Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2021eko martxoaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1782

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 11koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 11ko Erabakia argitaratzen den, 2021eko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 11ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Beint Nazioartekotze Bekak» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 11.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendaria,

AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO MARTXOAREN 5EKO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESEN-GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN AKORDIOA, 2021EKO MARTXOAREN 11KOA, «BEINT NAZIOARTEKOTZE BEKAK» (2021) LAGUNTZEN PROGRAMA ARAUPETZEKO OINARRIAK ONARTZEN ETA DEITZEN DITUENA, ETA DEIALDIA ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, zeregin esleituen artean ditu industria- eta enpresa-jarduera sustatzera bideratutako lanak, inbertsio, garapen, dibertsifikazio eta lehiakortasun industriala, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen berrikuntza, nazioartekotzea eta garapena, eta enpresa-ekintzailetzako jarduera sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horri loturik, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat jarduera egin ditu, euskal enpresak nazioartekotzea bultzatzeko. Jarduera horien artean aipagai dira laguntza-programak; hain zuzen, horien bitartez, gure enpresek nazioartean duten lekua hobetzeko ahalegina egiten da.

Beraz, Laguntza Programa hau helburu nagusi batekin diseinatu da: euskal gazteek nazioartekotzearen esparruan duten prestakuntza sustatzea, gure enpresei atzerrian laguntza eman diezaioketen profesionalen poltsa bat sortzeko.

Beste alde batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsiak, 48.5 artikuluan agintzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrez finantzatutako erakunde orori dirulaguntza bidezko jarduera doitzeko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera.

Adierazitako guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onestea «Beint Nazioartekotze Bekak» (2021) laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta dagokion edukia. Edukia ebazpen honen I. eranskin gisa erantsi da.

Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari eskumenak ematea ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean sartzeko behar diren izapide guztiak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka hautazko helegitea aurkeztu ahalko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahalko da zuzenean, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA
BENIT – NAZIOARTEKOTZE BEKAK (2021) LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. Legegintzaldirako Gobernu Programak lehenengo ardatzean (Oparotasuna) aurreikusten du, industriaren eta nazioartekotzearen esparruan, 18. konpromisoa: euskal enpresak nazioartekotzea.

Gobernu Programa horrek hala aginduta, konpromiso hori Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresak Nazioartekotzeko Gobernu Programan zehaztuko dira, gutxieneko edukiekin. Horien artean nabarmentzekoa da «Profesional espezialistak areagotzea nazioarteko merkatuetan».

1980ko hamarkadaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak beka-programa bat izan du, gazteak kanpoko merkataritzari begira prestatzeko eta atzerrian praktikak ahalbidetzeko. Denbora-tarte horretan, prestakuntza-beharrizanak, merkatuak eta erakunde globalak paraleloki garatu dira. Beint programak aukera ematen die euskal unibertsitario titulatuei nazioartekotze-prestakuntza jasotzeko, atzerriko erakunde eta enpresetan. Programaren helburua da gazteek esperientzia laboral eta pertsonal bakarra erdiestea, aldez aurretik duten prestakuntza akademikoari eta profesionalari laguntzeko, eta horiek osatzeko.

Giza kapital espezialista sortzeak eta dinamizatzeak onuragarri izan behar du, halaber, euskal enpresentzat; zehazki, nazioarteko merkatuetan euren ekimenei bermez ekiteko.

Oinarri hauek aldatu egiten dituzte aurreko ekitaldietako oinarriak, prestakuntza-esperientzia eguneratzeko eta programaren kudeaketa hobetzeko. Aipatutako aldaketen artean eta 2020an programari gogor eragin zion osasun-krisitik eratorritako ikaskuntza gisa, aipagarria da berme handiagoko erregulazioa, muturreko dispertsio geografikoa berezko ezaugarri duen kolektibo batean sor litezkeen ezohiko eta askotariko egoerak kudeatzeko.

Programa hau 2021 ekitaldirako onetsitako erakundearen Dirulaguntzen plan estrategikoan jaso da.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da Beint 2021 Nazioartekotze Beken programa araupetzea. Helburu dute euskal unibertsitario titulatuei nazioartekotze-prestakuntza ematea, euskal enpresek eta bestelako erakundeek etorkizunean profesionalez osatutako oinarria izan dezaten, ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez aurre egiteko ahalmena lortze aldera.

2.– Xede hori programa honetan parte hartu nahi duten unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakunde publikoen zein pribatuen lankidetzaren bitartez gauzatuko da.

2.– artikulua. Deitutako bekak.

2021 ekitaldian 125 nazioartekotze-beka emango dira gehienez ere.

Pertsona onuradunek prestakuntza teorikoa jasoko dute (1. fasea horretan datza) eta prestakuntza hori ezarritako irizpideak beteta amaitzen duten pertsonen artean hautatuko dira A eta B modalitateetan jarraituko duten bekadunak, honela:

– Gehienez ere 80 beka A modalitatean (programaren 1., 2. eta 3. faseak egingo dituzte).

– Gehienez ere 45 beka B modalitatean (programaren 1. eta 3. faseak egingo dituzte).

1. faserako, gehienez ere 20 ordezko hautatuko dira, ikastaroaren lehenengo bi asteetan gerta litezkeen ukoak edo bestelako gorabeherak ordeztu ahal izateko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera, programaren 2. eta 3. faseetarako 5.000.000 euro bideratu dira, zehazki, honako hauek ordaintzeko: zuzkidurak, Gizarte Segurantzaren ordainketak, eta prestakuntzarako eta kontingentzietarako aparteko gastuak. Aurrekontua honela banatuko da:

– 2021 ekitaldia: 700.000 euro.

– 2022 ekitaldia: 3.000.000 euro.

– 2023 ekitaldia: 1.300.000 euro.

Deialdi honen kargura emango diren beka guztien zenbatekoa ez da inola ere artikulu honetan esleitutakoa baino handiagoa izango.

Xedatutako baliabide publikoen osagarri, programaren 3. fasean laguntzen duten enpresa eta organismoek bere egin beharko dituzte bekadunak ezarritako helmugara egindako joan-etorri baten gastuak, bai eta bisa lortzeko egin beharreko gastuak ere.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Nazioartekotze-beken hautagai izan daitezke honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.

b) Graduko goi-mailako unibertsitate-titulua, deialdi bakoitzeko hautaketa-prozesua amaitu baino lehen lortu, hau da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen gaineko ebazpena eman aurretik. Unibertsitate pribatuetan edo/eta atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak homologatu baditu.

Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitektura adarretako graduek lehentasuna izango dute, eta bereziki baloratuko dira, 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

c) 2021eko urtarrilaren 1ean 31 urte bete gabe izatea.

d) Ingelesa menderatzea. Gutxienez B2 maila eduki beharko da, eta dagozkion ahozko eta idatzizko probekin egiaztatu beharko da.

e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea, edo beka onartzeko orduan ez izatea eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik.

f) Unibertsitate-titulatuentzako antzeko prestakuntza xede duten beste edozein laguntzaren onuradun ez izatea eta, laguntza horren bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeagoz praktikak egin ez izana atzerrian. Bereziki, nazioartekotze-beka hauetaz baliatzea ez da bateragarria honako beka hauen onuradun izatearekin: Beint, Global Training, ICEXen bekak edo beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenak edo pareko beste erakunde batzuenak.

g) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

h) Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren inguruabarretako batean dauden pertsonak.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten erakundeei laguntzak eman eta ordaintzeko, amaitu egin behar da oraindik ere izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak, haren organismo autonomoek eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abiatu bada eta oraindik ere izapidetze-bidean badago.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako betekizunak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

5. artikulua.– Beken izaera.

1.– Nazioarteko bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako dirulaguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz kudeatuko dira.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez dakar kontratu edo estatutuen bidezko inolako harremanik bekadunaren, Basque Trade & Investmenten (Nazioartekotze Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren, eta 3. faseko enpresa eta organismoen artean. Beka emateko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak emandako ebazpenak zehaztuko du bekadunaren izaera noiz hasi eta amaitzen den.

3.– Agindu honen bitartez araututako bekak lehiaketako prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan hartuko dira oinarri hauetako 10. artikuluan haztatutako merezimendu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak. Dagokion hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaie beka, gehienez ere deialdi honetan ezarritako beka-kopurua estali arte.

6. artikulua.– Faseak.

Beint 2021 Nazioartekotze Beken programaren exekuzioan 3 fase bereizten dira, eta fase bakoitzak bere epealdiak eta prestakuntza-ezaugarriak ditu. Honako hauek dira:

a) 1. fasea: prestakuntza teoriko espezializatua. Fase hau 2021eko iraileko lehenengo egun baliodunean hasiko da, 4 hilabeteko iraupena izango du eta, gutxi gorabehera, 2021eko abenduaren 20an amaituko da. Programaren hasierako fase honetan, izendatutako bekadunek unibertsitate-ikastaro batean parte hartuko dute. Ikastaroaren helburua da prestakuntza ematea atzerriko merkataritzaz eta nazioartekotzeaz, hautagaiek behar dituzten gaitasunak lor ditzaten, ondoko faseetan behar bezala jarduteko.

Ikastaroa, ahal dela, nahitaezkoa eta aurrez aurrekoa izango da, egoerak aurrez aurrekotasun hori eragozten duenean izan ezik. Ikastaroan zehar, eskola teorikoak euskal industriarekin lotutako entitate, erakunde eta azpiegituretara egindako bisitekin osatu ahalko dira.

Ikastaroa egiten den bitartean, Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako irakasgaia ebaluatuko da. Ebaluazio hori gainditzea ezinbestekoa izango da hurrengo faseetara igarotzeko, bai eta ikastaroari dagokion agiria lortzeko ere.

b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta eskualde-garapenerako bestelako erakundeetan.

A modalitaterako izendatutako bekadunek hartuko dute parte fase honetan, betiere 1.– fasea amaitu eta gero. 2. fasea bekadunei enpresak laguntzeko tresna publikoak ezagutzera ematera bideratuta dago: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan eskuragarri dauden programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori honako hauetan emango da, nagusiki: Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Espainiak atzerrian dituen ekonomia- eta merkataritza-bulegoak eta, noiz edo noiz, nazioartekotzea sustatzeko eta eskualdeak edo sektoreak garatzeko beste erakunde batzuetan. Bekadunak erakunde horietan hasiko dira lanean, eta agintzen zaizkien zerbitzuak emango dituzte, betiere tutore batek gainbegiratuta.

Fase hau 2022ko lehenengo egun baliodunean hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du eta, gutxi gorabehera, abenduaren 31n amaituko da. Lanean hasteko eta lana amaitzeko data erakunde laguntzailearen egutegiaren araberakoa izango da eta, ahal dela, bertan dauden gainerako bekadunek duten data berbera izango da. Praktikak irauten duen artean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde laguntzaileak duen berbera izango da.

2. fasean zehar, eta fase hori bukatu baino gutxienez hilabete lehenago (hots, azaroaren 30a), bekadunek 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutako akordioak egin beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin. Akordiorik lortzen ez dutenek bekadun-izaera galduko dute, eta ez dute 3. fasean parte hartzeko aukerarik izango.

Era berean, 2. fasea amaitzean, dagokion erakunde laguntzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: bekadunak zein arlotako prestakuntza jaso duen, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

Eskuragarri dagoen informazioa aintzat hartuz, Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak epaituko dute bekadun bakoitzak programaren helburuak bete ote dituen, eta horren arabera ebatziko da programaren hurrengo fasera igaroko diren edo ez. Nolanahi ere den, jarraitzea edo ez jarraitzea dagokion enpresa laguntzaileak praktika hori egiteko duen eskuragarritasunak baldintzatuko du.

c) 3. fasea: praktika profesionala enpresan edo erakundean.

Fase honetan, nazioartekotutako enpresa edo erakunde batean egingo ditu praktikak bekadunak; zehazki, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak baliozkotutako bekadun-eskabidea duen enpresa edo erakunde batean.

Fase honek 8 hilabeteko iraupena izango du eta 2022ko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan, eta 2023ko lehen egun baliodunean, berriz, A modalitatekoen kasuan. Hala, 2022ko eta 2023ko abuztuaren 31n amaituko dira, hurrenez hurren. Lanean hasteko eta lana amaitzeko data erakunde laguntzailearen egutegiaren araberakoa izango da eta, ahal dela, bertan dauden gainerako bekadunek duten data berbera izango da. Praktikak irauten duen artean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde laguntzaileak duen berbera izango da.

A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera igaro ahal izateko, nahitaezkoa izango da 2. fasean ebaluazio positiboa erdietsi izana eta azaroaren 30a baino lehen akordioa sinatzea bekadun-eskabide baliozkotua duen enpresa baliodun batekin.

A modalitateko bekadunen kasuan, praktika hori egiteko enpresaren helmuga-herrialdea 2. fasea egin den herrialde bera izango da.

Nolanahi ere den, bekadunek 2. fasea egin duten herrialdeak ez diren beste herrialde batzuetako enpresa edo erakundeekin lortutako akordioak aurkeztu ahalko dituzte. Herrialde-aldaketa guztiak Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak onetsi beharko dituzte, eta aurrekontu-eskuragarritasunaren araberakoak izango dira.

Onespenak iriste-ordenari zurrun jarraituta emango dira, harik eta programari esleitutako aurrekontuak zuzkidura handitzea eragiten duten aldaketa gehiago ahalbidetzen ez duen arte. 2. eta 3. faseen iraupena aldatu ahal izango da bekadun jakinen kasuan, betiere Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezkoa dela uste badute, bi faseen gehieneko iraupena 20 hilabetekoa bada eta A eta B modalitateetan 3. fasea hurrenez hurren 2022ko eta 2023ko abuztuaren 31ren amaitzen ez bada.

Era berean, 3. fasea amaitzean, dagokion erakunde laguntzaileko pertsona arduradunak balorazio-txosten bat prestatuko du, eta honako hauek nabarmenduko ditu bertan: bekadunak zein arlotako prestakuntza jaso duen, esleitu zaizkion atazetan erakutsi duen jarrera eta prestutasuna, eta jardueran lortutako maila.

7. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa eta eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean hasiko da, eta 2021eko apirilaren 26an amaituko da. Dena den, jendaurreko arreta 2021eko apirilaren 26ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordutegi penintsularra).

2.– Oinarri hauei dagozkien eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez besterik ez dira egingo, bat etorriz Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoarekin.

3.– Egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri eskabideak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak, bai eta ondoren egin beharreko izapideei buruzkoak ere: www.spri.eus/Beint

Behar bezala betetako eskabideak honako hauek jasoko ditu, eskatzaileak aitortutako sinaduraz gain: artikulu honetako 4. atalean aipatzen den dokumentazio osagarria eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein agiri, betiere Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz.

4.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, deialdiaren epea iraungi aurretik, betiere:

a) Nortasun-agirikoaren tamainako argazki berria.

b) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori berariaz egiaztatzen duen beste edozein agiri).

c) Curriculum vitaea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko auzotasun administratiboa egiaztatzen duen dokumentazioa, oinarri hauetako 4.1.a) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

e) Unibertsitateko titulazioa egiaztatzeko, honako agiri hauetako bat erabili beharko da:

– titulua;

– titulu-eskaeraren ziurtagiria, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriarekin batera; edo

– espediente akademikoko nota, dagokion titulazioaren proba orokorra gainditu izana adierazten duena eta titulazioa lortzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duena.

f) Egindako masterren eta lan-esperientziaren egiaztagiriak.

Atzerrian edo estatuko zentro ez-publikoetan lortutako tituluekin batera agintaritza eskudunak emandako homologazioa aurkeztu beharko da.

Lan-esperientzia egiaztatzeko, gutxienez lan-ibilbidearen txosten bat aurkeztu beharko da. Lan-esperientzia atzerrian bildu bada, maila bereko ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, enpresa eta lan-aldia zehaztuta.

g) Medikuaren ziurtagiria, bekadunak dagozkion zeregin eta betebeharrak zuzen betetzea eragozten dion inolako gaixotasunik ez duela zehazten duena.

h) Erantzukizun-adierazpena, honako hauek adierazten dituena:

– Antzeko beka baten onuradun ez izatea, oinarri hauetako 4.1.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (eskaera-inprimaki ofizialaren parte da).

– Erakunde eskatzaileak dagozkion ordainketa guztiak egin dituela dirulaguntzak itzultzeko.

– Zerga-betebeharrak egunean izatea.

5.– Ez da nahitaezkoa izango SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren agiriok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) atalean ezarritako baldintza eta eskakizunak betez, betiere.

6.– Eskatzaileek berek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan aurkeztu beharreko agiriak EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetara itzulita aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Eskaerak onartzea eta zuzentzea.

1.– Eskaerak puntu guztietan behar bezala beteta ez badaude edo eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak jakinarazpen-gai den egintza interesdunaren eskura jarri den data eta ordua egiaztatzea ahalbidetuko du, baita edukira sarbidea izatea ere. Gainera, une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da. Adierazpena eman dela jasota badago eta hamar egun baliodun igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertu eta izapidea egintzat emango da, non eta ofizioz hartzaileak eskatuta ez den egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

9. artikulua.– Balorazio-probak.

Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, 4. artikuluan bekadun izateko definitutako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak aitortuko dira, eta hautaketa-probetarako deialdia jasoko dute, deituen zerrenda argitaratuta honako helbide honetan: www.spri.eus/beint Zerrenda argitaratzean, erreklamazioak aurkezteko epea ezarriko da, eta erreklamazioak nora igorriko diren zehaztu. Epe hori amaitu eta aurkeztutako erreklamazioak ikusita, hautaketa-probetara deitutako behin betiko zerrenda lortuko da.

10. artikulua.– Bekadun izendatzeko hautagaitzak hautatzeko prozedura.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatuta eta aurreko artikuluan aurreikusitako izapidea eginda, hautagaiak aukeratzeko prozesuari ekingo zaio. Prozesu horren printzipio gidariak merituak eta gaitasuna baloratzea izango da.

2.– Hautagaien merituak baloratzeko, jarraian ageri diren egiaztagiriak hartuko dira oinarritzat:

a) M1: graduko unibertsitate-titulua.

b) M2: merkataritza, enpresa-kudeaketa edo nazioarteko harremanetako unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 kreditu).

c) M3: lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak jaulkitako lan-ibilbidearen txostenaren bidez egiaztatua edo, lan esperientzia atzerrian lortu bada, ziurtagiri ofizial baten bidez. Azken horretan enpresaren izena eta lan egindako egun- eta ordu-kopurua jaso behar dira.

Unibertsitate-tituluari buruz 4.1 artikuluko b) atalean xedatutakoa salbu, eskaerak aurkezteko epea hasten den eguneko merituen egiaztagiriak baino ez dira baloratuko.

3.– Gaitasuna baloratzeko, era presentzialean egin beharko dira honako proba hauek:

a) P1: gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.

b) P2: ingelesezko ahozko eta idatzizko proba. Proba hori baztertzailea izango da.

c) P3: atzerriko bigarren hezkuntza bati buruzko ahozko eta idatzizko proba, hauen artean: alemana, arabiera, txinera mandarina, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. B2 mailako azterketa egingo da, eta ahozko eta idatzizko batez besteko nota meritu gisa baloratuko da, 5etik aurrera.

d) P4: euskarako proba. B2 mailako azterketa idatzia egingo da, eta batezbesteko nota meritu gisa baloratuko da, 5etik aurrera.

e) P5: ahalmenak zehazteko probak, Beint programari begirako test psikoteknikoen bitartez egindakoak.

f) P6: elkarrizketa pertsonala, hautagaiak Beint programarekiko dituen konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jarrera eta komunikazio-gaitasuna neurtze aldera. Elkarrizketaren azken balorazioa egitean, kontuan izango dira ahalmenak zehazteko test psikoteknikoen emaitzak (P5 proba). Elkarrizketaren azken balorazioa egitean, kontuan izango dira gaitasunak zehazteko test psikoteknikoen emaitzak (P5 proba).

4.– P1, P2, P3 eta P4 probak eta P5 test psikoteknikoak hautaketa-batzordeak aldez aurretik ezarritako leku, egun eta orduan egin beharko dira, nahitaez.

5.– Beint programako 1. faseko bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketa pertsonalera deitutako hautagaien kopuruak ez du gaindituko deitutako beken kopuruaren bikoitza. Soil-soilik ikasketak atzerrian egiten egoteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan emango du hautaketa-batzordeak elkarrizketa Interneten bidez egiteko aukera (Skype edo antzekoa).

6.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua prestatuko da (HZ) merituak eta gaitasuna haztatzeko, jarraian datorren taularen arabera.

(Ikus .PDF)

7.– Zerrenda Interneteko honako atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/Beint

Iragarkian zehaztuko da zein den erreklamazioak aurkezteko epea eta zein lekutara bidali beharko diren. Behin epe hori bukatuta eta aurkeztutako erreklamazioak ikusita, behin betiko zerrenda ordenatua itxiko da.

8.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ) puntuaziorik onena (10etik 0rako eskala, 2 hamartarrekin biribildua) lortu duten hautagaiak proposatuko dira bekadun izateko. Halaber, 1. faserako ordezko izendatuko dira, puntuazio-ordenari jarraituta, gehienez ere 20 ordezko.

9.– Hautaketa Batzordeak honako osaera eta eginkizun hauek izango ditu:

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotze Euskal Agentzia) Enpresa Nazioartekotzeko zuzendaria, presidente izango dena: Iñaki Ezkurra.

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotze Euskal Agentzia) programen teknikaria, kide izango dena: Enbor Barruetabeña.

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotze Euskal Agentzia) programen teknikaria, kide izango dena: Inmaculada López.

– Basque Trade & Investmenteko (Nazioartekotze Euskal Agentzia) programen izapidegilea, idazkari izango dena: Iker Arruabarrena.

Honako hauek dira Hautaketa Batzordearen zereginak: eskaerak aztertzea, hautagaien merituak eta gaitasunak baloratzea, eta, ondorioz, fase bakoitzean eskumeneko organoari igortzea bekadunen eta ordezkoen ebazpen-proposameneko zerrenda ordenatuak (modalitate, helmuga eta zuzkiduraren arabera). Hautagaiak baloratzeko, hautaketa-prozesuko proben xede diren arloetako adituen aholkularitza eska dezakete.

Hautaketa Batzordea izango da botazio-prozeduraren bitartez hartuko diren erabakietan nagusi. Artikulu honetako aurreikusi ez diren kasuetarako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori amaitzen denerako ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat eman dezakete beren eskaera.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Oinarri hauen 10. artikuluan deskribatutako hautaketa-prozesua amaituta, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean eta Interneteko atari honetan argitaratuko da: www.spri.eus/Beint

3.– 2. eta 3. faseetarako ebazpena.

1. faseko ikastaroan, bekadunak ebaluazioaren xede izango dira oinarri hauetako 6. artikuluaren a) atalean adierazitakoarekin bat. Ebaluazio hori gainditzea ezinbesteko baldintza izango da hurrengo fasetara igarotzeko eta titulua lortzeko.

Bekadunen ebaluazioko lehen urrats gisa, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran proba bat egingo da ikastaroan emandako eduki guztiak ebaluatzeko; bestela, ordura arte egindako ebaluazio partzial guztien batezbestekoa (10 eta 0 arteko eskalan eta bi hamarrekin) kalkulatuko da. Aginte akademikoek eta Basque Trade & Investment (Euskal Nazioartekotze Agentzia) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sozietate filialak adostutako lehen azterketan lortutako nota (10etik 0ra bitarteko eskalan) gehitu egingo zaio bekadun bakoitzak oinarri hauetako 10. artikuluko hautaketa-prozesuan aurretik lortu duen notari.

Bekadun bakoitzak helmuga eta modalitatea hautatzeko izango duen azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen (hautaketa-prozesua eta lehen azterketaren emaitza) arteko batezbestekoa izango da, bi hamarretara biribilduta. Puntuazio horiekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) eratuko da, helmuga eta modalitatea hautatze aldera. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, hala eta guztiz ere berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat. Berdinduta gelditu diren hautagaietako batek ez badu azterketa egin edo ez badu bigarren hizkuntza gainditu, berdinketa hori egin duenaren alde ebatziko da. Berdinduta gelditu diren hautagaietako inork ez badu bigarren hizkuntzaren azterketa egin, berdinketa euskara-probaren notari begira ebatziko da.

Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek helmuga eta modalitatea aukeratzeari ekingo diote, oinarri hauetako 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

SPRI-Enpresen-garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzaren titularrak emango du honako hauek esleituko dituen ebazpena: helmuga bakoitzeko bekadunak, egiteko datak, bekadun bakoitzari dagokion bekaren zuzkidura eta bekadunek beren jarduerak ahalik eta ondoena gauzatze aldera, egokitzat jotzen diren gainerako kontuak.

4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.

a) Bekadunek helmugako herrialde bakoitzak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte. Ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, SPRI-Enpresen-garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzaren titularrak ebazpen bat emango du bekadunari beste helmuga bat esleitzeko, eta hasiera batean emandako zuzkidura zuzenduko du, beharrezkoa bada.

b) Oinarri hauetako 6. artikuluko c) atalean adierazitakoa betez A modalitateko bekadun batek 3. fasea 2. fasekoa ez den herrialde batean egingo badu, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak ebazpen bat emango du hasiera batean aldi horretarako esleitutako zuzkidura zuzentzeko.

c) A modalitateko bekadun batek 3. fasea 2. faseko helmuga berean egingo badu eta egiaztatu bada aldaketa esanguratsuak egon direla bizitzaren kostuan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak ebazpen bat emango du hasiera batean aldi horretarako esleitutako zuzkidura zuzentzeko.

d) Egoeraren arabera, euroa helmuga-herrialdeko dibisarekin aldatuko litzateke. Gainera, bekaren zuzkidura edozein fasetan eguneratu ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emandako ebazpenaren bidez, betiere kanbio-tasan % 8tik gorako aldaketa hautematen bada eta arriskuan jartzen bada 14. artikuluaren lehen paragrafoan xedatutakoa. Eguneratze hori aurrekontuaren eskuragarritasun errealak baldintzatuko du.

Erakunde laguntzaileari egotzi ahal zaion edo erakunde horri eragiten dioten arrazoiak tarteko, beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude, edo helmugako segurtasuna arriskuan badago, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Erakundeak ebazpenaren bidez agindu ahal izango du aldi baterako edo behin betiko helmuga-aldaketa, eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura zuzenduko du. Ezohiko moduan, bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadi barruan egon ahalko da, eta bekarekin lotutako lanak telelanaren modalitatean egin ahalko dira.

5.– Beka emateko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei, modalitatea edozein dela ere. Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Nolanahi ere den, guztiek emandako laguntzen berri izan dezaten, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

12. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

Beint programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da zenbait erakundek eta enpresak parte hartzea, prestakuntza-ibilbide integrala osatzeko, alderdi teorikoetatik hasi eta enpresa-praktikak egin arte.

1.– 1., 2. eta 3. faseko erakunde laguntzailea: Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren laguntzailea, eta funtzio hauek izango ditu:

a) Bidalitako dokumentazio orokorra aztertzea.

b) Egindako gastuen exekuzio egokia ikuskatzea.

c) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.

d) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari egondako arazoen berri ematea.

2.– 1. faseko erakunde laguntzaileak: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskadiko unibertsitate-sisteman atxikitako hiru unibertsitateen arteko hitzarmenaren arabera, unibertsitate horiek 1. faseko prestakuntza-ikastaroa egiteko lankidetza eskaintzen dute. Lankidetza-hitzarmenen urteko eguneratze bakoitzean ezarriko dira eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak: edukiak, irakasleen profilak, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.

3.– 2. faseko erakunde laguntzaileak: Beint programaren ondoreetarako, honako hauek hartuko dira erakunde laguntzailetzat: Basque Trade & Investmenten (Nazioartekotze Euskal Agentzia) kanpoko sareko bulegoak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarenak; Espainiak atzerrian dituen merkataritza-bulegoak, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzeko bestelako erakundeak. Lankidetza horren oinarria finkatzeko, dagokion hitzarmena sinatuko da, alderdien arteko harremanak ezarriko dituena eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duena.

4.– 3. faseko erakunde laguntzaileak: 3. faseko erakunde laguntzaile kontsideratuko dira bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten enpresa, erakunde, enpresa-elkarte eta klusterrak.

Praktika profesionalaren eskaintza bat onartua izan dadin, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde interesdunek:

a) Nazioartekotutako enpresa izatea edo enpresarekin garbi lotutako prestakuntza-praktika bat eskaintzen duen unitate bat, eta, lehentasunez, merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat izatea kanpoan. Salbuespenezko kasuetan establezimendurik ez duten enpresen eskaintzak baloratu ahal izango dira, betiere praktika profesionalak negozio-zentro batean edo antzeko batean garatzen badira eta enpresako langileak une oro baldin badaude bekadunarekin.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea, praktika-aldi osoa jasoko duena eta bekadunari esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduko dituena.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura hartuko duen tutore bat edukitzea.

d) Bekadunak helmuga-herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko prest egotea. Bekadunari egotz dakiokeen kausaren bat dela-eta 3. fasea amaitu baino lehen beka amaitu dela ebazten bada, eta orduan bakarrik, enpresa ez da egongo behartuta itzulerako txartela ordaintzera.

e) Eskatutako herrialdean bekadunaren egonaldia formalizatzeko bisa lortzea ezinbesteko betekizuna bada, enpresak aldez aurretik egiaztatu beharko du herrialde horrek eskatzen dituen eskakizunak betetzen dituela, bisa lortzen lagundu beharko dio bekadunari, eta horretarako beharrezko izapideak eta gastuak bere gain hartu beharko ditu.

f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esate baterako: komunikazio-kostuak, dokumentazioa erostearen kostuak eta bekadunaren ohiko bizilekutik kanpoko joan-etorriengatiko gastuak. Era berean, egokitzat jotzen den beste edozein gastu-kontzeptu ere ordainduko du, enpresak bekadunak ezarritako jardueren eta jarraibideen ondorioz sortutakoak badira.

Azkenik, Beint programako 3. faseko erakunde laguntzaile izateko, izen-ematea formalizatu behar da dagokion lankidetza-eskaintzarekin batera erakunde eta enpresa laguntzaileen zerrendan, Interneteko atari honetan: www.spri.eus/beintenpresak

Eskaintza onesten denean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak eta erakundeak dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna identifikatuko da, baita alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dizkioten ekarpenak zehaztu ere.

Erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako eskakizunak eta betebeharrak bete behar dituzte.

2. eta 3. faseetako erakunde laguntzaileek 6.b) eta 6.c) artikuluetan aipatutako txostenak bidali beharko dizkiote Basque Trade & Investmenti (Nazioartekotze Euskal Agentzia) faseak amaitzean.

13. artikulua.– Helmuga aukeratzea.

1.– Lehen ebaluazioa amaitzean, honako oinarri hauetako 3. ataleko 11. artikuluan aipatzen den behin betiko zerrendaren hurrenkerari jarraikiz, bekadunek nahi duten helmuga eta modalitatea aukeratu ahal izango dute 2. faserako, data horretan eskuragarri dauden helmuga eta modalitateen artean, betiere erakunde laguntzaileak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte.

2.– Erakunde laguntzaileak hala eskatuta, hizkuntza edo titulazioarekin lotutako eskakizun zehatz batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete ahal badituzte hutsik dauden postuak, Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak postu huts horiek esleitu ahal izango dizkie eskakizun horiek betetzen dituzten bekadunei, hasiera batean beste helmuga batzuk hautatu bazituzten ere. Esleipen hori loteslea izango da bekadunentzat.

3.– Bekadunak helmuga aukeratzeko duen ahalmena, nolanahi ere, Basque Trade & Investmenten (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiak baldintzatuko du. Izan ere, agentzia horrek erakunde laguntzaileek ezarri dituzten eskakizunak betetzen direla zaindu beharko du, besteak beste, profil akademikoak eta hizkuntzak.

14. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.

Erdietsi nahi den prestakuntza-helburua lortzeko beharrezko gastuak ordaintzera bideratuko da beken diru-zenbatekoa. Zenbateko horri esker, bizi-baldintza duinak eta programara dedikatzeko baldintza egokiak izan beharko dituzte bekadunek.

Ordaindu beharreko gastuen artean, honako hauek daude: unibertsitate-ikastaroaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua. Xede horretarako, prestakuntzarako zuzkidurak eta gastu osagarriak berariaz ezarriko dira, helmugetako sarbide- eta bizi-baldintzak, eta garatu beharreko prestakuntza-programen baldintzak kontuan hartuta.

1.– 1. faseko diru-zuzkidura:

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak % 100ean finantzatuko du 1. faseko prestakuntza-ikastaroaren kostua. Bekadunek ez dute inolako zenbatekorik ordaindu edo jasoko 1. fasean zehar.

2.– 2. eta 3. faseetako diru-zuzkidura:

Oinarri hauetako 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. fasera igarotzen diren bekadunek ebazpenean ezarri zaizkien helmugetan bete beharko dute bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat. A modalitateko bekadunen kasuan, 20 hilabeteko iraupena izango du eta, B modalitateko bekadunen kasuan, berriz, 8 hileko fase bakarra (3. fasea) egin beharko da.

Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan modalitateak, helmugak eta zuzkidurak adieraziko dira.

Oro har, 2. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 12 hilabeteko iraupena izanez gero, 18.000 eta 39.000 euro bitartekoak izango dira. 8 hilabeteko iraupena izango duen 3. faserako kalkulatutakoak, aldiz, 12.000 eta 26.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, helmugarekin lotutako kostuen arabera kalkulatuta. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin.

Bisa lortzeko kostuak 2. fasea egingo den erakunde laguntzailearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura ezberdinak esleitu ahal izango zaizkie herrialde eta hiri berera baina erakunde ezberdinera joango diren bekadunei.

Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa egotea.

Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatua ere izango dute prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko 2. fasean zehar. Kreditu hori Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako baimenarekin erabili ahal izango da, eta, horren bidez, bekadunek honako gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten azoketara edo zereginetara joateko joan-etorriak edo ostatuak, baldin eta bekadunaren helmugako hiritik kanpo egiten badira, bisita-txarteletarako gastuak edo helmugan erabilgarriak diren atzerriko hizkuntzen ikastaroak (ingelesa izan ezik).

2.000 eurokoa da kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria. Helmuga bakoitzeko, ebazpenak muga zehatz bat jarriko du, ezarritako gehienekoaren azpitik. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa.

3.– Programa egitearekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, COVID-19 testak, bidaiatzeko baldintza badira, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta egon daitezkeen bestelako gauzak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin egin beharko die aurre horiei. Aldiz, enpresa laguntzaileak ordainduko ditu honako gastu hauek: 2. faseko aparteko prestakuntza-gastuak eta 3. faseko hegazkin-txartelak eta bisak.

4.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint programako bekadunak Gizarte Segurantzako erregimenean egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute; dena den, ez dute kotizatuko ez langabeziara, ez Soldatak Bermatzeko Funtsera (Fogasa), ezta lanbide-prestakuntzara ere ez.

5.– Halaber, 2. fasean bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du.

6.– COVID-19aren pandemiak eragindako nazioarteko egoeraren aurrean, eta mundu-mailako krisi horiek atzerrira mugitzeko eta bertan bizitzeko eragiten dituzten zailtasunak ikusita, 3. artikuluan deskribatutako aurrekontuaren barruan bekadun bakoitzeko urteko 2.000 euroko partida bat jaso da kontingentzietarako.

Partida hori soilik bekadunen segurtasunari eragiten dieten halabeharrezko kasuetarako erabiliko da, hala nola ustekabeko gastuak ordaintzeko, ezohiko arreta medikoa emateko, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak jatorrira aberriratzeko helmugatik. Beharrezkoa izango da Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurretiazko baimena partida horrekin gastuak egiteko, eta erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa.

15. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzea.

1.– Honela egingo da ordainketa:

a.1.– 2. fasea.

a.1.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2021eko abenduan egingo da, bekaduna bere helmugarantz atera baino lehen.

a.1.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.

a.1.3.– Prestakuntza- eta kontingentzia-gastu osagarrien partidari dagozkion ordainketak eskatutako ziurtagiriak aurkezten diren heinean egingo dira. Horri dagokionez, gastuak gertatzen direnetik gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu behar dira, likidatzeko.

a.2.– 3. fasea.

a.2.1.– Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ere 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25ekoa, eta 2022ko abenduan egingo da A modalitateko bekadunen kasuan eta 2021eko abenduan, berriz, B modalitateko bekadunen kasuan, bekadunak beren helmugetarantz atera baino lehen.

a.2.2.– Hurrengo ordainketak hilabeteko ordainketetan egingo dira eta, azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu eta Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa, barne hartuta honako oinarri hauetako G ataleko 17. artikuluan ezarritako txostenak bidaltzea.

2.– Bekadunak uko egiten badio bekari 3. fasea amaitu aurretik, azken hileko ordainketa egiteko artikulu honetako a.2.2 ataleko baldintzak bete beharko dira.

3.– PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie zuzkidurei eta horien ordainketei.

16. artikulua.– Baimenak eta norberaren aukerako egunak.

Bekadunek esleitu zaizkien erakunde eta enpresa laguntzaileen mende egingo dituzte praktikak. Bekadunek izan ahalko duten baimen-erregimena, kasu bakoitzean, mendekotasun horrek zehaztuko du. Horren harira, baimenei eta norberaren aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamabost egun ezarri dira 2. faserako, eta 3. fasekoa erakunde laguntzaileak zehaztuko du.

17. artikulua.– Bekadunen betebeharrak.

1.– Beka-eskaera aurkezteak oinarri hauetan ezarritakoa onartzea dakar.

2.– Honako betebehar hauek dituzte onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, baldin eta beka esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean onuradunek bekari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

b) 1. fasean antolatzen diren ekintza guztietara joatea.

c) 2. fasean, helmuga-herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txertoak eta baimenak lortzea.

d) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta helmugako erakunde laguntzaileen funtzionamendu-arauei men egitea.

e) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: helmugako erakunde laguntzaileen hasiera- eta amaiera-epeei, ordutegiari eta lan-egutegiari dagozkionak edo bekaren helburuak betetzeko emandako edozein.

f) Basque Trade & Investmenti (Nazioartekotze Euskal Agentzia) jakinaraztea bekaren helburuak betetzean eragina izan dezakeen gorabehera oro.

g) Basque Trade & Investmenti (Nazioartekotze Euskal Agentzia) bidaltzea praktikan behar bezala egin direla egiaztatzeko eskatutako informazio guztia eta deialdi bakoitzean eskatzen dituen txostenak, eginiko jarduerari buruzkoak. Hor zehaztuko dira ekonomia- eta merkataritza-arloetako alderdi nabarmenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen bestelako datuak ere.

h) Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) ezarritako jarraibideei jarraituz egitea likidazioa, eta aparteko gastuen jatorrizko egiaztagiriak eranstea.

i) Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) ezarritako jarraibideei jarraituz jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara egindako bidaiak, bai praktika profesionalengatik, bai arrazoi pertsonalengatik, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) egiaztatzen badu herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatu ahalko du.

j) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotze-bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauetako 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua.– Kontrola eta jarraipena.

1.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari eta Basque Trade & Investmenti (Nazioartekotze Euskal Agentzia) dagokie bekadunek egin beharreko jardueren kontrola eta jarraipena egitea. Horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak jarriko dituzte.

2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzak eta Basque Trade & Investmentek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzakete beka-aldia nola doan egiaztatzeko, eta eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiete onuradunek.

20. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.

1.– Bekadun izaera azken daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:

a) Bekadunak uko egitea.

b) 1. fasean antolatutako bi jarduerara edo gehiagora ez joatea, justifikaziorik gabe.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.

d) A modalitateko bekadunek enpresa batekin akordiorik lortu ez izana bertan 3. fasea egiteko 2022ko azaroaren 30a baino lehen. Kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko litzateke.

e) Ez onartzea oinarri hauetako 11. artikuluaren 4.e atalarekin bat egindako helmuga-aldaketak.

f) Ez onartzea oinarri hauetako 17. artikuluaren i) atalean agindutako mugikortasun-murrizketak.

g) Enpresa edo erakunde laguntzaileak aldez aurretik amaitutzat ematea praktikak 3. fasean zehar, bekadunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik. Enpresa edo erakunde laguntzaileak aldez aurretik amaitutzat ematen badituzte praktikak bekadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, bekadunari hilabeteko epea emango zaio beste enpresa edo erakunde bat bilatzeko. Epe hori amaitzean ez badu beste aukerarik aurkitu, bekadun-izaera galduko du.

2.– Bekadun-izaera galtzeak jasotzeke dauden ordainketak jasotzea galtzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako zenbatekoak, osorik edo partzialki, eta horiei dagokien berandutze-interesa itzuli beharra SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari. Horiez gain, eska daitezkeen zehapenak jar daitezke, hala badagokio.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da bekako zereginak zenbat denboraz egin dituen bekaren iraunaldi osoarekiko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legean eta garapen-araudian ezarritakoari jarraikiz.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren taldeko enpresei (ikus: www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenari buruzko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politika kontsulta daiteke.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

Bilbao, 2021eko martxoaren 11.

Nazioartekotze zuzendaria,

AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.


Azterketa dokumentala