Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2346

AGINDUA, 2021eko apirilaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzarako.

Hezkuntza Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute Clare Hall-en ikertzaile batek egonaldia egin dezan.

Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Gora doan ikertzaile bisitarien programa bat du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoak ari dira lanean Cambridgen, hamabi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost elkargoetako bat da. Zentro horretan, Euskal Herriari lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat izatea garrantzitsua izango da Euskal Herriari buruzko ezagutzak garatzeko.

Eskabidea egiteko, sail horren egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitekeen inskripzio-inprimakia bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuta; izan ere, dekretu horrek ezartzen duenez, interesdunak nahitaez elektronikoki komunikatu beharko dira, baldin eta pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak badira, eta, gaitasun ekonomikoa edo teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, pertsona horiek bermatuta badaukate irispidea eta beharrezko diren bitarteko teknologikoak badituztela.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion, bestek beste, ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzea.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuena), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/

Horrenbestez, eta 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 1/2021 Legea onetsi denez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua hau da: dirulaguntza emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2021-2022ko ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatzeko.

2.– Ikertzaile bisitariak diziplina hauetako lanak egin ahal izango ditu: fisika, biologia zelularra eta molekularra, eta arteak (giza zientziak, gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak).

2. artikulua.– Iraupena.

Egonaldiaren iraupena hamabi hilekoa da gehienez, eta urrian hasiko da. Hala ere, hautagaiek egonaldi laburragoak aukeratu ahal izango dituzte, baina ez dira inoiz izango sei hiletik beherakoak.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna izanik 2021eko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.

b) Doktore gradua izatea.

c) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuta egotea.

d) Ingeles hizkuntza nahiko jakitea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

e) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, zentroaren legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, non baimena emango baitio eskatzaileari kanpoan egoteko laguntzak iraun bitartean.

f) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutun horiek ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

g) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuta, zeinak ezartzen baitu bide elektronikoen bidez komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak badira eta, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak erabili eta eskuratzeko aukera bermatuta badute, eskabidea modu bakarrean bete ahal izango da: inprimaki baten bidez. Hain zuzen ere, inprimaki hori telematikoki egongo da eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez. (https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2021/ikercambridge/web01-tramite/eu/)

Eskabidearekin batera egon beharreko dokumentuak eskabideari erantsiko zaizkio aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Eskabide telematikoa guztiz bete ondoren eta artikulu honen 5. apartatuan adierazitako dokumentuak aplikazioan erantsi ondoren, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, eskabideak, sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izateko, erregistroan jasota geratu behar du. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak dokumentuen erregistro elektronikoa edo aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bidez. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen) (ikusi eranskina)

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.– Eskatutako dokumentazioa.

Zerrenda honetako dokumentuak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez:

a) Doktore graduaren egiaztagiria.

b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, hauek emango dira: Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

c) Ingelesez idatzitako curriculum akademiko normalizatu eta zientifikoa.

d) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honen 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeinetan. Ingelesez idatzi beharko da.

e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.

f) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.

e) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, zentroaren legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, non baimena emango baitio eskatzaileari kanpoan egoteko laguntzak iraun bitartean.

h) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutun horiek ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko die Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei. Halaber, ohartaraziko die ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 8. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea. Ikertzailea hautatzeko irizpideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaitu ondoren, hautaketa-batzordeak ebaluatuko ditu eskabide horiek, eta laguntzaren adjudikaziodunak aukeratuko ditu. Batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.

b) Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.

c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegokoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute hitzarmen honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidenteak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Elkartzen diren gaien esparrua zabala bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.

2.– Hautaketa-batzordeak bi fasetan ebaluatuko ditu hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak, irizpide hauei jarraikiz:

a) Lehiaketaren lehenengo fasea.

– Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

• Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-eskualdatzea: 4 puntu.

• Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.

• Graduko eta graduondoko irakaskuntza-lana: 3 puntu.

Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2020ko urriaren 30eko Ebazpenean jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horren bidez argitaratu ziren ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

– Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

• Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

• Zer-nolako inpaktua duten emaitzek euskal gizartean: 3 puntu.

Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

• Zer-nolako inpaktua duten emaitzek euskal gizartean: 3 puntu.

Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.

– Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

• Hamabi hileko egonaldia: 5 puntu.

b) Lehiaketaren bigarren fasea.

Hautaketa-batzordearekiko elkarrizketa izango dute eta proiektua aurkeztuko diote ingelesez: 10 puntu.

3.– Hautaketa-batzordeak aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake, edo laguntzaren xedeari lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, egiaztatuko du hautagaiek ingelesa jakiteko baldintza betetzen duten, 3.d) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa-batzordeak gehienez lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa. Hala ere, hautagai gehiago elkarrizketatu ahal izango dira aurkeztutako hautagaien arabera, baldin eta hala egiteari egoki irizten badio hautaketa-batzordeak.

4.– Batzordeak, hautagaiak ebaluatzen amaitu ondoren, onuraduna edo onuradunak aukeratuko ditu, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarriko du; horrela osatuko du erreserben zerrenda, adjudikaziodunen batek uko egin edo laguntzarako eskubidea galtzen duenerako. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortu dituena izango da adjudikazioduna. Berdinketarik badago, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

5.– Adjudikaziodunak ezin badu ikasturte akademiko osoa bertan eman, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari eskainiko zaio hamabi hileko aldia amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko aukera.

6.– Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko irizpena emango du, eta, bere irizpideen arabera eta modu arrazoitu batean, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu.

7.– Hautaketa-batzordeak laguntza eman gabe utziko du, baldin eta eskabiderik ez badago edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldi partzialetako epealdiren bat hutsik gera daiteke.

8. artikulua.– Ebazpena eta adjudikazioa.

1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

2.– Ebazpenean, hauek adieraziko dira: nor diren pertsona onuradunak; noiz hasi eta amaituko den egonaldia; zenbateko dirulaguntzaz zuzkituko den, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta; hala badagokio, nor diren erreserbak eta zer hurrenkera duten, eta zer hautagai ukatu edo baztertu den eta zergatik.

3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, non adieraziko baitzaio jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela.

Alde batera utzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

4.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko-egiterik badago, erreserben zerrendan ageri eta emandako azken laguntzaren hurrengoak diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Horretarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, emakida-ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

5.– Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuari.

6.– Ezarritako epean, ez bada laguntza esleitzeko ebazpenik eman edo ebazpena jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

9. artikulua.– Zuzkidura.

2021-2022ko ikasturtean hamabi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 67.820 eurokoa da. Kopuru hori honela banakatzen da:

a) 53.420 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio, College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako estudio baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira: ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

b) 14.400 euro, ikertzaile bisitariari hilean 1.200 euro ordaindutako laguntza gisa.

Horrez gain, onuradunak istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua izango ditu, bai eta, atzerriko egonaldietarako, modu osagarri batean, bidaiako laguntza-asegurua ere. Azken hori, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatuta.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz, artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Clare Hall-i transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea baita, arau hauen arabera:

1.– Deialdia ebatzi ondoren eta onuradunak emandako laguntza onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9.a) artikuluan kontsignatutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Clare Hall-i.

Bigarren ordainketa gainerako % 25a izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua justifikatu eta gero ordainduko da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiri baliokideak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bi igorpenetan ordainduko dio laguntza onuradunari.

Haietako lehenengoan, 9.b) artikuluan adierazitako kopuruaren % 75 ordainduko da, onuradunak Clare Hall-en hasi izanari buruzko egiaztagiria Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ostean.

Bigarrenean, gainerako % 25a ordainduko dio, 2020an, jarduera amaitu eta dokumentu hauek aurkeztu ondoren:

a) Clare Hall-en arduradunak egindako egonaldi-egiaztagiria, non berariaz zehaztuko baita zer egunetan hasi eta amaitu den.

b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta.

c) Onuradunak eskatu zaizkion dokumentu guztiak aurkeztuko ditu, aplikazio informatikoaren bidez.

d) Onuradunak hirugarrenen altaren agiri eguneratua izan beharko du. Hirugarrenaren alta elektronikoki izapidetu behar da berariazko zerbitzuan, zeina erabilgarri egongo baita egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/).

3.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina. Bada, lege horren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onuradunari laguntza adjudikatzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da zehapen- edo itzulketa-prozedura oro amaituta egotea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona baten edo batzuen gomendio utzi dezake emandako laguntzaren segimendua, laguntza zertan erabili den ikusteko.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hau ezin da bateratu helburu bererako ematen diren antzeko dirulaguntzekin.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean, onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, iritziko zaio laguntza onartu duela. Dirulaguntza onartzeak agindu honetako arauak onartzea dakar.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Eskatzen duten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.

d) Clare Hall-eko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskal Herriaren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hala eskatuz gero.

e) Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Clare Hall-i txosten bat bidaltzea, Cambridgen zein Euskal Autonomia Erkidegoan eginiko ikerketari eta parte hartu duen bestelako jarduerei buruz.

f) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

13. artikulua.– Uko egitea.

1.– Uko-egiteak Ikerketaren zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatuta, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

3.– Onuradunak, laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

Uko-egiterik badago, Ikerketa Zuzendaritzak erreserben zerrendakoak izenda ditzake ikertzaile, laguntzari geratzen zaion gainerako aldirako.

14. artikulua.– Ez-betetzea.

1.– Onuradunak ez badu baldintzaren bat betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritakoetatik, ebazteko organo eskudunak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hauetan ezarritakoekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Onuraduna edo, hala badagokio, laguntzailea modu esanguratsu batean hurbiltzen bada jarduera osoa betetzera, eta egiaztatzen bada jarduera inolako zalantzarik gabe konpromisoak betetzera zuzendu dela, itzuli beharreko zenbatekoa egonaldian behar bezala egiaztatutako denboraren arabera finkatuko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluko g) puntuan ezarritakoa betetzeko.

3.– Dirua itzultzeko arrazoia izango da justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo nahiko ez justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera eta, hala badagokio, dirulaguntzaren arauen arabera.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskabidean ageri diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Dirulaguntzak eta laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu.

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Patente eta Marken Espainiako Bulegoa, BOE, EHAA.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/informazio-klausulak/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala