37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 7 orri.)
- EPUB (226 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
950
EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Proycoa 21, S.L.k sustatuta, Berriatuko Kanpatza ibarbideko betelana handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena formulatzeko.
AURREKARIAK
2020ko azaroaren 5ean, Berriatuko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Berriatuko Kanpatza ibarbideko betelana handitzeko proiektuari buruzko eskaera egin zuen, ingurumen-inpaktuaren txostena lortzeko aldera, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek xedatutakoaren arabera.
21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Kontsultak izapidetzeko legezko epea amaituta, ez da txostenik jaso.
Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko.
Egintza horien emaitzak aintzat hartuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 47. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedez.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Berriatuko Kanpatza ibarbideko betelana handitzeko proiektua, Proycoa 21 SLk sustatua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko «beste proiektu batzuk» c) epigrafean jasota dago: Ibaietatik, lurretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lurreko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, hektarea bat baino gehiagoko azalera hartzen badute. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu honi. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Arau hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Berriatuko (Bizkaia) Kanpatza ibarbideko betelana handitzeko proiekturako, Proycoa 21, S.L.k sustatua, honako baldintza hauek betetzekotan:
A) Bizkaiko Berriatua udalerriko Madalena auzoko Kanpatza parajean dagoen eta egun jardunean dagoen betegarri bat handitzea da proiektuaren xedea. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, betelanean onar daitezkeen material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetatik sortutako lurrak eta harriak izango dira; ez da onartuko aipatutakoez bestelako materialik.
B) Erreferentziazko aireko linea hori berritzeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Egungo betelanak 8.300 m2-ko azalera du eta 31,337 m3-ko edukiera. Proiektatutako handitzeak 17.700 m2-ko azalerako okupazio gehigarria ekarriko du, eta horrek aukera emango du betelanaren edukiera 177.992 m3-tan handitzeko. Beraz, betelanak 26.000 m2-ko azalera okupatuko du guztira, eta 209.329 m3-ko edukiera izango du.
Handitze-lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengoan 136.929 m3-ko betelana egingo da gaur egungo bidearen eta aldameneko lursail baten arteko eremuan. Lursail hori ibaian gora dago, eta gaur egun Pinus radiata plantazio batek okupatzen du. Bigarren fasean, gainerako 41.063 m3-ak beteko dira, eta bete beharreko ibarbidearen erditik doan bidearen 182 m-ko tarte bat aldatuko da.
Bidearen definizio geometriko berria ezarri da, egungoa baino luzera txikiagokoa: 5 m-ko sekzio konstanteko bidea da, hautatutako lurzoruko oinarri-azpia du, eta horren gainean zabor-legar artifizialeko oinarria ezarri da, 25 cm-ko lodierakoa, bai eta hormigoizko zoru zurruna ere, 15 cm-ko lodierakoa.
Hauek dira aurreikusita dauden jarduketak:
– Lurra egokitzea: bertan diren pinuak ebaki, sastrakak eta landare-lurra kendu.
– Drainatzea: hondoa drainatzeko bi drain jarriko dira erasandako ibarbide bakoitzean, lursailean infiltratutako urak biltzeko; eta azalekoa drainatzeko babes-areka bat eta zorroten mailakatu bat jarriko dira, Ugaitz errekara bidean. Urak errekara gehitu aurretik, dekantazio-putzu bat jarri da, solido esekiak errekara ez iristeko.
– Itxitura egitea betelanaren inguru osoan eta sarbideak kontrolatzea.
– Materiala garraiatzea: lehendik dauden sarbideetatik, Berriatuko Magdalena auzora eta izen bereko ermitara sartzeko hormigoizko bidearen bidez.
– Betelana eta egokitze morfologikoa burutzea. Betelanaren fase bakoitzak behetik gora egingo du, 40 cm-ko lodierako geruzetan, eta materialak pala kargatzaile batekin zabaldu eta berdinduko dira. Geruzak trinkotzeko, arrabola hainbat aldiz pasatu beharko da, horizontalean zein bertikalean aurrera egiten den heinean.
– Jardunean dagoen baimendutako betelanaren egungo azpiegiturak mantenduko dira.
– Jarduera amaitu ondoren, dena lehen bezala lagatzeko lanak egingo dira: hostozabal autoktonoak erein eta landatuko dira. Aurrez, landare-lurra zabalduko da betelanaren azalera osoan, gutxienez 30 cm-ko lodierakoa.
2.– Proiektuaren kokapena.
Betelana handitzeak bi ibarbide txiki okupatuko ditu Ugaitz errekaren (Olaso ere esaten zaio) ibaiadarren goi-ibarrean; gaur egun, Pinus radiata espezieko baso-plantazioak daude bertan.
Eremuan ez da hauteman natura-balio bikainak dituelako ingurumen-eremu garrantzitsua duen eremurik. Era berean, eremua ez da EAEko Korridore Ekologikoen Sareak definitutako egiturazko elementuetako bat, eta ez du paisaia-balio nabarmenik, ezta katalogatutako edo inbentariatutako kultura-ondarearen elementurik ere.
Horrez gain, ez da arrisku aipagarririk hauteman; ez uholde-arriskurik, ez kutsatuta egon daitekeen lurzorurik, ez akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun handirik.
Ingurune azpimarragarriena Ugaitz erreka da, betelanetatik 100 metrora dagoena. Bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuen parte da, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat du espezie horrek. Era berean, Ugaitz erreka Artibai ibaiaren adarra da, eta egungo betelanaren beheko aldetik 300 metrora dago. Eremu hori ES2130011 Artibai Ibaia/Río Artibai KBEaren mugaketaren barruan dago.
3.– Gerta daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Inpaktu esanguratsuenak honako hauek eragindakoak izango dira: kamioiak bertaraino iristeko egingo dituzten joan-etorriek eta, lekuan bertan, pinudia mozteak, hondoko drainak eta perimetroko kanalak eraikitzeko makina astunen joan-etorriek, eta betelana bera egiteak. Jarduketa horiek ondorioak izango dituzte giza habitataren kalitatean eta sosegu publikoan, sortutako hautsagatik, zaratagatik eta bibrazioengatik.
Aipagarriak izan daitezke, halaber, Ugaitz errekaren kalitatearen gaineko inpaktuak, solido esekiak areagotzeagatik eta espezie aloktono inbaditzaileek erauzitako lurrak kolonizatzeko arriskuagatik. Betelana handitzeko aurreikusitako obrek ez diote errekari zuzenean eragingo.
Azterketa akustikotik ateratako ondorioen arabera, bertan zehaztutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriekin ez dira gainditzen kalitate akustikoaren helburuak ez eta jarduerak eragindako ingurune hurbileko soinu-igorpenaren mugak ere.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Berriatuko Kanpatzako ibarbideko lurren betelan-proiektua handitzeko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Ezar daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
– Ibarren hondotik igarotzen den drainatze-sarera eta Ugaitz errekara isurtzen diren hondakin finen kopurua murriztu beharko da, eta ziurtatu uraren kalitatea ez dela eskastuko. Horretarako, errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilak garbitzekoak gainezka egiteagatik sor daitezkeen jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da ibilgu publikora zuzenean isurtzea.
– Betelanetik ibaian behera egin asmo dagoen dekantazio-putzuak, Ugaitz errekara solidorik ez botatzeko egindakoak, erabilgarri egon beharko du proiektuaren fase guztietan.
– Betelan-lekua martxan dagoen bitartean, kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, eta dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabili beharko dira.
– Obratako makinak gordetzeko eremua eta makinen mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi egingo dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Ugaitz errekaren ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak natural utziko dira, seinaleztatze-zintekin balizatuta, eremu horretan ibilgailurik ez ibiltzeko atzera eta aurrera, materialik eta betetze-gairik ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura eta kutxatilarik ez uzteko bertan, ez behin-behinekoz, ez behin betiko.
– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den eremu txikienaren barruan gauzatuko dira obrak, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.
– Proposatutako drainatze perimetralari mantentze-lanak egingo zaizkio sarri-sarri, ornodun txikiek bertatik igarotzeko modua izango dutela ziurtatzeko.
– Inguru horretako iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko perimetroko itxitura behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat cm bitarteko altuerakoa. Betelanaren amaieran kendu egingo da.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Obra paisaia integratzeko lanak obrak eragindako eremu guzti-guztietan egin beharko dira.
– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da gero, obren eragina jasango duten eremuak errazago ekartzeko lehengora eta landareak errazago jartzeko berriz.
– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartu. Halako landarerik balego jardun-eremuan, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.
– Landareak pixkana-pixkana aldatu beharko dira, betelanaren fase ezberdinak burutu ahala.
– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, dena lehen bezala uzteko neurri egokienak ezarri eta burutu beharko dira.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Egikaritze-fasean, neurriak hartu beharko dira honako hauen inguruan: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.
– Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin motarik eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
– Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena) eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Sortutako olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, pertzen barnean edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barnean.
– Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Airearen kutsadura murrizteko neurriak.
– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:
– Eremura sartzeko bidean, ibilgailuen eta obrako makinen joan-etorriari tamaina hartu beharko zaio.
– Garraiatzeko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azal-azalekoa gainetik bustiko da.
– Materiala kargatu eta husteko, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Sarrerako bideak aldiro-aldiro garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek behar bezala egon beharko dute beti.
– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, beharrezkoa den tokietan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
– Ez da kondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Garbitu eta obra bukatu.
Betelana bukatuta, garbiketa sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu beharko dira.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezko jotzen Berriatuko Kanpatza ibarbidea handitzeko Proycoa 21 SLk sustatuko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Berriatuko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 18a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.