99. zk., 2021eko maiatzaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (262 KB - 2 orri.)
- EPUB (217 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Izendapenak, egoerak eta gorabeherak
HEZKUNTZA SAILA
2915
AGINDUA, 2021eko maiatzaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena.
Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2021eko martxoaren 9ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako 2020-2021 lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin-behineko esleipena.
Ebazpen horren aurkako erreklamazioak aztertu dira, eta onartutako uko-egiteak sartu. Halaber, behin-behineko esleipen-prozeduraren ondoren, dagozkion aldaketak sartu dira behin betiko merezimenduen baremoan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baiestearen ondorioz.
Beraz, Hezkuntzako sailburuaren 2020ko urriaren 22ko Aginduaren bidez (2020ko azaroaren 4ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zen. Bada, agindu horren hogeita zortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Onestea Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena, honako zerrenda honetan agertzen den bezala:
I. eranskina: destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.
Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskina erakusgai jartzeko www.irakasle.eus web-orrian, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web-orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.
Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte 2021eko irailaren 1etik aurrera; eta jatorrizko ikastetxeetako kargu-uzteek, ordea, 2021eko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.
Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez dituzten maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinean agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direnik.
Bosgarrena.– Lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren maisu-maistrek 2021eko irailaren 1etik 3ra bitartean aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau: lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2020ko urriaren 22ko Aginduaren hogeita hamargarren oinarrian aipatua (2020ko azaroaren 4ko EHAA).
Seigarrena.– Bosgarren oinarriak aipatutakoaren arabera itzuli diren eta lekualdatze-lehiaketa honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan behin betiko destinoa lortu duten pertsonek ziurtagiria aurkeztu beharko dute non ziurtatuko baita ez dutela epai irmo bidezko kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik (delitu horietan sartzen dira sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa). Ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emango du. Ez dute halako ziurtagiririk aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman diotenek. Kontsulta hori elkarreragingarritasun-sistema elektronikoak baliatuta egin ahal izango du, Irakaslegunea hezkuntza-atariaren bidez, eta, horretarako, eremu murriztuan sartu beharko da (erabiltzailearen eta pasahitzaren bidez), «Adingabearen babesa» atarian.
Zazpigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2021-2022 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.
Zortzigarrena.– Lekuz aldatzeko lehiaketa horretan parte hartu duten maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 13a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.