzte beren dokumentuak aurkeztu eta errekurtsoak jarri administrazio-bidean.

Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 32.4 artikuluan, epeak zabaltzeko aukera ezartzen du, hauxe baitio: «Gorabehera tekniko batek eragotzi badu dagokion sistemak edo aplikazioak ohi bezala funtzionatzea, arazoa konpontzen den bitartean, amaitu ez diren epeak luzatzea erabaki ahal izango du Administrazioak. Egoitza elektronikoan argitara eman beharko du, bai gertatutako gorabehera teknikoa, bai bete gabeko epea zehazki zenbat luzatzen den».

39/2015 Legearen 32.4 artikulua aplikatuz, beharrezkotzat jo da gorabehera tekniko horren eraginpean egon diren mugaeguneratu gabeko epeak luzatzea, laguntza-programetan kasu bakoitzean laguntza-eskaerak, ordainketa-eskaerak eta justifikazio-agiriak aurkezteko aurreikusitako gehienezko epeak izan ezik, horiek ez baitira luzatuko, denbora nahikoa gelditzen delako interesdunek laguntzak eskatzeko eta ordainketa-eskaerak aurkezteko, diruz lagundu daitekeen jarduera justifikatzeko gainerako dokumentazioarekin batera.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DA:

Lehenengoa.– Hiru egun baliodun luzatzea identifikatutako gorabehera teknikoak eragin dien laguntzen prozedurak izapidetzeko eta errekurtsoak administrazio-bidean jartzeko mugaeguneratu gabeko epeak, honako programa hauetan:

– Mugikortasun eraginkorra eta jasangarria sustatzeko pizgarrien programa (Moves programa) – 2019. urtea. 2019ko apirilaren 1eko EHAAn (63. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Tokiko administrazio publikoaren alorrean energia-eraginkortasunaren eta eguzki-energia termikoaren aldeko inbertsioak sustatzeko laguntza-programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 30eko EHAAn (20. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Garraio eta mugikortasun eraginkorraren aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 29ko EHAAn (19. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Biomasa energetikoki ustiatzeko instalazioetan inbertsioak sustatzeko laguntzen programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 29ko EHAAn (19. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Aprobetxamendu geotermikorako instalazioetan inbertsioak sustatzeko laguntzen programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 29ko EHAAn (19. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Hirugarren sektorean energia-eraginkortasunaren eta eguzki-energia termikoaren aldeko inbertsioak sustatzeko laguntza-programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 29ko EHAAn (19. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Ibilgailu eraginkor eta alternatiboetan inbertsioak sustatzeko laguntzen programa – 2020. urtea. 2020ko urtarrilaren 29ko EHAAn (19. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Ohiko okupazioko etxebizitzetan leihoak aldatzeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programa (Leihoen Renove) – 2020. urtea. 2020ko ekainaren 30eko EHAAn (127. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Ohiko okupazioko etxebizitzetan etxetresna elektrikoak aldatzeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programa (Etxetresna elektrikoen Renove) – 2020. urtea. 2020ko ekainaren 30eko EHAAn (127. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

– Mugikortasun eraginkorra eta jasangarria sustatzeko pizgarrien programa (Moves programa II) – 2020. urtea. 2020ko irailaren 16ko EHAAn (127. zk.) argitaratutako ebazpenaren bidez egin zen deialdia.

Adostutako luzapenak ez du eraginik izango laguntza-programetan kasu bakoitzean laguntza-eskabideak nahiz ordainketa-eskabideak aurkezteko eta diruz lagun daitekeen jarduera justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko aurreikusitako gehieneko epeetan, horiek ez baitira luzatuko.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2021eko maiatzaren 14a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala