Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2021eko martxoaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1469

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuari, aitortutako erakunde gisa, profesional baimenduak prestatzeko baimena berritzeko.

Espedientea: EXD/2020/001.

AURREKARIAK

Bat.– 2007ko urriaren 18ko Kontsumo eta Industria Segurtasunerako zuzendariaren eta Energia eta Meategietarako zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua entitateari baimena eman zitzaion profesional baimenduen prestakuntzarako aitortutako erakunde gisa aritzeko hainbat espezialitatetan.

Bi.– Industria-segurtasunaren alorrean banakako kualifikazio-agiriak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, prestakuntza-ikastaroak emateko, egun, aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Hiru.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2012ko azaroaren 12ko Erabakian, IEFPS Tolosaldeari jakinarazi zitzaion baimenik ez zuela berritu behar. Halere, Industria-segurtasunaren arloko banakako kualifikazio-agiriak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, 5 urtean behin baimena berrituta izan behar zuen.

Lau.– 2020ko martxoaren 10ean, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak eskabidea aurkeztu zuen profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko, baimendutako espezialitate hauetan:

– GF1 (hozgarri fluoratuen edozein karga duten hozteko instalazioen manipulatzailearen ziurtagiria),

– GF2 (hozgarri fluoratuen <3 kg-ko karga duten hozteko instalazioen manipulatzailearen ziurtagiria),

– GF4 (gas fluoratuak erabiltzen dituzten suteetatik babesteko sistemen eta suteak itzaltzeko sistemen manipulatzailearen ziurtagiria),

– IMT (eraikinetako instalazio termikoetako instalatzailearen/mantentzailearen ziurtagiria), arau aldaketei egokituz.

Bost.– Eskabide horrekin batera, industria-segurtasunaren arloko banakako kualifikazio-agiriak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren; zehazki, hauek:

– Erakundea identifikatzeko datuak; egoitza helbide honetan dago: Tolosako Santa Luzia 17an.

– Erakundeak dituen instalazioen, giza baliabideen eta baliabide teknikoen deskribapena.

– Egingo diren ikastaroen zehaztapena, aurreikusitako gaiak, metodologia, antolamendua eta ebaluazio-sistemak zehaztuz.

Sei.– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren zerbitzu teknikoek egiaztatu dutenez, egokia da aurkeztutako dokumentazioa eta bat dator indarrean sartu diren araudi berriekin. Horrenbestez, aldeko txostenak egin dituzte aitortutako erakunde gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaria organo eskuduna da ebazpen hau hartzeko, apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, xedatutakoaren arabera.

Bi.– Espedientea martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak xedatutakoaren arabera izapidetu da; horrek arautzen ditu, bada, industria-segurtasunaren arloko banakako kualifikazio-agiriak eta enpresa baimenduak, eta hainbat espezialitatetako profesional baimenduei banakako kualifikazio-agiriak emateko araubidea eta enpresa baimenduen ziurtagiriena. Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduak egin du aipatutako dekretuaren erregelamendu-garapena.

Hiru.– Industria-segurtasunaren alorrean banakako kualifikazio-agiriak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, prestakuntza-ikastaroak emateko egun aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Lau.– Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eskatzaileak, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak, baditu dekretu horren 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak, zeinak, hain zuzen ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan baitaude.

Bost.– Halaber, garatu beharreko ikastaroei buruzko egiaztagiri nahikoa aurkeztu da, eta zehaztu egin dira gai-zerrendak, metodologia, antolakuntza eta ebaluatzeko aurreikusitako sistemak; era berean, egiaztatu da aurkeztutako agiriak indarrean dauden araudi berrietara egokituta daudela, berriztatu beharreko espezialitateen alorrei dagokienez.

Sei.– Justifikatu egin dira, halaber, erakundeak dituen giza baliabideak, baimena berriztatzea eskatzen duen espezialitateetan ikastaroak emateko.

Zazpi.– Finean, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoak aurkeztu ditu.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua entitateari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko baimena berritzea espezialitate hauetan:

– GF1 (hozgarri fluoratuen edozein karga duten hozteko instalazioen manipulatzailearen ziurtagiria),

– GF2 (hozgarri fluoratuen <3 kg-ko karga duten hozteko instalazioen manipulatzailearen ziurtagiria),

– GF4 (gas fluoratuak erabiltzen dituzten suteetatik babesteko sistemen eta suteak itzaltzeko sistemen manipulatzailearen ziurtagiria),

– IMT (eraikinetako instalazio termikoetako instalatzailearen/mantentzailearen ziurtagiria),

Berritze hau indarrean sartzerakoan, entitateak 2007an eman zitzaion erregistro-zenbakia mantentzen du, hau da, ERF068.

2.– Erakunde honek baimena du Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden eta baimena duten instalazioetan ikastaroak emateko, hau da, institutuaren beraren instalazioetan. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu ikastaroak, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen Lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.

3.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamendukoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.

4.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte aipatutako dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak betetzen.

5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzuaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluak xedatutakoaren arabera.

Donostia, 2021eko otsailaren 18a.

Lurralde-ordezkaria,

AGUSTÍN AROSTEGI ARTETXE.


Azterketa dokumentala