74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (272 KB - 3 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2198
AGINDUA, 2021eko martxoaren 18koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Lanean izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.
2021eko otsailaren 18an, Fundación Lanean izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2021eko martxoaren 10ean, akta egin du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Fundación Lanean izeneko fundazioak honako helburu hauek ditu estatutuen 4. artikuluaren arabera:
1.– Gizarte- eta lan-sustapena egitea talde hauen alde: egoera ahulean dauden kolektiboak, egoera kronifikatuan daudenak eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak; bereziki, gazteak eta berrogeita bost urtetik gorako langabeak, prestakuntza-gabezia handia duten pertsonak, emakumezkoak, kalteberatasun, bazterketa, desberdintasun, babesgabetasun, desgaitasun edo mendekotasun-egoerei aurre egiten dieten taldeak edo komunitateak; batik bat, Santurtzin bizi edo jaio direnek lehentasuna izango dute. Horretarako, gizarte-berrikuntzako tresnak garatuko dituzte.
2.– Aurreko kolektiboetako langileen enplegua, prestakuntza, kualifikazioa eta gizarteratzea sustatzea.
3.– Enpresen konpromiso soziala sustatzea eta garatzea; enpresa-finantzazioa duten proiektu sozialak gauzatzea eta finantzatzea, sektore publikoarekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan; ekintza sozialaren eta enpresen erantzukizun sozialaren esparruan enpresa-eredu eta jardunbide onenak biltzen dituzten dokumentuak eta proposamenak egitea; eta enpresen gizarte-erantzukizuna eta politika publikoko proposamenak egitea.
4.– Boluntariotza sustatzeko, gizarte-ekintza sustatzeko, gizarte-ekonomia sustatzeko edo antzeko beste edozein jarduera mota sustatzea, bultzatzea, garatzea, babestea eta laguntzea.
Estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Cuesta del Hospital Bajo, 11, Santurtzi (Bizkaia). Fundazioak bere jarduerak batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu, batez ere Bizkaiko Ezkerraldean.
Fundazioaren hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta honela osatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren atalean ezarritakoari jarraituz:
– Hamabost mila (15.000) euroko diru-sarrera Kutxabank banku-erakundean, Outsourcing Integral para la Empresa Strateia, S.Lk egina. Egiaztatuta geratu da, aipatutako erakundeak 2021eko otsailaren 9an egindako ziurtagiriaren bitartez.
– Hamabost mila (15.000) euroko diru-sarrera Kutxabank banku-erakundean, Sociedad Calasanz Santurtzi, S.L erakundeak egina. Egiaztatuta geratu da, aipatutako erakundeak 2021eko otsailaren 9an egindako ziurtagiriaren bitartez.
Estatutuen 10. artikuluaren arabera, Patronatua honela osatuko da: gutxienez hiru lagun, eta gehienez zazpi. Estatutuen 14.3 artikuluaren arabera, patrono-karguak lau urteko iraupena izango du.
Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatuko dute:
– Presidentea: Carlos Nieto Cuadrado.
– Idazkaria: Bruno Alvarez Amezaga.
– Diruzaina: Ignacio Alonso Sanchez.
Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Pertsona legitimatu batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea Santurtziko Fundación Lanean izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, egun honetan eta F-467 zenbakiarekin, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren egitate-aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte beren karguak, hain zuzen ere Raquel Ruiz Torres Bilboko notario andrearen aurrean 2021eko otsailaren 10ean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (Protokolo-zenbakia: 232).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 18a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.