48. zk., 2021eko martxoaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (329 KB - 14 orri.)
- EPUB (232 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
1349
13/2021 DEKRETUA, martxoaren 6koa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak 2021ean testu bakar batean lehen aldiz bateratu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.
Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak, birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin zen.
Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta horren ondoreneko aldaketetan –47/2020, 1/2021, 4/2021 eta 7/2021 Dekretuetan–, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta funtsezko edukia alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.
Etengabeko ebaluazioaren eta eginiko jarraipenaren ondorioz, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko, hartu diren neurriak berregokitzeko hurrenez hurreneko erabakiak hartu dira, LABIren foroan sakoneko zehaztapen eta neurriak aztertu ondoren. Hori guztia, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.
Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea.
1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 22:00etan mantentzen da, eta, muga horren amaiera-ordua, 06:00etan.
2.– Ordutegi-muga alde batera utzita, pertsonek urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko soilik zirkulatu ahal izango dute erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik:
a) Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.
b) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
c) Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.
d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
e) Ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.
f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.
g) Ezinbesteko kasua edo premia-egoera dela eta.
h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.
i) Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako erregai-hartzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.
1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio. Dekretu honetatik aurrera, kendu egingo da barruko beste edozein lurralde-konfinamendu perimetral.
2.– Betiere urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.
a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.
f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.
h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
j) Ezinbesteko kasua edo premia-egoera dela eta.
k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak –iragaitzazkoak– ez du inolako murrizketarik izango.
4.– Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak adierazten duen, bere erantzukizunpean, betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helmugari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren baldintzak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.
3. artikulua.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.
1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona-taldeen mugari. Gehienez ere lau pertsonako taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo mendeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak. Nolanahi ere, komeni da bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilkurak edo topaketak saihestea, batez ere barne-eremuetan.
2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta aplikatu beharreko araudian berariazko neurriak ezartzen zaizkienak ere.
4. artikulua.– Prebentzio-neurri espezifikoak testu bakarrean eguneratzea eta bateratzea.
Dekretu honen eranskinean jasotzen dira indarrean jarraitzen duten osasun publikoko neurri espezifiko guztiak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua, alarma-egoeraren deklarazioaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri espezifikoei buruzkoa, bai eta dekretu hori aldatzeko ondorengo dekretuak eta dekretu honetan eta honen eranskinean ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau eta egintza guztiak ere. Indargabetzetik salbuetsita dago ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak ixteko edo irekitzeko arauei buruzko erregulazioa, eta etenda egongo da justizia-auzitegiek besterik zehazten ez duten bitartean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek 2021eko martxoaren 9ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
1.– Dekretu honen 1. artikulutik 3.era bitartekoetan xedatutakoaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Dekretu honen gainerako arauetan xedatutakoaren aurka, eta, bereziki, eranskinean xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko martxoaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
ERANSKINA
OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO NEURRI ESPEZIFIKOAK
1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.
COVID-19aren intzidentzia maila baxuetan kokatzea eta mantentzea lortzeko, herritarrek aktiboki parte hartu behar dute ezinbestez.
Horretarako, herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.
Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.
Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekita daudenean, bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik. Arrazoi medikoengatik maskarak erabiltzearen salbuespena ziurtagiri mediko ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.
Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Betiere 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da.
Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasuna edo arnasa hartzeko zailtasuna dela-eta aipatutako 21/2020 Errege Lege Dekretuan oinarrituta maskara erabiltzetik salbuetsita dauden pertsonen kasuan, gorabehera hori dokumentatu ahal izango dute, behar den moduan, desgaitasun- edo mendetasun-maila egiaztatzen duen dokumentu baten bidez, edo mediku-ziurtagiri baten bidez. Hori ez da eragozpen izango erantzukizunak eskatzeko, adierazpenaren zehaztasunik ezagatik.
Bizikideak ez diren pertsonak espazio pribatu irekietan zein itxietan bildu edo elkartuz gero, maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere.
Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.
Nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazio pribatuetan, hala nola eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, solariumetan, zabaltzetan edo antzeko lekuetan.
Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere lau lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.
Maskara behar bezala erabili behar da derrigor, hau da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (kokotsa barne) estali beharko du.
Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta dagoen erabilera profesionaletan.
Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.
Jarduera guztietan eskatuko diren higiene- eta prebentzio-neurriak.
Oro har, ezartzen diren berariazko arau edo protokoloei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei:
Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla dekretu honetan aipatzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarrietarako eta erabilera-intentsitaterako.
Txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.
Ezin izango da erre bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, ezin bazaio pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantziari eutsi. Tabakoa arnasteko beste edozein dispositiboren erabilerari ere aplikatuko zaio muga hori, hala nola zigarreta elektronikoei, lurrungailuei, ur-pipei, pipei edo antzekoei.
2.– Baheketa diagnostikoak talde espezifikoetan.
Agerraldi epidemikoren bat izanez gero, edo egoera epidemiologikoak hala egitea gomendatzen duenean, indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probekin (IADP), Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, baheketak egingo zaizkio arriskuko eta arriskupean egon daitekeen biztanleriari (adibidez: zentro soziosanitarioetan, transmisio komunitarioko auzoetan, ikastetxeetan, eraginpeko etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan, etab.).
3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.
Merkataritza-gune guztiak, erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneak izan ezik, dagokien araudiaren arabera itxi beharko dira, eta betiere 21:00etan beranduenez. Farmaziek beren ordutegi-erregimenari eutsiko diote.
1) Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin. Maskara erabiltzea behar-beharrezkoa da barnean.
Pertsonen zirkulazioa antolatzeak eta espazioak banatzeak pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatuko du. Lehentasuna emango zaio 65 urtetik gorako bezeroei arreta emateari. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta zona jakin batzuetan pilaketak saihesteko, bai barruan bai kanpoan, eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera desberdina ezartzen saiatuko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko. Establezimenduen sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak garbitzeko, eta bete beharreko prebentzio-neurrien berri emango da.
2) Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.
3) Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Debekatuta dago alkohola bide publikoan kontsumitzea.
4) 150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduek edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera baimendua izatera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko zaie merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean, bai eta eremu komunetan ere, haien azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko.
Debekatuta dago jolaslekuak, haurrentzako guneak edo atsedenlekuak erabiltzea, eta itxita egon beharko dute.
Merkataritza-instalazioetan kokatutako ostalaritza- edo jatetxe-establezimenduek establezimendu mota horietarako xedatutakoa bete beharko dute.
Merkataritza-zentroetan kokatuta ez dauden eta 150 metro koadro arteko azalera duten merkataritza-establezimendu, -instalazio eta -lokal txikizkariek ezin izango dute guztizko edukieraren ehuneko 60 gainditu, edozein dela ere lokalean egiten den jarduera.
Aldagelen erabilera mugatzeko kontrol bat ezarri beharko da. Kutxetan, txartel bidez ordaintzeko erraztasunak eta ahaleginak egingo dira, eta eskuragarri dauden ordainketa-postu automatiko eta saltzailerik gabeko guztiak gaituko dira. Establezimenduetan, instalazioetan eta merkataritza-lokaletan, ezin izango da eremu komunik okupatu pertsonen joan-etorria ez den beste erabilera baterako.
4.– Beilak eta ehorzketak.
1) Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.
2) Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada, betiere. Gainera, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsona batek ere parte hartu ahal izango du. Leku itxian egiten bada, aldiz, gehienez ere 10 pertsona elkartu ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.
3) Kasu guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea denbora guztian.
5.– Kultu-lekuak.
Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren ehuneko 35 gainditu, eta betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira. Gehieneko edukiera zein den kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan.
6.– Merkatuak.
Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan –azoka txiki gisa ezagutzen direnak–, ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da, eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko gisan. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsiko zaio.
7.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera.
1) Aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro, araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako hezkuntzari dagokienez, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerei dagokienez ere, eranskin honetan jasotako arauen arabera garatuko da, eta betiere 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurka jarduteko Hezkuntza Sailak egindako protokolo orokorraren arabera.
2) Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.
3) Halaber, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari eta administrazioari laguntzeko zerbitzuek beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.
4) Aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak errespetatuz egingo da, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz eta maskarak erabiliz.
8.– Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak, eskolak eta arautu gabeko prestakuntza-zentroak. Jende asko biltzen den beste ekitaldi sozial publiko edo pribatu batzuk.
1) COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, dagokien erregistroan inskribatuta badaude, presentziala izan ahalko da, gehienez ere 25 pertsonarekin. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.
2) Azterketak eta hautaprobak egiteko deialdiak, bai eta kongresu eta bilera zientifikoetan eta profesionaletan parte hartzea ere, honako arau hauen arabera egingo dira:
– Hautaketa-prozesu publikoei zein pribatuei, hezkuntza- eta hizkuntza-tituluak lortzeari eta antzeko beste batzuei dagozkien probak egiteko, gehienez ere lokalen % 50eko edukiera errespetatu beharko da.
– Erakunde antolatzaileak covid-aren aurkako protokolo bat izan beharko du, eta bertan bermatu beharko da beharrezko neurriak betetzen direla COVID-19aren transmisio-arriskua minimizatzeko, bai esparruaren barruan, bai inguruko eremuetan eta sarbideetan, betiere gutxienez 1,5 metroko urruntze pertsonala bermatuz.
9.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.
1) Egoera epidemiologikoaren arabera ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak ixteko beste edozein arau etenda mantentzen den bitartean, irekita mantendu ahal izango dira, eta gehienez ere 20:00etan itxi beharko dute –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat.
Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta, eta, edonola ere, itxita egongo da beste edozein zerbitzu eskaintzeko. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.
Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon ahal izango dira 20:00etatik 06:00etara, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.
Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.
2) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta gehienez ere edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko erabilgarritasuna izango dute barruan. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, betiere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira lau pertsona baino gehiagokoak izan, eta ezin izango dira bi mahai edo gehiago batu pertsona gehiagoko taldeentzat. Berariaz gomendatzen da establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea.
Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta horien inguruan ez erretzea.
3) Lokalek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.
4) Ostalaritzako eta jatetxeetako zerbitzua ematerakoan, ahalik eta intentsitate handienarekin gauzatu beharko dira higiene- eta prebentzio-neurriak. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, jateko edo edateko unean izan ezik.
10.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako gune komunak.
1) Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.
2) Gehienez ere 4 pertsonako taldeetan egin daitezke koktelak eta buffetak, barne-lokal bakoitzeko edo behar bezala mugatutako kanpo-eremu bakoitzeko. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuta, maskara erabiliz.
3) Animazio-jarduerak edo talde-eskolak gehienez ere 6 lagunentzako edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. Jardueran parte hartzen duten pertsonen arteko eta horien eta animatzailearen arteko distantzia errespetatu beharko da, edo, bestela, babes fisikoko neurriak erabili. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.
4) Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako kirol-instalazioen kasuan, hala nola igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.
11.– Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.
1) Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida kontuan hartu gabe, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. Eskola-talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.
2) Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).
12.– Azoka-esparruak.
1) Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte; eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Azoka-jarduera horri lotutako ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari dagokionez, eranskin honen 9. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak bete beharko dira.
2) Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.
3) Azoka-esparruek ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte bisitari, erakustoki, antolatzaile, hornitzaile eta langileei ingurune segurua ziurtatzeko, higiene- eta osasun-berme handienekin. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; osasun-agintari eta -zerbitzuekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarrien aurreko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.
13.– Jarduerak eta kultura-ikuskizunak eta -ekitaldiak.
1) Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan.
Bertan behera jarraitzen dute musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek, hezkuntza arautukoek izan ezik.
Dantza-talde ez-profesionalen entseguek baimenduta jarraitzen dute, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio-baldintzak.
2) Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. 1.600 pertsonatik gorako edukiera duten aretoetan, gehieneko edukiera 600 pertsonakoa izango da. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan (bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira).
3) Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukierarakin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.
14.– Kirola.
Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.
Honako arau hauen arabera garatu ahal izango da kirol-jarduera:
– Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.
– Lehiaketa profesionalean eta federatuan ari diren taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.
– Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, eta gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.
– Entrenamenduetan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.
– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez 6 laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez 6 lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.
– Aldagelak erabili ahal izango dira, betiere gehieneko edukieraren ehuneko 35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta ireki aurretik eta itxi ondoren ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu.
– Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.
15.– Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak.
1) Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak sei pertsonako talde egonkorretan antolatu beharko dira, begiraleaz gain, ahal dela aire zabaleko guneetan. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da beti.
2) Jantokiak erabiltzen badira, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko da haien okupazioa, eta sei pertsonako talde berberak mantenduko dira, taldeen artean 2 metroko distantziarekin. Jantokiak behar bezala aireztatuta egon beharko dira.
3) Kirol-jarduerak edo artistikoak kontakturik gabe eta ikuslerik gabe egingo dira.
4) Egin beharreko jarduerek gaua igarotzea eskatzen badute, gela partekatuek baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko 50 hartuko dute, pertsonen arteko distantziari eutsiz, eta, ahal den neurrian, sei pertsonako talde egonkorrak mantenduko dira, begiraleak edo erakundeko arduradun heldu batek gainbegiratuta.
5) Kanpin-dendak erabiltzen direnean, pertsona batek lo egin dezake denda bakoitzeko. Parte-hartzaileak bizikideak badira, denda berean lo egin dezakete. Dendak fisikoki isolatuta dauden zenbait gela baditu, gela horiek erabili ahal izango dira, eta egunero jaso, garbitu eta aireztatuko dira.
Halaber, gaua bibak egiten igarotzea baimentzen da, segurtasun-distantzia eta zakuen higienea mantenduz.
16.– Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.
Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.
17.– Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.
Taldeen bisitak gehienez ere 6 pertsonakoak izango dira; jarduera egiten den bitartean, pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira.
18.– Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.
Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztietan egiten diren ohiko ikuskizunen, ikuskizun orokorren edo bestelakoen zezen-jarduerak arriskuak murrizteko plan bat izan beharko du, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko duena. Betiere aurrez esleitutako besaulkiak izan beharko dituzte, baimendutako edukieraren ehuneko 50 gainditu gabe, gehienez ere 600 pertsonarekin, eta banaketa homogeneoa izango da esparruan. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.
19.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.
Joko- eta apustu-lokalak jendearentzat ireki ahal izateko, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin egin ahal izango da. Joko- eta apustu-jarduerak banaka egin beharko dira. Pertsonek eserita egon beharko dute. Gehienez lau laguneko taldeak izango dira. Jokalarien artean, 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Joko-posizio bateko parte-hartzaileen aldaketa bakoitzean bermatu beharko da erabilitako espazioaren garbitasuna eta ez dela objekturik trukatzen. Establezimendu hauek beranduenez 20:00etan itxi beharko dira, bezeroak ateratzea barne, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat.
20.– Ibilgailuen okupazioa eta erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko lurreko eta itsasoko garraioan.
Okupazioa bidaiarien garraioan.
1) Lurreko garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak izan, eta hiri-eremukoak, hiriartekoak, hiri-periferiakoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumenekoak izan, ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai zutikako plazei dagokienez.
Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuekin egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne.
Errepideko lurreko bidaiarien garraioetan, gomendagarritzat jotzen da eskudirurik erabili gabe ordaintzea eta unitatera atzeko ateetatik sartzea. Gomendagarritzat jotzen da manparak jartzea, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea.
Edozein motatako garraio publikoa –EAEko hiru lurralde historikoetako bakoitza baino eremu txikiagokoa– irteteko ordutegia, beranduenez ere, 23:00ak izango da.
Debeku horretatik salbuetsita geratzen da taxiz edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa.
EAEko garraio publiko guztietan, bidaiek 2 ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta dago jatea; ez, ordea, alkoholik gabeko edariak hartzea.
2) Kable bidezko garraioa. Kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira baimendutako edukiera guztia osatu arte, betiere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanik.
3) Itsas garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez.
Txartelen aldez aurreko salmenta.
Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da. Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko. Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten lurraldearteko lurreko garraioaren konpainia operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.
Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola.
Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti. Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat beteta noiz dagoen zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.
Maskarak nahitaez erabili beharra.
Guztiz nahitaezkoa eta ezinbestekoa da sei urtetik gorakoek maskara erabiltzea, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, bidaiariak garraiatzeko adierazitako garraiobideetako edozein erabiltzen denean, eranskin honen 1. apartatuan aipatutako kasuetan izan ezik. Gainera, komeni da sei urtetik beherakoek maskara erabiltzea, ahal den guztietan. Garraio pribatuan maskarak erabiltzea ez da exijitu behar izango, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako beren lanleku propioa edo babes-manpara baten bidez bereizitako leku bat ez badute.
21.– Ehiza- eta arrantza-jarduera.
Ehiza-jarduera mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan, ez datorrelako bat jarduera fisiko bizi batekin.
Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan, ez datorrelako bat jarduera fisiko bizi batekin.
22.– Aire zabaleko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak.
Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1.
Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere.
Aire zabaleko espazio publikoa gehiago erabil dadin sustatzea gomendatzen da, herritarrentzat espazio gehiago egon daitezen.
23.– Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.
Establezimendu hauen itxierari eusten zaio: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute.