44. zk., 2021eko martxoaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (324 KB - 17 orri.)
- EPUB (229 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1223
AGINDUA, 2021eko otsailaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021eko ekitaldian dirulaguntzak emateko araubidea arautzen eta iragartzen duena, kultura-arloko sorkuntza-lanetarako.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.
Ildo horretan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere jardun-eremuetarako esleituta dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri iruditu zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, sorkuntza bultzatzeko laguntza-neurriekin jarraitzea. Honako hauek izango dira jarduera-eremuak: antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, literatura-testuak eta koreografiak. Dirulaguntza ekonomikoak emango dira sortzaileen euskarazko nahiz gaztelaniazko lana sustatzeko. Deialdi honen helburu nagusia da kulturaren ikuspegitik gure lurraldean hain garrantzitsu eta beharrezkoa den sorkuntzaren sektorea finka dadin sustatu eta laguntzea.
Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena betez, honako agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultur sormenaren esparruan, eta, aldi berean, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean datozen helburuak betetzeko.
Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartu da.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta horiek emateko deialdia egitea, dela antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak, euskarazko literatura-testuak eta koreografiak egitera bideratutako sorkuntza-prozesuetarako.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 354.000 euro daude jarrita.
2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota bakoitzaren artean:
a) 52.000 euro, antzerkirako testuak sortzeko.
b) 104.000 euro, zinemarako gidoiak sortzeko.
c) 64.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.
d) 40.000 euro, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko.
e) 40.000 euro, euskarazko ipuin eta nobela motzak sortzeko.
f) 54.000 euro, koreografiak sortzeko.
3.– Eskaerarik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik modalitateetako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, Kultura Sustatzeko zuzendariak proposatu ahal izango dio Kultura sailburuordeari soberako kopurua beste modalitate batera eskualdatzeko, oraindik ebatzi gabe badago ere. Kasu horretan, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
4.– Proiektuak bertsio originalean aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan.
3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo Agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
Testuetarako proiektuak (antzerkirako testuak, gidoiak, gazteentzako literatura eta ipuin eta nobela motzak) euskaraz idatzita aurkeztuko dituzten pertsona fisikoek ez dituzte aurreko paragrafoan jaiotzaz eta erroldaz zehaztutako baldintzak bete behar.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
Gainera, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira.
3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.
4.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
5.– Deialdi honen dirulaguntzak izateko, onuradunek ezin izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan ezarritako beste debekurik.
6.– Deialdi honen baitan eskatzaile berak ezin izango du lortu dirulaguntza bat baino gehiago.
7.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, gidoi zinematografikoen kasuan izan ezik, eskatzaile bakoitzeko eskabide bakarra onartuko baita. Eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten badu modalitate horretan, aurkeztutako lehena edo lehena eta bigarrena (modalitatearen arabera) bakarrik onartuko dira.
8.– 2020. urteko kultura sorkuntzarako dirulaguntzetako modalitateren batean dirulaguntza lortu bazuten, ezin izango dute aurtengo deialdi honen dirulaguntza modalitate berean eskabiderik aurkeztu. Era berean, ezin izango da deialdi honetara aurkeztu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ikus-entzunezko proiektuak garatzeko dirulaguntzen 2021eko deialdira aurkezten diren proiektuak, edo kultura-sorkuntzaren deialdira birritan edo gehiagotan aurkeztu diren gidoi zinematografikoko proiektuak.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Deialdi hau, 2.2 artikuluan zerrendatutako dirulaguntza lerroetan, lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik lerro bakoitzean finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den gehieneko dirulaguntzaren barruan.
2.– Bi fasetan baloratuko dira modalitate bakoitzean aurkezten diren proiektuak. Lehenengo fasean, eskaerek 45 puntu lortu beharko dituzte gutxienez 85etik, hurrengo fasera igarotzeko musika-konposizioaren modalitatean izan ezik; kasu horretan, 38 puntu eskatuko dira aurreikusitako gehienekotik (70 puntu).
5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:
– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, establezimenduetan eta dependentzietan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten diren helbideen bitartez.
3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:
– Antzerkirako testuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025012
– Zinemarako gidoiak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025013
– Musika-konposizioa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025014
– Gazte literatura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025015
– Ipuin eta eleberri motzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025016
– Koreografia-sorkuntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1025017
Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta betekizunen egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:
a) Modalitate bakoitzean zehazten den proiektuari buruzko dokumentazioa formatu elektronikoan aurkeztu beharko da, eskabidea aurkezteko erabilitako bidea (aurrez aurre edo elektronikoki) edozein dela ere.
b) Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
– Gainerako dokumentazioa, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko da.
– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.
– Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, horiek kontsultatzeko.
c) Eskabidearen balioespenerako aurkeztu nahi den gainerako dokumentazioa.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), inguruabar hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:
– Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean ez egotea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea.
– Proiektua originala dela eta orain arte ez dela garatu adieraztea.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak.
– Edozein entitate publikok xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.
– Dirulaguntza jaso nahi duen proiektua euskarazko testu bat bada, eskatzaileak adieraziko du jatorriz euskaraz idatzita dagoela.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidearen izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
10. artikulua.– Balorazio Batzordeak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko Balorazio Batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona hemen kideak:
– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.
– Kideak: Kulturako sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.
Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.
2.– Balorazio Batzordeen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.
3.– Balorazio Batzordeak eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.
4.– Batzorde horiek, prozedura bakoitzean eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkiote ebazpen-proposamen egokiak. Proposamen horietan agertuko dira eman nahi diren dirulaguntzak, onuradunen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta egin behar den jarduketa, bai eta ukatuko diren dirulaguntzak eta horretarako emandako arrazoiak ere. Era berean, zein eskaera ez diren onartu adieraziko da.
5.– Balorazio Batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak modu egokian ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako sei dirulaguntza-modalitate bakoitzerako ebazpenetan agertuko dira, alde batetik, onartutako eskaerak eta onartu gabekoak, eta azken horiek baztertzeko arrazoiak. Eta, bestalde, dirulaguntza-eskaeren balorazioa edo gaitzespena. Balorazio Batzordeek helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta banaka jakinaraziko die ebazpena interesdunei, 6 hilabeteko epean, deialdiari buruzko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
2.– Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Ebazpen-epea igarota, onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira edozein erakunde publikok xede berberaz emandakoekin.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.
d) Garatutako proiektuan berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza.
e) Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta, gehienez ere, hilabeteko epean. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak hamabost egun baliodun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez badu horri buruzko ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak ontzat hartu duela aldaketa, betiere betetzen baldin badira onuraduna izateko gutxieneko baldintzak, dirulaguntzen arauak ezarritakoaren arabera. Baldintzak aldatzeak emakida-ebazpena aldatzea ekar dezake.
Gainera, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Dirulaguntzaren % 75, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren.
b) Gainerako % 25a 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagundutako sormen-lana igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Eta koreografien modalitateko laguntzetan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sormen-lana benetan egin den egiaztatuko du.
Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.
15. artikulua.– Sormen-lana aurkezteko epea.
Esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunak, gehienez ere, bederatzi hilabete izango ditu sorkuntza-lana kudeaketa-zuzendaritzari entregatzeko.
Sorkuntza koreografikoaren modalitatean, 37.3.2 artikuluan ezarritakoa eman beharko da epe horren barruan.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.
2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.
II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK
17. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako antzerkirako testu originalak sortzeko lagungarri izan nahi dute laguntza hauek.
Jatorriz elebidunak edo eleanitzak diren proiektuak aurkezterakoan, proiektuan presentzia handiena duen hizkuntzan aurkeztuko dira. Presentzia orekatua bada, eskatzaileak aukeratuko du bi hizkuntzetako bat.
Proiektu bera ezin izango da aurkeztu, inola ere, bi hizkuntza-modalitateetan.
18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
a) Ondorengo agiri hauen ale bat:
– Idazlearen ibilbide artistikoa.
– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.
b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar testuaren egilearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Argumentuaren sinopsia. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
– Tratamendu dramaturgikoa. Gehienez ere, 10 orri.
– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari.
19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 52.000 euro daude. 8 laguntza emango dira, bakoitza 6.500 eurokoa, honela banatuta: 4 euskaraz idatzitako antzerkirako testuetarako, eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako antzerkirako testuetarako.
2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen gehieneko kopurua aldatu gabe.
3.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
20. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: bi balorazio-fase egongo dira:
1.– Lehenengo balorazio-fasea. Proiektuaren balorazioa:
a) Aurkeztutako testu-proposamenaren tratamenduaren kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 35.
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren originaltasuna edo gaiari heltzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.
c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta). Guztizko puntuazioaren % 20.
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.
2.– Bigarren balorazio-fasea. Idazlearen ibilbide artistikoa. Guztizko puntuazioaren % 15.
III. KAPITULUA
ZINEMARAKO GIDOIAK SORTZEKO LAGUNTZAK
21. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Zinemarako gidoietarako dirulaguntza hauek, fikziorako zein animaziorako, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.
Gidoi-tratamendu bat aurkeztu beharko da, ez erabat garatuta dagoen gidoi bat; hala eginez gero, baztertu egingo da.
22. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Ondorengo agiri hauen ale bat:
– Gidoilariaren ibilbide artistikoa.
– Jabetza Intelektualaren Erregistroan gutxienez amaitutako gidoi zinematografiko bat erregistratuta izatea egiaztatzea.
– Gidoilari gazteentzako (30 urtetik beherakoak): zinpeko adierazpena, zinema-areto komertzialetan erakusteko egindako film luzeren batean gidoilari gisa agertzen den edo ez adierazteko (filmaren edo filmen izenburuak).
– Gidoi egokitu bat idazteko proiektu bat aurkeztuz gero, lehendik dagoen obraren eskubideen jabearen berariazko baimena.
2.– Ale anonimo bat, 1. apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar gidoilariaren edo ekoiztetxearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez ere orri 1.
– Gidoi-proiektuaren tratamendua, sekuentziaka. Gutxienez 20 orritan eta gehienez 30 orritan.
– Elkarrizketadun sekuentzia bat.
– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.
23. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Zinemarako gidoiak sortzen laguntzeko, guztira 104.000 euro daude. 8 laguntza emango dira, bakoitza 13.000 eurokoa, honela banatuta: 4 euskaraz idatzitako gidoietarako, eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako gidoietarako.
2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen gehieneko kopurua aldatu gabe.
3.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik zinema-areto komertzialetan erakusteko egindako film luzeren batean gidoilari gisa agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilariek idatzitako gidoietarako izan beharko dute. Eta diruz lagunduko diren proiektuetatik hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
24. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: bi balorazio-fase egongo dira:
1.– Lehenengo balorazio-fasea: gidoi-proiektuaren balorazioa.
a) Aurkeztutako proiektuaren originaltasuna (% 20).
b) Aurkeztutako proiektuaren tratamenduaren kalitatea (% 35).
c) Proiektuaren interesa (% 30). Bereziki, ondoko alderdiak hartuko dira aintzat: proiektuaren bideragarritasun komertziala eta hura gauzatzeko benetako aukerak, gai eta geografia aldetik duen interesa eta, azkenik, genero-ikuspegia proiektuan txertatzea.
2.– Bigarren balorazio-fasea: gidoilariaren ibilbidearen balorazioa. (% 15).
IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK
25. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
1.– Laguntza hauek partitura batean (pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio-planean) jasotako musika-konposizio originalen sorkuntza sustatzeko dira.
2.– Diruz lagun daitezkeen konposizio-proiektuak ezin dira deialdi honen eskabideen epea itxi baino lehen estreinatu edo erregistratu, ez eta eduki ekonomikoko enkargu baten xede izan ere, hura sortzeko orduan.
26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
a) Ondorengo agiri hauen ale bat:
– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.
– Lana zabaltzeko eta estreinatzeko aurreikuspenak.
– Testuak egile-eskubideak balitu, eskubide horien egiaztagiria.
– Konpositorearen curriculuma eta ibilbide artistikoa.
– Aurreko lan baten kopia.
b) Ale bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburuarekin bakarrik identifikatzen dena. Horren edukian ez da jaso behar konposizioaren egilearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua.
Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Proiektuaren memoria. Konposizioaren planteamendu teknikoa eta artistikoa izan beharko ditu gutxienez.
– Proiektuaren partituraren lagin partziala (edota horrekin erlazionatutako materiala: bozetoa, estruktura, eskema, zatiak...)
27. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzetarako diru-kopurua 64.000 euro da.
2.– Deialdi honetan emango diren dirulaguntzak mota hauetakoak izan daitezke:
a) 2.200 euro, bakarlari edo duorako lanetarako, 10 minututik beherakoak badira.
b) 3.200 euro, bakarlari edo duorako lanetarako, 10 minututik gorakoak badira, edo hirukote, laukote edo a capella abesbatzarako lanetarako, 10 minututik beherakoak badira.
c) 4.500 euro, hirukote, laukote edo a capella abesbatzarako lanetarako, 10 minututik gorakoak badira, edo 5 eta 11 kide arteko ganbera-talderako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.
d) 6.000 euro, 5 eta 11 kide arteko ganbera-talderako lanetarako, 15 minututik gorakoak badira, edo 12 kideko edo gehiagoko ensemble handirako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.
e) 7.500 euro, 12 kideko edo gehiagoko ensemble handirako lanetarako, 15 minututik gorakoak badira, edo orkestra sinfonikorako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.
f) 9.000 euro, orkestra sinfonikorako lanetarako (bakarlariekin edo gabe), 15 minututik gorakoak badira.
3.– Musika elektroakustiko soila diren proiektuak iraupenaren arabera sailkatuko dira 2a) edo 2b) kategorietan.
4.– Dirulaguntzak emateko, zehaztutako lehentasun-ordena jarraituko da, 28. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioa oinarri hartuta; kasu bakoitzean, dagokion kopurua emango da, aurreko apartatuan zehaztutako tipologia aplikatuta.
Banaketa egitean 2.000 eurotik gorako kopurua sobratuko balitz, kopuru hori hoberen puntuatutako hurrengo proiektuari emango zaio, tipologia gorabehera (nolanahi ere, mota horri dagokion mugara arte); betiere, eskatzaileak onartzen badu eta proiektua egiteko konpromisoa hartzen badu. Bestela, modulu hori hurrengo proiektuei eskainiko zaie, lehentasun-ordenari jarraikiz, esleitu arte.
5.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 35 urtetik beherakoek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat lauk emakumeek idatzitakoak.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
28. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: bi balorazio-fase egongo dira:
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik.
a) Proiektuaren planteamendu orokorra eta memorian emandako erreferentzia artistikoen eta teknikoen zehaztasuna. Konposizio prozesuan erabili beharreko kanpoko erreferentziak eta ikerketak (guztizko puntuazioaren % 30).
b) Originaltasuna eta gaurko musika-sorkuntzari egindako kontribuzioa (guztizko puntuazioaren % 20).
c) Proiektuaren laginaren (eta/edo ikusizko materialaren) interesa, kalitate teknikoa eta zehaztasuna (guztizko puntuazioaren % 20).
2.– Bigarren balorazio-fasea:
a) Proiektua estreinatzeko eta hedatzeko plana (guztizko puntuazioaren % 10). ondorio horietarako, emandako erreferentzien zehaztasun-maila eta garrantzia hartuko dira kontuan.
b) Eskatzailearen prestakuntza- eta arte-ibilbidea musikaren arloan (guztizko puntuazioaren % 10).
c) Aurkeztutako aurreko obraren balorazio artistikoa (guztizko puntuazioaren % 10).
V. KAPITULUA
GAZTEEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO LITERATURA-TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK
29. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Dirulaguntza hauek 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura-testuen sorkuntza sustatzeko dira. Diruz lagunduko den bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez.
30. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
a) Ondorengo agiri hauen ale bat:
– Idazlearen ibilbidea.
– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.
b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa.
– Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
– Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailerra eta beste ekintza batzuk.
31. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa.
2.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak izana beharko dute, eta behintzat bik emakumeek idatzitakoak.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
32. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: bi balorazio-fase egongo dira:
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa.
a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 40.
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.
c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai gazteen artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere. Guztizko puntuazioaren % 15.
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.
2.– Bigarren balorazio-fasea:
– Idazlearen ibilbidea. Guztizko puntuazioaren % 15.
VI. KAPITULUA
EUSKARAZKO IPUIN ETA NOBELA MOTZAK SORTZEKO DIRULAGUNTZAK
33. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.
Dirulaguntza hauek gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuen –ipuin nahiz nobela motzak– sorkuntza sustatzeko dira.
34. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
a) Ondorengo agiri hauen ale bat:
– Idazlearen ibilbidea.
– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.
b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa.
– Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.
– Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailerra eta beste ekintza batzuk.
35. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa.
2.– Edonola ere, eta 4.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherako pertsonek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat bik emakumeek idatzitakoak.
Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.
36. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: bi balorazio-fase egongo dira:
1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa.
a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 40.
b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.
c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai populazioaren artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere. Guztizko puntuazioaren % 15.
d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.
2.– Bigarren balorazio-fasea:
– Idazlearen ibilbidea. Guztizko puntuazioaren % 15.
VII. KAPITULUA
KOREOGRAFIA-SORKUNTZARAKO LAGUNTZAK
37. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eremuak.
1.– Laguntza hauek dantza profesionalaren arloko sorkuntza-proiektuei laguntzeko dira.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza jaso ahalko dute sorkuntzaren arloko ikerketa teoriko eta praktikoko prozesu, baliabide edo jarduera zehatzak biltzen dituzten proiektuek, baldin eta gogoetak, posizionamenduak eta estrategiak garatzeko badira, baita zuzenean edo zeharka erabil daitezkeen eduki praktiko eta erabakitzaileak ere, etorkizuneko ekoizpen eszenikoko proiektuetan.
3.– Proiektu horiek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
3.1.– Zuzeneko loturarik ez izatea deialdi honen ekitaldi berean ekoizpen eszenikoko deialdietara aurkezten diren ekoizpen proiektuekin edo ekoizpen edo koprodukzio fasean dauden proiektuekin beste edozein egitura profesionalekin edo sorkuntza/produkzio zentrorekin.
3.2.– Helburuez eta garapen planaz gain, proiektuek azken ebaluaziorako erreferentziak zehaztu beharko dituzte, bai eta dirulaguntzaren azken justifikaziorako aurreikusitako elementuen edukiak, formatua eta metodologia ere, dirulaguntza emanez gero. Horien artean, gutxienez, honako hauek egongo dira:
a) Garatutako prozesuaren azken txosten-memoria.
b) Diruz lagundutako prozesuaren dinamikei, ondorioei edo zatiei buruzko aurkezpena edo bestelako jarduera irekia, lotutako lanbide eremuetan. Jarduera hau onuradunak berak antolatu eta zabaldu beharko du, eta Euskadin egin.
38. artikulua.– Onuradunek bete beharreko eskakizunak.
Laguntza hauek eskatu ahalko dituzte, 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, eskakizun hauek betetzen dituztenek:
a) Dantzaren arloko lanbide-jarduera, azken hiru urteetan.
Ondorio horietarako, profesionaltzat joko dira produkzio eszenikoa ohiko praktika ordaindutzat duten eragileak, praktika hori denean haien bizimodu nagusia.
b) Koreografo edo zuzendari artistiko titular (edo titularkide) gisa agertzea azken 5 urteetan estreinatutako dantzako bi lan eszenikotan gutxienez.
c) Ez izatea «Dantzan Bilaka» programaren aurtengo edizioaren onuradun, ez eta iazkoaren onuradun ere.
39. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Dokumentu hauen ale bana:
– Eskatzailearen curriculuma eta ibilbide profesionala praktika koreografikoaren eta mugimenduaren arloan.
– Eskatzailearen jarduera profesionalari 38. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentuak.
– Proiektuaren laburpen-fitxa.
b) Ale anonimo bat, a) ataleko dokumentuetatik bereizia, non proiektuaren titulua bakarrik agertuko baita. Edukian ez zaio eskatzaileari inongo erreferentziarik egingo. Erreferentziarik egiten bazaio, deialditik kanpo utziko da proiektua. Proiektuaren memoria bat sartuko da, eduki hauek dituena:
a) Helburu orokorrak eta espezifikoak. Metodologia. Egutegia eta non egingo den. Parte-hartzaileak eta abar.
b) Proiektua justifikatzeko egin beharreko jarduerei buruzko aurreikuspenak, 37.3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
40. artikulua.– Laguntza hauen zenbatekoak eta mugak.
1.– Koreografiak sortzeko, 54.000 euroko dirulaguntzak bideratuko dira, 9.000 euroko 6 laguntzatan banatuta.
2.– Betiere, 4.2 artikuluan ezarritakoa aplikatzeak aukera ematen badu, diruz lagundutako proiektuetatik bi gutxienez emakumeek egindako proiektuak izatea bermatuko da.
41. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Dirulaguntzen esleipen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira.
1.– Lehen balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa.
1.1.– Proiektuaren interesa. Puntuazio osoaren % 50.
Irizpide hau bi ikuspuntutatik baloratuko da:
a) Proiektuaren interes orokorra eta kalitatea (% 35).
Alderdi horiek eszena- eta dantza-sorkuntzaren ikuspegitik baloratuko dira, oro har, eta Euskadiren testuinguruari dagokionez, bereziki.
b) Proiektuaren tesia osatzen duten elementuen arteko koherentzia, garapen-proposamenari dagokionez (% 15).
1.2.– Proiektuaren planifikazioa eta garapena. Azken puntuazioaren % 30.
a) Aurkeztutako proiektuaren xehetasuna eta koherentzia: helburuak, metodologia, plangintza (% 20).
b) Justifikatzeko aurreikusten diren elementuak eta jarduerak, 37.3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (% 10).
1.3.– Proiektuan euskara txertatzea. Azken puntuazioaren % 5.
Proiektuari buruzko dokumentazioa euskaraz sortzea eta sozializatzea baloratuko da.
2.– Bigarren balorazio-fasea:
Eskatzailearen prestakuntza-curriculuma eta ibilbide eszenikoa praktika koreografikoaren arloan. Azken puntuazioaren % 15.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan zehazten diren laguntza-modalitateen zuzkidurei dagozkien zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Kasu horretan, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko globalaren eta hasierako zuzkiduraren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu Pertsonalen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
Helburua: Kultura sustatzeko zuzendaritzaren eskumen-esparruetako sorkuntza, ekoizpen, hedapen, sustapen eta egituratze-arloko dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa – 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
– Antzerkirako testuak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025012
– Zinemarako gidoiak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025013
– Musika-konposizioa: https://www.euskadi.eus/dbao/1025014
– Gazte literatura: https://www.euskadi.eus/dbao/1025015
– Ipuin eta eleberri motzak: https://www.euskadi.eus/dbao/1025016
– Koreografia-sorkuntza: https://www.euskadi.eus/dbao/1025017
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 17a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.