37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (346 KB - 15 orri.)
- EPUB (236 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
951
EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
AURREKARIAK
2017ko azaroaren 17an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen, eta haren bitartez zehaztu zuen Zarautzen (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismena, eraginpean dauden administrazio publikoei kontsultak egin ondoren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.3 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.
2020ko irailaren 17an, Zarauzko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuari zegokionez eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari zegokionez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko irailaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 182. zenbakian argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Zarauzko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Zarauzko Udalak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, funtsezko organoak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.
2020ko abenduaren 30ean, Zarauzko Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuari buruzkoa.
Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:
– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektua, 2020ko ekainekoa.
– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2020ko abendukoa.
– Informazio publikoaren emaitzei buruzko dokumentuak.
– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko dokumentuak, jasotako txostenen hitzez hitzezko kopiak eta sustatzaileak jasotako txostenei buruz egindako gogoetak barne.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.
Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedez, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbesteko izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektua arau horren I.B) eranskinaren 21. epigrafean dago sartuta.
Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen duena egikaritzeko, Zarauzko Udalak, organo substantibo gisa, Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko behar den guztia xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eraginpeko administrazio publikoek zein norbanako interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik, ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita gehitu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori organo eskuduna da, xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.
Xedapen hauek kontuan hartu dira: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta baita aplikatu beharreko gainerako araudia ere. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa hau egitea, aldeko izaera duena.
Salberdin eremuko jarduketa urbanistikoaren helburua da garai batean erabilera mistoa, industriala eta hirugarren sektorekoa zuen eta andeatuta dagoen eremua berreskuratzea, bizitegi-eremu urbanoa izan dadin, etxebizitza kolektiboen blokeak, barne-plazak, espazio libreak eta oinezkoentzako zonak barnean izanik. Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuko Gráficas Otzarretako separata urbanizatzeko proiektuak (aurrerantzean, urbanizazio-proiektua) 11.807,96 m2-ko azalera du. Eremu hori Zarauzko hirigunearekin bat eginda dago erabat. Eremu horretan sartzen dira Gráficas Otzarretaren pabiloiak eta hari atxikitako etxebizitza-blokeak okupatutako lurrak, baita klaratarren komentuarekin eta trenbideekin muga egiten duten lurrak ere, eta parke berde bat eta bideak egitea proiektatu da, inolako eraikuntzarik gabe.
Laburbilduz, proiektuak honako jarduketa hauek jasoko ditu:
a) Egungo landaredia soiltzea (zabortegiko nitrofiloa, soropila, ornamentazio-zuhaitzak eta lorategikoak).
b) Industria-instalazioak eta eraikinak eraisteko jarduketak (gaur egun eraitsita daude batzuk).
c) Lur-mugimenduak, hondea-lanak, aldi baterako pilaketak eta betelanak. Eremuaren morfologia aldatuko da urbanizazio-kotaren arrasa 2 m goratzeko, 6,10 m-ra gera dadin, esparruaren uholde-arriskua gutxitzeko. Kudeatu beharreko bolumenak ondorengo hauek dira:
– Urbanizazio-lanetarako zenbatetsi den indusketa-bolumena 3.039 m3-koa da. Oro har, hondeaketa-sakonera 0,7 m-koa izango da, gutxi gorabehera, bideen eta espaloien eremuan.
Eremuari bi indusketa-planek eragiten diote: saneamendu-arrazoiengatik egindako indusketak (berun-kontzentrazio handiak daudelako), eta kokalekuan dagoen gasolioaren lurpeko biltegia deuseztatu eta kenduko da.
Guztira 180,74 m3 hondakin sortuko direla balioetsi da, hau da, 149,69 t, eta horietatik 149 t «ex situ» balorizatzea aurreikusi da.
– Urbanizazioko betelanaren bolumen zenbatetsia: guztizko bolumena 20.011,49 m3-koa da, eta horietatik 15.678 m3 obrako indusketen zati batean (Salberdin eremuko iparraldeko zonako indusketa-ontziak) sortutako material hautatutik datoz, eta 4.333,49 m3 harrobitik, bide eta espaloien betelanetarako erabiliko direnak.
d) Bide-trazadura berria eraikitzea: eremua urbanizatzean, proposatutako bide mota eta gelen zoruak berdindu eta zolatuko dira:
– Geltoki Inguru Aldea kalea eremuaren iparraldeko muturrerantz luzatuko da, eta ez du irteerarik izango. Galtzada berri horrek bat egingo du Geltoki Inguru Aldearekiko kale perpendikularrarekin. Kale hori Salberdin eremuaren iparraldeko zonaren separatan dago proiektatuta. Norabide bikoitzeko trazadura proposatu da, eta gutxienez 7 m-ko zabalera izango du.
– Aparkalekuak proposatu dira Geltoki Inguru Aldea kaleko bidearen bi aldeetan, eremuaren ipar-mendebaldean.
– Bi noranzkoko erreiak dituen bidegorri-sare bat planteatu da, gutxienez 1,25 m zabal errei bakoitzeko. Geltoki Inguru Aldea kalearekiko ardatz paralelo bat igarotzen da hegoaldetik iparraldera, eta eremua mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen eta trenbidearekiko paraleloa den ardatzarekin bat egiten du iparraldean.
– Era berean, oinezkoentzako pasealekuak sortuko dira Geltoki Inguru Aldea kalearekiko eta bidegorriarekiko modu paraleloan; pasealeku horiek bat egingo dute eremuaren iparraldeko muturrean trenbidearekiko paraleloan dagoen oinezkoentzako pasealekuarekin.
e) Berdeguneak sortzea: berdegune zabal bat proiektatu da, eta eremuaren zatirik handiena hartuko duen zuhaitz-parke bat izango du. Era berean, zuhaitzak landatzea aurreikusi da bideen, bidegorrien eta oinezkoentzako pasealekuen lerrokadura berean, eta Santa Klara komentuaren inguruko egonleku txikietan.
f) 78 metroko horma bat egingo da iparraldean, Santa Klara komentuaren muga gisa, lehendik dagoen harlangaitzezko hormari jarraipena emanez.
g) Azpiegitura-sarea eraikitzea euri-urak biltzeko, saneamendurako, eta ura, gasa, elektrizitatea, telekomunikazioak, argiteria publikoa eta ureztapen-sistema hornitu eta banatzeko.
12 hilekoa da obrak egikaritzeko epea.
Gráficas Otzarreta separataren urbanizazio-proiektua iparraldeko separata mugakidearen urbanizazio-proiektuarekin batera gauzatuko da; horrenbestez, obrako instalazio osagarriak eta horietara sartzeko bideak partekatuko dira, honako hauek, esaterako: hesiak, oinezkoen eta ibilgailuen sarrerak, mailegu-eremuak, pilaketa-eremua, obrako etxolak, kamioiak eta arraildurak garbitzeko gunea, dekantazio-putzua, isurketa-puntua eta gainazaleko drainatze-sarea, obra-fasean.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, zeinak lotesleak izango baitira Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:
A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Zarauzko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
B) Proiektua aldatu edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Lanen gainerako izapideek dirauten bitartean proiektuan aldaketa puntualak egiteko premia sortzen bada, eta aldaketa horiek ez badira aurreko paragrafoan aipatutakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Urbanizazio-proiektu baten ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ondorioetarako, kontuan hartu behar dira aurreikusitako urbanizazioa gauzatzeko jarduketa guztiak. Horren ondorioz, urbanizazio-proiektuak ingurunean izan dezakeen inpaktua balioesteko garaian, ez da soilik proiektuaren jarduera-esparrua izan behar kontuan, baizik eta harekin lotuta dauden eta saihestezinak diren jarduketa guztiak, hala nola lur-mugimenduak, eraisteak eta abar.
Zentzu horretan, Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Gráficas Otzarreta) urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketak, proiektuko jarduketen ondorio espezifikoak baloratzeaz gain, 10-2-OR-Salberdin eremuaren iparraldeko garapen osotik eratorritako ondorio globalak aztertu ditu (iparraldeko zonako separata eta Gráficas Otzarretako separata).
Bestalde, urbanizazio-proiektu honen ingurumen-inpaktuaren azterketan, honako egoera hauek nabarmendu daitezke:
– Proiektua presio antropogeniko handia jasan duen hiri-eremu batean garatuko da, eta ekialdeko eremuan dauden zenbait eraikin eta lurzati 165/2008 Dekretuak barne hartzen duen leku batean daude kokatuta (165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa); kokaleku horrek 20079-00005 kodea du. Urbanizazio-proiektuarekin batera ekin zaio Gráficas Otzarretaren eremuko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa zehatza egiteari eta hautazko hondeaketak egiteari, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako lurzoruaren kalitatearen deklarazioaren prozeduraren barruan.
– Proiektuaren xede den eremua Zarauzko akuifero kuaternarioaren gainean dago, zeina interes hidrogeologikoko gunea baita. «Zarauzko 10-2-OR Salberdin Eremuko 1. eta 4. sektoreetako lurpeko uren kalitatearen gaineko eraginaren azterketa hidrogeologikoaren (2018)» arabera, akuiferoak hainbat ezaugarri hidrogeologiko ditu, eta, beraz, hau da eremuaren barruan duen portaera:
– Gainazalaren zati handienean, akuiferoak funtzionamendu konfinatua du, 4-5 metroko sakonerako buztin-geruza bat dagoelako, oso iragazkortasun txikikoa. Horrenbestez, akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun intrintseko oso txikia du.
– Eremuaren erdialdean, akuiferoa erdi-konfinatuta dago (trantsizio-eremua), eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia eta ertaina da.
– Iparraldeko muturrean, akuiferoa librea da, eta kutsadurarekiko zaurgarritasuna handia da.
Salberdin eremuaren iparraldeko zona mugakidean, lurpeko uretan konposatu organokloratuen kutsadura hauteman zen Zarauzko akuifero detritiko kuaternarioan; baina, hala ere, kutsadura horrek ez dio eragiten proiektu honen xede den eremuari.
– Igerain erreka Gráficas Otzarreta separataren mugatik hegoaldera igarotzen da, 54 eta 90 metro arteko distantziara, mendebalderantz eta ekialderantz, 10-2-OR Salberdin eremuaren barruan. Gaur egun, erreka horren ibilgua hormigoizko paretekin kanalizatuta dago bi ertzetan, eta lurperatuta dago hainbat zatitan. Erreka hori Iñurritza errekaren adarra da; erreka izen bereko estuariotik kilometro bat beherago itsasoratzen da, eta biotopo babestua eta Natura 2000 sareko kontserbazio bereziko eremua da.
– Eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik. Eremuan dagoen landaredia hiri-parkeetan eta lorategietan egon ohi den berezko espezie apaingarriei dagokie. Otzarreta lorategiko espezieen artean, artelatz bat dago (Quercus suber), EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan «bakan» kategorian sartzen den espeziea.
– Uholde-arriskuari dagokionez, Igerain errekaren arroak duen emariaren zati bat, eremua baino gorago, itsasoratze-bide batekin desbideratu zen Santa Barbara mendiaren azpitik doan tunel baten bidez, eta horrela biziki murriztu zen Salberdin aldeko uholde-arriskua. Gaur egun, eremuak uholdeak jasateko arriskua du 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denboran. 10-2 Salberdin eremurako egindako azterketa hidraulikoarekin bat etorriz, arrasa baino 2 m goragotik urbanizatzea proiektatu da, 6,10eko kotan, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokiona baino goragotik.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak 45. artikuluaren arabera, Zarauzko Udalak 2018ko azaroan onetsitako BABE-Babes akustiko bereziko eremuen izendapena duen zonan dago eremua. BABE horrek badauka dekretu horren 47. artikuluan adierazitako zona-plana.
– Proiektuaren eremuan ez dago natura-, geologia- edo paisaia-interesa duen elementurik, ez eta babes-araubide bereziren baten mendeko gunerik edo espezierik ere. Ez da kultura-ondare babestuko elementurik hauteman, baina eremuak muga egiten du Santa Klara komentuarekin, eta komentuak babes bikoitza du. Batetik, komentua kultura-ondasun izendatuta dago dituen balio historiko-arkitektonikoengatik, eta, bestetik, harresien barneko eremua ustezko zona arkeologiko izendatuta dago.
D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopuruak nahiko izan behar dute bermatzeko bai ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak bai ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatutakoak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.
Zentzu horretan, hurrengo apartatuetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.
Era berean, Gráficas Otzarretako separata urbanizatzeko proiektua Iparraldeko eremuaren separata urbanizatzeko proiektuarekin batera gauzatuko denez, obrak gauzatzeko kontuan hartu beharko dira, halaber, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 11ko Ebazpenean ezarritako neurriak. Ebazpen horren bidez, Zarautzen (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da, EB 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatua.
D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
D.1.1.– Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.
D.1.2.– Azkenean bertan kontserbatzea erabaki den zuhaitz-aleren bat baldin badago, behar bezala babestuko dira zuhaitz horiek, obrek iraun artean sustrai-sistemek kolperik eta kalterik jasan ez dezaten. Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.11 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.
D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpoko ustekabeko kalterik eginez gero, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen D.11 puntuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.
D.1.4.– Kontratistaren instalazio-eremuak (makineria-parkea, obrako etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko eremua, mailegu-eremuak eta obran sortutako hondakin-tipologiak kudeatzeko eremuak barne) iparraldeko separata mugakidea urbanizatzeko proiektuarekin partekatuko dira. Beraz, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 11ko Ebazpenaren D.1.4 apartatuan adierazitakoa bete beharko dute, Zarautzen (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duena, EB 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatuta.
D.1.5.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Hori horrela, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurra.
D.1.6.– Obra-faseak iraun bitartean, Iñurritzako estuarioko ekosisteman kalterik ez eragiteko edo ahal den guztia murrizteko behar diren neurriak hartuko dira. Ebazpen honetan ezarritako prebentzio-neurri guztiak hartuko dira, obrak egiten diren bitartean lurzorutik eta lurpeko uretatik estuariora kutsadurarik ez transmititzeko.
D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Ezar daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
D.2.1.– Obrako makinetarako eta makinen mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
Ebazpen honen bigarren apartatuaren D.12 puntuan aipatutako dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.
Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.
D.2.2.– Erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago horretarako azpiegitura egokirik, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatu ez daitezen.
D.2.3.– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxiena isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atzitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, hala badagokio, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.
Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak ebazpen honetako D.12 apartatuan aipatutako lan-programan jasoko dira, eta programa egokitzen joango da obrek aurrera egin ahala, gailu horiek tokiz aldatzea programatzen bada.
Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezin izango da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.12. apartatuan ezarritako baldintzak beteko dira.
D.2.4.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko da; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.
D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
D.3.1.– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku batean garatzen da proiektua.
Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betetzeko, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazitakoan barne daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betetzeko.
Ildo horretan, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat duten edo izan duten lurzoruen inbentarioan izendatuta dagoen proiektuaren esparruko kokalekua (20079-00005 kodea) zehazki ikertzen ari dira, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena eskuratzeko, eta ebazpenaren zain dago.
Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obretan, eta haien artean indusketa-lanetan, hauen arabera egin beharko dira: hondea-lan selektiboen plangintzaren arabera eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan, bermatu behar baita erreferentziako kokapena eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira. Kasu horretan, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.2 artikulua aplikatuko da, eta, beraz, lur-mugimenduak egitea ahalbidetzen duten funtsezko lizentziak edo baimenak eman aurretik eman beharko da adierazpena.
Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.
Kontuan izan behar da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2020ko azaroaren 19ko Ebazpenaren arabera, eremuaren egungo espazio libreari dagokion 20079 – 00005 kodeko kokaguneko azaleraren zati bat deskatalogatu dela, eta, beraz, lurzatiaren zati horretarako ez dela inolako prozedurarik hasi behar lurzoruaren kalitateari dagokionez.
D.3.2.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekuren bat aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argiak badaude, kasu horietarako, ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.
D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta gainazalak ureztatzeko.
D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
Ebazpen honen D.12 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.
D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta partikularik ez barreiatzeko.
D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.
D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
D.5.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, etab.
D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
D.5.4.– Zentzu horretan, aurkeztutako dokumentazioan agertzen den obra-planaren arabera, obren iraupena 6 hilabetetik gorakoa izango da, eta, beraz, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikulua aplikatuz, eragin akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez.
D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa kanpainetako materialak.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
D.6.2.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua) eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.12 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
D.6.3.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio-adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
D.6.4.– Obren hondea-lanetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, hemen xedatutakoak aplikatuko dira: Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenekin batera.
Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.
D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
D.6.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Batez ere, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.
D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Urbanizazio-proiektu hau egikaritzeko egin behar izaten den edozein jarduketa gauzatzeko orduan, aintzat hartu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2020ko azaroaren 13an egindako txostenak jasotzen dituzten irizpideak; bertan aipatzen da Zarauzko hirigune urbanizatuko beste zona batzuetan sakonera handi samarreko sedimentu-testuinguruetan aurkitu direla aurri arkeologikoak, espezializaziorik gabeko langileek nekez identifikatu ditzaketenak. Txosten horri dagokionez, honako prebentzio-neurri hauek erantsiko dira ondare arkeologikoa babeste aldera:
D.7.1.– Eraginpean dauden lursailen tasun arkeologikoaren mapa osatzeko, arkeologoek eta paleogeografiako espezialistek aztertuko dute sedimentuaren konposizioa, zundaketa mekanikoen bitartez lekuko jarraitua ateraz edo eraikuntza-proiektuen testuinguruan egiten diren bestelako zundaketak aprobetxatuz.
D.7.2.– Lekukoetan kausitzen badira hondakin biogenikoak (landare- edo fauna-makrohondakinak), edo jatorri antropikoko artefaktu litikoak edo beste izaera batekoak, zundaketa arkeologikoak egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauzko baimenarekin.
D.7.3.– Zundaketa horietan hondakin arkeologikoak edo paleontologikoak agertzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaio, organo horrek erabaki dezan zer jarduketa egin behar diren kasu horietan, hauekin bate etorriz: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretua.
D.7.4.– Santa Klara komentuaren perimetro-horma mugatu beharko da haren ekialdeko aurpegian, behar bezala seinaleztatuta eta babestuta gera dadin obrek eta makineria astunaren eta obrako ibilgailuen funtzionamenduak edo joan-etorriek sor ditzaketen istripu-kalteetatik, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera.
D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.
D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean barne hartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta lorategi-elementuen birjarpena ere.
D.8.2.– Lurrak mugitu bitartean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eraginpean hartutako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak errazteko.
D.8.3.– Proiektuaren eremuan egin beharreko paisaia integratzeko eta landatzeko lanetan, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, harizti azidofilo eta harizti misto atlantikoko (Quercus robur) haltzadi kantauriarreko segiziokoak; edozein kasutan, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki portaera inbaditzailea izan dezaketenak.
Landareztatzeek habitat naturalizatuen sorrera erraztuko dute, eta zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen multzo eta eraketa linealak ezartzen saiatu beharko da.
D.8.4.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.
D.8.5.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
D.9.– Uholde-arriskuari buruzko neurriak.
Gaur egun, proiektuari dagokion eremuaren zati handi bat 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskua duen eremuan dago. Salberdin 10-2 eremuaren azterketa hidraulikoaren arabera, egungo arrasa baino 2 m goragotik urbanizatuko da, 6,10eko kotan, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokiona baino goragotik.
D.9.1.– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.
D.9.2.– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.
D.10.– Obraren garbiketa eta akabera.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Horren ondoriozko hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.
D.11.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.
D.12.– Lan-programaren diseinua.
Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, obra egikaritzeko fase desberdinetarako.
– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.
– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.
E) Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.
E.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.
E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
E.3.– Uren kalitatearen kontrola.
Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, ebazpen honetako D.11 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.
Arazketa-sistematik irtetean, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.
E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.
Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.
E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, kausa posibleak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez bada, laginak hartzearen xehetasunak.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpakturik ez izateko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahiko ez direla egiaztatzen bada.
G) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa, jarraian aipatzen diren dokumentuak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.
Dokumentu horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.
G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina.
G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasota, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia eta utziko dio ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Zarauzko Udalari.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.