Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2021eko martxoaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1359

AGINDUA, 2021eko martxoaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren azpisektoreari sostengua emateko laguntza-programa, eta haren deialdia egiten baita.

EAEko merkataritza-sektoreak garrantzi sozioekonomikoa du EAEko ekonomian eta hori zifretan jartzen da agerian, bai barne-produktu gordinean duen garrantzi espezifikoaren bitartez (% 10,67), bai enplegua sortzeko duen gaitasunarengatik; 2019. urtearen amaieran erregistratutako 138.000 kide zeuden (txikizkako merkataritza-sektoreari lotutako 83.868 kidetza) eta 38.965 saltegi.

MikroETEen enpresa-sarean oinarritutako enpresa-egiturak (merkataritza-enpresen % 78 inguruk 2 langile baino gutxiago dituzte, eta % 93 inguruk 5 langile baino gutxiagoko plantillak dituzte) eta autonomoen kolektibo garrantzitsuan oinarritutakoak (kolektibo hori txikizkako merkataritza-sektorean sortutako enpleguaren % 34 da).

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia global izendatu zuen koronabirusaren agerraldia. Neurriak hartu behar zirenez, Espainiako Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zuen (alarma-egoera deklaratzekoa, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko), herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartze aldera.

COVID-19aren pandemia geldiarazteko ezarritako neurrien ondorioz, automatikoki itxi ziren ia-ia merkataritzako saltoki guztiak, 463/2020 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako kasu berezi hauek izan ezik: elikagaien, edarien eta premia biziko produktu eta ondasunen txikizkako saltokiak, farmaziak eta osasungintzako establezimenduak, albaitaritzako zentro edo klinikak, optikak eta ortopediako produktuak, higiene-produktuak, prentsa eta paper-gauzak, ibilgailuen erregaiak, estankoak, ekipamendu teknologikoak eta telekomunikaziokoak, laguntza-animalientzako elikagaiak, Internet, telefono nahiz posta bidezko merkataritza, tindategiak, garbitegiak.

Konfinamendua arintzeko prozesuaren eta lehen alarma-egoeraren indarraldiaren amaieraren ondoren, ekonomia suspertzeko eta bizitza soziala berreskuratzeko etapari ekin zitzaion, eta, aldi horretan, osasungintzako agintariek balizko agerraldiak kontrolatzeko neurriak hartzen jarraitu zuten.

Udan izandako agerraldien eta udazkenean izandako kasuen goranzko joeren, gaixotasunaren transmisioaren eta metatutako intzidentzia-tasaren ondorioz, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua eman zen, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duena.

Bestalde, Euskadin birusa gero eta gehiago transmititzen ari denez eta ospitaleko okupazioan eta zainketa intentsiboetako unitateetan asistentzia-inpaktua gero eta handiagoa denez, Labiren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta Labiren Aholku Batzordeak ezinbestekotzat jo dute birusaren transmisio-katea hausteko neurri gehiago hartzea; horrenbestez, neurri murriztaile berriak hartzera behartu dute Eusko Jaurlaritza.

Hala, lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren bidez, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Neurri horiek berriro aztertu dira hurrengo Dekretuetan lehendakariaren otsailaren 12ko abenduaren 7/2021 Dekretuaren azken promulgaziora arte. Dekretu hori abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren azken aldaketa da, eta horren bidez, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko dira, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Pertsonen mugimendua murrizteko eta mugatzeko neurriek, bai lurralde-mailan bai udal-mailan; etxeratze-agindua ezartzeak eta merkataritza-ordutegiak mugatzeak; merkataritza-edukierak mugatzeak eta, azken batean, jarduerarik gabeko aldian edo ondorengo faseetan hartutako neurrien multzoak salmenten edo eskaeren bolumena murriztea eta hornikuntza-katea etetea eragin dute, eta horren ondorioz, likidezia-arazoak sortzen ari dira, eta, kasu askotan, merkataritza-sektorearen bideragarritasuna arriskuan jartzen duten galerak.

Hala ere, azpimarratu behar da txikizkako merkataritza-sektorean askotariko jarduerak daudela (pertsonaren ekipamendua, etxearen ekipamendua, janariak eta abar), eta azpisektoreek zeinek bere egoera duela.

Salmenten jaitsiera oso heterogeneoa izan da saldutako produktuen arabera; izan ere, jaitsierak izugarriak izan dira hainbat ondasunetan, ekipamendu pertsonaletan kasu, batez ere ehun-sektorean (oinetakoak, larrua eta abar barne), sektore horretako salmentak izan baitira Euskadiko txikizkako merkataritza osoko okerrenak.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako 2020ko txikizkako merkataritzaren indizearen azken datuen arabera, txikizkako merkataritzaren salmentak % 4,9 jaitsi dira aurreko urtearekin alderatuta, lan-egutegiaren termino homogeneoetan eta prezio konstantean. Elikaduraren arloko txikizkako merkataritzaren barruan, merkataritza espezializatuak % 5,2 egin du behera 2020an, elikadura nagusi den merkataritza ez-espezializatuaren kasuan, aldiz, % 7,1 egin du gora 2019. urtearekin alderatuta. Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan intentsitate desberdineko jaitsierak izan dira 2020. urteko metatuan. Etxeko ekipamenduan espezializatutako txikizkako merkataritza % 2,7 jaitsi da; aitzitik, bestelako kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutakoa eta pertsonaren ekipamenduetan espezializatutakoa % 9,2 eta % 13,9 jaitsi dira, hurrenez hurren.

2020ko laugarren hiruhilekoko datuak 2020ko hirugarren hiruhilekoko datuekin alderatuta aztertzen baditugu, ikusiko dugu elikagaien salmentek urtetik urterako % 2,8ko igoera izan dutela, etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritza % 11,1 igo dela eta bestelako kontsumo-ondasunetan espezializatutakoa % 3,6. Alabaina, pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritza % 14,7 jaitsi da Euskadin.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta herritarren osasuna zaintzea bada ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontu-kontuan hartu behar ditu krisialdi horrek txikizkako merkataritza-sektorean dituen ondorioak eta eragina; izan ere, EAEko gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturria da sektore hori.

Pandemia globaleko egoera honetan, arlo ekonomikoari dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasuna da EAEko txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntzea, batez ere azpisektore kaltetuenei, inpaktua minimizatzeko eta, alarma sanitarioa amaitutakoan, jarduera lehenbailehen suspertu dadin.

Hori horrela, likidezia eta kreditua bermatzeko, enplegua babesteko, zergen alorreko edo alokairura bideratutako neurrien eta ildo horretan garatzen diren beste hainbaten osagarri gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen du itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen lerro bat ezartzea, Euskadiko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren sektoreari laguntzeko jasaten ari den zailtasunen aurrean.

Laguntza-programa hori premiazkoa denez, prozedura arina behar da. Ezin da bestela izan gaur egungo egoeran, eta, era berean, aurreikusitako eskabide kopuru handia ahalik eta lasterren izapidetzeko aukera eman behar du. Gainera, laguntzak kudeatzeko, komenigarritzat jo da gastu publikoaren kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten beharrezko kontrolak errespetatzea. Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela.

Laguntza honek lortu nahi du, oinarrizko helburu gisa, EAEko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren azpisektorea, norberaren konturako langileak edo autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko oinarriak ezartzea, COVID-19aren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzeko.

Laguntza-programa honek nahikoa aurrekontu-kreditua du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoa.

Hori dela-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluaren, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

1.– Laguntzen agindu honen xedea da oinarriak ezartzea Euskadiko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren azpisektorea, norberaren konturako langileak edo autonomoak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak eta mikroenpresak eta enpresa txiki babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko, guztia ere COVID-19aren hedapena geldiaraztera bideratuta hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta azkarrena berrekitea ahalbidetzeko.

2.– Xede horrekin bat etorriz, laguntza-lerro honen helburua da Euskadiko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren azpisektoreko norberaren konturako langileen edo langile autonomoen, ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen, mikroenpresen eta enpresa txikien zuzeneko galera ekonomikoak apaltzea; izan ere, COVID-19aren pandemiak eragindako zailtasun-egoerak nabarmen kaltetu du haien guztien merkataritza-jarduera, COVID-19ak sortutako krisi sanitarioa eta haien jarduera egiteko sortutako baldintzak kudeatzeko hartutako neurrien ondorioz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 15.800.000,00 eurokoak dira guztira, eta 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Euskadiko txikizkako merkataritzako ekipamendu pertsonalaren azpisektoreko norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, mikroenpresek eta enpresa txikiek eskuratu ahal izango dituzte Agindu honetan bildutako laguntzak, baldin eta haien jarduera artikulu honetako 3. apartatuan aipatutakoen artean badago eta saltegia Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez, egiaztatzen da laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3.– Artikulu honetan adierazitako erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta euren jarduera honako tipologia honetan sartzen bada:

Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko 47. klasea: Txikizkako merkataritzan aritzen diren saltegiak, ibilgailu motordunen eta motozikleten saltegiak izan ezik, baldin eta haien jarduera talde hauetan sartuta badago:

– 47.71 EJSN taldea: Janzteko arropen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

– 47.72 EJSN taldea: Oinetakoen eta larruzko artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.

4.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, pertsona onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

5.– Pertsona eta erakunde onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte 2021eko otsailaren 15ean:

a) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta laguntzaren xede den saltegia bertan egotea.

b) Agindu honetako 3. artikuluko 3. apartatuan aipatzen diren jardueretako batean aritzea.

c) Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea.

d) Erakunde eskatzaileak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon beharko du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du puntu honetako a) eta d) apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen ote diren, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, aurreko apartatuetan identifikatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Gainerako betekizunen kasuan, b) eta c) apartatuak, eskatzaileak dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

6.– Artikulu honetan adierazitako agiriak nahitaez gorde beharko dira, gutxienez, laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrerako lau hilabeteetan.

Merkataritza Zuzendaritzak egiaztatuko du mantendu egiten dela onuradunen jarduera.

7.– Aurreko zenbakietan aurreikusitako eskakizunez gainera, pertsona eta erakunde onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean izatea.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

Era berean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki egiaztatuko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena eman aurretik. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kontura.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa eskaeraren xede den saltegian 2021eko otsailaren 15ean alta-egoeran zeuden langileen kopuruaren arabera ezartzen da, honako taula honen arabera:

– 1 eta 9 langile bitarteko saltegiak: 4.000 euro.

– 10 langileko edo 10 langiletik gorako saltegiak: 4.500 euro.

Kasu guztietan ere, langile guztien zenbaketan autonomoak ez ezik soldatapekoak ere sartuko dira, kontuan hartu gabe lanaldi osoa edo partziala duten, jardunean dauden, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden, lan-harremana etenda daukaten edo jarduera utzita dauden.

Langile berak saltegi bakarrean egon ahalko du atxikita.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

5. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko goizeko bederatzietatik aurrera.

2.– Saltegi bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta xede horretarako aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste:

1) Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:

a) Eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa edo enpresa txikia edo nortasun juridikorik gabeko taldea (ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila) den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren datu pertsonalak identifikatu beharko dira, baita zer partaidetza-ehunekoa duen ere.

Horrez gain, berariaz zehaztu beharko da dirulaguntza-eskaeraren xede den saltegiaren kokapena eta izena, baita eskaeran aipatzen den saltegia alta emanda dagoen ekonomia-jardueren gaineko zergaren jarduera nagusiaren epigrafea ere.

b) Erakunde onuradun izateko deialdi honetan, 3. artikuluaren arabera, ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

c) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

d) Betetzen dituela beharrezko diren baldintzak mikroenpresa edo enpresa txiki gisa hartzeko:

1) 50 pertsonari baino gutxiagori lana ematea eta aurreko ekitaldiko abenduaren 31n gehienez ere 10 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 10 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.

2) 50 langile edo gehiago, 10 milioi eurotik gorako negozio-bolumena eta 10 milioi euro baino gehiagoko urteko balantzea ez duen enpresa batek haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea.

e) Pertsona edo erakunde eskatzailearen 2021eko otsailaren 15eko plantilla osoari buruzko datuak. Informazio hori honela banakatuko da: gizon eta emakume kopurua eta langile bakoitzaren izen-abizenak, NANa eta gizarte-segurantzako zenbakia.

Informazio hori erakunde juridiko eskatzaileak aurkeztutako «Kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena» izeneko dokumentuaren bitartez eta langile autonomoen kasuan, «Lan-bizitzaren txostena» izeneko dokumentuaren bitartez egiaztatuko da.

f) Laguntzaren xede den saltegia Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eta 2021eko otsailaren 15a baino lehen martxan zegoela.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du informazio hori, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu egiaztapena egiteko behar diren egiaztagiriak.

g) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

h) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

2) Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu. Horretarako, dagokion aukeraren arabera, aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango du, hemen zehazten diren argibideei jarraikiz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

4.– Eskabideak egiteko, bitarteko elektronikoak bakarrik erabili beharko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1112901

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hirugarrenen altaren edo aldaketaren kasuan, artikulu honetako 3.2 lerrokadan agertzen den helbidea baliatu beharko da.

Elektronikoki izapidetutako eskaeren kasuan, erregistro elektronikoan ageri den data hartuko da aurkezpen-datatzat.

Eskaera egin ondorengo izapideak: jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: www.euskadi.eus/servicios/1112901

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo honen bidez:

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu 5. artikuluaren 3. puntuan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago interesdunaren eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta, prozedurari jarraituz, izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Onuradunei dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie, dirulaguntza ematea erabaki eta eskatzaileak onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamar egun balioduneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

8. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Dirulaguntzen eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, erregistro elektronikoaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte, eta erabilitako kredituaren arabera.

2.– Onuradun izateko eskatzen diren betekizunak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta dokumentazioa bete ondoren; horrez gain, ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– 2. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

Hasierako zuzkidura areagotzen bada, berriro ekingo zaio laguntzak emateari, eta hasierako zuzkidura agortu izanagatik laguntzarik gabe geratu direnek izango dute lehentasuna, dagokien hurrenkera sekuentzialaren eta sistematika beraren arabera.

4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio edota informazio osagarria eskatu ahal izango dute edozein unetan.

9. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Merkataritzako zuzendariak ebatziko ditu eskabideak, hurrenez hurren, eskabidea osorik formalizatzen den uneari erreparatuta, gehienez ere sei hilabeteko epean, eskabidea osorik aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, eta ebazpen arrazoitua emango du aurkeztutako dirulaguntza eskabide bakoitzari dagokionez, honela:

2.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak; hori guztia, diruz lagundutako eskabideen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea alde batera utzi gabe.

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo erakunde interesdunak baietsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

3.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jardueran alta emanda egotea, eta 3.3 artikuluan adierazitako kolektibo onuradunetako baten barruan egotea gutxienez ondoz ondoko lau hilabetez, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Jardueran gutxienez lau hilabetez aritzea jarraian, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da. Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, non emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko baitira.

12. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik eta/edo erakunde pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

2.– Agindu honetan ezarritako laguntzak, egungo COVID-19aren testuinguruan, ekonomia babestera bideratutako estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende daude; hau da, 2020ko martxoaren 19koa (2020/C 91 I/01) eta haren aldaketak: C (2020) 2215, 2020ko apirilaren 3koa, C (2020) 3156, 2020ko maiatzaren 8koa, C (2020) 4509, 2020ko ekainaren 29koa) eta C (2020) 7127, 2020ko urriaren 13koa. Laguntzak Aldi Baterako Esparru horrek estatu kideei araubideak ezartzeko eta enpresei laguntzak emateko aitortzen dizkien ahalmenen barruan ematen dira, presako likidezia-premiei aurre egin diezaieten.

13. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu dirulaguntzen deialdi honetako baldintzak hobeto ezagutze aldera, eta enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, Merkataritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea hasi ondoren (interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan), adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, ez-betetzearen proportzioan, baita berandutze-interesak ere, hala ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Eta, zati bat itzuli behar izanez gero, aipatutako 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, zenbateko hori diru-sarrera publikotzat hartuko da legezko ondorioetarako. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Ez-betetzearen espediente hori elektronikoki izapidetuko da egoitza elektroniko honen bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/, salbu eta interesdunak legitimoki beste bide bat eskatzen badu.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 2a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala