Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
2342

AGINDUA, 2021eko apirilaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Eskolako Agenda 2030 programa garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten baita 2021-2022ko ikasturterako.

Nazio Batuen arabera, arazo ekosozialak desagerraraztea, besteak beste pobrezia bere forma eta dimentsio guztietan, eta baliabide naturalen neurrigabeko erabilera, ezinbesteko baldintza da garapen jasangarria lortzeko. Horretarako, gizarte eredu iraunkorra, inklusiboa eta ekitatiboa ahalbidetu behar da, guztiontzako aukera gehiago sortuz, desberdinkeriak murriztuz, bizi-maila duinak lortuz, gizarte-garapen ekitatibo eta inklusiboa eta baliabide naturalen eta ekosistemen antolamendu integratua eta iraunkorra sustatuz.

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzaile bat da, giza garapena gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan bultzatzea helburutzat duena. Garapen Jasangarrirako 17 helburuek eta horiek garatzen dituzten 169 helmugek izaera integratua eta zatiezina dute, eta garapen jasangarriaren hiru dimentsioak hartzen dituzte barnean (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa).

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu du 2030 Agendan ezarritako erronka, Euskadi Basque Country 2030 Agenda finkatuz. Gobernuaren programaren eta garapen jasangarriarekin loturiko helburuen arteko lerrokatze eta ekarpen maila islatzen du honek.

Horrez gain, Jasangarritasunerako Udalerrien Sarearen 2020rako Plan Estrategikoan oinarritutako Tokiko 2030 Agendak lurralde-estrategia jasangarri, sozial, adimendun, orekatu eta parte-hartzailea sustatzea du helmuga. Tokiko 2030 Agendak eskolen parte-hartzea eta eskoletako proiektuen garapena ahalbidetzen du.

Halaber, euskal gizarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko helburuarekin, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiak hezkuntza eraldatzaile bat garatzeko zimenduak ezartzen ditu. Estrategia horren xedea elkarlanean oinarritzea da. Eragile guztiei lekua emango die, elkarrekintzan aritu daitezen, helburu argi batekin: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien arteko konplizitatea lortzea, gure bizimodutik kultura berri bateranzko trantsizioa lortzeko. 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategian, ekintzarako hezkuntzaren lehenengo helmugan, jarduera-lerroetako bat da hezkuntza-esparru ezberdinetan eragile dinamizatzaileek eta berritzaileek jasangarritasunerako hezkuntzaren arloan daukaten rola sustatzea, eta proposutariko bigarren ekintza «Eskolako Agenda 2030» berria diseinatzea da.

Honekin batera, Heziberri 2020 Planaren, 4. artikuluak, Oinarrizko Hezkuntzaren Xedeak izenburua duenak, c atalean horrela dio: ikasleak helduarorako eta bizitza oso baterako prestatzea, gizabanako diren aldetik; bizikidetza armoniatsua garatzearekin eta gizarte justu eta zuzenago bat eraikitzearekin konprometituak; eta natura zaintzearekin eta garapen jasangarriarekin konprometituak.

Aurrekoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak Eskolako Agenda 2030 (EA2030) programa garatzeko ezinbesteko jotzen dute ikastetxeei dirulaguntzak ematea jasangarritasunerako hezkuntzako berariazko proiektuei ekiteko. Proiektu horiek, batetik, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan jasangarritasun-ikuspegia sendotuko dute, eta, bestetik, ikasleak eta hezkuntza-komunitateak garapen jasangarrian konprometitzeko gaituko dituzten kontzientzia, gaitasuna, ezagupena, balioak eta eraldatzeko ekimenak garatzen lagunduko dute.

Horrez gain, laguntza hau jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu baitzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak egokitzat jotzen dute eskola-programetan jasangarritasunerako hezkuntza sartzea eta ikastetxeek eta irakasleek ingurumenaren arloan egiten duten lana sustatzea eta aitortzea.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (EHAA, 47. zk., 2021/03/05), eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak (EHAA, 47. zk., 2021/03/05) ematen diguten eskumenaz baliatuz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau,

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dirulaguntzak ematea, norgehiagoka-prozeduraren bidez, 2021-2022 ikasturtean Eskolako Agenda 2030 (EA2030) programa garatzeko.

2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

2. artikulua.– Hezkuntza-proiektua.

1.– Euskadi Basque Country 2030 Agendan oinarrituta, arazo ekosozial lokalen eta globalen ebazpenean esku hartzeko behar diren gaitasunak eta konpromisoak garatzeko EA2030 ingurumen-hezkuntza proiektu bat egingo da garapen iraunkorrerako helburuetan (GIH) oinarrituta, ikastetxeko eta tokiko ekintza eraldatzaileak sustatzen dituena.

2.– EA2030 programa garatzeko, ikastetxeei Ingurugelaren aholkularitza, laguntza teknikoa eta prestakuntza eskainiko zaie. Deialdi honetarako, proiektu bakoitzari esleituko zaio, gutxienez, Ingurugelako aholkulari bat.

3.– Proiektuak, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatu behar dira, era berean ikastetxeko gainerako proiektuekiko elkarlana sustatu behar du. Urtetik urtera, proiektuaren ondorioz hartutako konpromisoak eta erabakiak izango dira erreferente ikastetxearen jasangarritasun irizpideak osatzen joateko.

4.– Ikastetxeetan gutxienez etapetako batek parte hartuko du proiektuan, eta etapa horretako irakasle eta ikasle guztiek parte hartu beharko dute.

5.– Proiektua ikastetxearena da, eta zuzendaritza-taldearen erantzukizuna izango da. Proiektuaren lanak koordinatzeko eta gauzatzeko, gutxienez koordinatzaile bat izendatuko da. Koordinatzailea aukeratzerakoan, lehentasuna emango zaio behin betiko langile izateari edo ikastetxean gutxienez bi ikasturte egin izanari, bai eta haren funtzionamendua ondo ezagutzeari, sentsibilizatzeari eta prozesua dinamizatzeko eta gidatzeko gaitasuna izateari ere. Era berean, ikastetxeak bermatuko dizkio koordinatzaileari:

a) EA2030 proiektuen koordinatzaileei berariaz zuzendutako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.

b) Proiektua koordinatzeko denbora eta baliabideak, informatikoak barne, izatea.

c) Ingurugelak egokitzat jotzen dituen koordinazio-bileretan parte hartzea, beste ikastetxe batzuekin batera.

d) Gutxienez astean 3 orduko dedikazioa esleitzea koordinaziorako.

6.– Koordinatzaileak beste irakasle batzuen laguntza izango du, eta talde gidari bat osatuko dute. Talde hori izango da proiektuaren dinamizatzailea, eta parte-hartzaile kopurua ikastetxearen tamainaren proportzioaren arabera ezarriko da. Talde horretan irakasleek baino ez dute parte hartuko, eta EA2030 proiektuaren koordinatzaileak zuzendu eta gainbegiratuko du. Ez da gehieneko osagai-kopururik ezarriko, baina gutxienez honako hauek izan beharko dute:

a) Proiektuaren koordinatzailea.

b) Irakasle bat proiektuan parte hartzen duen etapa bakoitzeko.

Irakasleak borondatez aurkeztuko dira Talde Gidarira. Gutxieneko parte-hartzea betetzen ez bada, ikastetxeak ezarriko du hautagaiak hautatzeko jarraitu beharreko prozedura.

7.– «Ostadar Zirkulua» eratuko da, eta bertan ikastetxeko estamentu guztiek, familiek, irakasle ez diren langileek, irakasleek eta ikasleek izan dezakete ordezkaritza. Talde horren eginkizuna ikastetxeak GJHen esparruan definitu duen ingurumen-hezkuntzako proiektua babestea eta haren jarraipena egitea izango da. Talde hori ikastetxearen tamainaren arabera eratuko da, eta ikasleek gehiengoa osatzen dutela bermatuko da.

8.– Proiektua abian jarri eta garatzeko, ezinbestekoa izango da Ikasleen Batzarra sortzea. Batzar hori klase bakoitzean hautatutako ekoordezkariek osatuko dute. Batzarraren eginkizunak honako hauek dira:

a) Proiektua martxan jartzea, hartutako konpromisoetatik eta hobetzeko proposamenetatik abiatuta.

b) Gela bakoitzaren proposamenak bildu eta aztertzea.

c) Batzarrean egindako proposamenak idaztea eta zabaltzea, ekoordezkari bakoitzaren bitartez.

d) Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Batzarrak talde hauek definitu ahal izango ditu bere jardunerako:

a) Erraztaileak. Batzarrak hautatuko ditu bere kideen artetik, eta biltzarraren bilerak dinamizatuko dituzte. Era berean, batzarra beste estamentu batzuetan ordezkatuko dute (Talde Gidaria, Ostadar Zirkulua, Udaletxea...).

b) Brigada Berdea: ikastetxearen arabera eginkizun espezifikoak dituzten ikasleen taldea (instalazioak gainbegiratzea, jardunbide egokiak).

c) Beste batzuk.

9.– Proiektua bi eremutan garatuko da: ikastetxean eta herri mailan. Proiektua aurrera eramateko Ingurugelak eredu bat proposatuko du. Era berean, proiektuan parte hartzen duten etapek proiektua garatu bitartean antolatzen diren foroetan parte hartuko dute (eskola barnekoan, eskolen artekoan eta udal-foroetan).

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Xede horretarako, milioi bat (1.000.000) euro bideratuko dira gehienez, 21.0.1.05.42.0100.4.454.99.44210.007/P aurrekontu-aplikazioaren kargura.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan jasotako laguntzak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek.

5. artikulua.– Betekizunak.

1.– Erakunde onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

Baldintza horiek eskatuko dira bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da kontzesioa egiten den unean eta ordainketak agintzean.

2.– Ezin izango dira dirulaguntza honen onuradun izan dirulaguntza edo laguntza publikoa eskuratzea eragozten duen edozein debeku edo zehapen administratibo edo penal duten erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoa barne.

3.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Aintzat hartuko da gorabehera horiek gertatzen diren ala ez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. ataletik 6.era bitartean ezarritakoaren arabera, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Parte hartzeko eskabidearekin batera, baimena emango zaio organo kudeatzaileari ofizioz egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, behar beste aldiz.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

2.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak berariaz baimena eman diezaion organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testu bategina aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

b) Erakunde eskatzaileak ez dauka Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako debekurik, eta, bereziki, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egoteari dagokionez.

c) Erakunde eskatzailea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den ezein itzultze- edo zehapen-prozeduratan. Erantzuna baiezkoa bada, dagokion prozedura edo prozedurak identifikatuko dira.

d) Erakunde eskatzaileak adierazten du eskola-klaustroa eta ordezkaritza-organo gorena (OOG) informatuta daudela, ados daudela eta onartzen dituztela EA2030 proiektuak ikastetxearen barne-antolaketan izan ditzakeen ondorioak.

e) Era berean, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera doan dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela agindu honetan ezarritako betekizunak laguntza hauen onuradun izateko.

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira EA2030 proiektuaren garapenari zuzenean lotutako gastuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Eskolaz kanpoko ingurumen-hezkuntzako zentroetarako jarduerak, egonaldiak eta bisitak, bai eta ingurumen-ondarea ezagutzeko egiten direnak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egin beharko dira, dirulaguntza jaso ahal izateko.

3.– Ingurumen-hezkuntzarekin zerikusia duten GIHez gain, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren% 20 bideratu ahal izango da beste GIH batzuetara.

8. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.

Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) EA2030 proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

b) Proiektua itunpeko ikastetxe pribatuetan planifikatzeko eta garatzeko irakasleek erabiltzen dituzten orduen kostua.

c) Ingurumen-hezkuntzako jarduerekin zuzenean lotuta ez dauden materialak, tresnak, altzariak edo bestelako inbertsio-gastuak. Zalantzarik izanez gero, argibideak eskatuko dira, baloratzeko.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-orria sailaren webgunean egongo da eskuragarri, eta www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038408 bitarteko beraren bidez aurkeztuko da. Ikastetxe bakoitzeko laguntza bat baino ez da emango; beraz, ikastetxe batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, azkena joko da baliozkotzat, eta hura bakarrik izapidetuko da.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso nahi dituzten erakunde eskatzaileek eskabidea bete beharko dute (onlineko inprimakia). Hona hemen eskabidearen edukia:

– Ikastetxearen eta haren legezko ordezkariaren datuak.

– Jakinarazteko eta komunikatzeko kanalak eta hizkuntza.

– Abisuak jasotzeko datuak.

– Proiektuaren datuak (proiektuaren izenburua, koordinazioa, Talde Gidaria, proiekturako aurreikusitako dedikazio-orduak, parte-hartzaileak eta aurreikusitako jarduerak).

– Datu ekonomikoak (eskatutako dirulaguntza, diru-sarrerak eta aurreikusitako gastuak).

– Erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

Xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuetatik laguntzak jasoz gero, eskabidean adierazi beharko dute.

5.– Sailaren webgunearen barruan, ikastetxe publikoek eskuragarri izango dute «AE2030erako ordezkaritzaren eskuordetza-dokumentua». Dokumentu hau erabiliko da soilik zentroaren legezko ordezkaria (zuzendaria) ez bada gainerako administrazio-izapideak Nire karpetaren bidez kudeatzen dituena, eskaeraz gain.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak konpontzea.

Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eskabidean akatsen edo zehaztugabetasunen bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean, adieraziko da ezen, erakundeak zuzenketa egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkeztu behar dela adieraziko zaio erakunde eskatzaileari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

12. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskabideak balorazio-epaimahai batek aztertuko ditu, eta honako hauek osatuko dute epaimahaia:

– Ingurumen Hezkuntza, Prestakuntza eta Sentsibilizazioko Zerbitzuko arduraduna edo haren ordezkoa, batzordeburu lanak egingo dituena.

– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako bi teknikari, Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak izendatuak. Sailburuordetza horretan antzinatasun handiena duen pertsonari dagozkio idazkaritzaren berezko zereginak.

2.– Balorazio-epaimahaiaren osaera izenduna, aurreko apartatuan aurreikusitakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49. artikuluan.

3.– Balorazio-epaimahai horrek egingo duen balorazio-aktan, hau jasoko du: onartutako eskabideak, ukatutako eskabideak eta horren justifikazioa, eman beharreko gehieneko kopurua eta eskabide bakoitzarentzat proposatutako kopurua. Horrez gain, horren proposamena helaraziko dio Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariari.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Programa garatzeko dirulaguntza eskatzen duten ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek jasoko dute dirulaguntza, baldin eta agindu honetan jarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2.– Dirulaguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoak ezin izango du erakundeak eskatutakoa gainditu, ezta ondorengo gehieneko kopuruak ere:

– 5.000 euro, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeentzat.

– 3.000 euro, gainerako ikastetxeentzat.

3.– Ezarritako gehiengoak kontuan harturik, irizpide hauekin egingo da dirulaguntzaren kalkulua:

a) Ikastetxe bakoitzak, EA2030 proiektua garatzeko, 750 euroko gutxieneko kopurua jasoko du.

b) Horretaz gain, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeei 1.000 euro gehiago esleituko zaie. Puntu hori ofizioz egiaztatuko da.

c) Aurreko bi ataletan adierazitako zenbatekoak deialdiaren guztizko zenbatekoari kendu ondoren lortzen den zenbatekoa proportzionalki banatuko da, jarraian adierazten den formulari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera:

– Ikastetxe bakoitzari 2021-2022ko ikasturtean EA2030 proiektuan parte hartuko duten 2 urtetik gorako ikasleak beste puntu emango zaizkio.

– Aurreko puntuazio horri batu egingo zaio ikastetxeak duen bekadun kopurua bider bi egin ondoren lortzen den zenbatekoa, estatistika-dokumentu ofizialaren arabera, eskabide-epea amaitzen den unean.

– Ikastetxe bakoitzari emandako puntuazioa faktore konstante batez biderkatuko da, eta, faktore hori lortzeko, banatzeko gelditzen den guztizkoa zatituko da ikastetxe guztiei emandako puntuen baturaz.

– Lehen banaketaren ondoren soberakinik badago, 2. atalean adierazitako gehieneko zenbatekoak edo eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa lortu ez duten ikastetxeen artean banatuko da. Kasu horretan, faktore konstantea lortzeko, soberakina ikastetxe horiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da.

– Soberakina dagoen bitartean, aurreko epigrafean adierazitako prozeduraren arabera banatuko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak alde batera utzi gabe, deialdi honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo beste erakunde publiko edo pribatuk proiektu bererako ematen dituen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere horrek diruz lagundutako proiektuaren gainfinantzaketarik eragiten ez badu.

Proiektua amaitu eta oinarri hauetako 17.b artikuluan aurreikusitako justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu ondoren, gainfinantzaketarik egon dela egiaztatzen bada, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hautemandako gainfinantzaketaren baliokidea den zenbatekoan.

15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak, horretarako eratutako balorazio-epaimahaiak egindako proposamena ikusita, eta epaimahaiaren balorazio-aktaren bidez, ikastetxe interesdunei dirulaguntzak ematea ebatziko du, agindu honek ondorioak sortzen dituenetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Ebazpen hori telematikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei, jendeak horren berri izan dezan; dena den, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Ebazpen horretan, dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehaztuko dira, bai eta horien zenbatekoa ere, eta adieraziko da zer proiektu baztertu nahi diren eta zergatik.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumeneko Jasangarritasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

3.– 1. paragrafoan adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ikastetxe interesdunek dirulaguntzaren eskabidea ezetsi zaiela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoa betetzeko.

4.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46 eta 14. artikuluetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren esleipendun diren ikastetxeek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari 15. artikuluan aipatutako jakinarazpen telematikoa egin eta hurrengo egunetik Aurrera hamar eguneko epean, dirulaguntza osorik onartzen dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen dieten informazio guztia ematea.

c) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

d) Hedapen-kartel eta material guztietan, bai eta publizitatean ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Hezkuntza Sailaren logotipoak sartzea.

e) Genero-ikuspegia txertatzea egiten diren dokumentu eta ekintzetan, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran diskriminazio-elementuak saihestea.

f) Aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta pedagogikoa erabiltzeko eskubidea ematea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Hezkuntza Sailari, doan eta modu ez-esklusiboan, bi sailetako informazio-sistemetan erabiltzeko eta txertatzeko, bai eta informazio hori zabaltzeko eta/edo argitaratzeko ere, edozein bitarteko eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edo teknikaren erabilera ahalbidetzen duen guztietan. Nolanahi ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

g) Ikastetxeak, bere antolaketa-autonomiaren esparruan, proiektuaren koordinazioaz arduratuko den pertsonaren eta proiektuaren Talde Gidariaren pertsonen ordutegiak egokituko direla bermatu beharko du, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko. Ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntza Sailak irakaskuntza-etapa eta -modalitate bakoitzerako ematen dituen ikasturte-hasierako zirkularretan adierazitako araudia beteko da beti.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Ikastetxe onuradunek 2022ko ekainaren 17a baino lehen justifikatu beharko dute emandako dirulaguntza, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta URLaren bidez, eta, horretarako, sailaren webgunean (www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038408) eskuragarri dagoen dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) «Proiektuaren memoria»: ikastetxean Eskolako Agenda 2030 proiektuaren garapena deskribatzen duen dokumentua. Dokumentu horrek informazio hau jasoko du:

– Zentroaren datuak.

– Proiektuaren datu orokorrak.

– I. blokea: Eskolako Agenda 2030 programaren faseak.

– Antolaketa eta plangintza.

– Motibazioa eta sentsibilizazioa.

– Diagnostikoa.

– Esku-hartze plana.

– Hezkuntzkomunikazioa.

– II. blokea: Eskolako Agenda 2030 programaren ondorioak ikastetxean.

– III. blokea: Eskolako Agenda 2030 programarekiko gogobetetzea.

– IV. blokea: Eskolako Agenda 2030aren eta Tokiko Agenda 2030aren arteko sinergiak/Udal-jasangarritasuna.

b) «Kontu justifikatzailea»: justifikazio ekonomikoa justifikazio-kontu sinplifikatuko administrazio-prozeduraren bidez egingo da, eta bertan jasoko dira ikastetxeari dagozkion datuak, proiektuaren datuak eta ikasleek eta irakasleek bertan duten parte-hartzea. Gainera, proiektuaren behin betiko diru-sarreren eta gastuen zerrenda sailkatua jasoko du (faktura-zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, data eta zenbatekoa identifikatuta).

Inprimaki honen bidez, irakasleek (koordinatzailea eta Talde Gidaria) Eskolako Agenda 2030 proiektuari urtean zehar eskainitako ordu-kopurua jakinaraziko dute, bai eta proiektuak izandako aldaketak ere; hau da, aurrekontuan jasotako jarduera, jarduera horretan izandako aldaketak eta arrazoiak adieraziko dira.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoak, % 10eko ausazko laginketa sistematikoko tekniken bidez, egoki iritzitako egiaztagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.

3.– Justifikazio-epea amaitu eta entitateak ez baditu dagozkion agiriak aurkeztu, edo aurkeztutako justifikazioan akatsik, zehaztasunik eza edo argibideren bat behar duela ikusten badu organo kudeatzaileak, hamar eguneko epea emango zaio dagozkion agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko zaio epe hori igaro eta errekerimenduari erantzun ez badio, justifikatzeko betebeharra ez duela bete ulertuko dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta oinarri hauetako 21. artikuluan ezarritako ondorioekin.

4.– Organo kudeatzaileak proiektua bisitatzea erabaki dezake, Ingurugeletako aholkulariekin batera, diruz lagundutako proiektua bertan ezagutzeko.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Emandako dirulaguntza bi fasetan ordainduko da:

– Emandako zenbatekoaren % 81 dirulaguntza onartu ondoren ordainduko da, agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Gainerako % 19a emandako dirulaguntza likidatu ondoren ordainduko da, diruz lagundutako jarduera eta haren benetako kostua epe barruan justifikatu ondoren, 17.1.b) artikuluan adierazitako moduan.

19. artikulua.– Irakasleek Hezkuntza Berriztatzeko proiektuan parte hartu dutela egiaztatzea.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ofizioz ziurtatuko du irakasle koordinatzaileen eta Talde Gidariaren parte-hartzea Eskolako Agenda 2030 proiektuetan, baldin eta balorazio positiboa jaso badute eta proiektua garatzeko gutxienez 30 ordu erabili badituzte.

2.– Ziurtagiri hori ikastetxeko zuzendaritzak abalatutako datuetan oinarrituko da. Datu horiek agindu honen 17. artikuluan aipatutako justifikazio-izapidean jasoko dira, eta bertan proiektua koordinatzeaz arduratuko den pertsona eta Talde Gidariko pertsonak jasoko dira («Kontu justifikatzailea»).

3.– Pertsona berari ez zaio inoiz ere 90 ordu baino gehiagoko ziurtagiririk emango, ikasturte berean, honako kontzeptu hauentarako: prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza berritzeko proiektuak edo ekintzak, Eskolako Agenda 2030 edo osasunerako hezkuntza eta sustapena

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira ezertan, baina, hori bai, laguntzen xedea bete bada hala ere, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik bestelako dirulaguntza edo laguntzarik jaso bada, baliteke dirulaguntzak emateko ebazpena aldaraztea horrek. Horretarako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren kopurua doitzeko, eta, hala badagokio, lortutako gehiegizko zenbatekoa itzultzeko.

21. artikulua.– Emandako datuen kudeaketa.

Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoaren arabera eta Europako Parlamentuaren 2016/679 Erregelamendu Orokorraren arabera (datuak babesteari buruzkoa da), erakunde eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da dirulaguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategi honen arduraduna Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza da. Datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuon tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz sail bereko Zerbitzu Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Onuradunak jasotako dirulaguntza eskatu eta eman zen xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntza eskatu zen jarduera egiten ez badu, eskatu zen helburu zehatzetarako izan dela justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan edo emakida-erabakian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak, bai dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, hala ezarrita baitago arau horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Jardueraren zati bat betetzen ez bada, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluari jarraikiz, honela jokatuko da dirulaguntzaren justifikazioa aztertu ondoren, agindu honen 17. artikuluan agertzen den bezala:

a) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak zati batean betetzen ez badira, laguntzaren zati bat itzuli beharko da, lortu ez diren helburuen gastuari dagokion ehunekoan, edo justifikatu gabeko jarduera egin beharko da.

b) Baimendu gabeko aldaketak eginez gero, desbideratutako zenbatekoei dagokien laguntza itzuliko da.

3.– Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari dagokio itzulketa-espedientea hastea, eta gainerako laguntza izapidetzeko erabiltzen diren bitarteko elektroniko berberen bidez jakinaraziko du. Dokumentu horretan, espedientearen oinarria, itzultzeko modua, epeak eta errekurtsoa agertuko dira.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari edo Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legea eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko erregulazioa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 14a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala