54. zk., 2021eko martxoaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (255 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1555
AGINDUA, 2021eko martxoaren 8koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez lehengo kokalekua berrezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordearen egoitza gisa.
Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartu zen, eta Itunaren III. kapituluko 3. atalean Arbitraje Batzordea arautzen da, eta, 66. artikuluaren lehenengo apartatuan, berriz, batzorde horren eginkizunak hauek direla zehazten:
a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo foru-aldundien eta beste autonomia-erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren gatazkak ebaztea, bai tributu itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, sozietateen gaineko zerga edota balio erantsiaren gaineko zergaren baterako tributazioaren kasuetan.
b) Banakako tributu-harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesdunen artean sor litezkeen gatazkak erabakitzea.
c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.
Bere aldetik, Arbitraje Batzordearen Arautegiak, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak onartu baitzuen 2007ko uztailaren 30eko Akordioaren bitartez eta maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez aldatu baitzen, hau dio 7. artikuluan:
«1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin da Batzordeko kide izan, eta hauetako baten zerbitzuko pertsona izango da: Estatuko Administrazioa edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo foru-aldundiak.
2.– Ekonomia eta Ogasuneko ministroak eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak izendatuko dute, txandaka, Arbitraje Batzordeko idazkaria, hiru urterako izendatu ere.
(...)».
Arbitraje Batzordea eratu zenetik laugarren hirurtekoa betetzen den honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario bati egokitu behar zaio idazkaritza; gainera, Arbitraje Batzordearen egoitza berriz ere jarriko da administrazio horren esparruan.
Horretarako, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak 2020ko ekainaren 26ko Agindua eman zuen, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariak bere kargua uztea eta haren ordezkoa izendatzea eta batzorde horren egoitza aldatzea; bada, agindu horretan, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean aurreikusita dagoen Arbitraje Batzordeari egoitza hau jartzea: Gaztelako Atea kaleko 15. zenbakian dagoen higiezina (01007 Vitoria-Gasteiz); Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia dago hor.
Ondoren, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez, aldi baterako aldatu zen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordearen egoitzaren kokapena; agindu horren lehenengo xedapen-zatian, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak erabaki zuen Arbitraje Batzordearen aldi baterako egoitza hau izango zela: Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen higiezina (01010 Vitoria-Gasteiz). Agindu horren beraren bigarren xedapen-zatian ezarri zen egoitza berriaren behin-behinekotasuna beste agindu baten bidez baliogabetuko zela eta agindu horrek Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia dagoen higiezina berrezarriko zuela egoitza gisa.
Horren ondorioz, eta aipaturiko arauak betez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Baliogabetzea Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko ekainaren 26ko Agindua, zeinaren bidez aldi baterako aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordearen egoitzaren kokapena; agindu horrek aldi baterako egoitza hau finkatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusitako Arbitraje Batzordearentzat: Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen higiezina (01010 Vitoria-Gasteiz).
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusitako Arbitraje Batzordeari egoitza hau jartzea berriro: Gaztelako Atea kaleko 15. zenbakian dagoen higiezina (01007 Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Agindu hau Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek izan dezaten horren berri.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau indarrean jarriko da EHAAn argitaratzen den egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 8a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.