63. zk., 2021eko martxoaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 5 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1843
EBAZPENA, 2021eko martxoaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Murugaingo (Aretxabaleta) telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Itelazpi, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietate publikoak sustatuta.
AURREKARIAK
2021eko urtarrilaren 12an, Aretxabaletako Udalak Murugaingo telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean.
21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan jasota dagoelako. Esku artean dugun proiektua, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IB eranskinean jasota dagoen baimendutako proiektu baten aldaketa da. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak. Txostenean, aztertzen da proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Murugaingo telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiekturako, Itelazpi, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietate publikoak sustatuta, honako baldintza hauetan:
A) Proiektuaren xedea da egun Murugainen dagoen telekomunikazio-zentroko 34 metroko dorrea kendu eta 41 metroko dorrea jartzea.
B) Murugaingo telekomunikazioen zentroa ordezkatzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Murugaingo telekomunikazio-zentroaren egungo dorrea gainkargatuta dago antenen pilaketagatik, eta, beraz, egonkortasun-arazo handiak ditu haize gogorra dabilenean. Hortaz, aldatzea aurreikusi da, hedapen-zerbitzuak hobetzeko. Dorre berria egungo dorrea dagoen lekutik 10 metrora jarriko da.
Murugaingo telekomunikazio-zentroaren egungo esparruak 318 m2-ko azalera du guztira, eta, antenaz gain, komunikazio-ekipamenduak eta multzo elektrogenoa barne hartzen dituzten eraikinak ere baditu. Zentroaren azalerak 106 m2 gehiago izango ditu.
Jarduketa hauek egingo dira:
– Sarbidea sendotzea, dorrea ordezteko behar diren makinak igaro daitezen; izan ere, sarbideko azken 2,6 kilometroetako harrizko zorua oso irregularra da.
– Dorre berria kokatuko den lursaila egokitzea, zimenduak hondeatzea (3,5 x 3,5 x 3 m), ainguraketak jartzea eta zolata hormigoiztatzea.
– Egitura muntatzea.
– Perimetroan hesia jartzea, jarduketa-eremuaren perimetroan landare-lurra jartzea eta zuhaixkak landatzea.
– Egungo dorreko ekipamenduak eta antenak dorre berrira eramatea eta egungo dorrea eraistea.
Obrak egiteko epea hilabetekoa da.
2.– Proiektuaren kokapena.
Proiektua Murugain mendiaren gailurretik oso gertu dago, lurzoru urbanizaezin batean, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren barruan (irailaren 16ko 177/2014 Dekretuaren bidez onartu zen plan hori), basoa - mendi mehatza antolamendu-kategorian.
Ez dago naturagune babestu batean, eta ez du eraginik fauna edo flora babestuan. Zentroaren handitze-eremuko landaredia Europar Batasunaren intereseko 4030 habitata da, hau da, txilardi lehor europarrak.
Komunikazio-dorre berria Murugaingo Burdin Aroko esparru gotortuaren barruan dago. Esparru hori interes arkeologikoko ondasun gisa jasota dago Aretxabaletako Arau Subsidiarioetako ondarearen katalogoan, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean kultura-ondasun izendatzeko eta babesteko proposatua dago.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, eta proiektua babesteko proposatutako kultura-ondasun baten mugaketaren barruan kokatuta dagoela kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak kultura-ondarean eragingo dutenak izango dira, eta, beraz, prebentzio-neurriak hartu beharko dira horri dagokionez.
Gerta daitezkeen beste ondorio batzuk paisaiaren gaineko eraginarekin lotuta daude; izan ere, dorre berriak intrusio bisual handiagoa eragingo du, egungoak baino 7 m gehiago baititu.
Proiektuaren eragin-eremua oso txikia da, eta, beraz, ez du eragin adierazgarririk izango inguruneko beste elementu batzuetan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Bai egungo telekomunikazio-zentroa, bai esparrua handitzea, Murugaingo Burdin Aroko esparru gotortuaren barruan egingo dira. Esparru hori kultur ondasun deklaratzeko eta babesteko proposatu da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean.
– Lursailean edozein esku-hartze egin aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, eta foru-organo eskudunari aurkeztuko zaio, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua betetzeko.
– Gainera, komunikazio-dorreen kopurua eta horiek hartzen duten azalera murrizteko aukera kontuan hartzea iradokitzen dugu, esparru gotortuan egun duen eragina murrizteko.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen denean hondakinak balorizatzea ezinezkoa dela, bai teknikoki, bai ekonomikoki eta bai ingurumenaren ikuspegitik.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak:
– Obrako makinak igarotzean instalazioetarako sarbideetan sor daitezkeen isuriak edo ihesak saihesteko neurriak hartuko dira.
– Bai dorre berria instalatzeagatik, bai zentrora sartzeko bidea birmoldatzeagatik, proiektua gauzatzeko obrek kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira, baita instalazio lagungarrien eta pilaketen eremuak ere. Landareztatze-lanetarako, espezie autoktonoak erabiliko dira, eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak ekiditeko.
– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere eragindako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Era berean, ahal den guztietan, aurkitzen diren espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-eremutik.
– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoizko upeletako kanaletak garbitzeko esneak ezin izango dira inola ere lurrera isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honetako hurrengo apartatuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.
Garbiketa eta obra-akabera:
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Murugaingo telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko, ITELAZPI, Eusko Jaurlaritzaren Telekomunikazioen Sozietate Publikoak sustatuko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Aretxabaletako Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 1a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.