Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1926

AGINDUA, 2021eko martxoaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte plastikoak eta bisualak sustatzeko Gure Artea sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23koa 73/2021 Dekretuak, zeinaren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baita.

Gure Artea sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta saria jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lanaren ordaina izan nahi dute, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena ere. Horretarako, batetik, sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik, bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta bisualen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, arte plastiko eta bisualak sustatzea. Sari-deialdi hau eta berari atxikia dagoen sari-ematea aipaturiko helburu hori lortzeko tresna bat dira, sormenaren garapena bultzatzen baitute arte-sorkuntzarako pizgarrien eta aitorpenaren bidez, eta euskal arte garaikidearen hedapena errazten ere bai, bide batez beren lan sortzailea dela-eta edo arte plastiko eta bisualen arloan izandako jarduera dela-eta gizartearen errekonozimendua bideratzen baitute.

Beraz, bere zeregina betetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arte plastiko eta bisualak sustatzeko Gure Artea sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da arte plastiko eta bisualak sustatzeko Gure Artea sariak, haien hiru modalitateetan, arautzea eta horretarako deialdia egitea:

a) Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.

b) Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.

c) Arte plastiko eta bisualen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta bisualen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak.

2.– Guztira hiru sari emango dira, modalitate bakoitzean bat.

3.– Deialdi bakoitzeko sari bakarra lortu ahalko da.

2. artikulua.– Sarien diru-baliabideak eta zuzkidura.

Agindu honen xederako 54.000 euro bideratuko dira, 2021eko EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontu-partidaren kargu. Sari bakoitzaren zenbatekoa 18.000 euro gordin da.

3. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko saria (b modalitatea) jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza bertan duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere.

2.– Arte plastiko eta bisualen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria (c modalitatea) jasotzeko hautagaiak pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izango dira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko erakunde autonomoren batek emandako izaera bereko laguntzaren baten esparruan itzultze- edo zigor-prozedurak abiarazi badira eta oraindik izapideak egiten ari badira, sarien esleipena eta, hala badagokio, sariak ematea delako prozedurak erabat amaitu arte baldintzatuta egongo dira.

4.– Ezingo dira saridun izan laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsonak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute saria jaso sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsonek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5. artikulua.– Epea, hautagai-zerrendak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Hautagaiak epaimahaiko kideek aurkeztuko dituzte arrazoitutako proposamenaren bidez, eta hautagaien beraien aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko dute.

2.– Epaimahaikideek beren hautagaitzak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara bideratuko dituzte. Zuzendaritza horri dagokio aurkeztutako hautagaitzei buruzko dokumentazioa aztertzea.

3.– Epaimahaikideek beren hautagaitzak aurkezteko honako bide hauek dituzte:

– Bide presentziala: hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako dependentzia eta organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: hautagaitzak aurkeztu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, ondorengo helbidean: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128206

Hautagaitza aurkezteko edo dokumentazioa gehitzeko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Administrazio elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

4.– Tramitazioari buruzko argibideak eta ereduak, bide presentzialean nahiz elektronikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, ondorengo helbidean: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128206

5.– Hautagaitza aurkeztu ondorengo izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin behar dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Betekizunak konplitzeari dagozkion akreditazioak eta onespenari dagokion dokumentazioa, lehenago ekarri ez badira, Epaimahaiak akordioa lortzen duenean eskatuko dira. Hautagaiak onespena eman ezean edo eskatutako betekizunen bat konplitzen ez duela egiaztatzen bada, edo horri dagokion akreditazioa aurkezten ez bada, hautagaitza baztertuta dagoela ulertuko da. Horren ondorioz, Epaimahaiak deliberazioekin jarraitu beharko du beste akordio bat lortu arte. Hautagaitza egin duen pertsonari dagokio akreditazioak aurkeztea.

8.– 4.1 artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen direla akreditatuko da hautagaiaren jaiotze-lekua jasotzen duen nortasun agiri, pasaporte edo balio bereko dokumentu baten bitartez eta errolda agiriaren bitartez.

9.– 4.4 puntuan ezarritako betekizuna hautagaiaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

10.– Nortasun juridikoa sortze-eskrituraren eta estatutuen bidez egiaztatuko da, bai eta kasuan kasuko Erregistro Publikoetan inskribatuta dagoela ere. Ez da beharrezkoa dokumentu horiek aurkeztea, elkartea, fundazioa edo kooperatiba Euskadiko erregistroetan inskribatuta badago.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Hautagaiak aztertu eta ondorengo epaia ematea epaimahai bati dagokio. Epaimahaia aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bost kidek osatuko dute eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahaiak erabakiko du bere lehenengo bileran lehendakaria nor izango den.

2.– Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/1015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Halaber, batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.

3.– Hauek izango dira 2021eko Gure Artea Sarien Epaimahaiko kideak: Alicia Fernandez Lopez, Pello Irazu Mendizabal, Ion Munduate Arbelaiz, Mikel Onandia Garate, Jone Alaitz Uriarte Iriarte.

4.– Idazkari-lanetan M. Jesus Cambra Contin, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, arituko da. Idazkariak iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

5.– Epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu erabakia hartzeko:

a) Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea:

– Artistaren jardueraren kalitate artistikoa.

– Ibilbide eta bilakaera artistikoa.

– Euskal sorkuntza eta kultura garaikideari egiten dion ekarpena.

– Nazioarteko proiekzioa.

b) Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea:

– Artistaren lanaren kalitate artistikoa.

– Azken urteotako ibilbide eta bilakaera artistikoa.

– Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena.

c) Arte plastiko eta bisualen arloan egindako lana aitortzeko modalitatea:

– Saria jasotzeko hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren kalitatea eta haren garrantzi artistiko-kulturala.

– Saria jasotzeko proposatu den entitatearen hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren interesa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta bisualak sustatzeko lanagatik, kulturaren balio-katearen edozein fasetan.

– Euskal artisten lana hedatzeko eta horri balioa emateko ekimenak egitea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektore sozial eta ekonomikoekin elkarreragiteko eta harremanetan jartzeko proiektuak garatzea, euskal sortzaileen sorkuntza-lanari balioa emateko.

7. artikulua.– Epaimahaiaren erabakia.

1.– Epaimahaiak modalitate bakoitzeko sariak emateko proposamen arrazoitua egingo du, proposamen horren zergatiak azalduta. Epaimahaiaren erabakiek bertako kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, agindu bidez, modalitate bakoitzeko Gure Artea sariaren irabazleak izendatuko ditu. Agindua banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, hautagaitza ez dela onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian modalitate bakoitzean saritutako pertsonen zerrenda jasoko duen iragarkia argitaratuko da, baina, horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zabalkunderako egokitzat jotzen dituen ekintzak egin ahal izango ditu hedabideetan.

4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, baina, kasu horretan, epaimahaiak azaldu beharko du zertan oinarritu den erabaki hori hartzeko.

5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

8. artikulua.– Sarien ordainketa.

Saria ordainketa bakar batean emango da, behin saria ematen duen ebazpena hartutakoan eta gehienez hiru hilabeteko epean. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu egiten dutela ulertuko da.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntzekin.

10. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan finkatutako edozein betebehar edo beste edozein xedapenetan jasota dagoen eta deialdi honi aplikatu dakiokeen edozein eginkizun betetzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa (Dekretu horrek arautu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta ezarri egiten ditu horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: arte plastiko eta bisualak sustatzeko Gure Artea Sariak ematea.

Lege-oinarria: beharrezko tratamendua, interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa – 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/0128206

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala