Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2021eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2591

AGINDUA, 2021eko apirilaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2021eko bigarren seihilekoan kongresu eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion, bestek beste, ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzea.

Hezkuntza Sailaren iritziz, kongresuak eta, beste ezagutza-arlo batzuetan, bilera zientifikoak tresna egokiak dira ideia eta ezagutza zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, zientziaren ikusgaitasuna handitzeko. Horregatik, interes handikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.

Horrelako jarduerak antolatzen laguntzeko, dirulaguntzak emateko sustapen-programa erabili da, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

2020ko ekitaldietarako egindako deialdiak ebatzi ondoren, egokia da jarraipena ematea Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoaren arloan kongresuak eta bilerak antolatzeko laguntzen programari.

Horrenbestez, kontuan hartuta deialdia Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartutako Hezkuntza Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/) argitaratuta dago– eta horrelako laguntzak finantzatzeko gastuak baduela zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko Aurrekontu Orokorretan, xede horretarako, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2021eko bigarren seihilekoan ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilerak, presentzialak nahiz birtualak, antolatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzea eta dirulaguntza horiek lortzeko interesa duten erakundeei horretarako deialdia egitea.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, kongresutzat hartuko dira elkarte zientifikoen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio mota egingo diren: gonbidapenetako hitzaldiak aurkeztekoak, eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar dute.

3.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzaileak edo antolatzaileak ematen dion izaeraren arabera.

4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak eta mintegiak –irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko 200.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak, izaera hori lortzeko betekizunak eta egiaztatzeko modua.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak izan ahalko dira laguntza hauen erakunde onuradunak, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.

2.– Honako hauek ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. paragrafoan zehaztutako egoeretako batean daudenek, hauek barnean direla:

– Bete gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat izatea.

b) Armen ekoizpenean, merkaturatzean eta finantzaketan jarduten dutenek.

c) Laguntzak berreskuratzeko agindu bati lotuta egotea, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela adierazi ostean.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten den unetik ematen den dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa honela egiaztatuko da:

a) Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu honako betekizun hauek:

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente akreditatu batek egin duela eskaera.

– Erakundea egunean dagoela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

Dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, deialdi hau kudeatzen duen organoak, erakundeak modu arrazoituan horren aurka agertzen ez badira. Aurka agertzen badira, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

b) Eskabidearen formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta finantza daitezkeen gastuak:

1.– Dirulaguntzaren xede diren kongresu eta bilerak, 1. artikuluan definitutakoak, 2021eko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.

2.– Diruz lagundutako ekitaldi zientifikoarekin zerikusia duten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Ekitaldi motaren (kongresua edo bilera zientifikoa), izaeraren (estatukoa edo nazioartekoa) eta egiteko modalitatearen (presentziala edo birtuala) arabera, diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologia zerrendan jasota dago, eta taula honetan zehaztuta:

a) Hauetatik eratorritakoak: ekitaldia antolatzea, alokairuak, web-orriak sortzea edo laguntza-zerbitzuak, itzulpenak, marketina edo seinaleak.

b) Zabalkundekoak, jardueraren argitalpena barnean dela.

c) Gonbidatutako hizlarien bidaiei, ostatuari eta mantenuari dagozkienak.

d) Diruz lagundutako jardueran parte hartzera gonbidatutako hizlarientzako haborokinak.

e) Deialdiaren xede diren ekintzetara joateko 30 urtera arteko (hori barne) gazte ikertzaileei inskripzioaren oinarrizko kuotaren (gastu sozialak kanpo) prezioetan aplikatutako beherapen osoak edo partzialak.

f) Erakundeak ikertzaile gazte horiei, diruz lagundutako ekitaldira joan daitezen, justifikatutako bidaia- eta ostatu-gastuengatik ordaindutako zenbatekoen ehuneko 20 gehienez. Ez dira inola ere zenbatuko norberaren ibilgailuarekin egindako joan-etorriak.

g) Saioen arteko kafe-atsedenaldiekin lotutakoak, aurrez aurreko ekitaldien kasuan.

h) Kongresuetan sariak emateko gastuak.

(Ikus .PDF)

4.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, dietak, protokolo-gastuak, ez eta batzorde antolatzaileak ekitaldia hasi aurretik dituen gastuak ere.

b) Gonbidatutako hizlarien bidaliak, ostatua eta mantenua, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.

c) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.

d) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako zuzkidurak.

e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.

f) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. apartatuan adierazitako egoeraren batean badaude.

5.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50era arte, azpikontratu guztien prezioak batuta.

6.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira diruz lagundutako proiektua sustatzaileak berak gauzatzeko egin behar dituen gastuak.

7.– Betiere, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko orduan, honako hauetan xedatutakoa beteko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.

8.– Gastu diruz lagungarriekin lotutako gainerako arloetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, dokumentazioa eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz eskuratu ahal izango dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

Izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabidearen formulariora sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/ayuda_subvencion//2021/ikerbilerak–2semestre/y22–izapide/es

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua). Helbide honen bidez sar daiteke horra: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da (helbide honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/) Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Eskabide telematikoa guztiz bete ondoren eta artikulu honen 3. apartatuan adierazitako dokumentuak aplikazioan erantsi ondoren, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, eskabideak, sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izateko, erregistroan jasota geratu behar du. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak dokumentuen erregistro elektronikoa edo aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bidez. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik. Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

3.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek jaso beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:

a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:

– Ekitaldiaren garrantzia. Ekitaldiaren deskribapena, ezaugarriak, irismena eta tipologia jaso beharko ditu.

– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratuta duen webgunearen esteka.

– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.

b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa: kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak eta aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak aurkeztu behar dira.

c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria. Aplikazioaren barruan, egiaztatzeko dokumentuaren txantiloi bat dago, behar bezala beteta aurkeztu behar dena. Hizlari bakoitzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.

Gonbidatutako hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki hitzaldi bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek, baldin eta kongresuaren edo bilera zientifikoaren batzorde antolatzailearen parte hartzeko gonbidapena onartu badute.

Ekitaldian poster edo ahozko komunikazioen bidez parte hartzen duten pertsonak ez dira gonbidatutako hizlaritzat hartuko; beraz, ez da haien egiaztapenik bidali beharko.

e) Laguntza honen eskabideko epea amaitzean, eskatu edo eskuratu diren laguntzak egiaztatzea.

f) Erantzukizunpeko adierazpena.

4.– Eskaerak aurkezteko epeak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Deialdia kudeatzea.

Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko du deialdia.

7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.

8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Arantza Elgarresta, idazkari-lanak egingo dituena.

Hautaketa-batzordeak, hurrengo paragrafoan ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, eta proposamen horretan jasoko ditu eman nahi dituen dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun izateko proposatutako erakundeak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza zer jarduketa egiteko ematen den eta emandako zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Horrez gain, ukatuko dituen dirulaguntzak ere jasoko ditu proposamenean, ukatzeko arrazoiak adierazita.

2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Ekitaldi mota. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.

b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.

c) Gonbidatutako hizlari-kopurua: 10 puntura arte gehienez.

0,5eko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta eskabideko epea amaitzean beren parte-hartzea baieztatuta badago; 8 puntu, gehienez.

Bi puntu gehiago emango zaizkio gonbidatutako hizlarien genero-orekari. Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko hizlari gonbidatuen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.

d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den. Bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.

e) Kanpoko iturriek emandako finantzazioa: bertaratutakoen kuotak eta dirulaguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskabideei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, balorazio-faseko puntuazioaren beherako hurrenkeran, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte, hala badagokio.

Lortutako puntuazioan bi eskabideren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, eskabideak betetzeko aplikazioak eskabide bakoitzari esleitzen dion ausazko zenbakiaren goranzko hurrenkerari jarraituz esleituko da dirulaguntza. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-formularioan jasota geratuko da.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:

(Ikus .PDF)

2.– Kafe-atsedenaldietarako emango den gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.

3.– Kongresuetako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.

4.– Emandako guztizko zenbatekoak ezin izango du inolaz ere gainditu eskatutako zenbateko osoa, ezta agindu honen 4. artikuluan zehaztutako diruz laguntzeko gastuen aurrekontuaren herena ere. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.

5.– Kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, artikulu honen aurreko apartatuek ahalbidetzen duten gehienekoa hartuko da kontuan.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu edo bilkura bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, kongresu edo bilera bererako lortu diren laguntzen guztizko zenbatekoa handiagoa bada kostu osoa baino, gehiegizko kopuru hori murriztu egingo da deialdi honen babesean emandako laguntzatik.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik harako sei hileko epean.

Proposamenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, erakundearen IFK, laguntza jaso behar duen jardueraz arduratzen den ikertzailearen NANa eta izena, ebaluazioan guztira lortutako puntuazioa, ekitaldiaren deskribapena eta zuzkidura ekonomikoa, laguntza jaso behar duten kontzeptuetan xehatua.

2.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaerak ezetsiak izan direla.

3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari dagokio, hautaketa-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunen izen soziala, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza zer jarduketa egiteko ematen den eta emandako zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek aukerako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuta: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, non adieraziko baitzaio jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela.

5.– Alde batera utzi gabe aurreko apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

7.– Jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako laguntzen zerrenda, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita.

8.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Izan ere, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Helburua bete, jarduera egin, proiektua gauzatu, edo dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hartzea.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen edo erakunde laguntzailearen aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

d) Uko-egiteak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, Ikerketa Zuzendaritza jakinaren gainean egon dadin eta, behar izanez gero, berariazko baimena eman dezan.

e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa ematea ere Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituela, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela ere. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

h) Hezkuntza Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan (Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko apirilaren 4ko Ebazpena (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.).

i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.

a) Lehen zatia, aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, berriz, 2022. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.

2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko erakunde onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

3.– Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

4.– Hirugarrenaren alta elektronikoki izapidetu daiteke helbide honetan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute kongresua edo bilera zientifikoa egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, jarduera hura bukatzen denetik sei hileko epearen barruan (Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.)

a) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.

b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.

c) Azken memoria eta balantze zientifikoa, bertaratutakoei entregatu zaien materiala barne. Material hori aurkezteko, esteka elektroniko bat txertatu daiteke memoria horretan, edukia aztertzeko aukera emango duena. Horretaz gainera, azaldu beharko da zer neurri hartu diren honako beharkizun hauek betetzeko: bi hizkuntza ofizialen erabilera; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipoa txertatzea lagundutako jarduera guztietan.

d) Kongresuaren akten ale bat, edo, halakorik badago, haien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.

e) Entitate onuradunak, gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.

Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.

2.– Artikulu honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, 5. artikuluaren 1. apartatuan adierazten den eran, 1.d) apartatukoa izan ezik.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala erabili dela erakunde onuradunen % 10eko ausazko lagin bat aztertuz. Horretarako, erakunde onuradunei eskatu zaie dirulaguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.

4.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira eta eskatu ahal izango ditu egiaztatzeko.

5.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada dirulaguntzaren zenbatekoa, murriztu egingo da.

Artikulu honetan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Ikerketa Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du emandako dirulaguntzak ez duela gainditzen erakunde onuradunaren gastuaren herena.

17. artikulua.– Jarraipena.

Ikerketa Zuzendaritzak egin behar du jardueraren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.

18. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

19. artikulua.– Ez-betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.

1.– Aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta, behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, eta agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko dio atzera egiteko eskaera hori. Atzera egiteko eskaera Ikerketako zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko da, zeinak prozedura amaitutzat emango baitu dagokion erakundearentzat.

2.– Erakunde onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere egin ahal izango du hori. Uko egiteko eskaera laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoa itzuli beharko da. Baldintza horietan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, uko-egitea onartuko da, eta uko egin zaion dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko, baldin eta erakunde interesdunari jakinarazi bazaio ez-betetzea edo zehatzea deklaratzeko prozedura hasi dela deialdi honen esparruan. Prozedura horrek aurrera jarraituko du, ebatzi arte.

21. artikulua.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarako).

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Saila. Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala