Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2021eko martxoaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1253

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 19koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, «Innobideak» 2020 laguntza-programaren oinarri erregulatzaileak aldatzen dituena, diruz lagundutako jardueren gauzatze- eta justifikazio-epeak luzatzeko.

2020ko maiatzaren 28an, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak «Innobideak 2020» laguntza-programaren onarpena, argitalpena eta bere oinarri erregulatzaileen deialdia adierazten dituen Ebazpena eman zuen, zeina Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen 2020ko ekainaren 15ean.

Ondoren, COVID-19ak eragindako egoerak, azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretu, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako alarma-egoera luzatzen duena– eta pandemiari aurre egiteko autoritateek hartutako gainerako neurriek aipatutako laguntza-programako proiektuen gauzatze-epeari eragin diote; salbuespenezko garai honetan mantsotu edo, kasu batzuetan, guztiz eten dute aurreikusten zen gauzatze-erritmoa. Hain zuzen, programa honen onuradun direnen profila eta ezaugarriak eta laguntzak jasoko lituzketen jardueren alorrari begiratuta, laburregitzat jotzen da alarma-egoeraren ondoren gelditu den epea, oraindik indarrean dagoena.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Araudiko 5. artikuluko bigarrengo atalaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik:

«5.– artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero abiaraziko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan; gehienez gauzatuta egon beharko dute 2021eko urriaren 29a baino lehen.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira».

Bigarrena.– Araudiko 14. artikuluaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik:

«14.– artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta aldaketa horiek erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta aldez aurretik justifikatu baditu, ahal bada proiektuan aplikatu aurretik, eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira».

Hirugarrena.– Araudiko 17. artikuluko bigarren atalaren aldaketa onartzea, honela geldituko delarik:

«17.– artikulua.– Ez-betetzeak.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak».

Laugarrena.– «Innobideak 2020» laguntza programen oinarri erregulatzaileak aldatzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bosgarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2021eko otsailaren 19a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.


Azterketa dokumentala