Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2021eko martxoaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1651

AGINDUA, 2021eko martxoaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira gizarte-larrialdietarako laguntzetan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko 2021. urtean gehienez emango diren diru-kopuruak, zehazten baitira laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak, eta finkatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2021. urterako dagokion aurrekontu-muga.

Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean honako baliabide hauek arautzen dira: bazterkeria-arriskua prebenitzekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea erraztekoak; baliabide horien artean daude gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL).

Larrialdiko laguntzaren kontzeptuaren gakoa da, hain zuzen ere, kanpoko edo ustekabeko arrazoiak tarteko, une jakin batean (aldi baterako) baliabide ekonomikorik ez izatea edo urriak izatea premia larriko egoera bati aurre egiteko. Egoera horiei erantzun egin behar zaie herrialdean dagoen ongizatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-sarrerak bermatzeko errentaren laguntzen gehieneko mugen araberako bizimoduari eutsi ahal izateko.

Ustekabeko gertakari batek eta aldizka dirulaguntzak jasota bizitzetik sortutako baliabide ekonomiko eskasiak eragindako larrialdiko egoera ekonomikoei erantzun nahi zaie. Pertsonen bizitzan zehar, egoera jakin batean edo hainbat unetan gerta daitezke egoera horiek. Lehen mailako gabeziak edo eskasiak dakartzaten egoerak ekiditeko baliabide aringarri bezala erabiltzen dira GLLak.

Laguntza hauek emateari dagokionez, abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 50.1 artikuluak xedatzen duenez, GLLak emango dira gizarte-zerbitzuek benetako premia-egoera dagoela egiaztatu eta gero, eta helburu horretarako kontsignatutako kreditua badago.

Abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak onartu ala ukatzea eta ordaintzea. Horretarako, udalek aldez aurretik jakin behar dute urtean zenbateko diru-kopurua erabil dezaketen gehienez, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntza horietara zuzendutako guztizko aurrekontu-esleipenaren barruan.

Bestalde, abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 49. artikuluak zerrendatzen ditu GLL gisa emandako laguntzen zenbatekoak finkatzeko aintzat hartu beharreko irizpideak. Zehazki, 1. paragrafoan jasotzen da inoiz ere gainditu ezin izango den kopuruetako bat, hau da, orokorrean aurreikusitako berariazko gastu bakoitzerako araudi bidez finkatutako gehieneko diru-kopurua. Legezko aurreikuspen horretan oinarrituz, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzeko urtarrilaren 18ko 4 /2011 Dekretuaren 9. artikuluan ezartzen denez, urtero zehaztuko dira, agindu baten bidez, berariazko gastu bakoitzari orokorrean gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urtean gehienez emango zaizkion diru-kopuruak.

Aurrekoa esanda, adierazi behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 3. zenbakian xedatzen dela gizarteratzea gizarte-babeseko hainbat sistema eta politika publikok partekatzen duten helburu bat dela; horien artean dago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, lehen aipatutako helburua lortzen lagunduko duena, dagozkion xedeen eta egitekoen esparruan.

Ildo horretan, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 1. paragrafoan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua da herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea, beste sistema eta politika publiko batzuekin lankidetzan eta koordinatuta; sistema horren funtsezko helburua, besteak beste, da larrialdi-egoerek eragindako premia pertsonalak eta familiarrak prebenitzea eta horiei erantzutea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1.n) artikuluaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio, besteak beste, gizarte-ongizateari eta gizarte-zerbitzuari buruzko egitekoak.

Gauzak horrela, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektuan ezarritakoarekin, gizarte-larrialdietarako laguntzetarako 23.000.000 euroko ordainketa-kreditua dago Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokion 21. zerbitzuko 3123 aurrekontu-programan, eta, COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriei buruzko 1229 aurrekontu-programan, beste 15.000.000 euro gehitu dira, 21 zerbitzurako (Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza) laguntza horietarako; laguntza horiek agindu honen bidez esleitzen dira.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen dekretu arautzaileak ezartzen du programara bideratutako urteko baliabideak udalei banatzeko eta transferitzeko prozedura. Baliabideen banaketa honako printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, urtero, GLLen zenbatekoak ordaintzeko beharrezko baliabide ekonomikoak egongo dira jasota.

b) Gizarteratzeko Erakundearteko Batzordeak horiek aztertu ondoren, gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak irizpideak urtero zehaztuko ditu, beharrizanen adierazleei begira batez ere, finkatzeko nola banatuko den Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua autonomia-erkidegoko lurralde historikoen eta udalerrien artean.

c) Erreferentziako irizpideak aplikatzeko, udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko da, eta horren berri emango da EHAAn urtero argitaratuko den agindu baten bitartez.

d) Erreferentziako irizpideen aplikazioa oinarri harturik, udal bakoitzari zein aurrekontu-muga dagokion zehaztu ondoren, zenbateko hori transferituko zaio udal bakoitzari. Transferentziak hiru hilean behin egingo dira.

e) Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta horretarako kontuan hartuz udalek bidalitako dokumentazioa.

Prozedura hori aplikatuz, banaketarako irizpideak ezartzeko eta aurrekontu-mugen gehieneko zenbatekoak zehazteko aginduak argitaratu dira urtero.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak banatuko dizkie udalei, non eta horiek ez duten beste prozedura bat adostu dagokien foru-aldundiarekin edo mankomunitateen bidez, bat etorriz Gizarte-larrialdietarako laguntzen dekretua aldatzen duen urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuak gehitutako bigarren xedapen gehigarriarekin, zeinak aurreikusten baitu udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakundeen partaidetza, eta ahalbidetzen baitu GLLak kudeatzen dituzten mankomunitateei eta foru-aldundiei laguntzak zuzenean ordaintzea, betiere udalek mankomunitateen bidez partekatutako kudeaketa-formulak erabiltzen badituzte edo aldundiei eskuordetu badiote prestazioa ematea.

Horregatik guztiagatik, eta Lan eta Enplegu Sailak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren esparruan, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, gizarte-zerbitzuen esparruan, dituzten eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUGU:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldirako gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako berariazko gastu bakoitzari orokorrean eman beharreko gehieneko zenbatekoak finkatzea eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari urte honetan dagokion aurrekontu-muga zehazten da.

2. artikulua.– Urteko gehieneko zenbatekoak.

1.– 2021erako, honako hauek dira gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko zenbatekoak bizikidetza-unitate bakoitzeko (aurrerantzean, BU), aurreko artikuluan aipatutako berariazko gastu bakoitzera bideratuak:

a) Alokairu-gastuak:

1) Errentari bakarreko etxebizitzen kasuan, edo GLL eskatu duen BU bakarrak etxebizitza koerrentatu edo azpierrentatu badu, hilean 250 euroko laguntza emango da gehienez, eta ezingo du gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren edo, h ala badagokio, koerrentagatik edo azpierrentagatik ordaindutako prezioaren % 70.

2) Etxebizitza koerrentatu edo azpierrentatu bada, ez dira bi eskaera baino gehiago onartuko, indarreko araudian xedatutakoarekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzako hilean 125 euro emango da gehienez, eta bien artean ezingo dute gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80.

3) Etxebizitzan ostatu- edo apopilo-kontratupeko jendea badago, gehienez bi eskabide egin ahalko dira, lehen esandakoaren arabera, eta hilean 125 euroko laguntza emango da gehienez.

4) Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, hilean 250 euro emango da gehienez, muga bizikidetza-unitateko. Kasu horretan, BUren muga ez da bi izango, baizik eta establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa.

b) Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuengatik hilean 250 euro emango da gehienez, eta ezin izango da gainditu kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren % 70.

c) Elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eragindako energia-gastuengatik, urtean 900 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 450 euro gehienez.

d) «Linea zuriko» etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuengatik, urtean 1.850 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 925 euro gehienez.

e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuengatik, urtean 1.850 euro gehienez. Bi BU baldin badira, bakoitzari urtean 925 euro gehienez.

f) Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuengatik, urtean 900 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 450 euro gehienez. Kontzeptu honek honako gastu hauek barne hartzen ditu: ura, zaborrak, estolderia, ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak –ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan– eta jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, bai eta etxebizitzaren segurtasunarekin zerikusia dutenak ere.

g) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuengatik, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek berdintzen ez dituztenean, urtean 1.850 euro gehienez.

h) Aurretiko zorpetze-gastuengatik, urtean 3.000 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari urtean 1.500 euro gehienez.

Hargatik eragotzi gabe aurreko paragrafoan xedatutakoa, a), b), c), d), e), f) eta g) apartatuetan aipatutako kontzepturen batengatik aurretik ezarritako zorrengatiko gastuak direla-eta urtean gehienez ezar daitezkeen diru-kopuruak ezin izango dira kasu bakoitzean aipatutako apartatuetan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko diru-kopuruak baino handiagoak izan.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetako 1. paragrafoko a), b), c), d), e) eta f) apartatuetan aipatzen diren kontzeptuengatik GLLak jasotzea ez da bateragarria hauekin: Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (aurrerantzean, EPO); Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean (aurrerantzean, EPE) aurreikusitako etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa betetzera bideratutako etxebizitzako prestazio ekonomikoa; Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzeko eta iragartzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko apirilaren 30eko Aginduan aurreikusitako laguntzak; COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondoriozko, zaurgarritasun, ekonomikoko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza libreen alokairurako laguntzak arautzeko eta iragartzeko sailburu beraren 2020ko apirilaren 30eko Aginduan aurreikusitako laguntzak.

Artikulu honen 1. paragrafoko a) apartatuan adierazitako gastuetarako GLL jasotzea ez da bateragarria Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren ezein modalitaterekin (aurrerantzean, DSBE).

3.– Eskabide bakoitzari eslei dakiokeen zenbatekoa eskatzailearen baliabideen arabera eta bizikidetzako gainerako kideen diru-sarreren arabera ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehieneko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzeko Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. I. eranskinean jasota daude kalkulua egiteko behar diren bi taulak: populazio orokorrarena eta pentsiodunei aplikatzekoa.

4.– Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa udal eskudunak murriztu beharko du dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboa murriztu beharko da kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa.

3. artikulua.– Eskaera-pilaketa eta GLLak eska ditzaketen BUen gehieneko kopurua.

Helbide berean bizi diren bi BUk eskatu ahalko dituzte gehienez Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioak, GLLak barne. Beraz, zenbaketa hori egiteko, sistemako edozein prestazio kobratzeko eratutako BUak hartuko dira kontuan: DSBE, EPO edo GLLak berak, eta lehentasuna izango dute eskubidezko prestazioak, DSBE eta EPO jasotzeak.

GLLren bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskaeraren antzinatasunaren arabera erantzungo zaie, gizarte-zerbitzuek txosten sozialaren bidez bestelako irizpiderik finkatu ezean.

4. artikulua.– Kredituak banatzeko irizpideak.

1.– Honako parametro hauen arabera finkatuko dira 2021ean gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko esleitutako kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean banatzeko irizpideak, zeinak beharrizan-adierazleei jarraituz ezartzekoak baitira:

– 2020ko urriaren 31n, udalerrian dagoen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua:

– Diru Sarrera Bermatzeko Errenta edo bestelako prestaziorik jaso ez eta 2020ko urriaren 31ra arte udalerrian Lanbiden izena eman duten pertsonen kopurua.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, 400 biztanle baino gutxiagoko udalerriei udalerri horiei guztira legokiekeen zenbatekoaren bataz bestekoaren zenbateko baliokidea bermatzen zaie gizarte-larrialdietarako laguntzen programa egikaritzeko.

5. artikulua.– Aurrekontu-mugak.

4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzak 2021eko ekitaldian gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko zenbat diru erabil dezakeen ezarri da aurrekontuetan. Agindu honen II. eranskinean ageri dira zenbatekoak.

6. artikulua.– Udalaz gaindiko bestelako erakundeen bidez banatzea.

Udalek foru-aldundira jo badute edo partzuergoen, mankomunitateen edo beste formula batzuen bidez kudeaketa partekatzeko bidea hartu badute gizarte-larrialdiko laguntzetarako baliabide ekonomikoak banatzeko, Berdintasun, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari jakinarazi beharko diote, udal bakoitzari esleitutako kopuruak udalaz gaindiko erakunde horietara transferitzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzeko Dekretuaren 33. artikuluan aipatzen diren datuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistema araututa eta funtzionamenduan ez dagoen artean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan bidaliko dira, zeinaren bidez argitaratu baitzen gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabide-eredu berria eta arautu baitzen prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.); bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bidez bidaliko dira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren eskakizunak beteta, betiere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala