Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1924

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 17koa, Migrazio eta Asiloko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita 2020ko abenduaren 1eko 404/2020 epaia betearaztea; Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak eman du epai hori, 349/2018 prozedura arruntean.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren bidez (2017-07-11ko EHAA, 131. zk.), immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ziren, eta laguntza horietarako deialdia egin zen 2017. urterako.

Bigarrena.– 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren 14. eta 16. artikuluetan ezarri zen zer betebehar eta baldintza bete behar zituzten eskatzaileek finantzaketa publikoa eskuratu ahal izateko; orobat, berariazko esleipen-irizpideak ezarri ziren.

Hirugarrena.– Deialdi horretan, Ermuko Udalak dirulaguntzen lehen lerrorako laguntza bat eskatu zuen, 23.870,00 eurokoa (dirulaguntzen lehen lerroa: immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak). Ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak 2017ko azaroaren 6ko Ebazpena eman zuen, 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren babesean aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak ebazteko; bada, ebazpen horretan, ez zen onartu Ermuko Udalak dirulaguntzen lehen lerrorako egindako eskaera, epez kanpo aurkeztu izanagatik (dirulaguntzen lehen lerroa: immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak).

Laugarrena.– 2017ko abenduaren 11n, Ermuko Udalak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen erabaki horren aurka, eta Gizarte Politiketako sailburuordeak ezetsi egin zuen errekurtso hori, 2018ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez. Gero, Ermuko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka; 2018ko apirilaren 23an sartu zen errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Salan.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman du, Ermuko Udalaren legezko ordezkaritzak Gizarte Politiketako sailburuordearen 2018ko otsailaren 8ko Ebazpenaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan. Epaia irmoa da, legez ezarrita dauden epeak igaro direlako.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 12. artikuluak zera ezartzen du epaiak betearazteari buruz: «Auzitan den gaia dela-eta epaia betearazteko unean eskumena duen sailaren edo erakunde instituzionalaren organoak izango du epai irmoak betearazteko eginkizuna, baita behin-behinean betearaztekoa ere legez hala dagokionean».

Zazpigarrena.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 18. artikuluan ezarrita dagoenez, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari dagokio ebazpen judiziala betearazteko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta, beraz, 404/2020 epaia betetze aldera, dagokion ebazpena ematea; izan ere, zuzendaritza horrek du eskumena 2017ko ekainaren 21eko Aginduaren bidez araututako laguntza-deialdia kudeatu eta ebazteko.

Horrenbestez, eta indarrean dauden legeek emandako eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2020ko abenduaren 1eko 404/2020 epaiaren epaitza betearaztea, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak eman baitu 349/2018 prozeduran, eta, hortaz, epaitza zuzen eta egoki betetzea. Epaitzaren xedapen-zatiak hau dio: Ermuko Udalaren ordezkaritzak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2018ko otsailaren 8ko Ebazpenaren kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zati batean baietsirik, aurkaratutako ebazpena deuseztatu behar dugu; horiek horrela, jarduketen atzeraeragina xedatzen da, eskaera onartutzat joko da eta, behar diren izapideak egin ondoren, organo eskudunak dagokion ebazpena emango du (2018ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, ezetsi egin zen Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariaren 2017ko azaroaren 6ko Ebazpenaren aurka jarri zen gora jotzeko errekurtsoa; azken ebazpen horrek ez zuen izapidetzeko onartu Ermuko Udalak aurkeztu zuen dirulaguntza-eskaera, immigrazio-teknikariak kontratatzekoa eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzekoa).

Bigarrena.– Egiaztatuta dagoenez eskaerak bete zituela 2017ko ekainaren 21eko Aginduan ezarritako betekizunak, Ermuko Udalari 23.870 euro esleitzea, kontzeptu honengatik: immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.

Hirugarrena.– Ordainketa bakar baten bidez emango da dirulaguntzaren zenbatekoa, ebazpen hau argitaratu eta hilabeteko epean gastuaren exekuzioa eta akreditazioa justifikatu ondoren.

Laugarrena.– Gastuak justifikatzeko, jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, edo, salbuespenez, haien kopia konpultsatuak, edo, bestela, erakunde publiko horretan fede publikoa duen pertsonak egindako ziurtagiria. Azken kasu horretan, datu hauek jasoko dira ziurtagirian: kontratatutako immigrazio-teknikarien kopurua eta lanbide-kategoria, harreman horren ondorioz sortu den kostu ekonomikoa eta egindako jardueren kostua, guztiak 2020. urteari dagozkionak.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Jarduketa guztiak egin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara bidaltzea, autoetan jasota gera dadin epaia guztiz betearazi dela.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.

Migrazio eta Asiloko zuzendaria,

XABIER LEGARRETA GABILONDO.


Azterketa dokumentala