Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2021eko apirilaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2052

AGINDUA, 2021eko martxoaren 24koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzetarako deialdia egiten baita, 2021. ekitaldirako, martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan aurreikusitakori jarraituz.

Nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzei buruzko martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzten pertsonentzako ostatuetarako laguntzen araubidea arautzea.

Eskabideak aurkezteko epea urtero agindu bidez zehaztuko dela xedatzen du 8. artikuluak. Agindu horretan jasoko dira eskabideak aurkezteko epearen hasiera, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren aipatutako laguntzei erantzuteko gehieneko zuzkidura globala, eskabidea aurkezteko ereduak onartzea, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak, higiezinak eraikitzeko eta, hala badagokio, eskuratzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa, baloraziorako azpi-irizpideei esleitutako puntuazioen baremazioa eta horren baliokidetasuna laguntza-ehunekoan, 10. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, inbertsioak eta gastuak egiteko epea, deialdi bakoitzean erabiltzen diren irizpide objektiboen arabera, diruz laguntzen den ekintza mota bakoitzerako laguntzak eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak, eta deialdian ordainketa partzialak egiteko aukera.

Hori guztia dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako aurrekontu orokorretan – Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen bidez onartuak– laguntza horiek finantzatzeko ordainketa-kreditua erabilgarri dagoenez, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko dirulaguntzen araudia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzei buruzko martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan aurreikusitako laguntzetarako deialdia egitea 2021. ekitaldirako.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdirako eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretarako izendatutako kreditua agortzen denean amaituko da, kasu horretan Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez egoeraren berri emango delarik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta; edo bestela, 2021eko azaroaren 15ean amaituko da epea.

2.– Agindu honen bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-eredua: https:/www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013808 eta eranskin gisa argitaratzen da.

Hirugarrena.– Izapideak egiteko zehaztapenak.

1.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 artikuluan xedatutakoa betez:

a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.

● Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat. Eskatzaileak eskaera postetxe batean aurkeztea erabakitzen badu, gutun-azal irekian aurkeztuko du, posta-zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua baino ez da beharko (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean).

Hala ere, ahal den neurrian, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

● Modu elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira: https:/www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013808

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. zenbakiko a), b), c) eta d) apartatuetan aurreikusitako gainerako subjektuek.

2.– Eskabideak modu elektronikoan nahiz presentzialean aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena: https:/www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013808

3.– Eskabidea egin osteko izapideak, modu elektronikoan egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta: http://www.euskadi.eus/nire-carpeta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako dokumentuak modu presentzialean zein elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke: https:/www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013808.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.

Izapidetze elektronikoaren kasuan, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Laugarrena.– Diru-zuzkidura.

Agindu honen bidez eginiko deialdiaren xede diren laguntzak emateko gehieneko zuzkidura globala Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez du 70.000 euroko zenbatekoa gaindituko.

Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

Eskabideak aztertzeko eta laguntzen zenbateko zehatza zehazteko, irizpide objektiboak eta bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioa hartuko dira kontuan. Hona hemen irizpide horiek:

1.– Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.

2.– Honela esleituko dira puntuak:

A) Kokapena: Ostatuaren kokapena, eremuko ostatu-beharrizanekin lotuta. 20 puntu gehienez.

1.– Landatartasun-maila, agindu honen eranskinean jasotakoa aplikatuta. 10 puntu gehienez.

a) G1 landatartasun-maila: 10 puntu.

b) G2 landatartasun-maila: 8 puntu.

c) G3 landatartasun-maila: 6 puntu.

d) G4 landatartasun-maila: 4 puntu.

e) G5 eta G6 landatartasun-mailak: 2 puntu.

f) Hirikoa: 0 puntu.

2.– Lehentasunezko eskualdeak. 10 puntu gehienez.

a) Arabako Errioxa: 10 puntu.

b) Arabako Lautada eta Mendialdea: 8 puntu.

c) Gainerako eskualdeak: 5 puntu.

B) Sustatzailea.

1.– Entitate publikoak izanez gero: 40 puntu gehienez.

Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea (40 puntu)

2.– Erakunde pribatuak izanez gero: 40 puntu gehienez.

a) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea: 20 puntu.

b) Jarduera nagusia nekazaritza izatea. 5 puntu.

c) Nekazaritzako ustiategi bateko emakume nekazari titularra edo titularkidea izatea, edo, pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan. 15 puntu.

C) Proiektua: 40 puntu gehienez.

1.– Ostaturako jarritako plaza kopurua. 20 puntu gehienez.

a) 8 plaza arte: 10 puntu.

b) 9 eta 16 plaza artean: 15 puntu.

c) 16 plazatik gora 20 puntu.

2.– Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena. 20 puntu gehienez.

a) Plazako 7.000 euro-tik gora: 5 puntu.

b) Plazako 3.000 euro eta 7.000 euro artean: 15 puntu.

c) Plazako 3.000 euro-tik behera: 20 puntu.

3.– Proiektu bakoitzari, aipatutako irizpideak aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera, esleitu beharreko laguntza zehatza honela gauzatuko da:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

1.– Hirugarrenen alta.

Egoitza elektronikoan izapidetu ahal izango da, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

2.– Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita).

3.– Pertsona juridikoa izanez gero, zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria.

4.– Erakunde publikoen kasuan izan ezik, nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea izatearen egiaztagiria.

5.– Ondasun higiezina ostatu gisa egokitzeko erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.

6.– Pertsona fisikoen edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko pribatuen elkarteak edo ondasun-erkidegoak direnean, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte, eskaerari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, eta bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

7.– Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako egikaritze-epeak, kokalekua, finantzaketa nahiz aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta, eta/edo proformako fakturak.

8.– Nahitaezko kasuetan, ostatuei buruz indarrean dauden xedapen espezifikoetara egokitzen den proiektu teknikoa, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, haiek eskuratzeko eskabidea.

9.– Hala badagokio, Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita dagoela adierazten duen «konpromisoaren» kopia.

10.– Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauei dagokienez: martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan eskatutako betekizunak betetzen dituela; aurkeztu dituen dokumentuak egiazkoak direla; martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 6. artikuluaren 4. paragrafotik 15.era bitartean ezarritako betekizunak betetzen dituela; hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela, eta administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean; eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren edukiaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

11.– Azken bi urteetako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.

Dirulaguntza baloratu eta kalkulatzeko, eskabidean jasotako datu edo merezimenduak ez dira kontuan hartuko, baldin eta agiri bidez justifikatu ez badira.

Zazpigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

Diruz lagundu daitezkeen kostuak martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 4. artikuluan jasotakoak dira, BEZa barnean dela, betiere ezin bada berreskuratu. Sasoikako langileentzako ostatu izateko higiezinak eraikitzeko edo, hala badagokio, eskuratzeko gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da.

Zortzigarrena.– Gauzatzeko epea.

2021eko ekitaldirako, inbertsioak eta gastuak gauzatzeko epea 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

Bederatzigarrena.– Ordainketa.

Inbertsioa egin eta justifikatu ondoren egingo da ordainketa, martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Deialdi honetarako ez da ordainketa partzialik aurreikusten.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala