Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
949

EBAZPENA, 2021eko urtarrilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Maser Maquinaria y Servicios SA enpresak Trapagaranen (Bizkaia) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

Maser Maquinaria y Servicios SA enpresak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako eskaera osatu zuen, Trapagaranen (Bizkaia) dituen instalazioetan hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2018ko azaroaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertu ondoren, ingurumen-organoak nahikoa judizio-elementu ditu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldean dago jasota, e) epigrafean. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Maser Maquinaria y Servicios SAk Trapagaranen (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko duen instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen zehazteko, edota, bestela, proiektua zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Maser Maquinaria y Servicios SA enpresak Trapagaranen (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako, ondoren adierazitakoaren arabera:

A) Maser Maquinaria y Servicios SA (aurrerantzean, MASERSA) merkataritza-sozietateak Trapagarango (Bizkaia) Salcedillo errepidea z.g. helbidean dituen instalazioetan egingo duen jarduera hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa da; zehazki, kable-hondakinetatik datozen produktuen binilo-polikloruroa eta polietilenoa birziklatzea eta berreskuratzea, ondoren plastikoak injektatuta, estrusionatuta edo arrabolez prentsatuta eraldatzeko industrian aprobetxatzeko.

B) Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

MASERSAk kobrezko kableak tratatu ondoren birziklatutako plastikoetatik eratorritako hondakin plastikoak balorizatzen ditu. Balorizazio-prozesua amaitu ondoren, honako produktu amaitu hauek lortzen dira: kobrezko kontzentratu bat, industria metalurgikora bideratzen dena, eta binilo-polikloruroen (aurrerantzean, PVC) eta dentsitate txikiko polietilenoen (aurrerantzean, LDPE) kontzentratuak, plastikoak eraldatzeko industriara bideratzen direnak. Prozesuan, hondakin ez-arriskutsuak (papera, kartoia, zura, beira eta prozesuaren fase hezean sortutako lohiak) eta hondakin arriskutsuak (olioak, emultsioak, xurgatzaileak) sortzen dira, eta dagokien kudeatzaile baimenduarekin tratatzen dira guztiak.

Prozesuko instalazio guztiek energia elektrikoa erabiltzen dute energia-iturri bakar gisa, eta prozesu guztiak mekanikoak eta hotzak dira: garbiketa, agitazioa, zentrifugazioa, baheketa, puztea, korronte induzituen bidezko banaketa, etab.

Prozesu kimikoetan ez da erregairik, azidorik, gehigarririk ez bestelako produktu kimikorik erabiltzen, ez eta tratamenduak berak edo horiei lotutako arriskuek kutsa dezaketen prozesurik ere.

Balorizazio-prozesu osoa MASERSA merkataritza-sozietateak Trapagarango Salcedillo z.g. helbidean duen industria-nabean egiten da (esparru itxia eta estalia). Bertan, lehengaiak, produktuak eta hondakinak biltegiratzen dira; LDPEa (hondakin ez-arriskutsua), aldiz, Big-Bag poltsa iragazgaiztuetan gordetzen da, instalazioetatik kanpo dagoen hormigoizko zola baten gainean.

Sustatzaileak emandako datuen arabera, instalazioak urtean 1.850 tona tratatzeko gaitasuna du (8 orduko txanda bakarra eta lanegunak kontuan hartuta). Instalazioetan dagoen materialaren arabera, egunean 24 orduz funtzionatzeko gaitasuna du; kasu horretan, urtean 3.962 tona trata ditzake.

Proiektuak jarduketa hauek jasoko ditu:

a) Hondakinak jasotzea eta onartzea: Enpresak 2.000 tona lehengai inguru jasotzen ditu urtero. Hondakinak jasotzeko protokolo bat dago; horren arabera, erabat debekatuta dago beste kudeatzaile baimendu batzuetatik (hondakin ez-arriskutsuak direla edo behar bezala deskontaminatu direla bermatzen eta ziurtatzen dute) edo industria-prozesu homologatuetatik ez datorren materiala onartzea. Adostutako toki batean deskargatzen da materiala, eta, ondoren, ikuskatu egiten da.

b) Produkzio-prozesua: hondakina onartu ondoren, tratamendu-lerro jarraituan prozesatzen da (fase hezea). Gero, bigarren fasean tratatzen da PVCa (fase lehorra).

Fase hezea:

Materiala pala baten bidez botatzen da tobera batera (sare bat dauka, prozesuko elementu desegokiak eta/edo tamaina handikoak kentzeko). Tobera horren bitartez, siloa kargatzen duen lurzoru mugikor bat elikatzen da, eta hortik aurrera hasten da fase hezea. Instalazio hidrozikloniko batean egiten da: hiru depositu eta hidrozikloi bat ditu. Materiala 1. depositura eramaten da (kono-enborreko oinarriko depositu zilindrikoa), eta urez garbitzen hasten da. Behealdea konikoa denez, partikula metaliko astunak metatzen dira bertan, eta denbora-tarte bat igaro edo maila batera iritsi ondoren ateratzen dira (kobrea nagusiki). Solido-ponpa baten bidez, hurrengo depositura igarotzen da nahasketa. Depositu horretan, garbiketa- eta agitazio-prozesuari ekiten zaio, eta hirugarren depositura igarotzen da; bertan, prozesua errepikatzen da.

Azkenik, nahasketa hori hidrozikloira edo banaketa dentsimetrikoko ontzira bidaltzen da. Hortik bi frakzio lortzen dira:

– Frakzio arina, ura baino dentsitate txikiagokoa eta nagusiki dentsitate txikiko polietilenoz osatua (LDPE). Bahetu ondoren, azken produktua lortzen da, eta Big-Bag poltsetan sartzeko makinara doa zuzenean.

– Frakzio astuna, ura baino dentsitate handiagokoa eta nagusiki PVCz osatua badago ere, beste elementu batzuk ere badituena, hala nola kautxua, aluminioa eta ehun-hondakinak. Galbahetik igaro ondoren, lortutako produktu solidoa –ore arin modukoa– zentrifugagailura eramaten da. Hortik, alde batetik, PVC partikulak lortzen dira, ahi plastikoa eta hezea (PVC hezea); eta, bestetik, PVC partikulak arrastatzen dituen ura.

Fase lehorra:

Fase lehorra hidrozikloian lortutako frakzio astunari bakarrik aplikatzen zaio, bahetu eta zentrifugatu ondoren. Horrela, PVC eta LDPE plastikoen kalitate desberdinak lor daitezke. Honako hauek barne hartzen ditu bigarren faseak:

– Materiala lehortzea. Instalazioak bi lehorketa-silo ditu, eta txandaka funtzionatzen dute. Aire beroa botatzen da siloaren barruan (aurrez erresistentzia elektrikoen bidez berotua), eta kalitate desberdinetako PVC lehorra lortzen da. Airea nabearen barruan sartzen da, lehortzean sortutako PVC partikulak atxikitzen dituen mahuka-iragazki batetik igaro ondoren.

– PVCa deskontaminatzea. Hori egiteko, bi bereizgailu daude: batek, bereizketa elektrostatikoaren bidez, kautxu-frakzioa bereizten du PVC zatikitik, eta, aldi berean, lortu nahi den PVCaren purifikazio-maila doitzeko erregulazio-posizio desberdinak ditu; eta besteak, korronte induktiboetan oinarritutakoak, kobrea bereizten du PVCtik.

c) Ekipamendu batetik bestera eramateko sistema.

d) Materiala biltegiratzea.

Prozesuko uraren tratamendua.

Ura prozesuko elementu nagusia da; elementu bereizle eta garraiatzaile gisa erabiltzen da, eta, guztira, 60 m3 ur erabiltzen dira, zirkuitu itxian. Urari etengabeko garbiketa-zikloa egiten zaio, eta urtero aldatzen dira 60.000 litroak.

Deposituak –«buffer» izenekoa– fase hezearen prozesuan ur-mailak mantentzeko helburua du, prozesu osoa kontrolatzen duen automatismoak markatutako mailen barruan. Fase hezearen hasieran, bufferrak ura ematen dio 1. deposituari, eta baheketetatik (LDPEarena eta PVCarena), zentrifugagailutik, Cleanning motako bi deposituetatik (ura etengabe garbitzen da bertan) eta saretik (prozesuaren galerei laguntzeko) hartzen du.

Bufferretik datorren urari garbiketa-ziklo etengabea egiten zaio, eta bi galbahetatik pasatzen dira aldi bakoitzean. Prozesu horren ondorioz sortutako material solidoa hondakintzat hartzen da (prozesuko lohiak). Aldian-aldian (urtean behin, gutxi gorabehera), zirkuituko ur guztia aldatzen da, eta, hala, 60.000 litroak berritzen dira. Ateratzen den ura kudeatzaile baimenduak tratatzen du.

Horrenbestez, produkzio-prozesuan erabilitako ur guztia sistemara birbideratzen da, eta, hala, ez da hondakin-urik isurtzen MASERSAren instalazioetan, alde batera utzita konketetako, komunetako eta dutxetako ur sanitarioak.

Energia eta erregaiak.

MASERSAren instalazioek sare elektrikoaren bidezko elikatze-sistema dute bulegoetarako eta nabeen argiteria eta indarrerako, eta 550 KVA-ko multzo elektrogenoaren bidezko elikatze-sistema elektrikoa ekoizpen-instalaziorako. Bestalde, bulegoen eta aldagelen eremuari zerbitzua ematen dion gasolio-galdara bat dago. Gutxi gorabehera, 33.000 litro kontsumitzen ditu urtean. Gasolioz elikatutako berogailuen potentzia termikoa 1.500 kW-tik beherakoa da. Enpresak bi gasolio-depositu ditu, bakoitza 1.000 litrokoa.

Sortutako produktuak eta hondakinak.

Amaitutako bi produktu sortzen dira; alde batetik, kobrea, industria metalurgikora bideratzen dena, eta, bestetik, PVC eta LDPE plastikoen kontzentratuak, eraldaketa-industriara bideratzen direnak. Sortutako hondakin ez-arriskutsuak (papera, kartoia, zura, beira eta lohiak) kudeatzaile baimendu bati bideratzen zaizkio; Hondakin arriskutsuak, aldiz (olioak, emultsioak, xurgatzaileak, trapuak, arropak edo beste material kutsatu batzuk, ontziak, prozesuko hondakin-urak), hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimendu bati.

2.– Proiektuaren kokapena:

Jarduera eraikin bakarra osatzen duten hainbat pabiloitan gauzatzen da, Trapagarango (Bizkaia) Salcedillo industrialdeko lurzati batean. Lurzatiaren azalera 6.086 m2-koa da, eta, azalera eraikia, 3.140 m2-koa.

Hiri-lurzoru finkatua da, eta enpresak hartzen duen eremu osoak hormigoizko (estaldura azpian) edo asfaltozko (kanpoko urbanizazioan) lurzorua du. Proiektuaren aplikazio-eremuan ez dago natura- eta/edo ingurumen-intereseko elementu edo espaziorik. Instalaziotik gertuen dagoen ur-ibilgua Granada ibaia da –Ibaizabal unitate hidrologikoari dagokio–; bertatik 200 metro baino gehiagora dago. Litologiaren emaitzei eta substratuaren iragazkortasunari erreparatuta, nabarmendu behar da proiektuaren lurzatiak urrakortasun oso txikia duela akuiferoak kutsatzeari dagokionez.

Bestalde, MASERSA SAren lurzatia inbentarioan ageri da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egin diren edo egiten diren kokaleku gisa, 48080–00034 kodearekin.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak:

Egin nahi den jardueraren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu potentzialak atmosferara egiten diren emisioekin lotuta egongo dira; batez ere, PVCa lehortzeko prozesuan sortutako PVC partikulen emisio lausoekin. Hala ere, lehortze-nabearen barruko airea erresistentzia elektrikoen bidez berotu, eta, PVCa lehortu eta mahuka-iragazki batetik igaro ondoren, nabe berera itzultzen da. Hau da, ez da partikularik igortzen kanpoaldera. Aldiz, emisio atmosferikoak sortuko dira bulegoen eta aldagelen eremuari zerbitzua ematen dion multzo elektrogeno baten eta berokuntza-galdara baten (errekuntza-gasak eta partikulak) funtzionamenduaren ondorioz.

Beste inpaktu potentzial batzuk konketetako, komunetako eta dutxetako ur sanitarioak isurtzearen ondoriozkoak izan daitezke. Bizkaiko Ur Partzuergoaren estolderia-sarera konektatutako isurketak dira.

Horrez gain, aurreikus daitezkeen beste ondorio batzuk ingurumen-zaratarekin eta balorizazio-prozesuan sortutako hondakinekin lotutakoak izango dira. Horretarako, kudeaketa egokia egin beharko du kudeatzaile baimendu batek.

Eremuaren eta lortu nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, ez da aurreikusten eragin negatibo adierazgarririk aipatutako inguruneko alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Maser Maquinaria y Servicios SA enpresak Trapagaranen (Bizkaia) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera beteko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Material birziklatuen kudeaketarekin lotuta egiten diren jarduera guztiak egitean, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalaziotik datozen euri-ur «zikinak» sortzen badira, drainatze-azpiegituren bidez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek arazketa-gailuak izango dituzte –isurketaren araberakoak–, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoekin bat eta isurien nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat.

Arazketa-sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

– Lehengaiak eta balorizatutako materialak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zola baldintza ezin hobeetan egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua dakarten eremurik gabe.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Masersaren jarduerak (hondakin ez arriskutsuen kudeaketa) honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

– Instalazioetan ahalik eta hauts gutxien sortuko da. Airearen kalitatean eraginik ez izateko, neurri egokiak hartuko dira hondakina jasotzeko eta materialak kargatu eta deskargatzeko lanetan, bai eta lantaldeen arteko garraio-eragiketetan eta lortutako materialak biltegiratzean ere.

– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, balorizazio-prozesu osoa MASERSAk Trapagaranen duen industria-nabearen barruan egingo da (esparru itxia eta estalia). Halaber, bertan biltegiratuko dira lehengaiak, produktuak eta hondakinak; dentsitate txikiko polietilenoa (LDPE), aldiz, dokumentazioan adierazitako tokian gordeko da, alegia, instalazioetatik kanpo eta Big-Bag poltsa iragazgaiztuetan. Dena dela, tokia badago, instalazioaren barruan gordeko da.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Sorburuan zarata murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki materialak biltegiratzeko, kargatzeko, deskargatzeko eta garraiatzeko lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lanetan eta zaraten eta bibrazioen murrizketan ere. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuta, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Ebazpen honen xede den jarduerarako (MASERSAk Trapagaranen dituen instalazioetan gauzatzen duen jarduera) onartzen diren hondakinak kable-hondakinetatik ateratako plastikoa eta kautxua izango dira (EHZ 19 12 04)

– Instalazioan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokio, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

– Zabortegi baimendura eramaten diren hondakinak kudeatzeko, honako hauek aplikatuko dira: 1481/2001 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, hondakinak zabortegira eramanez ezabatzea arautzen duena; 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta haien aldaketak.

– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimendu batean ezabatzea bada, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera egingo da karakterizazioa.

– Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, beren tipologiarengatik, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko Oinarrizko Legea (maiatzaren 14ko 20/1986 Legea) betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Sortzen den olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari (industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duena) jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko Maser Maquinaria y Servicios SA enpresak Trapagaranen duen instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala