Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2337

359/2021 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, Otorrinolaringologiako Atal Sanitarioko Buru lanpostua (Onkologia Atala) betetzeko lehiaketarako deialdia egiten duena.

Donostialdeko ESIko Otorrinolaringologiako atal sanitarioko buru lanpostua (Onkologia Atala) hutsik dago. Hori dela eta, lanpostu hori lehiaketa prozeduraren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza-Gerentzia honek, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikulua; Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua; Langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legea; eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua.

Otorrinolaringologiako zerbitzuburuarekin lankidetzan eta Zuzendaritza Medikoaren menpe:

– Helburu asistentzialak eta ez-asistentzialak proposatzea, Donostialdeko ESIko Lehen Mailako Arretarekin integratzeko lanak erraztuz, batez ere paziente Onkologikoari dagokionez.

– Beharren plana, zuzkidurak eta inbertsioen plangintza zehaztea.

– Paziente onkologikoaren arretako asistentzia eta antolaketa-prozedurak berrikusi eta hobetzea.

– Paziente onkologikoen fluxua berrikusi eta hobetzea Ospitaleko Kanpo-kontsulten eta Ospitalez kanpoko zerbitzuen artean, baita Donostialdeko ESIaren eta Gipuzkoako beste ESI batzuen artean ere.

– Zerbitzuko kide guztien arteko talde-lana sustatu eta erraztea.

– Zerbitzuburuarekin lankidetzan aritzea kudeaketa klinikoan, ezagutzaren kudeaketan eta taldearen kudeaketan.

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

– Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa edo Osasun Sistema Nazionaleko erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoa izatea, eta A1 lanbide-taldeko kategorian lanpostua gordetzea dakarren zerbitzu aktiboan edo beste administrazio-egoera batean egotea.

– Medikuntzako lizentziatura eta Otorrinolaringologiako espezialitatea izatea.

– Gutxienez 3 urteko esperientzia profesionala izatea Otorrinolaringologiako espezialitatean.

2.– Deialdia argitaratzea.

Ebazpen hau oso-osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web orrian.

3.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Begiristain doktorearen pasealekua, z.g., 20014 Donostia), 15 egun balioduneko epean, deialdi-ebazpen hau aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Begiristain doktorea z.g., 20014 Donostia), datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitaearekin.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua (Lanpostu Funtzionalen Dekretuak xedatutakoaren arabera).

– Egindako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, deialdiaren ebazpen hau EHAAn argitaratzen den eguneko lanbide-taldea adierazita.

– Bete nahi den zerbitzuaren Kudeaketako Memoria-Proiektua.

– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiri guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurrez adierazitako moduan egiaztatzea Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak; kasu horretan, eskabidean jaso beharko da egoera.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Donostialdeko ESIko Zuzendaritza-Gerentziak ebazpen baten bidez argitaratuko du, Osakidetzaren webgunean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia adierazita.

Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioa aurkezteko.

Baztertzeko arrazoia konpon daitekeen akats bat bada, behin-behineko zerrenda argitaratzearekin batera, interesdunei eskatuko zaie 10 egun balioduneko epean konpon ditzatela ikusitako akatsak edo aurkez ditzatela nahitaezko dokumentuak, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean prozesutik behin betiko kanporatzea erabakiko dela.

5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Balorazio Batzordearen osaera.

Erreklamazioak egiteko eta/edo eskabideak zuzentzeko epea igarotakoan, Zuzendaritza-Gerentziak ebazpen bidez argitaratuko du, aurreko paragrafoan adierazitako leku beretan, prozesurako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, Balorazio Batzordearen osaerarekin batera. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, webgunean argitaratzen denetik kontatzen hasita. Ebazpen hori prozesuko hautagaiei ere jakinaraziko zaie.

Balorazio Batzordearen burua, oro har, zuzendari medikoa izango da, eta honako hauek osatuko dute: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde medikoa edo Zerbitzu Korporatiboko burua, Langileen zuzendaria (idazkari gisa jardungo du, hitzarekin eta botoarekin) eta, ezinezkoa bada, erakundeko beste kargu batzuk. Horiek guztiek deitutako lanpostuaren titulazio-maila bereko estatutupeko langile finkoa, karrerako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izan beharko dute.

Era berean, batzordeak hiru bokal izango ditu, horietako bat HAEEk izendatuta. Bokal horiek izangaiei eskatzen zaien titulazioa eta espezialitatea izan beharko dute, estatutupeko langile finkoa, karrerako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izan beharko dute, eta deitutako maila hierarkiko bereko edo goragoko lanpostu funtzionala izan beharko dute.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da. Ordezko horrek aurrekoa ez dagoenean jardungo du, eta kide titularrentzat ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa bada, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako baliokidea izendatu ahal izango da epaimahaikide izateko.

Balorazio Batzordeko kide guztiak batzordekide indibidualak izango dira. Beren funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren arabera jardungo dute, zuzenbidearen pean jartzeari kalterik egin gabe.

Osaera emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioaren araberakoa izango da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, baldin eta egoerak horretarako aukera ematen badu. Sexu bakoitzak gutxienez ehuneko berrogeiko ordezkaritza badu, ordezkaritza orekatutzat joko da.

Batzordea osatzen duten pertsonek ezin izango dute jardun, eta deialdia egin duen agintaritzari jakinarazi beharko diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada. Kasu berberetan, prozesuan parte hartzen duten pertsonek edozein unetan sustatu ahal izango dute errekusazioa, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15. artikulutik 24. artikulura bitartean zehaztutako arauen arabera jardungo du.

Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte. Batzordekideek botoen gehiengoz hartuko dituzte erabakiak, eta horretarako emandako akta batean jasoko dira.

Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta haren objektibotasuna bermatzeko ardura hartuz. Era berean, deialdiaren oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta oinarrietan aurreikusten ez diren kasuen inguruan hartu beharreko irizpideak ezarriko ditu. Gainera, aktan jaso beharko dituzte, izangaiak ebaluatu aurretik, berariazko ebaluazio-irizpideak, oinarriei eta horietan jasotako merezimenduen baremoari jarraiki.

6.– Hautaketa-prozedura.

Hautagaien merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

– Kudeatzeko eta defendatzeko Memoria-Proiektua.

Balorazio Batzordeak deialdi fede-emailea egingo die hautagaiei, prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako Memoria-Proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori 72 ordu lehenago egin beharko da gutxienez, eta izangaiek zein egunetan, tokitan eta ordutan esku hartuko duten adierazi beharko da. Gainera, deialdia iragarri beharko da Osakidetzaren webgunean.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin aurretik, Balorazio Batzordeko kideek Batzordeko kideengan eragina izan dezaketen abstentzio- edo errekusazio-arrazoiak aztertuko dituzte, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko dizkiote.

Ondoren, izangai bakoitzari banan-banan deituko zaio proiektuaren azalpena eta defentsa egin dezan. Ondoren, elkarrizketa bat egingo da, eta, horren bidez, balorazio-batzordeko kideek bertan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dituzte, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa eta elkarrizketa publikoak izango dira.

Izangaiak jendaurrean jarri ondoren, Balorazio Batzordeak izangai bakoitzari puntuazioa emango dio, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

– Beste merezimendu batzuen balorazioa.

Batzordeak izangai bakoitzaren merezimenduen balorazioa eta puntuazioa egingo ditu, deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera. Eranskinean jasotzen da burutzak betetzeko prozesu horietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.

– Izendapenaren akta eta proposamena.

Epaimahaiaren aktan zehatz jaso beharko da epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioa, bai eta epaimahaiak hautagaiei ematen dien azken puntuazioa ere. Era berean, aktan azalpen labur bat jaso beharko da epaimahaiak puntuazioa emateko erabili dituen alderdiei buruz, bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzua kudeatzeko Memoria-Proiektuaren edukiari buruzkoak, bai egindako jendaurreko erakustaldiari buruzkoak; aurrekoaz gain, zehaztu beharko dira gainerako ataletan esleitutako puntuak ere.

– Izendapena.

Izendatua izateko, beharrezkoa izango da gutxienez prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortzea, eta nahitaez proiektuaren balorazioaren eta haren defentsaren atalari emandako puntuazioaren erdia.

Era berean, aktan jaso beharko da Balorazio Batzordeak puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde egindako proposamena.

7.– Prozedura ebaztea.

Izangaiek aurkeztutako proiektuak eta haien curriculum-merezimenduak ebaluatzeko fasea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena igorriko dio Zuzendaritza-gerentziari, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lortutako puntuazioak banakatuta. Hautagaietako inork ere ez baditu betetzen deialdian eskatutako baldintzak edo ez badu lortzen eskatutako gutxieneko puntuazioa, Balorazio Batzordeak proposatuko du deialdia hutsik uztea. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Zuzendartiza-gerentziak, egindako proposamena ikusita, ebazpena emango du proposatutako izangaia izendatzeko eta hala deitutako lanpostua betetzeko, edo bete gabe utziko du. Azken kasu horretan, arrazoiak hauetako bat izan beharko du:

– Izangairik ez aurkeztea.

– Izangaietatik inork ere ez betetzea deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintzak.

– Izangaietatik inork ez lortzea eskatutako puntuazioa.

Aurreko a) idatz-zatiaren kasuan, Zuzendaritza-Gerentziak deialdia bete gabe utzi ahal izango du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartu ondoren, beste izapiderik egin behar izan gabe.

Izendapen-ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web-orrian argitaratuko da. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiari.

8.– Esleipenaren ondorioak.

Atalburuzagitza lanpostuak aldi baterako izendapena ekarriko du, lau urterako, eta luzatu ahal izango da 28. artikuluan ezarritakoaren arabera. Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren araua (uztailaren 21eko EHAA, 138 zk.).

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, ebazpen hau aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2021eko martxoaren 31.

Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea.
EB (53/2019 Ebazpena, urtarrilaren 24koa).

Langileen zuzendaria,

ESTHER LITAGO SOLA.

ERANSKINA
Donostialdeko ESIko Otorrinolaringologiako Atal Sanitarioko Burua lanpostua (Onkologia Atala) betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoa.

Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

I.– Proiektua eta defentsa (gehienez, 30 puntu).

Izangaiek dagokion atalaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko Memoria-Proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.

Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:

a) Atala kudeatzeko aurkeztutako Memoria-Proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketako Memoria-Proiektuan atal hauek garatu beharko dira, gutxienez:

(Deialdiko lanpostuaren ezaugarrien arabera, deialdiaren Ebazpenean, deialdia egin duen agintaritzak zehaztuko du ondorengo a.1), a.2) eta a.3) atalei zenbat puntu egotziko zaizkien gehienez:).

a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (gehienez, 6 puntu).

Zerbitzuaren/Atalaren organigrama, buruzagitza-lanpostuaren funtzioak eta hari atxikiriko gainerako lanpostuen funtzioak adierazita.

Zerbitzuak/Atalak eta erakunde bereko beste zerbitzuek elkarren artean duten harremana.

Zerbitzuaren/Atalaren kudeaketa-plana, hobekuntza-arloak antolatzeko, aztertzeko eta detektatzeko helburuak zehaztuta eta haiek lortzeko behar diren neurriak identifikatuta. Eta horrekin batera, esleitutako giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromisoa edo plana.

a.2.– Atal asistentziala (gehienez, 6 puntu).

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.

Adierazle eta helburu asistentzialak, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.

a.3.– Irakaskuntzari eta ikerketari lotutako atala (gehienez, 3 puntu).

Irakaskuntzaren planifikazioa ezartzea zerbitzuan/atalean.

b) Memoria-Proiektuaren azalpen publikoa Balorazio Batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).

Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzean, Memoria-Proiektua defendatzean izandako argitasuna eta zehaztasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da, proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuta eta proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena kontuan hartuta.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Lan-esperientzia (gehienez, 13 puntu).

– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

– Administrazio publiko sanitarioen zuzendari gisa edo zuzendariorde mediko gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakoan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Ondorio horietarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen bada, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Prestakuntza kudeaketaren arloan (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita Osakidetzak edota beste edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).

– Doktore-titulua: 3 puntu.

– cum laude doktore-titulua: 4 puntu.

– Graduondoko masterra: 2 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 1 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu.

– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,1000 puntu.

Ez dira kontuan hartuko doktore-titulua, cum laude doktore-titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

– Eskualdeko hitzaldi bakoitzeko: 0,2500 puntu.

– Estatuko hitzaldi bakoitzeko: 1,0000 puntu.

– Nazioarteko ponentzia bakoitzeko: 1,5000 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2,0000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 1,500 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,0500 puntu.

III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.


Azterketa dokumentala