Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2021eko maiatzaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2568

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez argitara ematen baita SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 31ko Erabakia, 2021eko «Sakondu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi, deialdia egin eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako Erabakiaren arabera, 2021eko «Sakondu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi, deialdia egin eta argitaratu zen, publikotasuna emateko ondoreekin. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Sakondu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko Erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko apirilaren 20a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARIAREN 2021EKO APIRILAREN 20KO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, 2021EKO MARTXOAREN 31KOA, 2021EKO «SAKONDU» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DEIALDIA ONARTZEN DITUENA ETA HORIEK ARGITARATZEko AGINTZEN DUENA

SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta garatu behar dituen jarduerek helburu hauek dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna sustatzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatzea eta enpresa-jarduera ekintzailea sustatzea.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau helburu nagusi bati begira diseinatu da: ekintzak sustatzea nazioartekotze-maila handia baina merkatu zehatz batzuetan leku gutxi duten euskal enpresei kanpoaldean duten presentzia handitzen laguntzeko.

Bestalde, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 48.5 a artikuluan agintzen die Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren bidez finantzatutako finantza-erakunde guztiei dirulaguntza-jarduera publikotasun-printzipioari egokitzeko, besteak beste.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2021eko «Sakondu» laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeinen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendaritzari ahalmenak ematea ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko beharrezkoak diren izapide-egintzak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango du SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluaren aurrean; horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
2021EKO SAKONDU LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

XII. legealdiko gobernu-programak, industria eta nazioartekotzearen esparruan kokatutako Oparotasuna izeneko lehen ardatzean, 18. konpromisoa jasotzen du: Euskal enpresen nazioartekotzea.

Aipatutako gobernu-programaren aginduz, konpromiso hori Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Gobernuaren Enpresak Nazioartekotzeko Planean gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da. Besteak beste, lehen atalean honako hau nabarmentzen da: «enpresak nazioartekotzeko dirulaguntza-programen garapena».

Sakondu programa da itzuli behar ez diren dirulaguntzak ematen dituen tresna, aholkularitza estrategiko eta operazionaleko gastuak arintzeko, baita posizio ahula duten kanpoko merkatuetan sartzeko enpresek egin beharreko sustapen eta antolamendu-egokitzapenarekin lotutako bestelako gastuak arintzeko ere. Horrela, jarraitutasuna ematen zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen-politika publikoari, zeinak beren produktu edota zerbitzuen helmuga-merkatuak dibertsifikatu nahi dituzten eta esportatu ohi duten enpresen sustapen-ekimenei laguntzen dien.

Programa hau erakundeak 2021 ekitaldiko onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

1. artikulua.– Xedea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak XII. legealdiko gobernu-programan bildutako helburuekin eta programa hori garatuko duten plangintza estrategikoko tresnekin bat etorriz, Sakondu programaren xedea da nazioartean zabalkunde handia duten enpresei presentzia gutxi edo lekurik ez duten merkatuetan sartzen laguntzea.

2. artikulua.– Laguntza motak.

1.– Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.

2.– Sakondu programako laguntzak exijitutako eskakizunak betetzen dituzten eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 EB Araudian ezarritakoa bete behar dute.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluak zehaztutako xedea betetzera zuzendutako baliabide ekonomikoak 800.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik eratortzen dira (aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren barruan daude).

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta, beraz, ez dira onartuko funtsak agortu direla jakinarazi ostean aurkeztutako eskaerak. Aurretik aurkeztu eta zuzkidura bukatzean ebazteke dauden eskaerak arrazoi horregatik ezetsi egingo dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortu direla SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da, zeina agentziaren webgunean (www.spri.eus/Sakondu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten mikro-enpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) izatea, baldin eta indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratu badira. Enpresa horien esportazio-jarduerak bere guztizko fakturazioaren % 50 gainditzea eta helburutzat izatea euren lehiakortasun-posizioa hobetzea merkatu haietan, zeinetan beren fakturazioa ez den iristen 2020an esportatutako guztizkoaren % 25era.

ETE definizioa Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioak mikro-enpresei eta enpresa txiki eta ertainei buruz zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.

2.– Artikulu honek laguntzen onuraduna izateko zehaztutako baldintzak laguntza-eskaera aurkezten den momentutik eskainitako laguntza bukatu arte bete beharko dira.

3.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Bitartekaritza lana baino ez edota hirugarrenen produktuak banatu baino egiten ez duten enpresak.

b) Bakarrik Europar Batasunaren barruko hurbileko merkataritzako eragiketak sustatzen dituztenak.

c) Horrez gain, ezingo dira Sakondu programaren onuradunak izan:

1) 1/1997 Legegintza Dekretuko 50 artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako egoeretan dauden enpresak, eta, horrekin lotuta, zehazki:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekikoak eta/edo erakunde laguntzaileekikoak egunean ez izatea, baita Eusko Jaurlaritzarekin dituen betebeharrekikoak, eta, halaber, zor muga-eguneratuak, erreklamatuak eta ez-ordainduak ez izatea SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Egiteko izatea edozein administrazioko edo haren sektore publikoetako edozein erakundetako aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo dirulaguntzei dagozkien kopuruen itzulketa betebeharrak. Halaber, ezingo dute deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena indarrean baldin badago. Enpresa sartuta badago mota horretako itzulketa edo zehapen prozeduraren batean, laguntza ematea edo ordaintzea, zehapen-prozesu horren emaitzaren baitan geratuko da.

– Kaudimengabe deklarazioa jaso badute prozeduraren batean, konkurtso deklarazioa eskatu izana, konkurtsoan deklaratuak egotea, esku-hartze judizialari lotuta izatea edo inhabilitatuak izan badira Konkurtso Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio epaian zehaztu den inhabilitazio epealdia amaitu barik.

– Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen badituzte, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak zehaztutakoaren arabera.

2) Oinarri hauen bitartez araututako beketarako aukerarik ez dute izango eskabidea egiten duten pertsona hauek: bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekurik dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3) Indarrean dagoen zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan minimis laguntzetan guztira 200.000 euro baino gehiago jasotako enpresek.

d) Halaber, ez dira eskaerak onartuko enpresak edota bere legezko ordezkariek epai irmoren bidezko kondenarik badute lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zigor irmo zehatuak badituzte arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik aipatutako arloan, deialdi honen datatik atzerako 5 urteko epealdian.

e) Azkenik, Europar Batasunak aldez aurretik hala erabaki ostean, laguntza bat merkatu bateratuarekin ez-bateragarria eta legez kanpokoa dela esan duenean, jasotako laguntza bueltatzeko agindua dutenak, baita krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Sakondu programaren esparruan, ekintzak eta gastuak 2020. urtean esportatutako guztiaren fakturazioan % 25 baino gutxiago diren merkatuei dagozkie. Horrela, laguntza jaso dezaketen enpresen ekintzak modu honetan banatzen dira:

a) Enpresak nazioartekotzeko sustapen eta egokitzapen ekintzak.

1) Nazioartekotze-estrategia bat sortzea, kanpoko aholkulari batek egina.

2) Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

– Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, baita helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak ere.

– Homologazioa eta ziurtapena: helmuga-herrialdean eskatzen diren derrigorrezko homologazioetatik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapenak eta aurre-kalifikazioak.

3) Azokekin lotutako gastuak:

– Laguntza emango zaie nazioarteko azoketan erakusle gisa parte hartu nahi duten enpresei, baldin ez badute ekitaldi berean parte hartzen beste administrazio, elkarte edo kluster batekin eta dirulaguntzaren bat jasota edo prezio publikoaren menpe. Kasu horretan, diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa eta bidaia-poltsa bat azoka bakoitzeko, 3 eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Bisitari bezala parte hartzea nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat, 3 eranskinean ezarritakoaren arabera.

Ekitaldi horiek nazioarte mailan izaten direnez, ez da exijituko horiek gainerako ekintzak egiten diren helmuga-herrialdean izatea, baina justifikatu beharko da ekintzek helmuga-herrialdean izandako eragina.

– Nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan online formatuan parte hartzea: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta nahitaezko bestelako gastuak.

4) Bidaiak:

– Prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko edota bezero izan daitezkeen enpresekin kontaktatzeko. Laguntza bezala bidaia-poltsak emango dira, eta helmugaren arabera kalkulatuko dira 3 eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Alderantzizko misioak, bezero izan daitezkeen enpresentzako gonbidapenak.

5) Komunikazio- eta marketin-gastuak:

– Hedapen- eta sustapen-materiala helmugako herrialdera egokitzea, herrialde horretako hizkuntza ofizialean edo ingelesez.

– Katalogoak, liburuxkak eta kartelak egitea, web-orriak diseinatzea, egitea eta abiaraztea, eta ondoren, nazioarteko merkaturako egokitzea. Ez da laguntzarik emango mantentze-lanetarako.

– Publizitatea: materiala sortzea eta helmuga-herrialdean eragina duten sektore mailako hedabideetan publizitate-espazioak erostea, baita produktua edota zerbitzua abiarazteko publizitate digitalaren gastuak ere.

– Produktu edo zerbitzuen aurkezpenak, sustapenak eta aldi baterako erakusketak helmuga-herrialdeko merkataritza-guneetako corner-etan.

– Harreman publikoak: publizitate-agentziak kontratatzeko gastuak, produktua edota zerbitzua helmuga-herrialdean abiarazteko.

– Sustapen-formatu berriak garatzea, 2020ko osasun-krisiak eragindako testuinguru berrian merkatuetan sartzea errazteko.

6) Enpresaren helmuga-herrialdeko inpaktua aztertzeko jasangarritasun txostenak, kontuan izanik Agenda 2030 planaren garapen jasangarriko helburuak; txosten horiek egiteko kanpoko aholkularitza kontratatuko da.

7) Eskaera egin den ekitaldian eratutako atzerriko ezarpen produktibo edota komertzialekin lotutako gastuak: balizko ezarpen proiektuen bideragarritasun azterlanak, eratze-gastuak, negozio-planak egiteko aholkularitzak, due dilligence eta ikuskapenak eta lehen urtean izan daitezkeen bestelako ezarpen-gastuak.

8) Talentua: atzerriko operazioak egingo dituzten langileak aukeratzea.

b) Intereseko merkatuetan sartu eta aritzeko aholkularitza estrategiko eta operazionalean egindako ekintzak.

Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren) kanpo sareko bulegoek aholkularitza-zerbitzu horiek eskaintzen dituzten kasu eta herrialdeetan, laguntza publikoa batez ere zerbitzu bezala eskainiko da. Xede horretarako, zerbitzuak emateko eskaerak «info@basquetrade.eusinfo@basquetrade.eus» helbidera bidaliko dira.

Ondorioz, Sakondu programara bakarrik aurkeztu ahal izango dira 2 eranskinean aholkularitza estrategiko eta operazionala bezala sailkatutako ekintzak, baldin eta Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentziak), bere baliabideak planifikatzean, berariaz eta idatziz uko egin badio enpresari zerbitzua emateari, salbu eta gastua programa EHAAn argitaratu aurretik egin bada.

2.– Laguntza jasoko dute 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako ekintzek.

3.– Ez da dirulaguntzarik emango merkataritza agenteen eta ordezkarien kostua ordaintzeko.

4.– Ez da balio erantsiaren gaineko zergarako (BEZ) laguntzarik emango, ezta beste edozein tasa edo zergarako ere.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak ez dira, inolaz ere, merkatu-balioa baino handiagoak izango.

6.– Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko edo gastua laguntza eskatu aurretik egin bada.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluak jasotakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatzen du dirulaguntzaren xedea den jarduera erabat edo zatika hirugarrenei gauzatzea eskatzen dienean. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera burutzeko dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenei diruz lagundutako jardueraren % 100 arte azpikontratatu edo kontratatu ahal izango zaie; diruz lagundutako jarduera burutzeko hirugarrenak azpikontratatu edo kontratatzeko aipatutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluak jasotako gainerako aurreikuspenak bete beharko dira.

6. artikulua.– Laguntza-eskaerak.

Sakondu programaren deialdi honetan, enpresa eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu dezakete, gehienez bi herrialde barne hartuta.

7. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Dirulaguntzak emango zaizkie onuradun izateko irizpideak bete dituztela frogatzen duten enpresei, betiere kontuan hartuz balorazio irizpide hauek:

– 1. irizpidea. Nazioartekotze-estrategia: aintzat hartuko da dirulaguntzaren xede diren ekimenak biltzen dituen nazioartekotze-estrategiaren kalitatea. Irizpide hori balioesteko multzoko analisia egingo da, puntuazio partzialetatik abiatuta, 5 eranskinak jasotako hurrengo ataletan: Gaitasuna, merkatuak, sarbideak, produktua/zerbitzua, sustapen-politika, proiektuaren kalitatea eta egingarritasuna, inpaktua enpresan eta inpaktua ingurunean.

– 2. irizpidea. Inpaktua ingurunean: aintzat hartuko da proiektuak eragin positiboa izatea lurraldearen lehiakortasun orokorrean eta lanpostuak sortzea EAEn.

– 3. Irizpidea. Lankidetza/erakunde edota kluster batean egotea. Aintza hartuko da erakunde/kluster batean egotea edo nazioartekotzerako bestelako kolaborazio-mota bat.

– 4. irizpidea. Erantzukizun soziala eta jasangarritasuna. Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, aintzat hartuko da enpresa eskatzaileak 4 eranskinean aipatutako jasangarritasun, genero berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagiriak edota planak izatea, baita 2030 Agendaren helburuekin erakutsitako konpromisoa ere.

Oinarri hauetako 1 eranskinean puntuak banatzeko modua jasotzen da, deskribatutako 4 irizpideetako bakoitzaren haztapenaren arabera.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Eskabideak oinarri hauetan eta dagokion eranskinetan zehaztutako irizpideak eta mugak kontuan hartuta balioetsiko dira. Horrela:

– 50 eta 59 puntu arteko (biak barne) balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 40ko laguntza esleituko zaie.

– 60 eta 79 puntu arteko (biak barne) balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 45eko laguntza esleituko zaie.

– 80 puntuko edo puntu gehiagoko balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 50eko laguntza esleituko zaie.

– 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute Sakondu programaren laguntza publikoa izango, eta ez dira onartuko SPRIren nazioartekotze zuzendaritzaren ebazpenaren bidez.

2.– Dirulaguntzak onartutako aurrekontuaren % 50era arte izan daitezke, eta enpresa bakoitzak gehienez 45.000 euro jasoko ditu.

3.– Enpresa bakoitzak gehienez 6 bidaia-poltsa jasoko ditu. Poltsa bakoitzaren zenbatekoa 3 eranskinean zehazten da.

Atzerriko azoketan parte hartzen bada stand batekin eta produktuak aurkezten badira stand horretan edo bisitari bezala parte hartzen bada kongresu eta foro espezializatuetan, bidaia-poltsa bat baino ezingo da eskatu, zeina ez baita zenbatuko aurreko paragrafoan aipatutako mugaren barruan.

4.– Gonbidapenak balizko bezeroei: ostatu- eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa izango da gonbidapen bakoitzeko, eta enpresa eskatzaileak 6 eskatu ahal izango ditu gehienez.

5.– Eskabideko ekintzen deskribapenari buruz zalantzak badaude, eta horiek 5. artikuluan aurreikusitako gastuekin bat ez badatoz, BasqueTrade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren zerbitzu teknikoek eskabideko ekintzak berriz esleitu ditzakete, dagokien gastu-motarekin bat etor daitezen.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauen babesean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek, edo erakunde pribatuek, xede bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du, beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edota publikoen dirulaguntzekin batera jasoz gero, diruz lagundutako ekintzaren kostua gainditu. Hori gertatuz gero, oinarri hauen babesean lortutako laguntzaren gehiegizko kopurua murriztuko da.

2.– Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.

3.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EB Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2021eko urriaren 29an edo funtsak amaitzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Halere, publikoarentzako arreta 2021eko urriaren 29ko arratsaldeko 15:00etan amaituko da.

2.– Eskabideak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendaritzari zuzenduko zaizkio, eta deialdi honetatik eratorrirako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, helbide honen bitartez: www.spri.eus/Sakondu www.spri/zabaldu

3.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

4.– Eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, dirulaguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

11. artikulua.– Eskaeraren edukia eta erantsi beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Proiektua baloratzeko galdetegi normalizatua, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren zuzentarauen arabera definituta (ikusi 5 eranskina).

c) Enpresako eskriturak edota ordezkaritza ahalordea.

d) Emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

f) ETE izaera ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz xedatutakoaren arabera.

g) 5. artikuluko b atalean jasotako prestazioak barne hartzen dituzten eskaerek, BaqueTrade & Investment – Nazioartekotze Euskal Agentziaren kanpoko sareari dagokion bulegoa beraiez arduratu ezin bada, horren berri eman beharko dute erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

h) Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian jasotako minimis laguntzak, Batzordearen minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

i) Laguntza bat eskatzen bada ezarpenak egiteko eta exijitzen bada ezarpena 2021ean egitea, ezarpena aipatutako epean egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa eskatuko da.

2.– Halaber, enpresaren nazioartekotze-proiektuaren balorazioa behar bezala gauzatzeko, dagokion jasangarritasun, genero berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagiriak eman beharko dira, baita lankidetza-modalitatearen edo erakunde edota kluster batean egotearen ziurtagiria ere.

3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

12. artikulua.– Zuzenketak.

Aurkeztutako agirietan akats edo zuzena ez den daturen bat aurkituz gero, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileei horren berri jakinaraziko die, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; hori egin ezean, eskaerari uko egiten diotela joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena modu ordenatuan egingo da espedientea osorik dagoen momentutik aurrera.

2.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egin eta dagokion txosten teknikoak aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Laguntza emateko, bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.

b) Laguntza likidatzeko:

– Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

– Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

– Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

3.– Kasuan kasuko txosten teknikoek informazio hau bilduko dute beren baitan: nazioartekotze-estrategiaren baliozkotze eta kalifikazioen xehetasunak, onartutako gastu hautagarriak eta oinarri hauetako 7. eta 8. artikuluen arabera lortutako haztapena.

4.– Aurreko atalean deskribatutako txosten teknikoak oinarritzat hartuta, SPRIren nazioartekotze zuzendaritzak dagozkion ebazpen-proposamenak egingo ditu:

5.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenetan oinarritutako proposamenak ikusirik, SPRIko nazioartekotze zuzendariak ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

6.– Ebazpenak eduki hauek izango ditu gutxienez:

– Erakunde onuraduna.

– Aurreikusitako ekintzak eta balorazioan lortutako haztapena.

– Aurkeztu eta onartutako gastuen aurrekontua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazio fasea amaitu arte jarraitu beharreko urratsen eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioaren zerrenda.

– Horrez gain, horren aurka dagokion administrazio-organoan edo organo judizialean aurkeztu daitezkeen helegiteak eta horiek aurkezteko epea; interesdunek egokitzat jotzen duten beste edozein helegite jartzeko aukera izango dute.

7.– SPRIko nazioartekotze zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezezteko ebazpena, eskatzaileari telematikoki jakinaraziko zaiona, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako nazioartekotze zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

8.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osorik dagoen momentutik zenbatzen hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. atalak jasotakoaren arabera. Ebazpena epean ematen ez bada, eskaria ezezten dela ulertuko da.

9.– Eskainitako laguntzen berri emateko, horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Oro har, dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 25 emandako laguntza onartu ostean edo, hala badagokio, oinarri hauetako 15. artikuluan zehaztutako hamabost eguneko epea igaro ostean.

– Gainerako % 75aren likidazioa dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez dituen bitartean edo dirua itzultzera behartuta egon eta zorrak dituen bitartean.

3.– Egiaztagiriak telematikoki aurkeztu behar dira www.spri/zabaldu helbidean, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza esleitu izanaren ebazpena jasotzen denetik 2022ko otsailaren 28ra bitartean. Halere, publikoarentzako arreta 2022ko otsailaren 28ko 15:00etan amaituko da.

4.– Hauek dira aurkeztu beharreko egiaztagiriak:

– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.

– Gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztea, izandako benetako kostua frogatuz, bidaiaren egiaztagiri gisa.

5.– Dokumentazioa egiaztatzean enpresak aurkeztutako justifikazioan konpon daitezkeen akatsak ikusten badira, enpresari jakinaraziko zaio akatsa zuzentzeko 10 eguneko epea emanez.

6.– Aurkeztutako likidazioari buruzko ebazpena nazioartekotze zuzendaritzak egingo du, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako nazioartekotze zuzendariari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Deialdi honen babesean eskainitako dirulaguntzen erakunde onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 eta 46 artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak xedatutakoak eta, bereziki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Fakturak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten denetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo estatuko nahiz Europako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

f) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein administraziotatik.

g) Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari.

h) Sakondu programaren bitartez emandako dirulaguntza publikoaren xede den edozein sustapen-euskarritan emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasoz gero, Basque Country marka (Basque Country, Spri Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia logoak) ikusgai jarri beharko da sustapena egiteko erabilitako stand eta materialetan.

j) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarrietan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Aurkeztutako proiektuen justifikazioan dirulaguntza emateko kontuan izan eta aurkeztua izandako aurrekontuan % 30etik beherako desbideratzeak egonez gero, dirulaguntza berriz kalkulatuko da hasierako laguntza emateko erabilitako irizpide berdinak ezarriz.

3.– % 30eko beherako desbideratzea edo desbideratze handiagoa egonez gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, salbu laguntza esleitzeko zeuden helburuak bete direla justifikatzen bada. Bigarren kasu horretan, dirulaguntzen zenbatekoa murriztuko da, aurreko atalean aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Araudi aplikagarria.

Programa honi hurrengo araudia aplikatzen zaio:

1.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta horrek garatutako Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen esparruan oinarrizko araudia izanda.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauak onartzen dituena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

Bigarrena.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuak babestearen arloko gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiz, jakinarazten da emandako datuak eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzeko erabiliko direla. Bestalde, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren funtzio publikoa da, bere eraketa-estatutuetan zehaztutako xedeekin bat etorriz.

Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helaraz dakieke, baita arlo horretako Administrazio Publiko eskudunari eta SPRI Taldeko enpresei ere (ikus: https://www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak)

Interesdun guztiek aukera izango dute datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak SPRIren aurrean erabiltzeko, eta, horretarako, idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri lopd@spri.eus helbidera.

SPRIn Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo daiteke.

Datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintea Datuen Babeserako Espainiako Agentzia da.

Hirugarrena.– SPRI-Empresa Garapenerako Euskal Agentziak honako oinarriekiko hartzen dituen erabakiek izaera administratiboa dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala