Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2021eko martxoaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1781

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 11koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, lankidetza-erakundeei laguntzak emateko deialdia egiteko dena, 2021. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2021. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak susta ditzaten.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2021eko otsailaren 16ko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariari proposatzea dirulaguntzerako deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da lankidetza-erakundeei laguntzak (martxoaren 27ko 40/2021 Dekretuan aurreikusitakoak) emateko deialdia egitea 2021erako, genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak susta ditzaten.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko osoa 250.000 eurokoa da.

2.– Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 84.000 euro.

b). Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 32.000 euro.

c) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea: 120.000 euro.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 14.000 euro.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea aurkezteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean) eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).

3.– Behar bezala betetako inprimaki normalizatua erabiliz egingo da eskabidea; egoitza elektronikoan eta aurreko zenbakian adierazitako web-orrian dago eskuragarri inprimaki hori.

4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoz, hauen bitartez egingo dira: www.euskadi.eus/nirekarpeta/ edo www.elankidetza.euskadi.eus deialdien atalean.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabide normalizatuak erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu, honako alderdi hauei buruzkoak:

a) Edozein administrazio publikok xede eta helburu berarekin emandako laguntzak jasotzea edo eskatzea, laguntza ematen duen erakundea eta emandako zenbatekoa berariaz adierazita.

b) De minimis erregimenari lotutako laguntzak lortzea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak 2019ko, 2020ko eta 2021eko zerga-ekitaldietan de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera, erakunde emailea eta emandako zenbatekoa berariaz adierazita.

c) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

d) Erakunde eskatzailea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita.

e) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen duen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak berariaz aipatuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3 artikuluetan jasotako debekuetako batean ere.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

h) Ebazpen honen bidez iragarritako laguntzen erakunde onuradun izateko betekizunak betetzea, indarrean dagoen arauan eskatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 9 artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

– Alazne Camiña Izkara, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburua izango da.

– Edurne Bengoechea Sorozabal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako genero arloko programetako teknikaria.

– Ana Rojo González, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkularitza juridikoaren arduraduna; batzordeko idazkaria izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak bultzatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen dituen martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetan jasotako dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 11.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala