Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2021eko apirilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2450

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Recymet Systems SL enpresak Amorebieta-Etxanon duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 17an, Recymet Systems SLk eskaera bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, enpresa horrek Zornotzan duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zedin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2021eko urtarrilaren 8an, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulten izapiderako ezarritako legezko epea amaitu ondoren, ingurumen-organoak nahikoa judizio-elementu ditu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Recymet Systems SL enpresak Zornotzan duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondore esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondore esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Recymet Systems SL enpresak Zornotzan duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako, honako hauen arabera:

A) Recymet Systems SL enpresak Zornotzan gauzatuko duen jardueraren xedea da hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzea.

B) Ebazpen honen bidez Recymet Systems SLk Zornotzan duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematen da, eta, halaber, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Recymet Systems SL hondakinak kudeatzen dituen enpresa bat da, eta Zornotzan (Bizkaian) dago kokatuta; zehazki, Boroa auzoan, Arriagane industrialdean. Hondakinak kudeatzeko baimen hauek ditu:

– EU2/211/13: hondakin arriskutsuak biltegiratzeko prozesuak (R13).

– EUX/023/15: hondakin ez arriskutsuak biltzeko, biltegiratzeko, sailkatzeko eta bidaltzeko prozesuak (R12-R13).

Egungo instalazioaren biltegi-azalera ez da nahikoa, eta, beraz, enpresak erabaki du egungo kokapenetik gertu dagoen instalazio berri batera eramatea; hain zuzen ere, P-1.UE.11-3 «Serpinsa Alta» lurzatira. Egungo instalazioak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzen jarraituko du, eta, nagusiki, txirbilak.

Instalazio berriaren kudeaketa-ahalmenari dagokionez, enpresak hondakin arriskutsuen 370 tona kudea ditzake urtean, eta hondakin ez-arriskutsuen 86.670 tona.

Honako hondakin arriskutsu hauek kudeatuko ditu:

– 10 04 01* Lehen eta bigarren mailako produkzioko zepak.

– 10 08 08* Lehen eta bigarren mailako produkzioetako gatz-zepak.

– 11 01 09* Iragazteko opilak eta lohiak, substantzia arriskutsuak dauzkatenak.

– 12 01 14* Mekanizazioko lohiak, substantzia arriskutsuak dauzkatenak.

– 12 01 18* Olioak dauzkaten lohi metalikoak (esmerilaketaren, artezketaren eta lapeaketaren ondoriozko lohiak).

– 12 01 20* Esmerilatze-harri eta material erabiliak, substantzia arriskutsuak dauzkatenak.

– 16 08 07* Substantzia arriskutsuekin kutsatutako katalizatzaile erabiliak.

Hondakin mota horiek kudeatzeko, honako hauek egin behar dira: hondakinak jaso, bereizi, sailkatu, aldi baterako biltegiratu eta bidali (R12-R13). Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira –nabearen barruan horretarako prestatutako eremuan–, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

Instalazio berrietan hondakin ez-arriskutsu hauek jasoko dira:

– 10 05 01 Lehen eta bigarren mailako produkzioko zepak.

– 10 06 01 Lehen eta bigarren mailako produkzioko zepak.

– 10 09 03 Labeko zepak.

– 10 10 03 Labeko zepak.

– 11 05 01 Galvanizazio-matak.

– 12 01 01 Burdinazko metalen karraka-hautsak eta txirbilak.

– 12 01 02 Burdinazko metalen hautsak eta partikulak.

– 12 01 03 Burdinarik gabeko metalen karraka-hautsak eta txirbilak.

– 12 01 04 Burdinarik gabeko metalen hautsak eta partikulak.

– 12 01 13 Soldadura-hondakinak.

– 12 01 15 Mekanizazioko bestelako lohiak, 12 01 14 kodean aipatu ez direnak.

– 12 01 21 Bestelako harri eta esmerilatze-material erabiliak, 12 01 20 kodean aipatu ez direnak.

– 16 08 01 Urrea, zilarra, renioa, rodioa, paladioa, iridioa edo platinoa daukaten katalizatzaile erabiliak (16 08 07 kodekoak izan ezik).

– 17 04 04 Zinka.

– 19 10 01 Burdinazko eta altzairuzko hondakinak.

– 19 10 02 Burdinarik gabeko hondakinak.

– 19 12 02 Burdinazko metalak.

– 19 12 03 Burdinarik gabeko metalak.

– 20 01 40 Metalak.

Instalazioan jasoko diren hondakin ez-arriskutsu nagusiak metalak –burdinazkoak eta burdinarik gabekoak (70.320 t/urte)– eta metalen karraka-hautsak eta txirbilak (13.500 t/urte).

Hondakin ez-arriskutsuei dagokienez, fase hauek izango ditu Recymet Systems SLk garatuko duen prozesua:

– Karakterizazioa.

– Biltzea eta garraiatzea.

– Sailkatzea eta biltegiratzea.

– Tratamendu mekanikoa: ebaketa (zizailarekin, plasmarekin, lantza termikoarekin edo oxigeno bidez), soldadura, txirbilak birrintzea.

– Produktuak paketatzea, biltegiratzea eta bidaltzea.

Instalazioak plastikozko gasolio-depositu bat izango du, geruza bikoitzekoa; 1.500 litroko edukiera izango du, eta euste-ontzi bat, prebentzio-neurri gisa.

Jarduera industria-nabe batean gauzatzen da. Nabe horrek 1.972,50 m2-ko espazio estalia du, eta 1.260,65 m2-ko estali gabeko espazio bat («kanpoko zelaia»), hormigoizko zolata eta euri-urak biltzea erraztuko duten maldak dituena. Kanpoko zelaia hondakin ez-arriskutsuak metatzeko erabiliko da –batez ere, altzairu herdoilgaitza–, eta, gehienez, 4.225 m3 material metatu ahal izango du, gutxi gorabehera. Metalezko txirbilak nabearen barruan biltegiratzen dira.

Ez da industria-isurketarik sortuko. Garbiketa-urak eta nabearen barruan sortzen diren isuriak hustutegien bidez biltzen dira, eta 8.000 litroko putzu estanko batean gordetzen dira. Ur horiek baimendutako enpresa batek kudeatzen ditu.

Komunetako eta aldageletako ur beltzak industrialdeko sarera isurtzen dira. Estalkiko zorrotenetatik datozen euri-ur garbiak industrialdeko euri-uren sarera bideratzen dira. Kanpoko zelaian metatutako materialak ukitzen dituzten euri-urak, industrialdeko euri-uren sarera isuri aurretik, solidoen dekantagailu batean eta hidrokarburoen bereizgailu batean tratatzen dira.

Pilaketa-eremuetan, 8 mm-ko lodierako altzairuzko xafla bat instalatuta babestuko da zolata. Soltean biltzen diren gaietan, perimetroak babestuko dira, 5 m-ko altueraraino; horretarako, ezaugarri bereko altzairuzko xafla bat erabiliko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Instalazioa erabilera industrialeko hiri-lurzoru batean dago. Eremua erabat urbanizatuta dago, eta ez du natura-elementu interesgarririk. Era berean, ez dago kulturaren aldetik babestutako elementurik.

Eremua ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, eta ez du akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handirik, ez eta bestelako arrisku adierazgarririk ere.

3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektua bera eta bere ezaugarriak direla eta, proiektuaren balizko inpaktua ondorengo hauei lotuta legoke: kanpoko metatze-parkean lixibiatuak sortzea eta hondakin metalikoen zamalanetan, eta haiek mugitzean, sailkatzean, moztean eta biltegiratzean hauts-emisio lausoak sortzea.

Aipatu jarduketak gauzatzeak eremuko soinu-maila handitzea ekarriko du, eta gerta liteke bibrazioak sortzea ere.

Horrez gain, aurreikus daitezkeen beste ondore batzuk hondakinak kudeatzeko prozesuan sortutako hondakinekin lotutakoak izango dira. Horretarako, kudeaketa egokia egin beharko du kudeatzaile baimendu batek.

Azkenik, istripuzko isurketek lurzorua kutsa dezaketen aztertu behar da.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan, zenbait neurri proposatzen dira aurrez aipatutako inpaktuak prebenitzeko, hala nola zolata eta makineria, hidrokarburoen bereizgailua eta nabearen barruko urak eta isuriak biltzeko putzua mantentzea, kudeatu beharreko hondakinen biltegiratzea kontrolatzea eta hondakinak metatuko diren gainazalak iragazgaiztea.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, ez da aurreikusten ondore negatibo nabarmenik egotea aipatutako inguruneko alderdietan.

Nolanahi ere, adierazi behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak alderdi positiboak dituela; besteak beste, materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, baliabide naturalak aurreztea.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondore kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Hondakinen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalaziotik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkinaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkinak biltodira isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.

– Arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Hondakinak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zoladura baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua dakarten eremurik gabe.

– Hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Aipatutako legeriaren arabera, lurzoruaren kalitate-egoerari buruzko aurretiazko txostena aurkeztu beharko zaio ingurumen-organoari.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Hondakinak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

Aurrekoa gorabehera, arreta berezia jarriko da ahalik eta hauts gutxien sortzeko; horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

– Hauts-itxurako hondakinak nabearen barruan biltegiratu beharko dira, edo, bestela, estali.

– Kanpoko pilaketak haizetik babestuen dauden lekuetan jarriko dira, hondakinak herrestan eramatea saihesteko. Horretarako, materiala biltegiratzeko eremuaren inguruan horma bat jarri beharko da, haizearen aurkako ezkutu gisa jardungo duena; era berean, pilaketen, solteko gaien eta hauts-itxurako materialen altuera –lurzatiaren inguruko hesiaren altuerarekiko– kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, urik gabeko aldi luzeetan sakabanatze-maila handiena duten material-pilaketen gainazalak hezetuko dira.

– Kanpoko uhal garraiatzaileak erabiliz gero, karenatu egingo dira, haizearen eraginez partikulak ez zabaltzeko, bibrazioak ekiditeko eta abar.

– Klima-baldintza txarretan (haize-bolada handiak, adibidez), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

– Ebaketa-lanak egingo dira ahal den guztian gutxituz partikulen atmosferarako emisioak.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira. Horretarako, zamalanak eroriaren altuera ahalik eta gehien murriztuta egin beharko dira. Olagarroa erabiliz gero, koilara edo atzaparrak erabat itxi beharko dira materiala jaso ondoren, eta koilara piletan utziko da, behar beste denboraz. Pala mekanikoa erabiliz gero, ahalik eta gehien sartu beharko da pala kamioiaren barruan.

– Erabiliko diren ibilgailuetan derrigorrean egon beharko dira karga barreiatzea ekiditeko behar diren elementu guztiak. Bide publikoa berehala garbitu beharko da, garraio-lanetan zikindu bada.

– Bideak garbitu beharko dira, aldian behin.

– Emisio lausoak minimizatze aldera, emisioak biltzeko sistemen mantentze-lan egokia egingo da; horrez gain, besteak beste, instalazioa garbituko da, kanpoko ateak eta nabearenak itxiko dira, eta ingurumen-praktika egokiak eta teknika erabilgarri onenak aplikatuko dira.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Aldian behin –hilean behin, gutxienez–, ikuskapenak egingo dira, aurrez deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora (212/2002 Errege Dekretua, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena). Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki materialak biltegiratzean, eta horien zamalanetan eta garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan ere, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean. Betiere, emisio-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarreko legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat ikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Recymet Systems SL enpresak Zornotzan duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta ondoreak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala