Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3124

26/2021 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretua, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa.

Dekretu honen bidez, berrikusi eta, hala badagokio, eguneratu egiten dira lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuan jasotako neurriak, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ezarritako aginduaren arabera, eta, berriz ere, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak azpimarratzen dira, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin.

Giza portaerarako tresnak eta konponbideak dira, banakakoak eta kolektiboak, eta agintarien kontrola eta esku-hartzea eskatzen dute. Tradizionalki, ordenamendu juridikoak esplizituki gaitu izan ditu, alderdi guztietan, osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik abiatuta.

Bestalde, legeria arruntak, Estatukoak zein autonomikoak, eskaintzen duen arau-euskarriaz gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan kudeatu diren osasun publikoaren arloko erabakiak eta jarduketa koordinatuak ere biltzen dira.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, bai babes zibilaren arloko plangintzaren zuzendaritzaz arduratzen den organoa den aldetik –hala eratortzen baita Euskadin indarrean dagoen larrialdi sanitarioaren eta osasun publikoaren adierazpenetik–, bai ordenamenduak osasun-agintariei esleitzen dizkien ahalmenak hertsiki bereganatzearen ikuspegi juridikotik.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoari jarraituz, honako hau,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.

Luzatu egiten dira segurtasunari eta higieneari, pertsonen arteko gutxieneko distantziari eta maskarak erabiltzeari buruzko neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzko lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuaren 1. artikuluan jasotakoak.

Bigarrena.– Osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak.

SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzko lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira, eta jarraian aipatzen diren neurriak modu orokor honetan zehazten dira, gainerako neurriak luzatuz:

a) Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 24:00ak arte luzatuko da, dagokion ordutegira doitzea eragotzi gabe, baita goizago ere, ordutegien arauketa arrunta aplikagarria denean.

b) Haur eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten talde egonkorretako pertsonen gehieneko kopurua 10 pertsonatara igotzen da.

c) Museo eta erakusketa-aretoetan, natura-turismoan, eta aisialdiko eta turismoko zentroetan aire zabalean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere 10 pertsonara artekoak izango dira.

d) Kendu egiten dira aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona-taldeei jarritako mugak.

e) Edozein motatako garraio publikoek 24:00etara luzatu ahal izango dute irteerako gehieneko ordutegia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko ekainaren 2ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala