Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2021eko maiatzaren 8a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2603

23/2021 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa.

Dekretu honen bidez, era askotako neurriak aurreikusten dira, COVID-19 birusaren hedapenari aurre egiteko, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin.

Kontuan hartu behar da aipatutako arrisku larrien sorburua birusaren transmisioak eragindako kutsatze-fenomenoa dela, eta, hain zuzen ere, pertsonak kontaktu sozialaren ondorioz kutsatzen direla; baina, zalantzarik gabe, horri gehitu behar zaio arriskuaren progresio esponentziala azken finean gertatzen dela osasun-sistemaren asistentzia-jarduera osoak arian-arian jasangarritasuna galtzearen eta narriatzearen ondorioz, eta, jakina, ez bakarrik morbilitate hutsaren ondorioz.

Baldintza horiei guztiei aurre egiteko, nahitaez erabili behar dira giza portaerari lotutako tresnak eta konponbideak, banakakoak zein kolektiboak, agintarien kontrola eta esku-hartzea behar dutenak, eta tradizionalki ordenamendu juridikoak era guztietako alderdietan esplizituki gaitu dituenak. Hala eta guztiz ere, esku-hartze publikoaren eredua ustekabean harrapatuta geratu da, COVID-19aren birulentziagatik eta berezko ezaugarriengatik, eta, horregatik, beharrezkoa izan da denbora batez aukera gogorrenera jotzea, hau da, osasun-larrialdiak eragindako alarma-egoeraren ezohiko deklaraziora, gero lege orokorretan, Estatukoetan eta autonomikoetan aurreikusitako ohiko eredura pixkanaka-pixkanaka itzultzeko, jakinda horiek guztiak, neurri batean, Osasunaren Arloko Neurri Bereziei buruzko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik eratortzen direla.

Horrela, denbora batez, posible izan da alarma-egoeraren erregulazioak ematen zuen arau-euskarri zabala administratzea –azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatu zen–, baina kontuan hartuta beste aukera batzuk hasteko unea iritsiko zela, betiere jarduera sozialei buruzko prebentzio-neurri espezifikoak portaera indibidualen gaineko modulazioekin konbinatze aldera, pandemiaren modus operandian gehien eragiten duten oinarrizko eskubide eta askatasun publiko batzuk baliatzeko modu eta estatus arruntaren gaineko eraginak ahalbidetuz, eta, nolanahi ere, lehen eta orain, horiek baliatzeko aukera eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Bestalde, legeria arruntak –Estatukoak zein autonomikoak–, eskaintzen duen arau-euskarriaz gainera, integratuta geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan osasun publikoaren arloan kudeatu diren erabaki eta jarduera koordinatuak; horiek guztiek dekretu honetan jasotako neurri bakoitza gaitzen dute.

Testuinguru horretan, lehendakariaren ondoz ondoko dekretuek hainbat erabaki zehaztu dituzte, askotariko intentsitatearekin, eta ia beti egoera epidemiologikoak baldintzatuta, osasun publikoa babesteko eta, azken batean, herritarrak COVID-19aren pandemiak eragiten dituen arrisku larrietatik babesteko misioan.

Dekretu honen helburua da orain arte indarrean zeuden neurriei eusteko lan garrantzitsua egitea (martxoaren 26ko 16/2021 Dekretuak aldatutako martxoaren 6ko 13/2021 Dekretutik eratorri dira neurri horiek). Oinarri horrekin, modulazioak eta doikuntzak egiten dira indarrean dauden neurrien gainean, eta beste neurri espezifiko batzuk gehitzen, batez ere udari begira; hori guztia, dekretuaren beraren indarraldiari kalterik egin gabe, egungo ziurgabetasun-egoera orokorrak ez baitu beste aukerarik ematen.

Dekretuaren funtzio arauemailearen osagarri gisa, funtsezko garrantzia dute oraindik ere alarma-egoeran indarrean egon diren eta une honetan arau-izaeraz ezarri ezin diren neurriek, eta Labi aholkatzen duen batzorde zientifiko-teknikoko adituek prebentzio-balio handiko ekarpentzat hartzen dituzte. Hori dela eta, orain, gizarte osoari zuzendutako gomendioa da mugikortasuna eta interakzio soziala murrizteko irizpidea, bereziki pertsonak elkartzeko eta gauez mugitzeko murrizketetan islatzen dena. Hori guztia birusaren transmisioa ahalik eta gehien murrizten laguntzeko.

Neurriak egoera epidemiologikora etengabe egokitzen direla bermatzeko, etengabeko ebaluazioak eta jarraipenak ekarri dute neurri horiek berregokitzeko hurrenez hurreneko erabakiak hartzea, Labiren foroan sakoneko hainbat zehaztapen eta neurri aztertu ondoren. Hori guztia, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugu aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, bai babes zibilaren arloko plangintzaren zuzendaritzaz arduratzen den organoa den aldetik –hala eratortzen baita Euskadin indarrean dagoen larrialdi sanitarioaren eta osasun publikoaren adierazpenetik–, bai ordenamenduak osasun-agintariei esleitzen dizkien ahalmenak hertsiki bereganatzearen ikuspegi juridikotik.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoari jarraituz, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.

1.– Herritar guztiek behar diren neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 gaixotasuna hedatzeko arriskuak sortzea saihesteko, bai eta arrisku horien eraginpean egotea bera saihesteko ere. Zuhurtzia- eta babes-eginbehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatu ahal izango zaie. Era berean, osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira COVID-19a prebenitzeko.

2.– Osasun-larrialdiak irauten duen bitartean, oro har, pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izango da leku publikoetan, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan. Era berean, eskuen garbiketa areagotu egingo da soluzio hidroalkoholikoarekin edo ur eta xaboiarekin. Azkenik, zehazten da aireztapena, ahal dela naturala eta mantendua, konpromiso indibidualeko neurri bat dela herritar guztien bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako toki guztientzat, hargatik eragotzi gabe erabilera publikoko establezimendu eta lokal guztietan aplikatzea.

3.– Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekitakoetan daudenean, bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean. Maskara behar bezala erabiltzeko, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino estali beharko du (kokotsa barnean). Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta dagoen erabilera profesionaletan.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

Era berean, lantokietan nahitaez erabili beharko da maskara, salbu eta, lan-tipologiaren edo lan-baldintza berezien arabera, lan-osasuneko zerbitzuek maskara ez erabiltzea gomendatzen badute.

Edozein kirol-jardueratan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea. Ez da nahitaezkoa izango, ordea, espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean murgildutako taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da.

Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dituzte maskarak, edozein garraiobide erabiltzen denean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, dekretu honetan aurreikusitako salbuespen-kasu legaletan izan ezik. Ez da exijituko maskara erabiltzea garraio pribatuan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean, bere lan-eremua gelaxka batean edo babes-manpara batez mugatutako gela batean publikotik bereizita ez badago.

4.– Aurreko paragrafoan jasotako maskara erabiltzeko betebeharra ez zaie eskatuko maskara erabiltzeagatik larriagotu daitekeen gaixotasunen bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten pertsonei, ez eta desgaitasun- edo mendekotasun-egoeraren ondorioz maskara kentzeko autonomiarik ez dutenei edo maskara erabiltzea bideraezina egiten duten jokabide-alterazioak dituztenei ere. Kasu horietan, maskara erabiltzetik salbuetsita daudela egiaztatzeko eskatzen zaienean, egoera hori dokumentatu ahal izango dute, dagokionaren arabera, desgaitasun- edo mendekotasun-maila egiaztatzen duen agiriaren bidez, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri ofizialaren bidez. Salbuespen hori ez da aplikatuko maskara nahitaez erabiltzeko araudi espezifikoa duten jardueretan edo establezimenduen kasuan.

5.– Aurreko bi apartatuetan aurreikusitako salbuespenekin batera, Osasun Sailaren baimenarekin, zenbait jarduera sektorial espezifiko salbuetsi ahal izango dira maskara erabiltzetik, hala nola kultura-, eszena- edo kirol-jarduerak. Jarduera horietan, aldez aurreko diagnosi-probak egin ahal izango dituzte, edo partaideek eskuratutako immunitatea egiaztatu ahal izango dute aldez aurreko altari edo txertaketari buruzko ziurtagiri mediko arrazoitu baten bidez.

2. artikulua.– Osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak jardueren arabera.

1.– Merkataritza-establezimenduak.

Merkataritza-establezimenduek gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuta egongo dira, eta 150 metro koadrotik gorako azalera dutenek edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera baimendua izango dute. Hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko da merkataritza-guneen solairu eta saltoki bakoitzean, bai eta haien eremu komunetan ere, azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko. Debekatuta dago jolaslekuak, haurrentzako guneak edo atsedenlekuak erabiltzea, eta itxita egon beharko dute. Merkataritza-instalazioetan kokatutako ostalaritza- edo jatetxe-establezimenduek establezimendu mota horietarako xedatutakoa bete beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte; eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Azoka-esparruek ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte bisitari, erakustoki, antolatzaile, hornitzaile eta langileei ingurune segurua ziurtatzeko, higiene- eta osasun-berme handienekin. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; osasun-agintari eta -zerbitzuekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarrien aurreko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.

Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan –azoka txiki gisa ezagutzen direnak–, ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da, eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko gisan. Udalek gaitutako azalera handitu edo egun berriak gaitu ahal izango dituzte jarduera hori gauzatzeko, muga hori konpentsatze aldera.

2.– Ostalaritzako lokalak eta jatetxeak, eta antzekoak.

Egoera epidemiologikoaren arabera, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak irekita mantendu ahal izango dira, barrualdean ehuneko berrogeita hamarreko edukiera-muga dutela, eta gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, betiere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeek ezin izango dute lau baino gehiago izan, eta ezin izango dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde batentzat, bizikideen kasuan izan ezik.

Eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da.

Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon ahal izango dira 22:00etatik 06:00etara, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

3.– Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

Establezimendu hauen itxiera ezartzen da: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute.

4.– Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak.

Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

5.– Ezkontza-zeremoniak, jaunartzeak, bataioak eta antzeko ospakizunak.

a) Zeremonia edo ospakizun horiek kultu-lekuetan egiten badira, dekretu honetan berariaz jasotako erlijio-kultuko ekitaldiak egiteko ezarritako edukiera-arauak eta higiene- eta prebentzio-neurriak aplikatu beharko dira.

b) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan egin daitezkeen ospakizunek establezimendu horietan zerbitzua emateko aurreikusitako baldintzak eta edukiera bete beharko dituzte.

c) Ekitaldi horiek ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduekin bat ez datozen esparruetan antolatzen dituzten enpresek prebentzio-neurri baliokideak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betetzen dituen jarduketa-protokolo bat izango dute. Ekitaldi hauek ezin izango dira 22:00ak baino beranduago amaitu.

6.– Kultura- edo gizarte-ekitaldiak.

Musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren eta maskara erabiltzearen prebentzio-baldintzak. Nolanahi ere, prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. 1.600 pertsonatik gorako edukiera duten aretoetan, gehieneko edukiera 600 pertsonakoa izango da. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan (bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira).

Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukierarakin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 22:00ak baino beranduago amaitu.

7.– Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.

Museoei, erakusketa-aretoei, monumentuei eta bestelako kultura-ekipamenduei dagokienez, taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida kontuan hartu gabe, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. Eskola-talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.

Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).

8.– Kirol-jarduera.

Honako arau hauen arabera garatu ahal izango da kirol-jarduera:

Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

Lehiaketa profesionalean eta federatuan aritzen diren taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea, berariaz aurreikusi beharko dituztenak.

Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Entrenamenduetan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, ehuneko 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez 6 laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez 6 lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

Aldagelak erabili ahal izango dira, betiere gehieneko edukieraren ehuneko 35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta ireki aurretik eta itxi ondoren ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu.

Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

9.– Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.

Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. Eskola-talde egonkorrak gida bakar batekin joan ahal izango dira.

10.– Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.

Taldeen bisitak gehienez ere 6 pertsonakoak izango dira; jarduera egiten den bitartean, pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira. Eskola-talde egonkorrak gida bakar batekin joan ahal izango dira.

11.– Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.

Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztietan egiten diren ohiko ikuskizunen, ikuskizun orokorren edo bestelakoen zezen-jarduerak arriskuak ebaluatzeko eta murrizteko plan bat izan beharko du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko duena. Betiere aurrez esleitutako besaulkiak izan beharko dituzte, baimendutako edukieraren ehuneko 50 gainditu gabe, gehienez ere 600 pertsonarekin, eta banaketa homogeneoa izango da esparruan. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.

12.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

Joko- eta apustu-lokalak jendearentzat ireki ahal izateko, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin egin ahal izango da. Joko- eta apustu-jarduerak banaka egin beharko dira. Pertsonek eserita egon beharko dute. Gehienez lau laguneko taldeak izango dira. Jokalarien artean, 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Joko-posizio bateko parte-hartzaileen aldaketa bakoitzean bermatu beharko da erabilitako espazioaren garbitasuna eta ez dela objekturik trukatzen. Establezimendu hauek beranduenez 22:00etan itxi beharko dira, bezeroak ateratzea barne, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat.

13.– Ehiza- eta arrantza-jarduera.

Ehiza-jarduera mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

14.– Aire zabaleko edo aisialdiko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak.

Parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1.

Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere.

Era berean, Udalei dagokie aire zabaleko espazio publikoa gehiago erabil dadin sustatzea, herritarrentzat espazio gehiago egon daitezen, betiere ezarritakoa errespetatuz, bereziki ekitaldi jendetsuei eta jende asko etortzeko arriskuari dagokienez.

3. artikulua.– Funtsezko jardueretarako prebentzio-neurriak.

1.– Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak.

Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduen titularrek antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte, langileen eta pazienteen ongizatea ziurtatzeko. Era berean, beharrezko babes-materialak dagozkien kokalekuetan eskuragarri daudela, erabilitako eremuak aireztatu, garbitu eta desinfektatzen direla, hondakinak ezabatzen direla eta ekipoak eta instalazioak behar bezala mantentzen direla bermatuko dute.

2.– Gizarte-zerbitzuetako eta zerbitzu sozio-sanitarioetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen Zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuan oinarrituta, Foru Aldundiak dira zentroen funtzionamendu egokirako eta osasuna bermatzeko jarraibide zehatzak emateko administrazio eskudunak. Erabiltzaileak eta profesionalak, Osasun Sailarekin koordinatuta, haren eremuko neurriak alde batera utzi gabe. Koordinazio hori hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren artean adostutako oinarrien arabera egingo da, honako baldintza hauen arabera:

a) Etengabeko ikuskapeneko neurriei eutsiko zaie, gizarte-zerbitzu eta zerbitzu soziosanitario guztien titularrek instalazioak desinfektatzeko, prebenitzeko eta egokitzeko ezarritako arauak betetzen dituztela bermatzeko, non zerbitzu horien ohiko jarduera eskatutako baldintzetan garatuko den, kutsatzeko arriskuak prebenitze aldera.

b) Osasun-sistemako eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako agintari eskudunen arteko koordinazioa bermatuko da:

Egoitza-eremuan, desgaitasunen bat duten pertsonentzako, adinekoentzako, adingabeentzako, baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako egoitza-zentroetan, larrialdiko eta harrerako zentroetan, eta genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimentzako tutoretzapeko etxebizitzetan.

Egoitzakoak ez diren eremuetan, familia-arloko esku-hartze eta bitartekotzako zerbitzuetan, eguneko zentroetan edo zerbitzuetan, gizarte-bazterketako egoeran, horren arriskuan, gizarte-babesik gabeko egoeran edo horren arriskuan daudenentzat, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzako eta adinekoentzako eguneko zentroetan ere.

Sistemen arteko koordinazioaren eremuan sartutako zerbitzuek eta zentroek beren jarduerari eutsiko diote.

Oro har, genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria-mota batzuen biktimei laguntza eta babes integrala emateko zerbitzuei eustea eta zerbitzu horiek ematea bermatuko da.

c) Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialen eta soziosanitarioen titularrek kontingentzia-planak izan behar dituzte, COVID-19rako eguneratuak, egoiliarren eta langileen eta haien kontaktuen artean kasuak garaiz identifikatzeko, eta, hala badagokio, dagokion osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatzeko:

Zentroetako titularrek behar diren antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte langile, erabiltzaileei eta bisitariei dagokienez, kutsadura-arriskuak prebenitzeko.

Paragrafo honetan aipatzen den informazioa eskuragarri egongo da agintari eskudunek eskatzen dutenean.

d) Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probak egingo zaizkie egoitza-zentro sozio-sanitarioetan (adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan) sartzen diren guztiei, 72 ordu lehenago, gehienez ere.

e) Eguneko zentroak kudeatzeko eskumena duten erakundeek zentro horiek dauden udalerriaren egoera epidemiologikora egokitutako neurri murriztaileak hartu ahal izango dituzte, edukierei, ordutegiei edo establezimendu horiek ixteari dagokienez.

3.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera.

a) Aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro, araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako hezkuntzari dagokienez, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerei dagokienez ere, eranskin honetan jasotako arauen arabera garatuko da, eta betiere 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurka jarduteko Hezkuntza Sailak egindako protokolo orokorraren arabera.

b) Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

c) Halaber, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari eta administrazioari laguntzeko zerbitzuek beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

d) Euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan, publikoetan zein pribatuetan, egiten den jarduera presentziala izan ahalko da, gehienez ere 25 pertsonarekin. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

e) Azterketak eta hautaprobak egiteko deialdiak, bai eta kongresu eta bilera zientifikoetan eta profesionaletan parte hartzea ere, honako arau hauen arabera egingo dira:

– Hautaketa-prozesu publikoei zein pribatuei, hezkuntza- eta hizkuntza-tituluak lortzeari eta antzeko beste batzuei dagozkien probak egiteko, gehienez ere lokalen ehuneko 50eko edukiera errespetatu beharko da.

– Erakunde antolatzaileak COVID-aren aurkako protokolo bat izan beharko du, eta bertan bermatu beharko da beharrezko neurriak betetzen direla COVID-19aren transmisio-arriskua minimizatzeko, bai esparruaren barruan, bai inguruko eremuetan eta sarbideetan, betiere gutxienez 1,5 metroko urruntze pertsonala bermatuz.

f) Irakaskuntza arautuak eskaintzen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuen titularrek eta unibertsitateetakoek beharrezko neurriak hartuko dituzte beren instalazioak Dekretu honetan ezarritakoaren arabera aireztatu, garbitu, desinfektatu, prebenitu eta egokitzeko. Nolanahi ere, aglomerazioak saihesteko beharrezkoak diren antolamendu-neurriak hartzen direla ziurtatu beharko da.

4.– Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak.

a) Aisialdiko jarduerak antolatzen dituen erakundeak COVID-aren aurkako protokolo bat izan beharko du, prebentzio-neurriak benetan betetzen direla bermatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betez.

b) Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak sei laguneko talde egonkorretan antolatu beharko dira, begiraleaz gain, eta, ahal dela, aire zabaleko guneetan. Maskara erabili beharko da beti.

c) Jantokiak erabiltzen badira, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko da haien okupazioa, eta sei pertsonako talde berberak mantenduko dira, taldeen artean 2 metroko distantziarekin. Jantokiak behar bezala aireztatuta egon beharko dira.

d) Kirol-jarduerak edo artistikoak kontakturik gabe eta ikuslerik gabe egingo dira.

e) Egin beharreko jarduerek gaua igarotzea eskatzen badute, gela partekatuek baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko 50 hartuko dute, pertsonen arteko distantziari eutsiz, eta, ahal den neurrian, sei pertsonako talde egonkorrak mantenduko dira, begiraleak edo erakundeko arduradun heldu batek gainbegiratuta.

f) Kanpin-dendak erabiltzen direnean, pertsona batek lo egin dezake denda bakoitzeko. Parte-hartzaileak bizikideak badira, denda berean lo egin dezakete. Dendak fisikoki isolatuta dauden zenbait gela baditu, gela horiek erabili ahal izango dira, eta egunero jaso, garbitu eta aireztatuko dira. Halaber, gaua bibak egiten igarotzea baimentzen da, segurtasun-distantzia eta zakuen higienea mantenduz.

5.– Erlijio- edo kultu-jarduera.

Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren ehuneko 35 gainditu, eta betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira. Gehieneko edukiera zein den kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan.

Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.

Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada, betiere. Gainera, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsona batek ere parte hartu ahal izango du. Leku itxian egiten bada, aldiz, gehienez ere 10 pertsona elkartu ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

6.– Garraiobideak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erantzukizunak dituzten erakunde publikoen arteko beharrezko koordinazioaren esparruan, honako neurri hauek hartuko dira:

a) Lurreko garraioa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak izan, eta hiri-eremukoak, hiriartekoak, hiri-periferiakoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumenekoak izan, ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai zutikako plazei dagokienez. Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuekin egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne. Errepideko lurreko bidaiarien garraioetan, gomendagarritzat jotzen da eskudirurik erabili gabe ordaintzea eta unitatera atzeko ateetatik sartzea. Gomendagarritzat jotzen da manparak jartzea, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea. EAEko garraio publiko guztietan, bidaiek 2 ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta dago jatea; ez, ordea, alkoholik gabeko edariak hartzea. Debeku horretatik salbuetsita geratzen da taxiz edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa.

Edozein motatako garraio publikoek eta EAEko hiru Lurralde Historikoetako bakoitzaren eremu txikiagokoek, gehienez 23:00etan irten beharko dute.

b) Kable bidezko garraioa.

Kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira baimendutako edukiera guztia osatu arte, betiere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanik.

c) Itsas garraioa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez.

d) Txartelen aldez aurreko salmenta.

Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da. Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko. Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten lurraldearteko lurreko garraioaren konpainia operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.

e) Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola garraioetan.

Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti. Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat beteta noiz dagoen zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2021eko udari begira, honako neurri espezifiko hauek ezartzen dira:

1.– Hondartzak: Foru-aldundiek eta udalek mugak ezarri beharko dituzte hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko, erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dadin. Horretarako, mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetan egoteko denboretan, bai eta aparkalekuetarako sarbideetan ere, hondartzen edukiera kontrolatzea errazteko.

2.– Igerilekuak:

– Aire zabaleko edo estalitako igerilekuek, kirol- edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren ehuneko 50eko muga errespetatu beharko dute, bai sarbideari dagokionez, bai kirol- edo jolas-jardueretan.

– Igerilekuak erabiltzean, segurtasun- eta babes-neurri egokiei eutsi beharko zaie, batez ere erabiltzaileen arteko segurtasun-distantziari.

– Igerilekuetako egonlekuetan, banaketa espaziala ezarriko da, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko, lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez.

3.– Kirol-probak: udan ohikoak diren kirol-lehiaketak federazioen egituratik kanpo antolatzen badira, antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa garatzeko protokolo bat erantsita. Protokolo horrek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren jarraibideak betez, higiene- eta urruntze-neurri guztien jarraipena eta osasun-agintariek ezarritako beste edozein arau bermatuko ditu.

4.– Aisialdiko taldeak eta jarduerak: aisialdiko jarduerak antolatzen dituen erakundeak COVIDen aurkako protokolo bat izan beharko du prebentzio-neurri guztiak benetan betetzen direla ziurtatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betez.

5.– Programatu gabeko jaiak eta ospakizunak: bide publikoan zein kanpoko esparruetan alkohola kontsumitzeko debekua berresten da, baita «kale-zurrutak» edo «ez-jaiak» motako bileretan ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

1.– Dekretu honek aurretiazko baimen judiziala beharko du, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren bitartez, jasotzen dituen eta oinarrizko eskubideei eta askatasun publikoei eragin diezaieketen neurri guztiei dagokienez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 eta 10.8 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala