Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
957

AGINDUA, 2021eko otsailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021ean euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 2. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehazten du, eta sail horien artean Kultura eta Hizkuntza Politikakoa dago. 14. artikuluak, bestalde, honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio sail horri, besteak beste:

a) Hizkuntza-politika.

b) Euskara sustatzea.

82/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoak zehazten ditu, eta horien artean honakoak daude:

13.2.a) Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta, Eusko Jaurlaritzak emanda, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo horretan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

13.2.e) Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

16.2.h) bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea.

Bestalde, genero-ikuspegia txertatzea, nazioartean eta Europan gomendatzen diren lan-estrategietako bat izateaz gain, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jarduna gidatu eta bideratu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.4 artikuluaren arabera. artikuluak honakoa dio: Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

Lege horren ondorioetarako, honako hau da genero-ikuspegia txertatzea: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontuan hartzea, eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze eta ebaluazio-fase guztietan.

Era berean, kontuan hartu behar da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. kapituluan estatistikei eta azterlanei buruz jasotakoa, eta, zehazki, 16. artikuluan estatistiken eta azterlanen egokitzapenari buruz ezarritakoa: genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela bermatzeko, euskal herri-aginteek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan hainbat neurri hartu behar dituzte. Eta horien artean azpimarratzen ditugu honako artikuluak: 16.b «Estatistikako eragiketetan adierazle berriak ezarri eta sartu, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak, horien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea posible egiteko»; 16.e «esku-hartzearen eremu ezberdinetan emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia ezberdinen berri edukitzea».

Era berean emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartu behar du legegintzaldi bakoitzean. Plan orokor hori EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana da, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana euskal herri-aginteen jarduera zuzentzeko dokumentua da, legegintzaldi honetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan aurrera egiteko. Bide horretan, eta 4/2005 legearen 15. artikuluaren arabera, plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu. Beraz Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari dagokio esku hartzeko estrategiak definitzea, berdintasun-politikak gauzatzeko bere eskumen-esparruan.

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana, eta bertan biltzen dira sailak legealdi honetan berdintasunaren alorrean sustatuko dituen politiken gida-lerroak. Gida-lerro horiek EAEko VII. Berdintasun Planean eta 4/2005 Berdintasunerako Legean oinarrituta daude. Saileko Planak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokionez, hainbat helburu eta konpromiso ezartzen ditu, eta horien artean honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

– 7. helburua: azterketa soziolinguistikoan genero ikuspegia txertatu eta generoaren eta hizkuntzaren inguruko ikerketak sustatu.

– 8. helburua: berdintasun politiken (feminismoaren) eta hizkuntza politiken (euskalgintzaren) ezagutza eta praktika uztartzeko lagungarri izango den marko teorikoa, diskurtsoa, eztabaida guneak eta ezagutza eraiki.

Legegintzaldi honetan, bi helburu horiek lortzeko, hainbat jarduera egin izan dira. Horien artean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egun dituen tresna estatistikoak aztertu dira eta proposamenak eta genero ikuspegia txertatzeko egokitzapenak egin dira. Baina ditugun tresnak egokitzea nahiko ez dela antzematen dugu. Genero eta hizkuntzaren ezagutza-markoa osatzea eta indartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Marko horrek balio behar du emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak antzemateko eta horien guztien adierazpenak hizkuntzarekin duen elkarreragina hobeto ezagutzeko.

Ezagutza-marko berri hori eraikitzeko, honako ildoetan ikertzea ezinbestekotzat jotzen dugu: euskararen biziberritze-prozesuak generoari nola eragiten dion ulertzeko ikerketak; generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze-prozesuei buruzko ikerketak; hainbat eremutan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...) generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpusen, komunikazioen edota diskurtsoen azterketak; eta, azkenik, euskararen biziberritzean emakumeek izan duten rolari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edota ikerketa bibliografikoak eginez).

Ezagutza horiek uztartzen dituzten azterlanak garatzea eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia, gainerako eremuetan bezala, hizkuntza-politikan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatzeko, abiarazteko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, lan-tresna garrantzitsuak izango direlako hizkuntzari eta generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta normalizaziorantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko. Gainera, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea lau beka ematea da 2021. urtean, euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko.

2. artikulua.– Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.

1.– Esleituko den beka bakoitzaren ikerketa-gaiak honakoak izango dira:

a) 1. beka: euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edota metodologiko demolinguistikoak.

b) 2. beka: generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.

c) 3. beka: hainbat eremutan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola...) generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edota diskurtso azterketak.

d) 4. beka: euskararen biziberritzean emakumeek izan duten rolari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edota ikerketa bibliografikoak eginez).

2.– Beken xedearen ondoriozko lanak euskaraz egingo dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta ordainketa.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 2021eko aurrekontu-ekitaldiaren kontura izango dira, eta kopurua 30.000 eurokoa izango da guztira.

2.– Beka bakoitza 7.500 eurokoa izango da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bekaren helburu den azterlana jaso, aztertu eta ontzat emandakoan ordainduko da.

3.– Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.

Ordainketak indarrean dauden zerga-arauek ezartzen dituzten atxikipenen mende egongo dira.

Gizarte Segurantzari dagokionez, beken deialdi hau ez dago Errege Dekretu honen mende: prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretua, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzekoa.

4. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

5. artikulua.– Ikerketa-beken onuradun izateko baldintzak.

1.– Eskatzaileak pertsona fisikoak banaka edo pertsona fisikoen taldeak izan daitezke.

2.– Eskatzaileek egunean izan beharko dute zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa, bai bekaren eskabidea egiteko unean, baita egindako lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean ere.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaiturik egon behar da. Era berean, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta, itzulketa-prozedura bat amaitzean, horri buruzko ebazpenean jasotako dirua itzuli behar dela erabakitzen bada.

4.– Eskatzaile batek baino gehiagok ikerlan bakarra aurkezten badute, horren titularkideek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

5.– Beken onuradun izan daitezkeen pertsona fisikoak aurrez beka bera beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik lortu ez duten banakako pertsonak edo pertsona fisikoen taldeak izango dira, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzez gain, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arloetakoa. Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

b) Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen honako egiaztagiriren baten jabe izatea: HABEren C1 maila; EGA; IVAPen 3. HE; HEOren C1 maila.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik eduki berdina edo antzeko edukia duen bekarik jaso gabea izatea.

d) Ez izatea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez izatea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo beste xedapen batzuek ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko ezgaitzen duten debekurik, zehapenak irauten duen bitartean.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek, banaka, bide presentziala zein elektronikoa erabil dezakete deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona fisikoen taldeek, aldiz, ezinbestean bide elektronikoa erabili beharko dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Banaka aurkezten diren pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa– erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan edo bulegoetan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da ezinbestean (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean).

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan edota artikulu honen 4. atalean aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoen aurrean.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak Administrazio-bulegoan eta euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2021/berdintzen-bekak-2021/web01-tramite/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona fisikoek banaka zein pertsona fisikoen taldeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Eskaerarekin batera aurkeztuko diren dokumentuak, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa, ahal bada, PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb-koa izango da.

6.– Dena den, diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ez aurkezteko eskubidea izango du eskatzaileak. Ondorio horietarako, interesdunak edozein administrazioren aurrean aurkeztutako dokumentuen kasuan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena aurkeztu beharko du.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistrora Egoitza Elektronikotik sartzen da honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek banaka edo pertsona fisikoen taldeek, eskabidearekin batera, honako erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu behar dituzte:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena izenpetzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez zaiola debekurik ezarri, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean, zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela jaso beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzen duena.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen dituela adierazteko.

2.– Eskabidearekin batera, pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua behar bezala sinatuta aurkeztu beharko da.

3.– Interesduna ez dago behartuta Eusko Jaurlaritzaren edo beste edozein administrazio publikoren esku dauden datuak eta dokumentuak aurkeztera. Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari erregelamendu horren 18. eta 19. artikuluetan ezarritako betekizunak zuzenean egiazta ditzan; kasu horretan, eskatzaileak ez du dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko. Eskatzaileek berariaz uka dezakete baimena, dagokion ziurtagiria aurkeztuta, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzeko onartua izan dadin eskatutako dokumenturik ez dagoela edo horietan formazko akatsak daudela ikusten bada, eta baloratua izan dadin alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusten bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela; betiere, horretako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira:

– Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria (presidentea).

– Susana Carramiñana García andrea, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko berdintasun-teknikaria (bokala).

– Jone Miren Hernández García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea (bokala).

– Jon Aizpurua Espin jauna, Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburua (bokala).

2.– Idazkaria José Antonio Cayero Bilbao jauna, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, izango da. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa Batzordearen eginkizunak honakoak izango dira:

– Deialdian ezarritako baldintzak eskatzaileek betetzen dituzten ala ez aztertzea, eta onartuen eta ez onartuen zerrenda osatzea.

– Onartutako eskatzaileen eskabideak baloratzea, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

– Balorazio-prozedura bukatutakoan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari balorazio-txostena bidaltzea.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta hautagaitzak hautatzea.

1.– Proiektuak baloratzeko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

A) Ikerlanaren proiektuaren kalitatea, oro har (80 puntu, gehienez):

a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

– Oinarri teorikoa: ikerketak zein teoria hartzen duen oinarri.

– Aurrekariak: aurretik egin diren ikerketei buruzko aipamena.

b) Ikerlanaren planteamendu metodologikoa (30 puntu, gehienez).

– Ikergaiaren planteamendua: hipotesia(k), ikerketa bideratu duten galderak, helburua(k)...

– Metodoa: zein metodo proposatzen den ikerketaren fase bakoitzerako.

c) Ikerlanaren bideragarritasuna eta egutegia (20 puntu, gehienez).

– Ikerketaren kronograma: ikerketaren faseak eta fase bakoitzak zer denbora-tarte hartuko duen.

d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).

– Beste ikerketa batzuetan oinarritzen bada, dakarren berrikuntza.

– Ikerketa berritzailea bada, dakarren berrikuntza.

B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez): hizkuntza eta genero berdintasuna uztartzen dituzten ikerlanetan, proiektuetan edo ekimenetan lan egiten duten banakoek edo taldeetako kideek zein ibilbide, esperientzia eta prestakuntza duten; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa-gaiari dagokionez.

2.– Hautaketa Batzordeak eginiko proiektuen balorazioak bi fase izango ditu, eta balorazioaren puntuazioa bi faseak bukatu ondoren emango du:

a) Eskaera-orrietan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu.

b) Ondoren, hautagaiei elkarrizketa egingo die. Elkarrizketan, pertsona eskatzaileak edo taldearen koordinazioa bere gain hartzen duenak, aurkeztutako memoria edo proposamena azaldu eta defendatuko du. Hautaketa Batzordeak galderak egin ditzake azaldutakoari buruz, bekaren xedeari buruz eta beketan baloratutako alderdiei buruz. Elkarrizketa grabatu egingo da.

3.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

4.– Proiektuen balorazioa egin ondoren, Hautaketa Batzordeak balorazio-txostena idatzi eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari bidaliko dio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen balorazio-txostena jaso ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen adierazia emango du. Ebazpenak honakoak jasoko ditu:

a) Deialdian ezarritako baldintzen arabera onartutako eta ez onartutako eskabideen zerrenda.

b) Balorazioa egin ondoren baztertutako eskabideen zerrenda.

c) Beka jaso duten proiektuen zerrenda eta ordezkoen zerrenda.

2.– Bekaren batean gutxieneko puntuaziorik lortzen duen proiekturik ez badago, beka eman Gabe geratuko da.

3.– Dirulaguntzak lehia-konkurrentziako prozeduraren bidez esleituko dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, norgehiagokatzat hartuko da dirulaguntzak emateko erabilitako prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuz, lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez finkatutako balorazio-irizpideen arabera, eta deialdian kreditu erabilgarriaren barruan ezarritako mugarekin.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Aldi berean, emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da gehienez ere, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

6.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren beste beka, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuekin.

13. artikulua.– Jabetza intelektualaren eta ustiapen eskubideak.

1.– Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira beka jaso duten lanak.

2.– Generoa eta hizkuntza uztartzen dituen ikerketa-lerroa sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak zabalkundea eman ahal izango die lan horiei.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek –pertsonak nahiz taldeak– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera (BOE, 276. zk., 2003ko azaroaren 18koa), eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunek –pertsonak nahiz taldeak– bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du. Onuradunen batek beka onartu aurretik uko eginez gero, hurrengo eskatzaileari emango zaio, puntuazio-ordenaren arabera.

b) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili beharko dute, eta, gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

c) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzan eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez.

d) Lagundutako ikerlanen bi kopia (koadernatuak) bidali beharko dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzara, eta beste kopia bat euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan, herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubidea arautzen duen araudia.

e) Onuradunek egunean izan beharko dute zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa, lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean.

f) Onuradunek egunean izan beharko dituzte itzulketa-betebeharrak ordainketa egiteko unean.

g) Onuradunek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda izan beharko dute.

h) Bekak emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen administrazio emailearekin, eta ez da administrazioaren bulegoetan egingo.

15. artikulua.– Bekaren iraupena.

Bekak bederatzi hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da epe hori luzatu 2022ko urtarrilaren 31tik aurrera.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, hala ezartzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko.

Horrez gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. eta 37. artikuluetan jasotako ekintza eta egoerak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babeserako informazioa.

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010-Vitoria-Gasteiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko datuak babesteko ordezkaria.

Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010-Vitoria-Gasteiz.

DPD-DBO@euskadi.eus

Helburua: euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau beka ematea 2021. urtean.

Datuak epe honetan gordeko dira: EAEONALTBren 44. artikuluan ezarritako preskripzioa, edo, hala badagokio, prozedura judiziala amaitu arte.

Legitimazioa: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Jasotzaileak: datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua.

1. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091605

2. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091606

3. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091607

4. beka:

https://www.euskadi.eus/dbao/1091608

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala