Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2345

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Urnietako (Gipuzkoa) Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 21ean, Urnietako Udalak Urnietako udal-mugarteko Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatzeko, 2021eko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jarduketa horien emaitzak ikusita, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuari buruzko txostena formulatzeko behar bezainbeste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko c) epigrafean, «Beste proiektu batzuk», dago jasota: Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau jaulkitzen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Urnietako (Gipuzkoa) Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuari. Hurrengo hauek jasoko ditu txostenak:

A) Proiektuaren xedea da Oztaran auzoko Sagasti baserriaren ondoan lur-betelan bat egitea. Horrela sortutako plataformarekin, Sagasti baserrian kokatutako nekazaritza-ustiategiko lursail mekanizagarrien gabezia konpondu nahi da. Betelana osatuko duten materialak Donostialdean egingo diren obra-indusketen soberakinetatik aterako dira, eta soilik 170504 EHZ kodean zehaztutakoak izango dira (170503 kodean zehaztuetatik kanpoko lurra eta haitzak).

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez jaulkitzen baita Urnietako (Gipuzkoa) Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Betelanaren ezaugarri orokorrak honako hauek izango dira:

– Eraginpeko azalera 4,5 ha ingurukoa izango da.

– Kalkulatu da betelan-materialaren harrera-bolumena 590.482 m3koa izango dela. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, materiala onartzeko baldintzek aplikatu beharreko araudian ezarritakoa beteko dute, eta lurzoruaren baldintzak honetara mugatzen dira: zabaldu aurretik, gehienera % 30eko hezetasun onargarria izatera eta % 2ko materia organikoa izatera, gehienez ere.

– Soberakinen gordailuko ezpondak egonkorrak direla bermatzeko, 3H/1Bko ezponda proiektatu da eremu baxuenean, eta, ondoren, % 5eko eta % 2,35eko ezpondak, hurrenez hurren.

– Betelan guztia egiteko 10 bat urteko epea beharko dela uste da, nahiz eta sustatzailearen interesa epe hori ahalik eta gehien laburtzea den.

– Betelana bi fasetan egingo da:

1. fasea: betelana egingo den esparruko prestakuntza-lanak:

– Belar-sastrakak eta materiala kentzea eta landare-lurra pilatzea.

– Behe-ibarraren barrena edo hondoa drainatzea, hedapena egingo den eremuan.

– Arekak perimetro guztian.

– Sarbideak eta gurpilen garbiketarako instalazioa.

– Goi eta behe tentsioko linea elektrikoak desbideratzea (13 V).

2. fasea: betelana egitea:

– Betelan-lurrak zabaltzea eta trinkotzea.

Instalazioak:

Instalazioak honako elementu hauek izango ditu:

– Hondoan harriz egindako draina bat eratuko da, 2 metro zabal eta metro bete altukoa, geotestil gainean. Hondoko harriek, batez beste, 0,20 m-ko tamaina izango dute.

– Trapezoide-ebakidura eta 1H/1B maldako hormigoi armatuzko arekak perimetro guztian.

– Hormigoizko baltsa tankerako gurpil-garbitokia, sartzeko eta irteteko arrapalekin.

– Itxitura perimetrala eta sartzeko atea.

Sarbideak:

Betelanerako sarbidea GI-3832 errepidetik egingo da, bi bazterbide dituen hormigoizko bide batetik. Bide horretatik betelanaren oinarriraino (70 m), lurrezko pista bat erabiliko da, zeina legarrez eta hartxintxarrez egokitu eta saneatuko baita. Pista horretan ezarriko da gurpil-garbitokia.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Behe-ibarra Urnietako udal-mugartearen ipar-mendebaldean dago, ipar-hego norabidea du eta 452 m-ko luzera eta 135 m-ko batez besteko zabalera ditu. Betelana egingo den eremuak, puntu altuenean, +147,65 m-ko kota izango du, eta, apalenean, +95,4 m-koa. Mendi-mazelen malda % 30etik % 50era artekoa da, eta behe-ibarraren ardatzak % 3ko malda du. Eremuan badira aurrez egindako betelanak.

Betelanaren eraginpeko eremuak ez du ur-ibilgu jarraiturik. Betelana drainatuko duen arroak 0,17 km2 ditu, eta haren jariatze-urak Lekunaene errekara isurtzen dira. Erreka hori, Oria ibaira bildu aurretik, Oztaran errekara isurtzen da. Betelanaren esparruan ez da ur punturik.

Behe-ibarra, gaur egun, belardiek eta soro atlantikoek okupatzen dute, eta baso-landaketek, gehienak botata badaude ere (eukalipto batzuk mantentzen dira). Eremuaren hegoaldeko muturrean zuhaizti txiki bat ere badago, perimetro txikiko zenbait eukalipto eta haritz dituena. Faunaren ikuspegitik, esparrua ez dator bat Kudeaketa Plana onartuta duten espezieen interes bereziko eremuekin, eta ez da garrantziko eremutzat hartzen katalogatutako eta/edo mehatxatutako fauna-espezieak babesteari begira.

Europar Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera, eremuan altitude baxuetako sega-belardi elkorrak daude (EB 6510 kodea). Hala ere, ingurumen-dokumentuak dioenez, belardi horien flora-osaera oso pobrea da.

Eraginpeko eremuan ez dago natura-gune babesturik, ez eta inbentariatuta dagoen natura-intereseko beste lekurik ere. Ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen sareari buruzko azterketan zehazten diren egiturazko elementuekin ere. Eremuan ez dago interes geologikoa duen lekurik.

Paisaiari dagokionez, betelana Hernaniko ikuspen-arroan kokatua dago. Landa-paisaia da, ibai-eremuan kokatutako belardiak eta soroak nagusi direla, guztiz arrunta irizten zaio eta paisaia-balio oso apala du. Eremua ez dator bat «EAEko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoko» aurreproiektuan katalogatutako paisaiekin.

Euskal kultura-ondarearen informazio-sistemaren arabera, eremuan ez dago eraikitako ondare-elementurik, ez eta arkeologikorik ere.

Giza habitataren kalitateari dagokionez, aipatzekoa da Urnietako hirigunea kokalekutik 900 metro ingurura dagoela, eta hainbat baserri badirela egitekoa den betelanetik 200 metro baino gutxiagora (horien artean, Agirrieta, Bidegurutzeta, Argarate, Portxeta, Adarraga, Artolea, Otsategi, etab.).

Arriskuei dagokienez, ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta higadura-arrisku nabarmenik ere. Ikerketa geoteknikoaren arabera, zorupeak karga handiari eusteko ahalmena du, eta, gaur egun, ez dago egonkortasun-arazorik. Akuiferoak kutsatzeko arriskua ez da hautemangarria, eta arrisku sismikoa IV. mailakoa da.

Eskura dagoen informazio kartografikoaren arabera, betelanaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan «zabortegi» modura (20072-00032 kodea) jasotako lursail baten zati batekin. 11.821,41 m2-ko azalera du guztira, eta gaur egun soro-lur gisa erabiltzen da.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak betelana egikaritzeko fasean sortuko dira (aldez aurreko prestaketa-lanak, betelana egitea, materialak garraiatzea...), eta, batez ere, kamioien zirkulazioak eragindakoak izango dira bai haren kokalekura bidean, bai eta kokalekuan bertan ere; makineria astunaren joan-etorriak, hondoko drainen eta perimetro guztian egin beharreko areken eraikuntza, ur-bilketako lanak, gurpil-garbitokiaren eraikuntza eta betelana bera eratzeko lanak ahaztu gabe.

Jarduketa horietatik, giza habitataren kalitatean eta lasaitasun publikoan eragina duten inpaktuak sortuko dira, hautsa, zarata eta dardarak sortuko baitira, bai makinen tokiko joan-etorriengatik eta bai materialak kokalekura garraiatu beharko direlako.

Igorritako azterlan akustikoan, proiektuko ekintzen ondoriozko eragin akustikoa balioesten da, betelanerako materialen garraioa barne. Azterlan honen emaitzen arabera, eta jardueraren funtzionamendu-ordutegiari dagokion lanaldia –egunez eta arratsaldez (07:00 – 23:00)– kontuan hartuta, zarata handieneko lanaldietan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan egunerako eta arratsalderako ezartzen diren Kalitate Akustikoren Helburuetakoak baino zarata maila txikiagoak sortuko ditu esandako jarduerak, eta, beraz, ez da beharrezkoa neurri zuzentzaileak hartzea.

Aipagarriak izan daitezke, halaber, Lekunaene errekara hel daitezkeen isurketen eta solido esekiak herrestatzearen ondoriozko lurrazaleko uren kalitatearen gaineko inpaktuak.

Kontuan izan behar da, gainera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioen kokaleku izan diren lurzoruen inbentarioan jasota dagoen lursail baten zatia esandako eremuan dagoela.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Urnietako (Gipuzkoa) Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria:

Betelanean onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetan ateratako lurrak eta haitzak izango dira, eta ez da 170504 EHZ kodean zehaztuetatik bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena (EHZ 170504 kodea: 170503 kodean zehaztuetatik kanpoko lurra eta haitzak). Ez da onartuko adierazitakoez kanpoko beste materialik.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:

– Betelan-proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursail bati eragiten dio (kodea: 20072-00032, zabortegia). Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legea betez, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena izapidetzea, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

– Era berean, adierazi behar da lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketak eta berreskurapen-neurrien diseinua eta exekuzioa 199/2006 Dekretuaren arabera akreditatutako erakundeek gauzatu beharko dituztela (199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena).

Urak eta lurzoruak babestera bideratutako neurriak:

Organo eskudunak isurketa-baimenaren esparruan ezartzen dituen baldintzen kaltetan izan gabe, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.

– Betelana baino beheragoko kotan dekantazio-baltsa bat ezarriko da, lurrazaleko uretara solidoak biltzea saihesteko. Baltsa edo putzu hori erabilgarri egongo da proiektuaren fase guztietan. Pilatzen diren jalkinak sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko behar den maiztasunarekin garbitu beharko dira.

– Drainatze-sare naturaletik bereizi egin beharko dira obrako makinak gordetzeko esparrua eta haien mantentze-lanak egiteko tokia.

– Mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den eremuan egingo dira, hala olioak edo erregaiak isurtzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.

– Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu. Horretarako, errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilen garbitokiak eta dekantazio-sistemak gainez egiteagatik sor daitezkeen jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da zuzenean isurtzea.

– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako nahitaezko administrazio-emakida lortu ezean.

Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak:

– Betelana egikaritzeko jarduketak, bai eta lurra okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Alde horretatik, ezingo dira garbitu betelan-gunetik eta horretarako behar diren azpiegituretatik (bideak, drainatzeak, etab.) kanpo dauden belar-sastrakak. Edonola ere, sarbidearen inguruan dauden zuhaitz-formazio naturalei (artadia) ez diela eragingo bermatuko da. Proiektuaren esparrutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen zirkulazioa.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.

– Faunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko eta haren joan-etorri askea errazteko, betelanaren eremuko itxitura perimetrala aurkeztutako proiektuan aurreikusitako diseinura egokituko da, hau da, lurraren sestratik 25 cm-ko altura libre utziko du behealdean.

– Era berean, ahalik eta tamaina txikiko ornodun gutxien akabatu daitezen instalazioko drainatze-elementuetan itota edota atera ezinik, esandako elementu horiek diseinatzeko orduan, arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Hala, aurkeztutako proiektuan areka perimetraletarako aurreikusitako diseinua mantenduko da (1H/1B maldako eta trapezoide ebakidurako hormigoizko arekak). Egoki ikusten den kasuetan, aipatutako drainatze-elementu horietan harrapatutako fauna irten ahal izateko ihes-elementuak aurreikusiko dira (arrapala txikiak, ihes-zuloak, etab.).

Paisaia babestera eta kaltetutako eremuak lehengoratzera bideratutako neurriak:

– Egindako betelana paisaian integratzeko lanak proiektuari lotutako jarduketen eraginpeko eremu guztietan egingo dira.

– Betelanak egikaritzen diren bitartean, landare-lurra metatu eta bereizita zabalduko da, betiere eraginpeko eremuen eta emaitza gisa geratu den eremua lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Proiektuaren eraginpeko eremuak paisaian integratzeko lanetan, harizti-baso mistoaren motako zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, proiektuaren ingurumen-dokumentuan adierazten den bezala. Nolanahi ere, saihestu egingo da espezie aloktonoak erabiltzea, eta, bereziki, portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

– Ahalegina egingo da betelana amaitu ondoren egin beharreko lehengoratze-jarduketak bateragarriak izan daitezen autonomia-erkidegoan kontserbatu beharreko habitat naturalekin eta/edo basa-faunarentzat interesgarriak diren habitat natural berriak sortzera bideratutako jarduerekin.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obraren kontrataziorako aurrekontuek esandako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan barne hartuta egongo da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzea lortzeko behar diren mantentze-lanetara bideratutako kontu-sail bat.

– Kontrol-neurri zorrotzak hartuko dira kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatu ez daitezen. Horretarako, proiektuaren eremuan dauden espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta desagerrarazteko protokolo bat txertatuko da proiektuan; protokolo horretan, gainera, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatzeko jarduketak sartuko dira, espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihesteko.

Airearen kutsadura murriztera bideratutako neurriak:

– Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

– Betelanera sartzeko bidean, ibilgailuen eta obrako makinarien zirkulazio-abiadura mugatuta egongo da.

– Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Sarrerako bideak aldiro-aldiro garbituko dira, eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Garbiketa egiteko, zisterna mugikorrak erabiliko dira, edo, toki jakin batzuetan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

– Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

– Ez da hondakinik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

Zarataren eta dardaren ondorioak murriztera bideratutako neurriak:

– Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, eta edozein kasutan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora (212/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena). Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen denean hondakinak balioztatzea ezinezkoa dela, bai teknikoki, bai ekonomikoki eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

– Berariaz debekatuta geratzen da sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota isurkariekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Lehendik zeuden azpiegitura zaharkituak desmuntatu eta desegitean sortutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Behar bezalako baldintzetan erretiratuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkurio-lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

– Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hau da hondakin ez-arriskutsuak eta inerteak biltzeko erabiliko direnak. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere isurkari kontrolatu gabeak sortuko.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraikiz, lurra mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, behar diren neurriak har ditzan.

Jarduera bertan behera uztea:

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez zaio beharrezkoa irizten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Urnietako (Gipuzkoa) Oztaran auzoko Sagasti baserriaren sailetan betelanak egiteko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Urnietako Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 15a.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala