Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2021eko martxoaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1357

AGINDUA, 2021eko otsailaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021eko ekitaldian zehar dirulaguntzak emateko erregimena arautzen eta iragartzen duena, komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmen-esparruaren barruan eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sorkuntzaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila ere aintzat harturik, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komiki, nobela grafiko edo irudidun albumen kasuan. Azken helburua da gaur egun gure herrialdean gorakada handia duen sormen-sektore horren finkapena sustatzea eta laguntzea.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere (normalean, lan literario bat eta lan grafiko bat behar izaten dute), laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau zuzentzen zaie argitalpena ziurtatua edo, gutxienez, bideratua duten obrei. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean, Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.5 eta 25. artikuluek ezarritakoaren arabera, Agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira, sormen kulturalaren arloan existitzen diren desparekotasunak ezabatzera edo gutxitzera bideratutakoak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzera eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzera bideratutakoak.

Era berean, Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea da.

Proiektuak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak ez dira aintzat hartuko.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

2.– Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozeduratan banatuko da:

a) 15.000 euroko 4 laguntza, komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat gutxienez emakume batentzat.

b) 15.000 euroko 3 laguntza, irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat gutxienez emakume batentzat.

3.– Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Bakarrik balorazio fasean aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen duten proiektuek izango dute aukera dirulaguntza lortzeko.

Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenan jarriko dira lortutako puntuazioaren arabera. Lehen dirulaguntza egokituko zaio 30 urtetik beherako pertsonen artean puntuaziorik altuena lortu duenari, eta bigarren dirulaguntza, berriz, puntuaziorik altuena lortu duen emakumeari (emakumea ez bada lehen dirulaguntza lortu duen 30 urtetik beherako pertsona). Ondoren, beste dirulaguntzak emango dira ezarritako ordenaren arabera.

Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, lerro bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen guztizko kopurua aldatu gabe.

3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo Agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.

4.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

Ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako debekuetako batean daudenek.

5.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten badu modalitate horretan, aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Deialdi honetan pertsona berak ezin izango du izan dirulaguntza bat baino gehiago.

6.– Aurreko urteko dirulaguntza hauen deialdiaren edozein modalitatetan dirulaguntza lortu zuten pertsonek ezin izango dute deialdi honen edozein modalitatetan dirulaguntzarik eskatu.

4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, establezimenduetan eta dependentzietan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten diren helbideen bitartez.

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047008

– Albuma edo irudidun liburua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047009

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta betekizunen egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Ilustratzailearen ibilbidea: euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa, formakuntza, egindako lanak eta argitaratutako liburuak adieraziz.

b) Ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoi literarioa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren sinopsi osoarekin batera. Komiki eta nobela grafikoen kasuan, gutxienez 8 orriko gidoi zehatza.

c) Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

d) Kasuaren arabera, gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa bada.

e) Argitalpen kontratua edo konpromiso-eskutitz irmoa argitaletxe batekin obra argitaratzeko, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

f) Sustapen-plana, euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa. Aipatuko dira itzulpenak, hedapen-estrategiak edo komunikazio-ekintzak eta nazioartekotze-estrategiak.

g) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa eta proiektuaren modalitatea adierazten duena.

h) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

– Gainerako dokumentazioa, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Edozein Administrazio Publikok edo erakunde pribatuk xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.

– Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean ez egotea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea.

– Proiektu originala da eta orain arte ez da hala garatu.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidearen izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Bi modalitatetan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

– Kideak: Kulturako sailburuordeak laguntzen arloko gaian adituak direnen artean izendatutako 3-5 kide.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua, izango da Batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio Batzordeen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordeak eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Batzorde horiek, prozedura bakoitzean eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkiote ebazpen-proposamen egokiak. Proposamen horietan agertuko dira eman nahi diren dirulaguntzak, onuradunen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta egin behar den jarduketa, bai eta ukatuko diren dirulaguntzak eta horretarako emandako arrazoiak ere. Era berean, zein eskaera ez diren onartu adieraziko da.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak modu egokian ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpenaren proposamena prestatzeko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak ezarriko ditu:

a) Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 10 puntu). Ondorengoak baloratuko dira:

– formakuntza (3 puntu),

– egindako lanak (3 puntu),

– eta argitaratutako lanak (4 puntu).

b) Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 50 puntu). Aintzat hartuko da:

– ilustrazioaren trataera (30 puntu),

– berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

c) Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu). Kontuan izango da:

– gidoiaren interesa eta kalitatea (10 puntu),

– argitaratutako obraren sustapena, hedapena, banaketa eta salmenta-plana (10 puntu),

– zein hizkuntzatara itzuliko den eta nazioartekotzea (5 puntu),

– eta argitaletxearen helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea (5 puntu).

d) Euskararen erabilera (gehienez 10 puntu). Gidoi originala euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira eta euskaraz argitaratuko direnak 5 punturekin.

2.– Baztertu egingo dira eta ezingo dira aukeraketa prozesuan sartu balorazio-baremoaren puntuetatik gutxienez 60 lortzen ez duten proiektuak.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenetan agertuko dira, alde batetik, onartutako eskaerak eta onartu gabeak, eta azken horiek baztertzeko arrazoiak. Eta, bestalde, proiektuen balorazioa, eta horren ondorioz dirulaguntza-eskabideen balorazioa edo gaitzespena. Balorazio Batzordeek helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta banaka jakinaraziko die ebazpena interesdunei, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpen-epea igarota, onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.2 artikuluan.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira edozein erakunde publikok xede berberaz emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea; eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igortzea azken sorkuntza-lana eta haren Jabetza Intelektualeko Erregistroko inskripzioa.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

Gainera, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Proiektuaren aldaketak.

a) Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, hilabeteko epean, onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Proiektuaren aldaketa soil-soilik onartuko da agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak mantentzen direnean.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak bi ordainketaren bidez ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 75, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren eta uko ez bada egin.

b) Gainerako % 25a 2022an ordainduko da, diruz lagundutako sorkuntza Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Argitalpen-kontratua ere aurkeztu beharko da, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ez bada.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

16. artikulua.– Sorkuntza aurkezteko epea.

Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunek hamabi hilabete izango dituzte behin betiko sorkuntza aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan; hain zuzen ere, argitaratzeko moduan aurkeztuko da, paperean edo euskarri informatikoan,.

Liburua 6 hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik; eta alea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara bidaliko da, argitaratu eta 2 hilabeteko epean.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat emandako dirulaguntzetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

– Helburua: sorkuntza grafikoko prozesuak garatzeko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideen kudeaketa.

– Lege-oinarria: Interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa – 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

– Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko zein haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

– Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1047008

– Album edo liburu ilustratua: https://www.euskadi.eus/dbao/1047009

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala