106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (284 KB - 13 orri.)
- EPUB (228 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
3125
AGINDUA, 2021eko apirilaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira musika-ikasketa profesionalak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, kurtsoz igotzea eta iraupena.
Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak oinarrizko alderdiak ezartzen ditu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako musika-ikasketa profesionalen curriculumean. Bada, errege-dekretu horren 11., 12. eta 14. artikuluetan ezartzen dira ikasketa horietako ikasleak ebaluatzeko erreferenteak, ezaugarriak eta prozesuak, bai eta kurtsoz igotzeko eta titulazioa eskuratzeko irizpideak ere.
Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak oinarrizko alderdiak ezartzen ditu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako musika-ikasketa profesionalen curriculumean. Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretu horren V. kapituluan ezartzen da, halaber, zein diren ebaluaziorako dokumentuak eta, gainera, ebaluazio-prozesuaren ondoriozko zer baldintza bete behar diren musika-ikasketa profesionalak egiten dituzten ikasleen mugikortasuna ziurtatzeko.
Abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuaren bidez, musika-ikasketa profesionalen curriculuma eta ikasketa horietan sartzeko probak ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Bada, orain, agindu honen bidez, irakaskuntza horietako ebaluazioa arautu beharra dago, 1577/2006 EDarekin bat etorriz. Horrela, ebaluazio-prozesuaren koherentzia ziurtatuko da, eta hartarako behar diren dokumentu eta txostenak finkatuko.
Ildo horretan, Hezkuntza Sailak kontserbatorioen eskura jarriko ditu ebaluaziorako behar diren dokumentuen ereduak, agindu honetan arautzen direnak, euskarri informatikoan. Hau da, ikasketa-espedientea, ebaluazio-aktak, lekualdatzeagatiko txosten orokorra eta historia akademikoa.
Agindu honetan arautzen dira, halaber, nola baliatu ebaluazioari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta kalifikazioen aurkako erreklamazio-sistema ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxetako ikasleen betekizun eta eskubideei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritziarekin, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, honako hau,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Agindu honen helburua da musika-ikasketa profesionalak egiten dituzten ikasleak ebaluatzeko, kurtsoz igotzeko eta ikasketa horietan jarraitzeko arauak finkatzea, betiere abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri baitziren musika-ikasketa profesionalen curriculuma eta ikasketa horietan sartzeko probak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan musika-ikasketa-profesionalak ematen dituzten ikastetxe guztietan aplikatuko da agindu honetan ezarritakoa.
2. artikulua.– Ebaluazioaren helburua.
1.– Musika-ikasketa-profesionaletan, ebaluazioaren helburua da ikasleen kualifikazio-maila baloratu eta egiaztatzea, musika-ikasketen helburu orokorrei lotutako gaitasun eta konpetentziak zenbateraino eskuratu eta garatu dituzten neurtzeko.
2.– Ebaluazioa gauzatzeko, aintzat hartuko dira musika-ikasketa profesionalen helburu orokorrak eta curriculumaren helburu espezifikoak –espezialitate guztietako gaitasun eta konpetentzien arabera formulatuak–, kontuan hartuta curriculumean eta ikastetxeen hezkuntza-proiektuan espezialitate eta irakasgai bakoitzarentzat finkatutako helburu espezifiko eta ebaluazio-irizpideak.
3. artikulua.– Ebaluazioaren izaera.
1.– Etengabea eta integratzailea izango da musika-ikasketa profesionaletako ikasleen ebaluazioa, baina curriculumeko irakasgai bakoitzaren arabera bereiziko da.
2.– Ebaluazio etengabeak eta hura gauzatzeko teknika, prozedura eta tresna desberdinak erabiltzeak aukera emango dute ikasle bakoitzaren aurrerabidea egiaztatzeko, abiapuntua kontuan edukiz, eta aintzat hartuz bakoitzaren gaitasuna, konpetentzia, jarrera, erritmoa eta ikaste-estiloa. Ikasleen ikaste- eta irakaste-prozesuan, ebaluazio etengabeak aukera emango du zailtasunak gertatzen diren unean hautemateko, haien arrazoiak ezagutzeko, eta, horrenbestez, zabaltze-, aberaste- edo sendotze-neurri egokiak hartzeko, ikasleek ikasbidean aurrera egin dezaten.
3.– Ikasturtean zehar, abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuaren 16.4 artikuluan ezartzen den bezala, irakasleek baloratuko dute ikasleek zer ikasi duten eta zenbateraino garatu dituzten eskuratutako gaitasun eta konpetentziak; horrekin batera, irakaste- eta ikaste-prozesua bera baloratuko dute, hura hobetzeko eta ikasleen ikaskuntzan albait eraginkortasun handiena lortzeko.
Ebaluazioaren emaitzak isla izango du kalifikazioetan eta kasuan kasuko orientabideetan, zeinak hiru hiletik behin jakinaraziko baitzaizkie ikasleei eta, hala badagokio, haien legezko ordezkariei.
4.– Ebaluazioa egiteko, nagusiki, ikasle bakoitzaren ikaste-prozesuen bilakaera behatuko da etengabe, kontuan hartuz ikasketa hauen helburuak, abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuaren 5., 6. eta 16. artikuluetan aipatzen direnak.
4. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Ikastetxeek hezkuntza-proiektuan jasoko dituzte ebaluazio-prozesuaren alderdi orokorrak, eta, curriculum-proiektuan, ebaluazio-irizpideak zehaztuko, kurtsoka; zehaztapen hori urteko programazio didaktikoan jasoko da, nola aplikatu azalduta.
2.– Ikasleek eskubidea dute objektibotasun osoko irizpideen arabera ebaluatuak izateko. Eskubide hori bermatzeko, eta haien ardura, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratu eta aitortu daitezen, ikastetxeek ikasturte hasieran jakinaraziko dute zein diren gutxieneko helburu eta edukiak, erdietsi behar direnak kalifikazio positibo bat lortzeko; jakinaraziko dute, halaber, zein diren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak, zeinak berdinak izango baitira musika-familia eta -espezialitate guztietan.
3.– Ikasleen eskubideak izango dira, halaber, irakaste- eta ikaste-prozesuaren emaitza ezagutzea eta ebaluazio-prozeduren bidez lortutako informazioa prestakuntzarako baliagarri izatea, ikasleen gaitasun eta konpetentzien aurrerabidea sustatzeko eta ikaskuntzarekin duten konpromisoa sendotzeko.
5. artikulua.– Ebaluazio-saioak.
1.– Sail didaktikoek honako hauek zehaztuko dituzte espezialitateen eta irakasgaien programazio didaktikoan: ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak, mailaka; kurtsoz igotzeko gutxieneko irizpideak, eta ikasleen gaitasun eta konpetentziak objektibotasunez ebaluatzeko prozedurak eta tresnak, barnean hartuta ikasleei berei beren ikaskuntza ebaluatzeko aukera emango dieten estrategiak.
2.– Irakasleen taldeak egingo du ebaluazioa. Ikasleari irakasten dioten irakasleen multzoak osatzen du talde hori, tutoreak koordinatuta.
3.– Ebaluazio-saioetan hartuko dira ikasleen ebaluazioari buruzko azkeneko erabakiak. Ebaluazio-saioak irakasle-taldeak egiten dituen bilerak dira, eta, han, ikasleen ikaskuntza baloratzen da, hau da: aztertzen da zenbateraino erdietsi dituzten musika-ikasketa profesionalen helburu orokor eta espezifikoetan jasotako gaitasunak (helburu horiek abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan finkatuta daude), bai eta curriculuma osatzen duten irakasgai bakoitzaren helburuetan jasotako gaitasunak ere.
4.– Irakasle-taldea hiru hiletik behin bilduko da gutxienez, ebaluazio-saioetan, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan, antolamendu- edo funtzionamendu-erregelamenduan edo barne-araubideko erregelamenduan ezarritako eran. Azken ebaluazioko saioetan, ohikoetan nahiz ohiz kanpokoetan, ikasleak ebaluatu eta kalifikatuko dira, kurtsoz igoko diren erabakiko da eta, hala badagokio, titulazioa eskuratu behar duten ala ez, 229/2007 Dekretuaren 17. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
5.– Ohiko azken ebaluazioa bukatu ondoren, eta ohiz kanpoko probei buruzko orientabideak emateko, irakasgai bakoitzaren irakasleak erdietsi ez diren helburuei eta ebaluazio-irizpideei buruzko txosten bat prestatuko du, bai eta laguntza- eta errekuperazio-jarduerei buruzko kasuan kasuko proposamena ere, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei helaraziko dizkie, betiere ikastetxearen curriculum-proiektuan jasotako curriculumaren zehaztapenean eta dagozkion programazio didaktikoetan ezarritako irizpideei jarraituz.
6.– Ohiko ebaluazio-prozesuan irakasgaiak gainditu ez dituzten ikasleek ohiz kanpoko proba bat egin ahal izango dute. Irakasgai bakoitzaren ardura duten sail didaktikoek prestatu eta kalifikatuko dute proba hori, eta ekainean egingo da, behin eskola-egunak bukatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailak ematen dituzten ikastetxeen ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia arautzen duen arauari jarraituz.
7.– Ebaluazio-prozesuan, taldean jardungo dute irakasleek, ikasleen ikaskuntzaren jarraipena egiten eta irakaste- eta ikaste-prozesuak orientatzeko eta hobetzeko behar diren neurriak hartzen. Taldeak, ikasleei eragiten dieten neurriak hartzeko garaian, indarrean dagoen araudia errespetatu eta aldez aurretik argitaratutako ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak beteko dituzte.
8.– Akta batean bilduko ditu tutoreak, ebaluazio-saio bakoitzean ikasleen ebaluazio-prozesuari buruz hartutako erabakiak eta emandako informazioa.
Honako hauek jasoko dira aktan, gutxienez:
● Irakasleen zerrenda, bai bertaratutakoena, bai azaldu ez direnena, ez azaltzeko arrazoia adierazita.
● Banaka edo taldeka lortutako emaitzen, indarguneen eta atzemandako zailtasunen azterketa.
● Ikasle bakoitzaren zailtasunak, eta proposatutako orientabideak eta hezkuntza-indartzeko neurriak.
● Hartutako beste zenbait erabaki.
Aktak, behin sinatuta, ikasketen burutzara helaraziko dira.
9.– Ohiz kanpoko probak egin ondoren, azken ebaluazioko ohiz kanpoko saio bat egingo da, artikulu honetako 6. puntuan ezarritako baldintzetan.
10.– Ohiz kanpoko probara aurkezten ez diren ikasleei «Ez Aurkeztua» jarriko zaie.
11.– Ohiko nahiz ohiz kanpoko azken ebaluazioko saioak bukatu ondoren, ebaluazio-saioaren garapenari buruzko aktaz gainera, azken ebaluazioko akta egingo da, sailaren aplikazio informatikoaren bidez. Akta horretan, kalifikazioak eta ikasleak kurtsoz igotzeari edo titulazioari buruzko erabakiak erregistratuko dira, eta aplikazioak ikaslearen ikasketa-espedientean txertatuko ditu, edo, hala badagokio, kalifikazio-liburuan jasoko dira eskuz, aurretik egindako eta gainditutako beste espezialitate batzuen irakasgai komunekin batera.
6. artikulua.– Ebaluazioaren emaitzak eta ikasleentzako informazioa.
1.– Ebaluazio-saioak egin ondoren, erdietsitako ikaskuntzaren eta egindako jardueren berri jakinaraziko die tutoreak ikasleei eta, adingabeak badira, haien legezko tutoreei. Horretarako, ikastetxeek komunikazio-ereduak prestatuko dituzte, curriculum-proiektuan alderdi horri buruz aurreikusitakoarekin bat etorriz.
2.– Musikako ikasketa profesionaletako curriculuma osatzen duten irakasgaien kalifikazioak 1etik 10era bitarteko zenbaki-eskala baten bidez adieraziko dira, hamartarrik gabe. Bostetik gorako kalifikazioak positiboak izango dira, eta 5etik beherakoak negatiboak. Ikasketa profesionaletako seigarren mailan bederatzi puntu edo gehiagoko batez besteko nota lortu duten ikasleei «ohorezko matrikula» aipamena jarri ahal izango zaie espedientean eta historia akademikoan. Aipamen hori lortu dela jasoko da ebaluazio-dokumentuetan, eginbide espezifiko baten bidez.
3.– Ohiko azken ebaluazioaren ondoren, eta, hala badagokio, ohiz kanpoko ebaluazioaren ondoren, ebaluazio horien emaitzari buruzko txostena helaraziko zaie ikasleei edo, adingabeak badira, haien legezko tutoreei. Txosten horrek barnean hartuko ditu irakasgaietan lortutako kalifikazioak, ikasleak hurrengo kurtsora igaroko diren ala hurrengo urtean kurtso berean jarraitu behar duten eta, hala badagokio, tituluak emateko proposamena.
4.– Indarreko araudiarekin bat etorriz curriculumeko irakasgairen bat baliozkotzen bada, «BK» kodea edo «Baliozkotuta» terminoa jarri beharko da dagokion irakasgaiaren kalifikazioaren laukian, kasuan kasuko ebaluazio-agirietan.
5.– Espezialitate batean baino gehiagotan matrikulatutako ikasleek izen bereko irakasgaiak espezialitate bakar batean egingo dituzte. Behin eginda eta gaindituta, lortutako emaitza baliozkoa izango da gainerako espezialitateetan ere, eta espediente akademikoan, kalifikazio-liburuan eta amaierako nahiz partzialeko ziurtagiri digitaletan «aurretik gaindituta» (AG) adierazpena eta lortutako kalifikazioa jasoko dira, 8. artikuluko 4. apartatuan jasotako kasuetan izan ezik.
6.– Espezialitate bateko edozein kurtsotako kalifikazioak ebaluazio-agirietan jasoko dira, edo, hala badagokio, kalifikazio-liburuan, betiere ohiko eta ohiz kanpoko azken ebaluazioetako kalifikazioak eman ondoren, aintzat hartu gabe ikaslea hurrengo kurtsora igaroko den edo titulazioa lortuko duen.
7.– Kurtso desberdinetan izen berarekin ematen diren irakasgaietan, ikasleak aurreko kurtsoko irakasgaia gainditua izan beharko du, unean uneko kurtsoaren azken ebaluazioan emaitzarik lortuko badu. Halako kasuetan, aurreko kurtsoan irakasgaiaren ebaluazioa negatiboa izan bada, hala jasoko da, ohar hau jarrita ikaslea matrikulatuta dagoen goragoko kurtsoaren izen bereko irakasgaian: «Gainditzeke [kurtsoan]» (G[kurtsoa]). Horrenbestez, goragoko kurtsoan lortutako kalifikazioak ez du inolako baliorik izango.
8.– Ikasle bat aldi berean matrikulatuta badago musika-ikasketa profesionaletan eta Batxilergoan, eta baliozkotzeko egoeran badago, bai irakasgaiei dagokienez, bai Batxilergoko titulua lortzeko, neurri egokiak ezarriko dira denbora nahikoarekin ebaluatua izan dadin, hain zuzen ere emaitzak USE edo baliokidea egin baino hamabost egun lehenago helarazteko. Ebaluatua izan ondoren ere jarraitu beharko du klasera joaten, eskola-egutegian ezarritako eskola-egunak osatu arte. Ohiz kanpoko proban berdin jokatuko da.
7. artikulua.– Orientazioa eta tutoretza.
1.– Ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientazioaren eta tutoretza pertsonalaren helburua ikasle guztien gaitasunak modu integralean eta orekatuan garatzea da, gainerako pertsonekiko harremana erraztuz eta, hala badagokio, arte-graduko irakaskuntzetara igaroz.
2.– Irakasle guztien zereginak dira ikaskuntza bideratzea eta zuzentzea eta ikasleen hezkuntza-prozesuari laguntzea, irakasle tutorearekin, ikasleekin eta haien familiekin lankidetzan.
3.– Ikastetxeek arreta berezia jarriko dute ikasleen eta haien familien orientazioan, prestakuntza-aukeren artean aukeratu behar denean.
4.– Ikasle bakoitzak irakasle tutore bat izango du, eta irakasle horri dagokio banakako arreta eta jarraipena egitea, orientazio akademikoa eta profesionala ematea, bai eta ikaslearen, irakasleen eta familiaren arteko bitartekaritza-lanak egitea ere. Halaber, irakasle-taldearen koordinazioa dagokio, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen garapenean eta ebaluazioan.
5.– Gurasoek edo legezko tutoreek seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta, hala badagokio, lagundu beharko dute, bai eta ebaluazioari eta sustapenari buruzko erabaki errealak ezagutu eta ikastetxeek hezkuntza-aurrerabidea errazteko hartzen dituzten neurrietan lagundu ere.
8. artikulua.– Kurtso batean baino gehiagotan matrikulatutako ikasleen ebaluazioa eta matrikulazioa.
1.– Neurri hori salbuespenezkoa izango da, eta, berez, gaitasun berezia duten ikasleei baino ez zaie aplikatuko.
2.– Interesdunak berak edo, hura adingabea bada, haren tutoreek eskatu beharko dute kurtso edo espezialitate batean baino gehiagotan matrikulatzea zuzendaritza taldeari, eta, eskabidearekin batera, txosten didaktiko bat aurkeztu beharko dute, eta, han, halako neurri baten komenigarritasuna arrazoitu eta justifikatu. Eskatzailearen irakasle-talde osoak sinatuta aurkeztuko da txosten hori.
3.– Espezialitate bateko bi kurtsotan matrikulatutako ikasleak bi kurtsoetako irakasgai guztietan izango ditu kalifikazioak, eta klaseetara joango da, aipatutako txostenean irakasle-taldeak egindako banakako proposamen akademikoan aurreikusitakoaren arabera.
4.– Bi espezialitateetan izen bereko irakasgaiak badaude, behin bakarrik egin eta ebaluatuko dira, agindu honetako 6.5 artikuluan adierazitakoari jarraituz, salbu eta irakasgai hauek: banda, taldea, ganbera-musika, orkestra, errepertorioa pianista laguntzailearekin eta akonpainamendua. Horiek, izan ere, bi espezialitateetan egin beharko dira, baldin eta instrumentu-familia desberdinetakoak badira.
5.– Espezialitate bakoitzeko, ikasketa-espediente pertsonala irekiko da, eta, horretarako, Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoa erabiliko da, edo, hala badagokio, kalifikazio-liburua, eta, han, irakasgai guztietan lortutako emaitzak jasoko dira.
6.– Lehen espezialitatetzat joko da ikasleak mailaren bat gainditua duen hura. Espezialitate berrirako irekitako dokumentuan jasoko da zer irakasgai komun eta hautazko gainditu diren lehen espezialitateko mailetan, eta, alde horretatik, 6. artikuluko 5. puntuan adierazitakoari jarraituko zaio.
9. artikulua.– Gainditu gabeko irakasgaiak errekuperatzea eta ebaluatzea.
1.– Irakasgai guztiak gainditu gabe hurrengo kurtsora igarotzen direnek gainditu gabeko irakasgaien klaseetara joan beharko dute. Praktika instrumentalari edo bokalari dagozkien gainditu gabeko irakasgaiak hurrengo kurtsoko klasean berreskuratu beharko dira, baldin eta kurtso horretako irakasgaiak badira. Gainditu gabeko gainerako irakasgaiak errekuperatzeko, aurreko kurtsoko klaseetara joan beharko dute ikasleek.
2.– Instrumentu- edo ahots-praktikaren gainditu gabeko irakasgaian, ikaslea goi-mailako mailan matrikulatuta badago, irakasgai hori goi-mailako mailan ematen duen irakasleak izango du gainditu gabeko irakasgaiaren jarraipena eta balorazioa egiteko ardura, baina ebaluazio hori bere mailako ebaluazio-saioetan egingo da.
3.– Ikasturteko edozein unetan ebaluatu ahal izango dira aurreko kurtsoetan gainditu gabeko irakasgaiak. Kalifikazioa ohiko azken ebaluazio-saioan erregistratuko da, edo, hala badagokio, ohiz kanpokoan, eta dagokion aktaren egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Halaber, lortutako kalifikazioa kontuan hartu beharko da hurrengo ikasturteetako izen bereko irakasgaiak ebaluatzeko, kurtsoz igotzeko eta, hala badagokio, egindako espezialitateko musikako profesional-titulua lortzeko.
10. artikulua.– Ebaluazio objektiborako bermeak. Erreklamazioak.
1.– Ikasleek errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa izateko duten eskubidea bermatzeko, ikastetxeek, ikasturtea hasi baino lehen, argitara eman beharko dituzte irakasgaien gutxieneko helburu eta edukiak, bai eta ikasle guztiei aplikatuko zaizkien ebaluatzeko, kalifikatzeko eta hurrengo kurtsora igarotzeko irizpideak ere. Curriculumaren elementu horiek sail didaktikoen programazioetan jaso beharko dira.
2.– Musikako kontserbatorio profesionalek kalifikazioen aurkako erreklamazioak aurkezteko prozedura arautu beharko dute antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduan edo barne-araubideko erregelamenduan. Prozedura horrek bermatuko du ikasleek edo haien legezko tutoreek eskuragarri izango dutela ebaluazio- eta kalifikazio-prozesuan erabilitako edozein elementu. Horretarako, ikastetxeak euskarri eta prozedura egokiak ezarri beharko ditu.
Ikasleek eta haien legezko tutoreek eskubidea dute kalifikazioan eragina izango duen edozein proba zuzenduta eta kalifikatuta ikusteko, aldez aurretik horretarako eskaera eginda, eta antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduan edo barne-araubideko erregelamenduan bildutako prozedurarekin bat etorriz.
Ikastetxeko erreklamazioaren barne-prozeduran, Ikasketaburutzaren eginkizunak esleituta dituenari aurkeztuko zaio erreklamazioa, eta hark helaraziko die erreklamazioa tutoretza duen irakasleari, saileko burutzari eta irakasgaiaren ardura duen irakasleari.
Irakasgaiaren ardura duen irakasleak honako alderdi hauei buruzko txosten arrazoitua egingo du:
a) Programazio didaktikoarekin bat datozela aplikatutako ebaluazio-prozedurak eta -tresnak.
b) Ikasgaia gainditzeko programazio didaktikoan ezarritako ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak zuzen aplikatzea. Kalifikazio negatiboaren arrazoiak esplizituki jaso beharko dira.
Txosten hori saileko burutzari bidaliko zaio, eta hark sailari helaraziko dio, ikasgaiaren azken kalifikazioa berresteko edo aldatzeko erabakia har dezan, erabaki arrazoitu baten bidez. Akordio horretan, gutxienez, egitateen eta aurretiazko jarduketen deskribapena jaso beharko da, bai eta ebaluazioa aurreko a) eta b) letretan adierazitakora egokitu den islatzen duen azterketa bat ere. Erreklamazioa ebazteko erabakiak kalifikazio negatiboaren arrazoiak edo hura aldatzekoak jasoko ditu.
Erabaki hori ikasketaburuak jakinaraziko dio erreklamaziogileari, erabakiaren testu osoa barne, eta horren aurka Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren aurrean errekurtsoa jartzeko aukera duela adieraziko dio, jakinarazpena jasotzen duenetik hilabeteko epean. Ikasketaburutzak espedientean jasoko du jakinarazpena zein egunetan jaso zen.
Gora jotzeko errekurtsoa ikastetxeko zuzendaritzan edo Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan aurkeztu ahal izango da.
Ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztuz gero, zuzendariak errekurtso-idazkia bidaliko dio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zazpi egun naturaleko epean, jasotzen denetik zenbatzen hasita. Idazkiarekin batera, errekurtsogileak aurkeztutako dokumentazioa, errekurtsoaren xede den kalifikazioaren edo erabakiaren oinarri diren ebidentziak, programazioa jasotzen duen dokumentazioa, ikastetxean erreklamazio-prozeduran sortutako dokumentazio guztia eta errekurtsoan eragina duen beste edozein agiri bidaliko ditu.
Lurralde-ordezkariak ebatziko du errekurtsoa, Hezkuntza Ikuskaritzak arrazoitutako txostena egin ondoren. Arrazoietan, artikulu honetan adierazitakoa planteatutako kasu zehatzari aplikatu izanaren azalpen arrazoitua jasoko da.
Txosten hori egiteko, Hezkuntza Ikuskaritzak kontuan hartuko ditu agindu hau, ikastetxearen curriculum-proiektua, dagokion programazio didaktikoa, ebaluazio-irizpideak, kalifikazioaren oinarri diren ebidentziak, eta, hala badagokio, talde eta ikasgai bereko beste ikasle batzuenak, konparazio bat egin ahal izateko eta modu objektiboagoan baloratu ahal izateko ikasle erreklamatzaileak lortutako kalifikazioak.
Txosten horrek errekurtsoa ezestea edo ebaluazioaren erreklamazioaren ebazpenaren baliogabetzea eta ebaluazioaren beraren aurkako baliogabetzea proposatu ahal izango du, bai eta jarduketak ebaluazioa egin aurreko unera atzeratzea ere, ebaluazio berri bat egin dadin, eta, ohiz kanpoko ebaluazioaren kasuan, aurretik beste proba bat egin beharko da.
Ebaluazioaz arduratzen diren organoen diskrezionalitate teknikoaren mugak hausten dituen prozeduraren arau-haustea edo balorazioaren akats nabarmena egiaztatzen bada, jarduketak deuseztatzeko eta atzeraeraginezko ebaluazioa egiteko proposamena egingo da.
Lurralde-ordezkariak errekurtsoa ebatziko du. Ebazpen hori errekurtsogileari eta ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko zaie. Ebazpenak hartutako erabakiaren arrazoia jasoko du.
Azken kalifikazioa aldatu behar denean, ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsitako eginbidea sartuko da ebaluazio-dokumentuetan.
Lurralde-ordezkariaren ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.
3.– Ikastetxe bakoitzak kalifikazioak ematerakoan eragina izan duten erregistro eta dokumentu guztiak gordeko ditu (probak, atazak, ariketak, idatzizko lanak, entzungaiak eta ikasleek ekoitzitako beste edozer). Irakasleen koordinazio-organoko buruak izango du halakoak kontserbatu eta zaintzeko ardura. Hurrengo kurtsoaren hasierara arte gordeko dira dokumentu horiek gutxienez, baina erreklamazio baten parte badira, ikastetxearen zuzendaritzaren zaintzapean geratuko dira, behin betiko ebazpena eman arte.
11. artikulua.– Hurrengo kurtsora igarotzeko baldintza orokorrak.
1.– Ikasleak hurrengo kurtsora igaroko dira, baldin eta irakasgai guztiak gainditzen badituzte. Hurrengo kurtsora igaroko dira, halaber, gehienez bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa duten ikasleak.
2.– Kurtso bateko edo batzuetako hiru irakasgaitan edo gehiagotan kalifikazio negatiboa izanez gero, ikaslea ezin izango da hurrengo kurtsora igaro, eta kurtsoa errepikatu beharko du, osorik.
3.– Ikasleek, 6. kurtsoaren bukaeran irakasgai bat edo bi gainditu gabe izanez gero, irakasgai horiek baino ez dituzte egin beharko.
12. artikulua.– Denbora-muga.
1.– Musika-ikasketa profesionaletan, gehienez, zortzi urte eman ahal izango dira, alde batera utzita ikasketak ikastetxe desberdinetan egin diren.
2.– Ikasleek, ikasketa hauetan zer kurtsotan sartzen diren gorabehera, ezingo dituzte eman bi urte baino gehiago kurtso batean, seigarrenean izan ezik. Kurtso horretan, izan ere, salbuespenez bi aldiz errepikatu ahal izango dute gehienez, betiere agortu ez badute aurreko apartatuan ezarritako gehieneko muga.
3.– Musika-ikasketa profesionaletan jarraitzeko oro har ezarritako denbora-mugak modu independentean aplikatuko zaizkio aldi berean egiten diren espezialitateetako bakoitzari.
4.– Salbuespenez, baimena emango da ikasketetan beste urtebete jarraitzeko, ikasketak normaltasunez egitea eragozten duen gaixotasun larriren edo desgaitzaileren baten kasuetan, edo halako kontsiderazioa merezi duten egoeretan. Zuzendaritza eskudunak emango du baimena, interesdunak eskatuta, eta Hezkuntza Ikuskaritzak aldez aurretik txostena eginda.
5.– Aurreko puntuan aipatutako egoeretan dauden ikasleek, salbuespen gisa ikasketak urtebetez luzatzeko baimena ematen bazaie, gehienez bederatzi urte eman ahal izango dituzte ikasketa hauetan.
6.– Interesdunak edo haren legezko arduradunek egin beharko dute ikasketak beste urtebetez luzatzeko eskaera, artikulu honetako 4. apartatuarekin bat etorriz, eta prozedura honi jarraituz:
a) Ekaina bukatu aurretik, ikasleak eskaera egingo dio ikastetxeko zuzendaritzari, horretarako arrazoiak emanez eta dagozkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztuz.
b) Ikastetxeko idazkaritzak sarrera emango dio eskaerari.
c) Tutoreak txosten bat egingo du ikaslearen errendimendu akademikoari buruz, eta han azalduko du zer dela-eta agortu dituen ikasketetan jarraitzeko urte guztiak. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia izan beharko du txosten horrek.
d) Ikastetxeko zuzendariak espedientea helaraziko dio zuzendaritza eskudunari, hiru egun balioduneko epean, eskaera jasotzen denetik hasita; dokumentu hauek jasoko dira espedientean:
– Ikaslearen eskaera eta hark aurkeztutako egiaztagiriak.
– Tutorearen txostena.
– Ikaslearen ziurtagiri akademikoa.
e) Hezkuntza Saileko zuzendaritza eskudunak Hezkuntza Ikuskaritzari txostena eskatuko dio.
f) Hezkuntza Saileko zuzendaritza eskudunak ebazpena emango du, gehienez hamabost eguneko epean, eskaera jasotzen denetik hasita.
g) Zuzendaritza eskudunaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntza Sailburuordetzaren aurrean, hilabeteko epean. Gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
13. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.
Ikasle batek musika-ikasketa profesionalak amaitu baditu, eta titulua eskuratzea onartu bazaio, egindako irakasgai guztiei dagozkien kalifikazioen batez besteko nota aritmetikoa kalkulatuko da, ehunen hurbilenera biribildua edo, distantziakidetasuna bada, goragokora.
14. artikulua.– Musika-titulu profesionala.
Musika-ikasketa profesionalak gainditu dituzten ikasleek Musika Ikasketa Profesionalen titulu teknikoa eskuratuko dute, eta han zehaztuko da zer espezialitate egin duten.
Hezkuntza Sailak zehaztuko du nola eskatu behar den Musika Ikasketa Profesionalen titulu teknikoa. Ikastetxe guztietan, erregistro bat izango dute, eskatutako eta emandako titulu guztiak bilduko dituena.
15. artikulua.– Musikako Ikasketa Profesionaletako teknikariaren titulua izapidetzea, ematea eta erregistratzea, dagokion espezialitatean.
1.– Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 6.5 artikuluarekin, abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuaren 14. artikuluarekin eta abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz, Hezkuntzako sailburuak Musikako Ikasketa Profesionaletako teknikariaren titulua emango du dagokion espezialitatean, interesdunak aldez aurretik eskatuta.
2.– Interesdunak titulua emateko eskatuko du, dagokion tasa ordaindu ondoren, ikasketak amaitu dituen ikastetxe publikoan edo ikastetxe baimendua atxikita dagoen ikastetxe publikoan, baldin eta ikasketak ikastetxe mota horretan amaitu badira.
3.– Ikastetxe publiko horri dagokio titulua emateko proposamena egitea, titulua lortzeko betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bereziki, irakaskuntzetara sartzeko betekizunak eta ebaluazio-aktetan beharrezko kalifikazioak eta titulua lortzeko proposamena jasota daudela egiaztatzea.
4.– Ikastetxe publikoak eskabidea izapidetzeko, eta Hezkuntza Sailak titulua emateko eta erregistratzeko, indarrean dagoen araudia jarraitu eta Hezkuntzako sailburuordeak behar bezala aplikatzeko ematen dituen jarraibideak beteko ditu.
16. artikulua.– Ebaluazio-dokumentu ofizialak.
1.– Honako hauek dira musika-ikasketa profesionalen ebaluazio-dokumentu ofizialak: ikasketa-espediente pertsonala eta ebaluazio-aktak –sailaren aplikazio informatikoan jasotakoak–, banakako ebaluazio-txostenak eta kalifikazio-liburua.
2.– Ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu ebaluazio-dokumentu ofizialak, eta dagozkien pertsonen sinadura autografoak ere izango dituzte. Sinaduren ondoan, sinatzailearen izen-abizenak azalduko dira, bai eta dagokion kargua edo irakaskuntza-atribuzioa. Paperean egin ohi diren dokumentu ofizialen ordez, euskarri informatikoko baliokideak egin ahal izango dira. Halaber, sinadura autografoen ordez, elektronikoak egin ahal izango dira.
3.– Ikastetxeko idazkaritzak zaindu beharko ditu ebaluazio- eta mugikortasun-dokumentu ofizialak, eta Hezkuntza Ikuskaritzak izango du haiek gainbegiratzeko eskumena.
17. artikulua.– Ikasketa-espediente pertsonala.
1.– Ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio-datuak biltzen ditu ikasketa-espediente pertsonalak, eta barnean hartzen du, halaber, ebaluazio-prozesuari buruzko garrantzizko informazioa, hala nola ikasturte bakoitzeko azken ebaluazioaren emaitzak edo izaera administratiboko informazio gehigarriak, egindako ibilbidea deskribatzen dutenak.
2.– Honako hauek bilduko ditu ikasketa-espediente pertsonalak edo dokumentu baliokideak:
a) Ikasleak lortutako kalifikazioak.
b) Ikasleak ikastetxean jarraitzeari buruzko informazioa, eta, hala badagokio, matrikula-lekualdaketei buruzkoa.
c) Titulazioa emateko proposamena eta musika-ikasketa profesionaletan izandako batez besteko nota.
3.– Ikasketa-espedientea betetzeko, Hezkuntza Sailaren dagokion aplikazioan dauden ereduak erabiliko dira.
4.– Irakasgaien ebaluazioaren emaitzak agindu honen 6.2 artikuluan ezarritako moduan gordeko dira. Baliozkotutako irakasgaiak dituzten ikasleen kasuan, «Baliozkotuta» terminoa eta «BK» kodea erabiliko dira. Beste espezialitate bat ikasi duten ikasleen kasuan, beste espezialitateko irakasgai komunen emaitzak, aurretik egin eta gainditu badira, «Aurretik gainditua» (AG) esamoldearekin idatziko dira, eta lortutako kalifikazioari eutsiko zaio.
18. artikulua.– Ebaluazio-aktak.
1.– Musika-ikasketa profesionaletako kurtso bakoitzaren amaieran egiten diren dokumentu ofizialak dira ebaluazio-aktak, eta eskolaldi arruntaren eta ohiz kanpoko deialdiaren bukaeran ixten dira. Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan kalifikazioak sartu ondoren eskuratu daitezke. Ondoren, inprimatu, eta dagokion irakasle-talde osoak sinatuko ditu; gainera, ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izango dute.
2.– Aurreko kurtsoetan gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen kalifikazioak gainditu gabekoen aktan jasoko dira, zeina bide telematikoz sortuko baita.
3.– 1. mailatik 5.era arteko aktetan adieraziko da ikaslea hurrengo kurtsora igaroko den.
4.– Seigarren kurtsoaren aktetan, musika-ikasketa profesionaletako irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleei dagokien titulua emateko proposamena jasoko da.
5.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan, ohiko eta ohiz kanpoko ebaluazio-aktak sailaren aplikazio informatikoan itxiko dira, kasuan kasuko ebaluazio-saioak egin ondoren. Aktak itxi ondoren, bina ale inprimatuko dira, eta ebaluazioan esku hartu duten irakasle guztiek sinatuko dituzte, eta ikastetxeak zigilatuko ditu. Akta horietako ale bat ikastetxean gordeko da, idazkariaren ardurapean, eta bestea Hezkuntza Ikuskaritzara igorriko da.
6.– Musika-ikasketa profesionalak emateko baimena duten ikastetxeek akten hiruna ale inprimatu eta sinatuko dituzte, eta, hamar eguneko epean, ohiz kanpoko deialdiaren ebaluazio-saio egiten denetik hasita, ale bat igorriko diote atxikita dauden Kontserbatorio Profesionalari. Beste ale bat ikastetxean bertan gordeko da, eta hirugarrena Hezkuntza Ikuskaritzara igorriko da.
19. artikulua.– Kalifikazio-liburua.
1.– Musikako ikasketa profesionalen kalifikazioen liburua egindako ikasketak islatzen dituen dokumentu ofiziala da. Bertan, ikasleak lortutako kalifikazioak, ikastetxean egindako egonaldiari buruzko informazioa eta, hala badagokio, matrikula-lekualdatzeei buruzko informazioa jasoko dira. Era berean, ikasleak dagokion titulua eskatu duela adieraziko da, musikako ikasketa profesionalei dagozkien irakasgai guztiak gainditu ondoren.
2.– Kalifikazioen liburua espezialitate bakarrean egindako ikasketei buruzkoa izango da. Espezialitate bat baino gehiago ikasten ari diren ikasleen kasuan, ikasitako espezialitate bakoitzeko kalifikazio-liburu bat beteko da, eta, hala badagokio, «Beste espezialitate batzuetako ikasketa profesionalen aurretiazko ikasketak» orrialdean, gainditutako irakasgai komunak eta lortutako kalifikazioa adieraziko dira.
3.– Hezkuntza-administrazioek argitaratuko dute kalifikazio-liburua, eta dokumentu hori eskatzeko eta erregistratzeko prozedura ezarriko dute.
4.– Ikastetxeei dagokie kalifikazio-liburuak betetzea eta zaintzea. Ikasketak gainditu ondoren, liburua ikasleei emango zaie, eta hori dagokion liburuaren eginbidean jasoko da. Eginbide horren kopia ikaslearen espedientearekin batera gordeko da.
20. artikulua.– Banakako ebaluazio-txostenak.
1.– Dokumentu ofizialak dira banakako ebaluazio-txostenak, eta, haietan, ikasleek ikaste-prozesuan jarrai dezaten behar den informazioa jasoko da. Tutoreak egingo ditu txostenok, eta, horretarako, oinarritzat hartuko ditu irakasgai bakoitzaren irakasleek ebaluazio-saioetan emandako datuak eta ikasleen ikasketa-espedientean ageri direnak.
2.– Honako hauek izango dira banakako ebaluazio-txostenak musika-ikasketa profesionaletan:
a) Ikasleei edo haien legezko ordezkariei bidali beharreko txostena.
b) Lekualdatze-kasuetan egin beharreko txosten pertsonala, ikasle bat ikastetxez aldatzen bada matrikulatuta zegoeneko ikasturtea amaitu baino lehen.
3.– Ikastetxeko idazkaritzan gordeko dira banakako ebakuazio-txostenak, ikaslearen dokumentazio pertsonalarekin batera. Idazkariaren zaintzapean geratuko dira, eta tutoreak eskuragarri izango ditu, eguneratu eta kontsultatzeko.
4.– Ikasleei edo haien legezko tutoreei helarazten zaien banakako ebaluazio-txostena egiteko, oinarritzat hartuko dira dagokion irakasle-taldeak emandako datuak, eta han jasoko dira ikasitakoa zabaltzeko, aberasteko edo indartzeko hezkuntza-neurri osagarriak, bai eta curriculum-egokitzapenak ere. Tutorearen sinadura izango du.
21. artikulua.– Espedientea lekualdatzea, beste ikastetxe batera joateagatik.
1.– Ikaslea EAEtik kanpoko ikastetxe batera aldatzen bada musika-ikasketa profesionaletako edozein kurtso amaitu ondoren, ikastetxe berrira bidaliko da txosten pertsonala, ikastetxe horrek berak eskatuta.
2.– Ikasle bat ikastetxez aldatzen bada matrikulatuta zegoen kurtsoa amaitu baino lehen, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala emango da, eta, han, egindako ebaluazio partzialen emaitzak jasoko dira, bai eta banakako ebaluazio-txostenaren informazio esanguratsuena ere. Txosten horretan jasoko dira, halaber, ikaslearen aurrerabide orokorrari buruzko zenbait ohar, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 23. xedapen gehigarriaren arabera apropos eta egokiak ikusten direnak. Idazkariak prestatu eta sinatuko du, eta ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsiko.
22. artikulua.– Ebaluazio-agiri ofizialak gorde eta zaintzea, eta ziurtagiri akademiko ofizialak egitea.
1.– Kontserbatorio profesionalek zaindu eta artxibatuko dituzte ikasketa-espedienteak eta ebaluazio-aktak, eta idazkaritzako titularraren ardura izango da haiek zaintzea. Idazkariaren ardura izango da, era berean, ziurtagiri akademiko ofizialak egitea, bai bere ikastetxeko ikasleenak, bai atxikita dituen ikastetxeetakoenak.
2.– Ebaluazio-dokumentuak kontserbatorio profesionalean gordeko dira, halakorik badago, salbu eta ikaslearen historia akademikoa edo, hala badagokio, kalifikazio-liburua, zeina ikasle bakoitzari emango baitzaio egindako espezialitateko irakasgai guztiak gainditzen dituenean.
Ikastetxeek erregistro batean jasoko dute kalifikazio-liburuak ikasleei eman zaizkiela, hala egitea egoki denean. Historia akademikoak sortzen direnean, berriz, aplikazio informatikoan bertan erregistratuko dira.
3.– 2020-2021 ikasturtearen aurreko historia akademikoak edo, hala badagokio, musika-ikasketa profesionalak amaitzen ez dituzten ikasleen kalifikazio-liburuak ikaslea matrikulatuta zegoen kontserbatorio profesionalaren zaintzapean geratuko dira, edo, hala badagokio, ikasketak egin zituen ikastetxe baimendua atxikita zegoen Kontserbatorio Profesionalaren zaintzapean.
4.– Ebaluazio-dokumentuen betetze-prozedura eta zaintza gainbegiratzea, berriz, Hezkuntza Ikuskaritzaren egitekoa da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hezkuntza Ikuskaritzaren jarduera.
Hezkuntza Ikuskaritzari dagokio ebaluazio-prozesuaren garapenari buruz aholku ematea eta hura gainbegiratzea, eta hura hobetzen lagunduko duten neurriak proposatzea. Gainera, arreta berezia jarriko du ikasleen balorazioaren emaitzen ebaluazioan eta azterketan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sistema elektronikoak.
1.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako titularrari ahalmena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar diren neurri guztiak hartzeko.
2.– Zuzendaritza eskuduneko titularrari ahalmena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar diren neurri guztiak hartzeko, nota eta hutsegiteen aplikazio informatikoari, datuen tratamenduari eta ebaluazio-dokumentuen eta ikastetxeko gainerako erregistroen tratamendu eta zaintzari dagokienez, bereziki ikastetxe bat ixten denean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikasleen datu pertsonalak.
Ikasleen datu pertsonalak eskuratzeko, ikastetxe batzuek beste batzuei lagatzeko eta haien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko, honako hauetan xedatutakoa bete beharko da: datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen legedia; Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarria (maiatzaren 4ko BOE, 106. zk.); 2010eko urriaren 4ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.