Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2021eko apirilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2453

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 30ekoa, Merkataritzako zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzen baitira 2020, 2021, 2022 eta 2023. urteetarako.

Aztertu da Bilboko Udalak aurkeztutako proposamena, Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzeko, merkataritza-ordutegien ondorioetarako. Hauek dira aurrekariak:

Lehenengoa.– 2019ko abenduaren 27an, Bilboko Udalaren Gobernu Batzarrak 2019ko abenduaren 9an hartutako Erabakia aurkeztu zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean; erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegora igorri zen udalerriko zenbait gune turista-olde handiko gune izendatzeko proposamena 2020, 2021, 2022 eta 2023. urteetarako, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen 2016ko abenduaren 22ko Ebazpenak 2017, 2018 eta 2019. urteetarako egindako deklarazioaren baldintza berberetan.

Bigarrena.– Proposamenak gune geografiko hauek hartzen ditu: Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak.

Aztertu da Merkataritza Zuzendaritzak 2021eko martxoaren 1ean aurkeztutako memoria-proposamena, zeinak jasotzen baitzuen Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzea 2020, 2021, 2022 eta 2023. urteetarako; hona hemen kontuan hartu diren zuzenbideko oinarriak:

Lehenengoa.– Merkataritzako zuzendaria da izendapena egiteko organo eskuduna, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 9.1.a) artikuluaren bidez esleitutako eskumenaren arabera.

Bigarrena.– Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legeak (hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko premiazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak aldarazia), bere 5. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen duenez («Ordutegi-araudi berezia duten establezimenduak»), Espainiako lurralde osoan askatasun osoa izango dute zabalik egongo diren orduak eta egunak erabakitzeko, gehienbat, gozotegi eta okindegiek, plater prestatu, prentsa, erregai eta karburanteen saltokiek, loradendek eta komenientziakoak deiturikoek, baita mugetan, geltokietan, lurreko, itsasoko eta aireko garraiobideetan eta turismo ugariko eremuetan daudenek ere.

Artikulu horren beraren 4. apartatuak, berriz, honako hau zehazten du; aurreko paragrafoan ezarrita dagoena betetzeko, autonomia-erkidegoek, dagozkien udalek proposatuta, euren lurralde-eremuan turista-olde handiko guneak zeintzuk diren zehaztuko dute. Turista-olde handiko gunetzat hartuko dira honako inguruabar hauetakoren bat duten eremuak, izan udalerri osoa, izan haren zati bat:

a) Nahikoa ostatu-plaza eta turismo-establezimendu izatea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.

b) Gizateriaren Ondare izendatua egotea edo historia- eta arte-ondarean kultura-intereseko higiezinen bat izatea.

c) Muga-guneen eragin-eremuak izatea edo haien ondoan egotea.

d) Estatu-mailako edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.

e) Itsas bidaia turistikoak gelditzen diren eta bisitari asko dituzten portuetatik hurbil egotea.

f) Erakargarritasun nagusia erosketa-turismoa duten guneak izatea.

g) Turista-olde handiko gunea izatea justifikatzen duten inguruabar bereziak daudenean.

Zerrendatutako inguruabarrak betetzen badira eta udal interesdunak turista-olde handiko gune izendatzeko egindako proposamenean denbora- edo lurralde-mugarik badago, proposamenean denbora- edo lurralde-muga hori zertan oinarritzen den justifikatu beharko da, merkataritzaren eta turismoaren interesei jarraikiz eta kontsumitzailearen mesedetan. Autonomia-erkidegoaren ustez murrizketa hori ez badago behar beste justifikatuta, udalerri osoa izendatuko da turista-olde handiko gune urte osorako.

Hirugarrena.– Bestalde, Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5. artikuluaren 4. apartatuak hau ezartzen du 3. paragrafoan:

«Legerian xedatutako epean edo, horrelakorik ezean, sei hilabeteko epean autonomia-erkidego eskudunak ez badu ebatzi udal interesdunaren eskabidea, udal horrek proposatutako gunea turista-olde handiko gune izendatutakotzat hartuko da».

Laugarrena.– Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluan hauxe dago jasota: «Nolanahi ere, 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, baldin eta aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago erregistratu badituzte, edo aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago izan dituzten itsas-bidaia turistikoekin lan egiten duten portuak badituzte, eremu bat, behintzat, turismo handiko eremutzat joko da, aurreko apartatuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz. Datu estatistiko horiek lortzeko, Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Portuen Erakundearen argitalpenak erabiliko dira».

Datuok argitaratu eta sei hilabetera, autonomia-erkidego eskudunek aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen udalerrian ez badute izendatu turista-olde handiko gunerik, udalerri osoa halakotzat hartuko da eta merkatariek erabateko askatasuna izango dute establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko.»

Bosgarrena.– Azaldutako esparru juridikoaren babesean, kontuan harturik Bilboko udalerriak Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluaren baldintzak betetzen dituela, «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» guneetan legearen 5.4 artikuluan adierazitako inguruabarrak ematen direla, eta 5. artikuluko apartatu bereko 3. paragrafoan ezarritako egoera ere gertatzen dela, hau da, 6 hilabete igaro direla Bilboko Udalak turista-olde handiko gune izendatzeko eskaera aurkeztu zuenetik (2019ko abenduaren 27an), eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzak ez duela berariazko ebazpenik eman, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzea 2020, 2021, 2022 eta 2023. urteetarako, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen 2016ko abenduaren 22ko Ebazpenak 2017, 2018 eta 2019. urteetarako egindako deklarazioaren baldintza berberetan; hau da: adierazpen hau indarrean egongo da adierazitako urteen uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 30a.

Merkataritzako zuzendaria,

MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala