57. zk., 2021eko martxoaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (241 KB - 2 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
1637
108/2021 DEKRETUA, martxoaren 16koa, zeinaren bidez jarraipena ematen baitzaie joko-sektorean COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko ezarrita dauden neurriei.
COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemiaren hedapenak alarma-egoera deklaratzera eta joko presentzialarekin lotutako jarduera guztiak geldiaraztera eraman zuen, de facto joko-makinak ustiatzea eragotziz.
COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko jokoaren sektoreko presako neurriei buruzko ekainaren 30eko 84/2020 Dekretuak hiru gai jorratzen ditu. Alde batetik, beste bederatzi hilabetez luzatzen du Gobernu Kontseiluaren 2020ko urtarrilaren 14ko Erabakian jasotako epea; erabaki horren bidez, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onartutako Jokoaren Erregelamendu Orokorrean jasotako plangintza berrikusteko prozedura ezartzen da eta aldi baterako eteten da joko-lokalak baimentzeko edo aldatzeko eskabide berrien izapidetzea.
Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak 201.5.a) artikuluan xedatzen duena funtzionamendu iraunkorrean egon behar duten apustu-lokalen gutxieneko kopuruari dagokionez ezin da eskatu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik, harik eta Gobernu Kontseiluak jokoaren plangintza berria onartu arte (463/2020 Dekretua, zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen baita).
Azkenik, dekretu horri esker, makinak ustiatzeko baimenen eraginkortasuna aldi baterako eten ahal izan da, 2020ko irailaren 30era arte, eta, gainera, kokatze-buletina indarrean duten BH motako joko-makinak ustiatzeko baimenen kasuan, buletinaren sinatzaileetako edozeinek eskatu ahal izango du etendura kentzea, makina kokatuta dagoen establezimenduaren jarduera hasten den unean; aldiz, joko-makinak ustiatzeko gainerako baimenen kasuan, eskaera joko-makinak ustiatzeko baimenen titularrak egin ahal izango du.
84/2020 Dekretuak baimena eman zion Jokoa Arautzeko Agintaritzari etetearen epea beste hiruhileko batez luzatzeko, eta, horretarako, Joko eta Ikuskizunen zuzendariak 2020ko irailaren 25eko Ebazpena eman zuen.
Behin 84/2020 Dekretuan ezarritako etenduraren indarraldia amaiturik eta egungo egoera azterturik, argi dago ezinbestekoa dela jokoaren sektore ekonomikoari COVID-19ak sortutako krisia gainditzen lagunduko dioten ezohiko neurriei eustea; izan ere, jokoaren sektoreak hainbat murrizketa izaten jarraitzen du, hala nola itxiera edo edukieraren mugatzea.
Bestalde, lehenengo alarma-egoera amaitu zenetik gaurdaino pandemiak izan duen bilakaerak –gaur egun, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua dago indarrean, SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duena– erakusten du zaila dela aurreikuspenak egitea eta ziurtasunak izatea pandemiaren bilakaerari dagokionez, eta, beraz, sektore ekonomikoen bilakaerari dagokionez, jokoarena barne. Gainera, ez dago bermatuta pandemiaren bilakaera berdina izango denik Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eta udalerri guztietan; izan ere, baliteke une jakin batean etendura kentzeko eskatzen diren ezinbesteko baldintzak betetzea eta, geroago, baldintza horiek desagertu, eta, ondorioz, berriz ere baimenak ustiatu ezin izatea.
Bestalde, dekretu honen beste helburuetako bat zera da: konpontzea ustiapen-baimenaren titularra eta ustiapena egiten den lokalaren titularra pertsona bera ez direnean gerta daitezkeen gatazkak. Kokatze-buletinaren sinatzaileek egoerari buruz egiten duten balorazioak gatazkak sor ditzake merkataritza-harremanetan, eta, ondorioz, bi alderdiek, ados jarrita, erabaki dezakete azkentzea dela irteera arrazoizkoena. Beraz, irteera hori errazteko, komeni da, dekretu hau indarrean dagoen bitartean, etetea jokoaren enpresa operadore batek ustiakizun izan ditzakeen BH baimenen % 10eko muga.
Horregatik guztiagatik, esparru juridiko malgua ezarri behar da, pandemiaren egoera desberdinetara egokitu ahal izateko, normaltasunera itzuli arte. Horiek horrela, Jokoa Arautzeko Agintaritzak tresna egoki bat eduki beharko du, aukera emango duena normaltasuna berreskuratu arte ematen diren egoeretara azkar egokitzeko.
Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 16an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– 2020ko abenduaren 31n etenda dauden joko-makinen ustiapen-baimenek etenda jarraituko dute 2021eko ekainaren 30era arte. COVID-19aren pandemiak sortutako ezohiko egoerak bere horretan jarraitzen badu, Jokoa Arautzeko Agintaritzak ebazpen baten bidez luzatu ahal izango du baimenen etendura, beharrezkotzat jotzen duen aldirako, eta elkarren segidako luzapenak onartu ahal izango ditu, 2021eko abenduaren 31ra arte.
2. artikulua.– Dekretu hau indarrean dagoen bitartean, ustiapen-baimenaren titularrak etendura kentzeko eskatu ahal izango du, baldin eta ustiapena eragozten duten baldintzak desagertzen badira. Baldintza horiek berriro gertatzen badira, etendura berriro eskatu ahal izango du.
3. artikulua.– Ustiapen-baimenaren titularra eta baimen horren babesean makina ustiatzen den lokalaren titularra ez badira pertsona bera, kokatze-buletinaren sinatzaileetako edozeinek eskatu ahal izango du etendura kentzea.
4. artikulua.– BH motako joko-makinak ustiatzeko baimenen kasuan, dekretu hau indarrean dagoen bitartean, etenda geratuko da ustiakizun-egoeran eduki daitezkeen baimenen % 10eko muga, zeina Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 115.8 artikuluan aurreikusita baitago.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da indarrean, 2021eko abenduaren 31 arte, eta 2021eko urtarrilaren 1era izango du atzeraeragina.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.