Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2021eko apirilaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2135

AGINDUA, 2021eko apirilaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, mila milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Otsailaren 23ko 70/2021 Dekretuak 2021eko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak 10. artikuluko 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren kontura.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Mila milioi (1.000.000.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, otsailaren 23ko 70/2021 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 1.000.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonu jasangarriak.

c) Jaulkitze prozedura: jaulkipen publikoa.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2021eko apirilaren 16a.

e) Interesa: urteko nominalaren % 0,45, urtero apirilaren 30ean ordainduko dena; kupoi luze bat ordainduko da 2022ko apirilaren 30ean.

f) Jaulkitze-prezioa: % 99,272.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2032ko apirilaren 30a.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, balore-merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Baimena ematen zaio Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari edo Finantza Politikako zuzendariari, bietako edonori, zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetzen ordainketa erakunde mandatari baten bidez egingo da; jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Baloreen Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemak Kudeatzeko Sozietateak egingo ditu, horretarako izendatutako Erakunde Eragilearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 7a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala