91. zk., 2021eko maiatzaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (238 KB - 2 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2640
AGINDUA, 2021eko apirilaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Emaus Fundación Social izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.
2019ko urtarrilaren 2an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistro telematikoan eskabide bat jaso zen, Emaus Fundación Social izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Eskabidearekin batera, estatutuen aldaketari buruzko eskritura publikoa aurkeztu zen, zeina 2018ko azaroaren 16an egiletsi baitzen, Miguel Angel Sanchez Ferrer Pasaiko notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2.222).
Eskritura publiko horrekin batera, Eduardo Sanchez Perez jaunak –Patronatuko idazkari gisa, eta Presidentearen oniritziarekin– 2018ko azaroaren 5ean emandako ziurtagiria aurkeztu zen. Horretan, 2018ko azaroaren 5ean Patronatuak egindako bileraren berri ematen zuten, zeinetan bertaratutakoek aho batez onartu zuten fundazioaren estatutuak aldatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu zitezen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.
Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Emaus Fundación Social izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, fundazioaren patronatuak erabakitakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitu daitezen, betiere bat etorriz, 2018ko azaroaren 16an, Pasaian, Miguel Angel Sanchez Ferrer notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 2.222).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailbururi, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 23a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.