Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2021eko martxoaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1463

276/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren deialdia egiten den kategoria honetan: Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan destinoa duten administrazioko teknikari laguntzaileak lanbide-taldeko Administrari Laguntzailea.

2019ko azaroaren 27ko Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez, Osakidetza Ente Publikoaren oinarrizko destinoak betetzeko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozeduretarako oinarriak onartu dira, 2019ko urriaren 29ko Osasuneko Mahai Sektorialean SATSE, SME eta UGT sindikatuekin Akordioa sinatu ondoren.

Erabaki horren azken xedapenetako bigarrenak ezartzen duenez, hura garatzeko eskumena ematen zaio Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari, beharrezko ebazpen edo instrukzioak eman ditzan, erabakia egoki eta zuzen aplika dadin Ente Publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan.

Era berean, 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 1.1 puntuak ezartzen duenez, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrak deialdi bakarra izango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena, eta indarrean jarraituko du denboran zehar. Destinoen eskaintza eta esleipena 6 hilean behin egingo da, lehenengo deialdia hasten denetik aurrera.

Horregatik, eta aipatutako Erabakian ezarritakoaren arabera, Administrazioko Teknikari Laguntzaileak lanbide-taldeko Administrari Laguntzailea kategoriako lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren deialdia egiten da, eta, horrela, aukera ematen zaie Osakidetzako langile finkoei nahiz Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetako eta osasun-zerbitzu autonomikoetako estatutupeko langile finkoei mugitzeko eskubideaz baliatzeko, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra aukera hori emateko xedeaz egiten baita.

Horiek horrela, babes harturik Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroren 11ko 255/1997 Dekretua eta osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen kategoria profesionalen baliokidetzen katalogo homogeneoa arautzen duen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretua, eta indarrean dagoen legediak langileen inguruan ematen dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan destinoa duten Administrazioko Teknikari Laguntzaileak lanbide-taldeko Administrari Laguntzailea kategoriako lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrerako deialdia egitea, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinean jasotako oinarrien arabera (2019ko abenduaren 24ko EHAA).

Bigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozesu orokorra hauen arabera arautuko da: Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinean jasotako oinarriak eta Ebazpen honen eranskina, aipatutako Erabakiaren azken xedapenetako bigarrenean zehaztutako gaikuntzarekin bat eginez.

Hirugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzekoa azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 26a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan destinoa duten Administrazioko Teknikari Laguntzaileak lanbide-taldeko Administrari Laguntzailea kategoriako Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozesu orokorra arautzea.
I. KAPITULUA
LEKUALDATZE-LEHIAKETA IREKI ETA IRAUNKORRAREN PROZESU OROKORRA

Lehenengoa.– Arau orokorrak.

1.1.– Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren bidez onartutako oinarrien arabera arautuko da deialdia, baita ematen diren ebazpenen arabera ere, aipatutako Erabakiaren azken xedapenetako bigarrenarekin bat etorriz. Deialdia loteslea izango da hura egiten duen administrazioarentzat, lehiaketako epaimahai kalifikatzailearentzat eta parte hartzen dutenentzat. Oinarrietan eta Ebazpen honetan xedatuta ez dagoena arau-xedapen aplikagarriek arautuko dute.

1.2.– Lan-harremanaren izaera juridikoa. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera destino bat lortzeak ez du batere aldatuko lehiatzaileak lehendik duen lan-harremanaren izaera juridikoa, hau da, harreman estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratupekoa.

1.3.– Lan-baldintzak. Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren ziklo baten esleipenaren ondorioz destinoa betetzen hasten diren langileei hauek aplikatuko zaizkie: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzeko indarrean dagoen Akordioa ere. Era berean, esleituko zaien destinoko zerbitzu sanitarioetako erakundean indarrean dauden lan-baldintzen menpe jardungo dute langileek, eta dagozkion ordainsariak jasoko dituzte.

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren bigarren oinarriaren arabera arautzen dira parte hartzeko baldintzak. Horrez gain, beharrezkoa da Ebazpen honen bidez honako hau arautzea:

2.1.– Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 2.1.1. oinarrian ezartzen denez, Osakidetzako langileek ez dute elektronikoki erregistratu beharko, izena emateko inprimakian, parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela (inprimakian beteta agertuko dira), eta ez dute aurkeztu beharko baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duen inolako dokumentaziorik.

Hala eta guztiz ere, interesdunak uste badu izena emateko inprimakian agertzen diren datuek ez dutela adierazten parte hartzeko baldintzak betetzen dituela edota bere administrazio-egoera zein den, edo uste badu datu horiek ez direla zuzenak, izena emateko inprimakia bete beharko du, eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko ditu dagozkion alegazioak, baldintzak betetzen dituela edota bere administrazio-egoera zein den egiaztatzeko dokumentazioarekin batera. Aipatutako alegazioak eta dokumentazioa noiznahi bidali ahalko dira, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako moduan.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aurreko paragrafoan azaldutako alegazioak aztertu eta dagokion esleipen-zikloko destinoak esleitzeko behin-behineko ebazpenaren argitalpenarekin ebatziko ditu, lehiaketan parte hartzen duen izangaiak zikloan eskainitako destinoetako bat aukeratu badu gutxienez. Nolanahi ere, alegazioak aldez aurretik ere ebatz daitezke.

2.2.– Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak bete beharko dira, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta lehiatzen den lanpostua betetzeko indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun ere.

Hirugarrena.– Eskabideak.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren hirugarren oinarrian arautzen dira eskabideak. Horrez gain, beharrezkoa da Ebazpen honen bidez honako hau arautzea:

3.1.– «Hautaketa eta Horniketa» webgunean, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus helbidean erabilgarri), eskabidea egiteko moduei buruzko informazioa emango da.

3.2.– Eskabideak honako atal hauek izango ditu:

– Datu pertsonalak, jakinarazpen-datuak eta administrazio-egoeraren datuak egiaztatu eta erregistratzeko atal bat.

– Merezimenduak egiaztatu eta erregistratzeko atal bat.

Lehiatzailea ez badago ados aplikazio informatikoak aldatzen uzten ez dion merezimenduren batekin, alegazioak eta dokumentazioa aurkeztu ahal izango ditu noiznahi Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako moduan.

– Destinoak aukeratzeko atal bat.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 4.1. oinarriaren arabera arautzen da destinoen aukeraketa.

3.3.– Osakidetzak jarriko ditu, zerbitzu-erakundeen bitartez, aurreko paragrafoan adierazitako moduan eskabidea egiteko behar diren giza baliabideak eta informatika-baliabideak.

3.4.– Deialdia egiten den zikloan sartuko dira prozesu orokor honetan egindako eskabideak, baldin eta ziklo zehatz horretan eskainitako destinoetako bat aukeratu bada gutxienez.

3.5.– Epea.

Interesdunek edozein unetan aurkeztu ahalko dute lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzeko eskabidea, eperik gabe, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.6.– Eskabidean jarritako jakinarazpen- eta komunikazio-baliabideak.

Komunikazioak eta jakinarazpenak, ahal dela, elektronikoki egingo dira, eskabidean emandako helbide elektronikoaren bidez.

Eskabidean ageri diren etxeko helbidea eta helbide elektronikoa bakarrik hartuko dira kontuan jakinarazpenetarako.

Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek hura erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari, prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.

Izangaiaren erantzukizun esklusiboa izango dira etxeko helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia idaztean egindako akatsak eta datuon aldaketak Osakidetzari jakinaraztea, Hautaketa eta Horniketa webgunearen bidez, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus helbidean erabilgarri).

3.7.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.

Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean bilduko da, zeina prozesua kudeatzeko bakarrik erabiliko baita. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua lege hauetan araututakoaren arabera egingo da: datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.

Fitxategi horren arduraduna Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioa da; eta datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Giza Baliabideen zuzendariaren aurrean baliatuko dira (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

Prozesu honetan eskabidea aurkezten dutenek onartu egiten dute euren datu pertsonalak oinarri hauetan eta ebazpen honetan ezarritako helbururako eta azaldutako eran tratatuko direla.

3.8.– Merezimenduen akreditazioa.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren bosgarren oinarriaren arabera arautzen da merezimenduen akreditazioa. Horrez gain, beharrezkoa da Ebazpen honen bidez honako hau arautzea:

3.8.1.– Osakidetzatik kanpo emandako zerbitzuak, baldin eta zerbitzuok ez badaude jasota Curriculum Vitae aplikazioaren lan-esperientziaren atalean, honela egiaztatu beharko dira: emandako zerbitzuen jatorrizko egiaztagiriaren edo notarioak emandako jatorrizko fotokopiaren bitartez. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu-erakundeak edo organo eskudunek emandakoa beharko du izan, Ebazpen honen I. eranskineko ereduari jarraituz edo agiria eman duen organoak horretarako duen ereduaren arabera, baina betiere lan egindako aldien hasiera-amaierak arestian ezarri den bezala xehaturik.

Osakidetzatik kanpo egindako zerbitzuei dagokienez, horiek hartu dituen erakundearen izaera publikoa egiaztatu beharko da, hari lotutako administrazio-organoak egindako egiaztagiriaren bidez.

Osakidetzatik kanpo emandako zerbitzuen ziurtagirietan ez bada hitzez hitz adierazten baliatu nahi den kategorian / lanpostu funtzionalean izandako esperientziaren izendapena, dagokion zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak edo organo eskudunek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da; bertan, hau adierazi beharko da: sartzeko eskatzen diren funtzio eta zereginak, lanbide-taldea eta titulua.

3.8.2.– Dena delako kategorian sartzeko eskatzen den titulua lortzen den egunetik aurrera emandako zerbitzuak baino ez dira baloratuko.

3.9.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Dokumentazioa aurkeztu behar izanez gero, hura eskabidearen frogagiriari erantsi beharko zaio, eta Osakidetzaren edozein zerbitzu-erakundetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztu beharko da.

b) Dokumentazioa noiznahi aurkeztu ahalko da, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako moduan.

Sinadura elektronikoa edo CSVa (dokumentuak egiaztatzeko kode segurua) duen dokumentazioak jatorrizko dokumentazioaren balio bera izango du.

c) Jatorrizko egiaztagiriak berariaz eskatzen direnean izan ezik, jatorrizkoaren kopiaren bidez aurkezten diren dokumentuen konpultsak informazio hau jaso beharko du: data, eta konpultsatu duenaren izen-abizenak, NANa eta irakur daitekeen izenpea.

Lan, argitalpen zientifiko edo ezagutza hedatzeko argitalpenei dagokienez, argitaratze-aipamena jaso beharko da haien fotokopietan, edo, hala badagokio, haiek agertzen diren aldizkari zientifikoaren edo informazio-aldizkariaren webgunea aipatu beharko da. Bilera zientifikoetan egindako edo ezagutza hedatzeko ekarpena izan, baina ekarpen hori argitaratu gabe badago, ordea, ekarpen horren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, zentro edo erakunde antolatzaileak emana.

Dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako batean egin ez badira, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz.

d) Baldintzei eta alegatutako merezimenduei buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du Osakidetzak, noiznahi.

Laugarrena.– Prozesu orokorraren garapena.

Esleipen-ziklo zehatzaren deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako prozesu orokorrean parte hartzeko eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaituta, eskabideetan egindako destinoen aukeraketa egiaztatuko du Osakidetzak, eta aukeratutako destinoetako bat gutxienez eskaintzen den esleipen-ziklora igorriko ditu. Ziklo zehatz horretan egiaztatuko da baldintzak betetzen direla, eta orduan egingo da merezimenduen balorazioa.

Ziklo bakoitzeko behin-behineko esleipenaren Ebazpenaren argitalpen-datarekin erlazionatutako 2019ko azaroaren 27ko Erabakian araututako uko- edo atzera-egiteak aurkeztu ahal izateko, Osakidetzak hamabost laneguneko aurrerapenarekin iragarriko du, gutxienez, aipatu Ebazpenaren argitalpen-data. Ebazpena «Hautaketa eta Horniketa» webgunean argitaratuko da, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus helbidean erabilgarri).

Bosgarrena.– Publizitatea.

Deialdi hau EHAAn argitaratuko da.

Horrez gain, prozedura hau garatzeko ematen diren eta EHAAn argitaratzen diren Ebazpenak Osakidetzaren webgunean ere argitaratuko dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala