Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1923

AGINDUA, 2021eko martxoaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten duena, Ulibarri 2021-2022 Programan jarraitzeko edo sartzeko.

Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuak (ekainaren 21eko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri Programa arautzen du.

Aipatu dekretuaren 8.d) artikuluak zera dio: «Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat».

Bestalde, Dekretuaren 18.1 artikuluaren lehen puntuak honako hau dio: «Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea». Deialdi hau 2021. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Horrez gain, Dekretuaren 27.3 artikuluak dio hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango direla, edo deialdi berezietan.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira Hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretua (ekainaren 21eko EHAA), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (VI. titulua), Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hortaz, Ulibarri Programak eta 2021-2022 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzako prozedura ezarri behar da agindu bidez.

Horren guztiaren haritik, hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.– Xedea eta diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen xede nagusia da hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei dei egitea Ulibarri Programako 2021-2022 ikasturteko eskabideak egin ditzaten. Eskatzaileak berriak edo jarraitu nahi dutenak izan daitezke.

Deialdi honi dagokion araudia Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 dekretuan dago jasota.

2.– Deialdi honetan, Ulibarri Programan sartuko diren edo jarraituko duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko 1.225.000 euro erabiliko ditu, gehienez, Hezkuntza Sailak.

2. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ulibarri Programan sartu edo jarraitu nahi duten hezkuntza-ituna duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

2.– Ikastetxe berriak: 2021-2022 ikasturterako Ulibarri Programara bildu nahi duten ikastetxeek, eskabidearekin batera, honako dokumentuak aurkeztu behar dituzte:

a) Ikastetxearen hizkuntza normalizazioko proiektua, ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta aplikazioari begira Berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko aholkulariek emandako instrukzioekin bat, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.

b) Proiektu-proposamenak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena baduela egiaztatzen duen agiria (akta).

c) Proiektu-proposamena ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen Ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.

Eskabideak nola bete behar diren jakin nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173217

3.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2021-2022 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute helbide honetan aurkezten diren arauen arabera:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173218

4.– Eskabidea egin ondoreneko jarraibidea gune honen bitartez egingo da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren honako helbide honetan daude eskuragarri:

www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, eta helbide honen bidez eskuratu ahal izango da:

www.euskadi.eus/ordezkaria

3. artikulua.– Eskatzaileek egin beharrekoak eta justifikazioa.

1.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeek, sartu berriek zein lehendik daudenek, 2021eko irailaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean, 2021-2022 Hizkuntza Normalizazioko Ikasturteko Plana eskegi beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Baldintza hori bete beharko dute eskabidea egin eta gero, eta Ulibarri Programaren Jarraipen Batzordeak oniritzia emandakoan.

2.– Era berean, 2022ko martxoaren 1etik 2022ko apirilaren 1era bitartean, 2021-2022 ikasturteko bukaerako memoria aurkeztu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.- 2021-2022 ikasturtean aritutako Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoaren (HNAT) diruz lagundutako liberazio-orduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nominak eskegi beharko dituzte 2022ko ekainaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

a) Honako nomina hauek aurkeztu behar dira: 2021eko irailetik 2022ko ekainera artekoak, biak barne.

b) Aurkeztu beharreko nominak ikastetxeko Planaren arduradun teknikoa (HNAT) ordezkatzeko kontratatutako irakasleenak dira.

c) Ikastetxean planaren arduraduna ordezkatzeko kontratatutako irakasleen nominek Ordainketa Eskuordetutik kanpo egon beharko dute.

d) Ikastetxeek justifikazio-inprimakia bete eta eskegi beharko dute. Inprimakia helbide honetan dago:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173218

4.– Orobat, 2021-2022 ikasturtean, ikastetxe guztiek ikastetxean bertan eta bere eragin-esparruan erabilerak bizi duen egoeraren azterketa (diagnostikoa) eta hurrengo lau urteetarako hizkuntza normalizazioko proiektua egin behar dute. Lau urteko proiektua aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2022-2023 ikasturterako Ulibarri agindua EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera.

4. artikulua.– Jarraipen-batzordearen osaera.

Honako pertsona hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria. Amaia Agirre Pinedo.

– Bokalak:

a) Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuko burua.

b) Euskara Zerbitzuko Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari. Alfredo Castresana Herran eta Maitane Izagirre Zubimendi.

c) Berritzeguneetako normalizazioko bi aholkulari (HNA) eta Berritzeguneko hizkuntza normalizazioko programaren arduraduna: Maria Luz Arranz Uribarrena, Garbiñe Altuna Villar eta Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa.

d) Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.

– Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.

5. artikulua.– Bete beharreko araudia.

Deialdi honi dagokion araudia Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 dekretuan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala