Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1914

348/2021 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Arreta Integratuaren Zuzendari lanpostua betetzeko deialdi publikoa.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Arreta Integratuaren zuzendaria lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetza Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

Lehenengoa.– Honako hauek eska dezakete Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Arreta Integratuaren zuzendaria lanpostua: Osakidetzako Zerbitzu Sanitarioetako Erakundeei atxikitako langile finkoek (funtzionarioak, estatupekoak edo lan-kontratudunak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioek eta baldintzak betetzen dituen beste edozeinek. Hona hemen bete beharreko baldintzak:

– Medikuntzako eta Kirurgiako Lizentzia/Gradu titulua edukitzea.

– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izatea.

Bigarrena.– Interesdunek Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako leku eta moduetan ere aurkeztu ahal izango dira agiriak (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Hirugarrena.– Eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitae aurkeztu beharko dute deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Lanean eta kudeaketa sanitarioan daukaten eskarmentua.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dituzte. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 15a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala