Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
3128

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Hezkuntza Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8.1 artikuluaren arabera, prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, eta mahai horren eskumena izango da eskaintzen balorazioa egitea. Lizitazioaren berri iragarki bidez eman beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, kontratazio-mahaia eratu edo ez aukeran izango du kontratazio-organoak.

Bestalde, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8.3 artikuluaren bigarren paragrafoak ezartzen duenez, kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira edo mahaiari kontratu anitzetarako eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren eta kasuan kasuko sailaren titularraren edo erakundea atxikita dagoen sailaren titularraren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzako sailak berregituratu zirenez –18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–, beharrezkoa da Hezkuntza Saileko kontratazio-organoei lagunduko dien kontratazio-mahaia –edo mahaiak– birkonfiguratzea, gaur egungo eskumen-esparrura egokitzeko.

Horiek horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Hezkuntza Saileko kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza edukiko dute adjudikazio-prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan; mahai horren egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan ezarrita daudenak izango dira. Honela osatuta egongo da mahaia:

a) Presidentea: Saileko kontratazio-arloko arduraduna. Kargua hutsik badago, titularra absente edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, haren ordez hauetariko edozein arituko da: Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Zerbitzuaren arduraduna, Obra, Instalazio eta Mantentze Lanen arduraduna edo Informazio Sistemen arduraduna.

b) Kideak:

– Kontratazioa eskatu duen zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzaren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulegoaren titularrak izendatua.

– Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzarren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan jasotako kasuetako bat bada.

– Aukeran, kontratazio-organoak eskatuz gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat ere arituko da, zeina zuzendaritzaren titularrak proposatu eta kontratazio-organoak izendatuko baitu.

c) Aholkularitza Juridikoko idazkari-kidea: Zuzenbideko unibertsitate-lizentzia edo -gradua duen teknikari bat, Hezkuntza Saileko kontratazio-arloari atxikia; mahaiaren idazkaritzako eta aholkularitza juridikoko egitekoak beteko ditu, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.

2. artikulua.– Mahaiaren osaera eta kideen identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-klausula partikularren agirietan sartuko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko.

3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du, halaber, beste zenbait adjudikazio-prozeduratan esku hartzeko, nahiz eta halakoetan kide anitzeko organo horien esku-hartzea beharrezkoa ez izan, baldin eta kontratazio-organo egokiak hala erabakitzen badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Hezkuntzako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko maiatzaren 22ko Agindua, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Saileko Kontratazio Mahaiko kideak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 6a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala