35. zk., 2021eko otsailaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (305 KB - 9 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
892
EBAZPENA, 2020ko ekainaren 30ekoa, HABEko zuzendariarena, Zornotzako Larrea auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera pribatiboko jabari publikoko emakida esleitzen duena eta haren baldintzak ezartzen dituena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Aurten Bai Fundazioak Zornotzako (Bizkaia) Larrea Auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera esleitzeko eskatu du, gutxienez 25 urtez euskaltegi-barnetegi gisa erabiltzeko.
Bigarrena.– 1992. urteaz geroztik Aurten Bai Fundazioak euskaltegi-barnetegi gisa erabili izan du, dagokion lagapenaren bidez, orain berriz erabiltzeko eskatzen duen eraikin hori.
Hirugarrena.– Eraikin hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoa da, eta euskaltegi-barnetegiaren erabilerak eragin zuen eraikin hori eraikitzea.
Laugarrena.– Eraikina HABEri atxikita dago, helduen euskalduntzearen arloan eskumena duen erakunde den aldetik.
Bosgarrena.– Erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Fundazioen Erregistroan fundazio gisa inskribatuta dago, eta horrenbestez, onartua du bere helburu eta xedeak interes orokorrekoak direla.
Seigarrena.– Zuzendaritza Nagusi honek eskatutako erabileraren gainean emakida esleitzeko aurreikusi dituen baldintzen berri izan du erakunde horrek, eta ados dagoela adierazi du.
Zazpigarrena.– HABEren Zuzendaritza Nagusi honek Aurten Bai Fundazioari eraikin hori erabiltzeko administrazio-emakida esleitzeko espedientea izapidetu du. Espediente horrek, gainera, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren nahitaezko txosten loteslea eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena jaso ditu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren (aurrerantzean EOLTB) 54. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Aurten Bai Fundazioak erabili nahi duen ondasuna jabari publikoari atxikita dago.
Bigarrena.– Jabari publikoari atxikitako ondasun bat gutxienez 25 urtez okupatzeko eta modu pribatiboan erabiltzeko gaitzen duen titulua administrazio-emakida da, EOLTBaren 69.3.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Administrazio-emakidak interes publikoko edo onura publikoko helburu bati erantzun behar dio, eta hori, hain zuzen ere, Zornotzako Larrea Auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabileraren bidez ahalbidetzen den euskaltegi-barnetegi zerbitzua da.
Hala baieztatzen dute bai Euskadi 2020 Gobernu Programak, bai Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 eta 2017-2020 epealdietarako erabakitako Euskararen Agenda Estrategikoek. Dokumentu horien arabera, EAEko helduen euskalduntze-prozesuak politika aktibo eta berrituarekin jarraitzea eskatzen du, eremu horretan orain arte egindako aurrerapenak lortzen jarraitu ahal izateko. Zehazki, Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020k konpromiso hauek aurreikusten ditu, besteak beste:
1.– 1. konpromisoa: euskararen hazkunde soziala sendotzea, euskal hiztunen kopurua handituz eta haien hizkuntza-gaitasuna hobetuz.
2.– 2. konpromisoa: euskararen erabilera aisialdira eta eremu funtzional ez-formaletara zabaltzea.
Testuinguru horretan, Zuzendaritza Nagusi honek uste du euskaltegi-barnetegi zerbitzuak ahalbidetzen duen hizkuntza-murgilketaren aukera faktore erabakigarria dela bai Eusko Jaurlaritzak bai Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuta, beren gain hartu dituzten konpromisoak betetzeko eta helburuak lortzeko; izan ere, irizpide horiek oraindik ere gomendatzen dute euskalduntzen ari diren pertsonei euskarazko hizkuntza- eta bizipen-testuinguru bat eskaintzen dieten zentroak sustatzea, baldin eta pertsona horiek ez badute horrelako testuingururik.
Ondorioz, ebazpen honen xede den administrazio-emakidarekin lortu nahi den helburu publikoa esleipena egiteko nahikoa arrazoi dela ulertzen da.
Laugarrena.– Esleipen-prozedurari dagokionez, bidezkoa da eskatutako erabileraren gaineko administrazio-emakida zuzenean esleitzea, Herri Administrazioen Ondareari buruzko Legearen 93. eta 137.4 artikuluetan eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategineko 81. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dagoelako eta, ondorioz, ezinbestean interes orokorreko helburuei atxikita dagoelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, gainera, esleitutako administrazio-emakidaren oinarria den jarduera garatzeko eratu zelako.
Bosgarrena.– Aipatutako eraikinaren erabilerari aplikatu beharreko tasari dagokionez, bidezkoa da EOLTBren 53. artikuluan aurreikusitako tasa aplikatzea, eta dagokion murrizketa egitea, administrazio-emakida honen oinarri den jardueraren izaera defizitarioa dela eta. Espedientean jasotako arrazoietan oinarrituta, katastro-balioaren % 3koa izango dela kalkulatzen da, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako moduan ordaindu beharrekoa.
Seigarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 70. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Zornotzako Larrea Auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera pribatiboari buruzko administrazio-emakida esleitzeko eta eraikin horri dagokion atxikipena egiteko eskumena HABEri aitortu zaio.
Bestalde, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, HABE erakunde autonomoa sortarazi eta euskaltegien jarduera araupetzekoak, erakunde horren esku uzten du, agindu orokor gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko helduen euskalduntzea sustatzea, benetan elebiduna izango den populazioa sendotu dadila lortzeko xedez, eta 2. artikuluan aitortzen du, eginkizun horrez gain, euskalduntze-zentroak sustatuko dituela, horien zentzuzko plangintza bat eginez eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuta.
Horregatik guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aurten Bai Fundazioari esleitzea Zornotzako (Bizkaia) Larrea Auzoko 8. zenbakian dagoen eraikinaren erabilera pribatiborako administrazio-emakida, euskaltegi-barnetegi gisa erabiltzeko, 25 urteko epe batez, iraupen bereko beste epe batzuetan luza daitekeena, gehienez ere 75 urte arte, ebazpen honen Eranskinean ezarritako gainerako baldintzen arabera.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Hirugarrena.– Interesdun guztiei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita.
Donostia, 2020ko ekainaren 30a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
ERANSKINA
AURTEN BAI FUNDAZIOARI ZORNOTZAKO (BIZKAIA) LARREA AUZOKO 8. ZENBAKIAN DAGOEN ERAIKINEAN EUSKALTEGI-BARNETEGIAREN ERABILERA PRIBATIBOA EGITEKO EMANDAKO JABARI PUBLIKOKO EMAKIDA ARAUTUKO DUTEN ADMINISTRAZIO-KLAUSULAK
1.– Emakidaren xedea eta ezaugarriak.
1.1.– Emakidaren xedea.
Emakidaren xedea Zornotzako (Bizkaia) Larrea Auzoko 8. zenbakian dagoen eta jabari publikoa duen eraikinaren erabilera pribatiboa da. Hauxe da haren deskribapena:
Deskribapena:
Titulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari jabari osoaren % 100 dagokio.
Inskripzioa.– Amorebieta-Etxanokoko Jabetza Erregistroan inskribatua dago, 1.106 liburukia, 140 liburua, 195 folioa, 8.955 finka, 3. inskripzioa.
Katastroan ondasunari dagozkion zenbaki finkoak: N0903141L, N0903137M, N0903138U, N0903140D, N0903139F, N0903142T, N0903143 eta N0703553M.
1.2.– Destinoa.
Emakidaren xede den eraikina bere izaeraren arabera erabili beharko da eta euskaltegi-barnetegi gisa xedatuko da.
Betebehar hori bete ezean, HABEren Zuzendaritza Nagusiak emakida hau ondoriorik gabe uzteko ahalmena izango du, eta kasu horretan ez da bidezkoa izango inolako kalte-ordainik ematea.
Esleipendunak HABEn urtero aurkeztu beharko du erabiltzea baimendu zaion eraikinean egindako euskalduntze-jarduerari buruzko txostena.
Emakidadunaren kontura izango dira higiezina erabiltzeko behar diren lizentziak eta baimenak lortzea, baita higiezin horretan jarduera egitea ere.
1.3.– Emakidaren mugak.
Jabetza-eskubidea izan ezik eta hirugarrenari kalterik egin gabe gauzatuko da emakida hori, eta ez dakar emakidaren objektu den ondasunaren gaineko jabari publikoa edo jabari-ahalmenak lagatzea.
Emakidadunak bere kabuz erabili beharko du emakidaren xede den eraikina. Emakidadunak ezin izango du emakida osorik edo zati batean laga edo kargatu, ezta hirugarrenei laga ere eraikinaren erabilpena, osorik edo zati batean eta edozein tituluren bidez.
Hala ere, euskaltegi-barnetegian matrikulatutako ikasleek eraikina eta bertako instalazioak erabiltzea ez da hirugarrenei egindako lagapentzat hartuko.
2.– Emakidaren indarraldia.
Emakida 25 urterako ematen da, eta iraupen bereko epeetan luza daiteke, gehienez 75 urtera arte.
Emakida formalizatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen epe hori.
Baldintza-agiri honetan aurreikusitako edozein arrazoirengatik emakida amaitzen denean, emakidadunak eraikinetik alde egin beharko du, bere instalazio eta ondasunekin, eta libre eta kontserbazio-egoera onean utzi beharko ditu.
3.– Araubide ekonomikoa.
Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93.4 artikuluan, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 73. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, emakidari aplikatu beharreko tasa hau ezartzen da: eraikinaren katastro-balioaren % 3. Tasa hori era honetara ordainduko da:
– Tasaren % 2, inbertsioen bidez.
– Tasaren % 1, dagokion banku-transferentzia eginez.
Tasa hori ordaintzeko betebeharra sortuko da emakida aitortzeko ebazpena jaso izana eta baldintzen plegua sinatu eta hurrengo egunean. Hortaz, banku-transferentzia eginez ordaindu beharreko tasari dagokionez, aipatu agiriak sinatu eta ondorengo hamabost eguneko epean gauzatuko da lehenengo urtekoari dagokiona, eta hurrengo urtekoak aurreko urtekoaren mugaegunaren ondorengo hamabost eguneko epean ordainduko dira.
Inbertsio bidez ordaindu beharrekoari dagokionez, aurreko paragrafoan zehaztutako agiriak sinatu ondorengo hilabetean aurkeztu beharko du onuradunak lehenengo urteari dagokion inbertsio plana, HABEren zuzendaritza nagusiaren onarpenerako. Hurrengo urtekoak urte bakoitza amaitu baino hilabete lehenago aurkeztuko dira. Inbertsio bidez gauzatu beharreko ordainketen ondorioetarako, urte batean ezarritako % 2 gehitzen duen inbertsioa gauzatzen bada, egindako gehiegizko inbertsioa hurrengo urteetakoa zuritzeko baliatu ahal izango da. Inbertsiotzat joko dira iraupen luzerako egiten diren mantenu-gastuak.
Hala, lehenengo bost urteetan ordaindu beharreko tasari dagokionez, 46.809,85 eurotakoa izango da: 31.206,57 euro, inbertsio bidez ordaindu beharrekoak, eta 15.603,28 euro ondoren zehaztutako banku-kontuan sartu beharrekoak.
Kutxabank k/k ES81 2095 0611 0521 3100 0143.
Klausula honetan aipatutako urteko tasa berrikusi egingo da emakida formalizatu zenetik 5 urte igarotzen direnean, une horretan indarrean dagoen katastro-balorazioaren arabera, eta horrela hurrenez hurren, 5 urtean behin.
4.– Jarduteko gaitasuna.
Emakida hau formalizatzeko agiria izenpetu ahal izatearren, jarduteko gaitasun orokorraz gain, emakidadunak HABEri atxikitako Euskaltegien Erregistroan inskribatuta egon beharko du, emakidak irauten duen bitartean.
Hala ere, jabari publikoko emakida hau formalizatzeko dokumentua sinatzeak berekin dakar emakidadunak erantzukizunpeko adierazpena egin beharra, non adieraziko baita dokumentu hori sinatzeko beharrezkoak diren jarduteko gaitasunaren baldintzak betetzen dituela eta erakunde horrek ez duela indarreko araudian aurreikusitako kontratazio-debekurik (kontratazio, berdintasun edota beste arlo batzuetakorik).
5.– Formalizazioa.
Emakida esleitu ondoren, administrazio-agiri batean formalizatuko da, esleipen hori jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epearen barruan.
6.– Emakidadunaren eskubideak.
Emakidadunak eskubide hauek izango ditu:
– Eraikinari harrera ematea, agiri honetan ezarritako baldintzetan.
– Administrazio emakidatzailearen babes juridikoa jasotzea, emakidadun den aldetik guztien aurrean errespeta dadin, eta administrazio horrek bere agintea gailendu araztea, emakida eman zaion jarduera normaltasunez egiteko edozein oztopo eragozteko edo eteteko beharrezkoa denean.
Emakidadunak ez du eskubiderik izango emakidaren eskubide erreala hipotekatzeko.
7.– Emakidadunaren betebeharrak.
Emakidadunak betebehar hauek izango ditu:
7.1.– Administrazio-emakidaren xede den eraikin hori euskaltegi-barnetegi gisa erabiltzea emakidaren indarraldi osoan, indarrean dagoen araudiaren arabera eta lege- eta erregelamendu-xedapenetan ezarritako baldintza material, tekniko, urbanistiko, sanitario eta segurtasunezko guztiak errespetatuz.
7.2.– Kontraprestazioak egitea eta tasak ordaintzea, emakidaren araubide ekonomikoari buruzko Eranskin honetako atalean ezarritakoaren arabera.
7.3.– Eraikina eta bertako instalazioak erabilera-egoera ezin hobean mantentzea eta kontserbatzea, eta, horretarako, kontserbazio- eta mantentze-lanak eta beharrezkoak diren konponketa guztiak egitea, bere kabuz edo hirugarrenen bidez, eta, hala badagokio, udalaren hirigintza-lizentzia egokia eskuratzea.
7.4.– Aurreko zenbakietan aurreikusitako ondorioetarako, emakidadunaren ardura izango da eraikinaren gainean beharrezkoak diren ekintzak gauzatzea eta behar besteko denboraz programatzea beharrezko birjarpenak, berritzeak edo eraberritze partzialak, horiek ahalik eta eraginkortasun handienarekin egin ahal izan daitezen eta jardueran eraginik ez izaten saiatuz.
7.5.– Uneoro HABEren zuzeneko kontrola ahalbidetzea bertan egiten den eraikuntza eta jardueraren gainean, hura emakidarekin bat etorriz erabiltzen dela egiaztatzeko, HABEk zehazten dituen zuzenketak gauzatzea.
7.6.– Eraikinaren erabileragatik, bertan egiten diren mantentze- eta inbertsio-obrengatik edo beste edozein arrazoirengatik gerta daitezkeen kalte eta hondamenez arduratzea, bai kalte horiek hirugarrenei eragin zaizkienean eta bai eraikinaren beraren gainean gertatzen direnean ere.
Ezinbesteko arrazoiren batengatik eraikin osoa edo gehiena suntsitzen bada, emakidadunak emakidari uko egin ahal izango dio, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, edo bestela, bere kargura berreraiki ahal izango du.
7.7.– Horretarako, erantzukizun zibileko poliza bat sinatuta eduki beharko du uneoro, emakida hori modu pribatiboan erabiltzeagatik pertsonei nahiz ondasunei eragindako kalteengatik eratorritako edozein erantzukizun zuzen edo subsidiarioetatik bai HABE eta bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ere salbuesteko estaldura nahikoarekin. Era berean, eraikinaren eta haren edukitzailearen gaineko aseguru-poliza bat uneoro sinatuta egoteko betebeharra hartzen du bere gain.
7.8.– Emakidadunak bi aseguru-poliza horien kopia aurkeztu beharko du administrazio-emakida formalizatu aurretik.
7.9.– Emakidadunak, emakidaren 25 urteko epea amaitu baino urtebete lehenago, teknikari eskudunek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, eraikuntzaren antolamenduari buruz indarrean dagoen legerian aurreikusitako mantentze-baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duena, baldin eta emakida luzatu dadila eskatu nahi badu.
Lehenengo 25 urteak igaro ondoren, 15 urtean behin, eta emakidaren luzapena eskatzen den bakoitzean, aurkeztuko da txosten hori.
7.10.– Eraikina erabiltzeko eta bertan jarduera garatzeko behar diren lizentzia eta baimen guztiak lortzea, eta aplikatu beharreko zerga, tasa eta gainerako tributu guztiak ordaintzea, horien artean Ondasun Higiezinen gaineko Zerga dagoelarik, Bizkaiko Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko 4/2016 Foru Arauak, maiatzaren 18koak, xedatutakoaren arabera (2.1.a. artikulua).
7.11.– HABEren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea erakunde emakidaduna desegiteari buruz nahiz emakidaren xede diren jarduerak bertan behera uzteari buruz hartzen den edozein erabaki.
7.12.– Ur-hornidurak, zabor-bilketak, argindarrak, komunikazioek eta ezartzen edo eskatzen den beste edozein zerbitzuk eragindako hornidura- nahiz zerbitzu-gastuak ordaintzea.
7.13.– Zerga-arloan, lan-arloan, gizarte-segurantzaren arloan eta lan-arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea. Ez da inola ere lan-loturarik sortuko HABEren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta emakidadunak kontratatutako langileen artean.
7.14.– Emakida bukatutzat jo ondoren, emakidaren xede diren ondasunak Administrazioaren esku libre uztea, kanporatze hori bere kabuz erabakitzeko eta gauzatzeko ahalmena aitortuz hari.
8.– Administrazioaren ahalmenak.
Administrazio emakidatzaileak ahalmen hauek izango ditu:
– Emakida eta bertako baldintzak zuzentzeko, interpretatzeko, aldatzeko, eteteko eta ebazteko prerrogatibak izatea, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean eta azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean aurreikusitako xedapenekin bat etorriz. Emakida gauzatzen den bitartean Administrazioaren eta emakidunaren artean sortzen diren gorabeherak eskumena duen organoak ebatziko ditu, emakidunari aldez aurreko entzunaldia eman ondoren.
– Emakida iraungitzen den kasuetan, eraikinetik kanporatzeko erabakia hartu eta betearaztea, baldin eta emakidadunak bere borondatez uzten ez badu, beharrezkoa den epean.
9.– Emakida bukatutzat jotzea.
9.1.– Arrazoiak.
Emakida bukatutzat jotzeko arrazoi izango dira Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 100. artikuluan eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean aurreikusitakoak eta, bereziki, honako hauek:
– Emakida eragin duen destinoari buruzko baldintza HABEren baimen barik urtebetez jarraian betetzen ez bada, edo iraupen gutxiagoko epealdiek urtebete osatzen dutenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
– Agiri honetan aurreikusitako gainerako baldintzak eta betebeharrak behin eta berriz ez betetzea.
– Emakida esleitu ondoren edo esleipena egin aurretik Administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, emakidadunak debeku hori dagoela adierazi gabe.
– Administrazio emakidatzaileak mugaeguna baino lehen emakida indarrik gabe utzi dadila erabakitzea, gerora sortutako interes publikoko premiengatik.
– Emakidadunaren alde bakarreko uztea edo uko egitea.
– Higiezina desafektatzea.
9.2.– Ondorioak.
Edozein arrazoirengatik emakida bukatutzat jotzen denean, Administrazio emakidatzaileari itzuliko zaio eraikina, bertako instalazio guztiekin eta bertan egindako obrekin, inolako kargarik gabe.
Itzultzeko unean, ondasunek kontserbazio-egoera onean egon beharko dute, eta funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak bete beharko dituzte.
Emakidadunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik emakida bukatutzat jotzen bada, ez zaio kalte-galerarik ordainduko emakidadunari. Bukatutzat ematea erabakitzen duen administrazio-egintzak, gainera, emakidadunak administrazio emakidatzaileari eragindako kalte-galeren ordainari buruzko erabakia jasoko du.
Emakida aldez aurretik erreskatatzen bada emakidadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, emakidadunak kalte-ordaina jaso ahal izango du kalte-galerengatik, baldin eta kalte-ordain hori bidezkoa bada. Ez da kasu horien barruan sartuko emakidarako aurreikusitako hasierako epea edo erabakitako luzapen bakoitza amaitzean eraikina itzultzea.
10.– Araubide juridikoa.
Emakida arau hauen arabera arautuko da:
– Emakida esleitzeko ebazpenean aurreikusitako baldintzak.
– Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen aginduak, Bigarren Amaierako Xedapenaren arabera oinarrizko izaera dutenak edo aplikazio osoa edo orokorra dutenak, eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua.
– Eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
11.– Jurisdikzioa.
Administrazio emakidatzaileak bere prerrogatibak eta eskumenak erabiliz ematen dituen egintzek administrazio-izaera izango dute, eta berehala betearaztekoak izango dira, baina nolanahi ere, horien aurka egin ahal izango da bai administrazio-bidean eta bai jurisdikzio-bidean ere.
Emakida garatzean sor daitezkeen gatazkak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren eskumenekoak izango dira beti.