Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2021eko martxoaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1621

AGINDUA, 2020ko martxoaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021. urtean praktika kulturalak bultzatzen dituzten kulturagune independenteei zuzendutako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena (Sorgune deialdia).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapenari eta zabalkundeari dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko egiturak eta erak sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintzaren sustapena. Baina halaber da xedea beren helburua artistei arreta ematea, lagun egitea eta arte- zein kudeaketa-kontuetan sortzen eta berritzen laguntzea duten ekipamenduei laguntzea, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatzearren, eta horiek, hartara, kultura-edukiak sortzeko sistemak berritzeko, eta artea egiteko era bereizgarri berriak azaleratzeko aukera ematearren, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotu egingo da. Labur esanda, dirulaguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-sorkuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa berrikuntza-inguruetan.

Kultura-arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak izan ziren, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. Eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. Atalean agertzen diren notifikazio beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta zehatz-mehatz gune edo espazio artistiko eta kulturalak.

Horregatik, agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. Eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Agindu hau, halaber, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak 2021-2024 aldirako onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduak onetsia) eta 2021. urterako onetsitako Urteko Dirulaguntza Planean (hori ere Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduak onetsia) bildua da.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021. eta 2022. urtean zehar burutuko diren Kulturagune independenteek aurkezten dituzten jarduera-proiektuei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea. Programa espezifikoak antolatuz eta horretarako diru-hornidura, azpiegitura eta egitura egokiak erabiliz, hainbat prozesuri (ekoizpena, prestakuntza edo kulturaren edo artearen alorreko eskuhartzea) ekiteko espazio, baliabide eta lankidetzarako laguntza eskaini behar dizkiete pertsonei zein erakunde sortzaileei, orientabidetzat hartuta adierazpen artistikoen berrikuntza, talentuak hautematea eta bultzatzea eta partekatutako kudeaketa erabiltzea.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Jarduera-proiektu horiek kultura-sektoreren bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika, bertsolaritza, arte plastikoak...).

2.– Beren jarduera-proiektuetarako dirulaguntzak jaso ahal izateko, sormen-guneek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.

– Jarduera-proiektua aurreko puntuan esan bezala gauzatzeko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea. Horretarako, gutxienez, sorkuntza, ekoizpen edo erakusketarako gune egokiak izan beharko ditu, bai eta jarduerak egiteko behar diren baliabide teknikoak ere.

– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.

3.– Proiektuen aurrekontuetan, gutxienez % 20ko autofinantzazioa aurreikusiko da, halakotzat hartuta jatorri publikoetatik ez datorren diru-sarreren frakzioa.

3. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 560.000 eurokoa da.

2.– Proiektu bakoitzari ematen zaion dirulaguntza gehienez 120.000 eurokoa izango da, beti ere proiektuaren aurrekontu lagungarriaren % 70 ez badu gainditzen.

4. artikulua.– Sormen-kulturaguneen definizioa.

Agindu honi dagokionez, honako hauek ez dira sormen-kulturagunetzat joko eta, hortaz, ezingo dute dirulaguntzarik jaso:

– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.

– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.

– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.

– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.

– Helburu bakarra artekaritza kultura duten guneak.

5. artikulua.– Eskaera egiteko betekizun subjektiboak.

1.– Deialdi honetan dirulaguntza jaso ahal izateko, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte Agindu hau argitaratze denetik proiektua amaitu bitartean:

a) Agindu honetako 2.2 ezarritakoa betetzen duten sorkuntzako kulturaguneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:

– Higiezinaren jabetza-titulua izatea, eta gunea erabiltzea, soil-soilik sorkuntzako kulturagune moduan.

– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako kontratuaren indarrez, eta higiezina erabiltzea sorkuntzako kulturagune moduan. Kontratuaren indarraldia bateragarria izango da proiektua osorik gauzatzeko behar den denborarekin.

– Higiezina sorkuntzako kulturagune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea bere alda lagata izatea, edozein tituluren bidez.

b) Eskabidea aurkezteko unean bertan eta proiektua amaitu bitartean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.

c) Zerga-betebeharrak egunean ordainduak izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:

a) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitateek.

c) Titulartasun publikoa duen sorkuntzako kulturagune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen duten pertsonek edo entitateek.

d) Berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

e) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31-07-2014).

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako beste ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo zaie onuradunei dirulaguntzarik esleitu, ez eta, hala badagokio, ordaindu ere. Ezingo da, halaber, dirulaguntzarik esleitu zein ordaindu hura itzultzen den arte, baldin eta aurretik emandako dirulaguntza bat itzultzeko prozedura batean itzultzeko ebazpena eman bada.

6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.

1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaera zer administrazio-organo, -zentro edo -unitateri egiten zaion aipatuko da eskabidean, bai eta dagokion identifikazio-kodea ere.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean); EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, 4. atalean adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Eskabideak tramitatzeari buruzko argibideak (aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz), erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031711

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek Ogasunarekiko zein Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa denean bakarrik, baimen hori berariaz uka lezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

a) Dirulaguntzaren xede den proiektuari dagokion dokumentazioa:

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 13. artikuluaren 1 eta 2 puntuetan ezarritako irizpideekin bat. Eskatzaileak, proiektua emandako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Sorkuntzako kulturagunearen kudeaketaren edo ustiapenaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 5.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Sorkuntzako kulturaguneko baliabide eta azpiegiturei buruzko informazioa, 2.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– 13. artikuluaren arabera balora litezkeen puntuen agiri frogagarriak, betiere memorian nahiz laburpen-fitxan aipatu baldin badira.

b) Sorkuntzako kulturagunearen ibilbideari dagokion dokumentazioa.

– Sorkuntzako kulturagunearen ibilbidea azaltzen duen txostena.

– 2020ko jardunaldiaren txostenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

3.– Aurkezten diren dokumentuak formatu elektronikoan aurkezten badira, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakorik eskaintzen bada. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

4.– Eskatutako agiriak lehendik Administrazioaren esku badaude, edo beste Administrazio batek egindakoak badira, eskatzaileak eskubidea du horiek ez aurkezteko. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak haiek kontsultatu eta bildu ahalko ditu interesdunak ez badu berariaz ezekorik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen adierazi beharko du.

9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 51.1 bis artikuluan xedatzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira hasiera batean betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

Erantzukizunpeko adierazpenen edukiaren egiazkotasuna dirulaguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik frogatu beharko dute dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren eskatzaileek.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskaera aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

12. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik, Kulturako sailburuordeak izendatutako 3, 4 edo 5 bokal.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du idazkari, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, aztertu beharreko gaietan ezagutza espezifikoa duten eta bertaratuen gehiengoak onartzen dituen pertsona guztiak joan ahal izango dira Balorazio Batzordearen bileretara, gai zehatzei buruz hitz egiteko, eta hizpidea izango dute, baina botorik ez.

2.– Beste zenbait eginkizunen artean, idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du.

3.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

6.– Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

7.– Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, motibatuta adostuko ditu Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkion ebazpen-proposamenak.

8.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

9.– Aurkezten diren proiektuak baloratzeko, 13. artikuluan zerrendatutako irizpideak aplikatuko ditu Balorazio Batzordeak, eta aurreko ataletan eskabideak onargarriak diren erabakitzeko xedatutako betekizunak betetzen diren egiaztatuko du. Hala izan ezean eta betekizunen bat ez badute betetzen, ez ditu onartuko.

13. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko-irizpideak.

1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Sorkuntzako kulturagunearen kalitatea. Gehienez 30 puntu esleituko dira. Hauek hartuko dira kontuan:

a.1) Sorkuntzako kulturagunearen azpiegiturak, giza baliabideak eta baliabide tekniko eta materialak, eta eskaintzen dituen zerbitzuak (0-10 puntu).

a.2) Bertan ostatatutako sormen-proiektuen kalitatea, interesa eta haien diziplinartekotasuna eta transdiziplinartasuna (0-10 puntu).

a.3) Euskadiko sormen kulturaleko sareen barnean duen bakantasuna, beste inork artatzen ez dituen beharrei erantzuteagatik (0-10 puntu).

b) Sorkuntzako kulturagunearen interes publikoa. Gehienez 25 puntuz baloratuko da. Hauek hartuko dira kontuan:

b.1) Guneak sortzaileentzat ezarritako sarbideari, erabilerari eta parte hartzeari buruzko baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena...), bai eta onuradunen dibertsitatea eta kopurua ere. Hobeto baloratuko da sarbidea ahalik eta irekiena izatea, bai eta onuradunen kopurua eta dibertsitatea ahalik eta handienak izatea ere (0-15 puntu).

b.2) Modu positiboan baloratuko dira sorkuntzako kulturaguneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak, publikoak sortzeko garatzen dituen politikak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, heziketa, parte-hartzea...) (0-10 puntu).

c) Aurrekontuaren egokitasuna. Gehienez 15 puntu esleituko dira. Hauek hartuko dira kontuan:

c.1) Esleitutako enpresa-baliabideak (0-5 puntu).

c.2) Proiektuaren kalitate-prezio erlazio egokia (0-5 puntu).

c.3) Bestelako finantzazioa erakartzeko gaitasuna (0-5 puntu).

2.– Aurreko hiru irizpideen balorazioan gutxienez 45 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Gainerako proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, beste irizpide hauen arabera:

a) Arlo hauetan egiten diren ekarpenak: kultur agenteen nazioartekotzea, sare eta harremanetan integratzea, nazioarteko proiektuetan parte hartzea, nazioarteko adituekiko lankidetza... (0-10 puntu).

b) Euskararen erabilera. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

b.1) Guneak bere erabiltzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuen erabilera (0-5 puntu). Erreferentziatzat hartuko da eskaintzen diren zerbitzu guztietatik zenbat ematen diren euskaraz.

b.2) Ostatatutako proiektuetako erabilera (0-5 puntu). Baremo hau aplikatuko da:

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 0 eta % 14,99 bitartean: 0 puntu.

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 15 eta % 29,99 bitartean: puntu 1.

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 30 eta % 44,99 bitartean: 2 puntu.

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 45 eta % 59,99 bitartean: 3 puntu.

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 60 eta % 79,99 bitartean: 4 puntu.

– Euskaraz eskaintzen diren proiektuak eskaintzen diren proiektu guztien % 80 baino gehiago: 5 puntu.

c) Sortzaileen baitan gizon eta emakumeen arteko genero-desberdintasunei heltzeko berariazko politikak gauzatzea. 10 puntura arte esleituko dira.

c.1) Gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean genero-desberdintasunak desagerrarazteko diseinatutako programak (prestakuntza, mentoring edota ahalduntze motakoak) (0-5 puntu).

c.2) Ostatatutako sormen-proiektuetako genero-paritatea (0/5 puntu).

– 5 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatatzen dituzten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, 0,4 eta 0,6 bitartekoa bada.

– 0 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatatzen dituzten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, paritatetik urrunago badago.

3.– Aurreko ataletan ezarritako baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Azkenik, 65 puntu nahiz gehiago lortu duten proiektuak baloratuko dira berrikuntza mailaren arabera, 20 puntura arte gehienez. Sorkuntzako kulturagunearen beraren barne-kudeaketako prozesuetarako proposatzen den berrikuntza (10 puntu gehienez) nahiz sorkuntzako kulturaguneak denbora-tarte horretan aurreikusitako eduki eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza (10 puntu gehienez) baloratuko da, baremo honen arabera:

a) Kudeaketako barne-prozesuak. 10 puntu esleituko dira gehienez.

– Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatua: UNE 166.002, edo horren fede ematen duen beste edozein kanpo-ziurtagiri. 10 puntu.

– Ziurtagiririk gabe bada era, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategiko zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.

– Berrikuntza ez sistematizatuta ez ziurtatuta egonagatik ere erakundearen funtsezko faktorea da (5 puntu). Gutxienez hiru betekizun hauetatik bi bete behar ditu:

● barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardun izandako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).

● parte-hartze sarria (ez bakana) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela europar proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.

● berrikuntza beren jarduera-ardatza duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.

– Azken hiru urteetan noizean behin ekin izan zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.

– Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.

b) Aurreikusitako eduki eta proiektuak. Gehienez ere 10 puntu esleituko dira baremo honen arabera: proiektua berritzailetzat hartzeko hiru bloke hauetan guztietan jaso behar dituzte puntuak:

– Dagoeneko existitzen denaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena izatea (4 puntu):

● Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon gauzatu edo EAEn behintzat zeharo berria da (4 puntu).

● Berritasun nabarmena: kulturagunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).

● Berritasun ez esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik kulturagunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu).

0 puntu baino gehiago biltzen ez duenak ez du aukerarik izango hurrengo atalean baloraziorik jasotzeko.

– Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri egotea, edo horretarako plan bat aurreikusita izatea (2 puntu):

● ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzazioa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).

● ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu beharra dago (puntu 1).

● ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).

– Balio ekonomikoa, soziala nahiz ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):

● ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).

● ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).

● ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmenik gabea hiru alorretan (0 puntu).

Berrikuntza atalean jasotzen diren puntuak aurrekoei gehituko zaizkie.

5.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ezta 3.2 artikuluan adierazi diren mugak baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 6. artikuluan xedatutakoa.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamen motibatua ikusi ondoren, eta banaka jakinaraziko da.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen gisa eta denek izan dezaten horren berri.

3.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluetan.

4.– Eskaerak ebazteko eta interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaitu eta inolako jakinarazpenik ez bada egin, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bat berari esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da izan diru-sarrera guztien % 80 baino gehiago izan, gutxieneko autofinantzaketa maila beteko bada. Gainfinantzaketarik badago, edo ezarritako gutxieneko autofinantzaketara ez bada iristen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta hark hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko, jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen ote diren.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan adierazteko obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla.

g) Agindu honetan dirulaguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.

h) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

i) Dirulaguntzen gaineko Lege Orokorraren 14. artikuluan zein Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.1 artikuluan jasotako gainerako guztiak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira.

a) Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Dirulaguntzaren beste % 45, betiere, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 50) honela justifikatu ondoren:

– 2021eko ekitaldian lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.

– 2021eko ekitaldian ostatatutako proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta abarren arloan izandako lorpenak azalduta.

– 2021eko ekitaldian diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-balantzea (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Emandako dirulaguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak.

c) Gainerako % 5a dirulaguntza osoa ondorengo atalean zehaztutako eran justifikatu ondoren.

2.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta bi hilabeteko epean eta, betiere, 2023ko urtarrilaren 10 baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.

– Proiektuaren iraupen osoan ostatatutako proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta abarren arloan izandako lorpenak azalduta.

– Euskararen eta generoaren arloetan egindako ekintzen zerrenda eta haien balorazioa.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-balantzea (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere emandako dirulaguntzari ezarritako % 70eko muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.

– Aurkeztutako gastuen zenbateko osoa justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak.

– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio guztietako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita.

3.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak elektronikoki ere aurkeztu ahalko dituzte: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

4.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak agindu honetako 7.4 artikuluan adierazitako helbideetan izango dira ikusgai.

18. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sorturiko honako gastu hauek izango dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:

a) Gastu arruntak:

– Zentroa alokatzeko gastuak.

– Kudeaketa, zuzendaritza-, teknikari-, administrazio-, garbiketa-langile eta abarren gastuak.

– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.

– Gunerako materialak eta ondasun suntsikorrak.

– Beste gastu arrunt batzuk.

b) Jarduera gastuak:

– Sorkuntzako kulturagunearen gastuak (egoitzak, ostatuak, dirulaguntzak...).

– Prestakuntza gastuak.

– Kolaborazio proiektuen gastuak.

– Erakustaldi edota emanaldi gastuak.

– Lurralde- edo komunitate-proiektuen gastuak.

– Sustapen eta komunikazio gastuak.

– Bestelako aktibitate gastuak.

c) Kulturagunea egokitzeko gastuak, kontzeptu horiei dagokien guztizko kopuruak aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez badu. Sartzen diren gastuak, gainera, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatu beharko da beti.

– Egokitzapen gastuak.

– Ondasunak eta ekipo iraunkorra erosteko gastuak. Ondasun horiek gutxienez bi urtez geratu beharko dira erosten diren helburuari atxikirik. Betebehar hori ez betetzeak (esaterako, ondasuna besterenduz edo kargapetuz) dirulaguntza itzuli beharra ekar lezake.

3.– Edozein kasutan, agindu honen harira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

4.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu:

a) BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

b) Sorkuntzako kulturagunean sartuta dauden proiektuen ekoizpenari loturiko gastuak.

19. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratazio horien kasuan, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak azaroaren 8ko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legeak kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dituela beste hainbeste hornitzaileri, delako obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den dirulaguntza baino lehenago gauzatua. Aurkezten diren eskaintzan arteko erabakia eraginkortasunean eta ekonomian oinarrituta hartuko da, eta ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bat hautatzen bada, memoria batez justifikatu beharko da berariaz. Gainera, justifikazioan ere aurkeztu beharko dira eskaintzak.

2.– Atal honetatik kanpo geratzen dira onuradunak dirulaguntza jaso duen proiektua bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.

20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoari dagokionez, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo dirulaguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea, bereziki azaroaren 17ko Dirulaguntzen gaineko 38/2003 Lege orokorraren 37. artikuluan aurreikusitakoak.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak, osorik nahiz zati bat, eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 17ko Dirulaguntzen gaineko 38/2003 Lege orokorraren 37.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2021. urtean praktika sortzaileak bultzatzen dituzten kulturagune independenteei zuzendutako dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (azaroaren 17ko Dirulaguntzen gaineko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031710

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala