Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2021eko otsailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
583

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 26koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, EAEko turismo-sektoreari sostengua emateko 2021eko laguntza-programa arautzen eta haren deialdia egiten duena.

Turismoa garrantzi handiko sektore ekonomikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren (BPGd) % 6,1 sortzen du, eta gaitasun handia du enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzeko.

Azken hamarkadan, turismoak hazkunde etengabea, egonkorra eta iraunkorra izan du Euskadin, eta 3,8 milioi bisitarirekin amaitu zuen 2019. urtea. Alabaina, COVID-19ak eragindako pandemiak eta haren ondorioz sortutako krisi sanitarioak geldiarazi egin du turismoaren hazkundea. Eta sektore hori izan da, hain justu, kaltetuenetako bat.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia global izendatu zuen koronabirusaren agerraldia. Krisi sanitarioari aurre egiteko eta gaixotasunaren hedapena kontrolatzeko, Espainiako Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zuen (alarma-egoera deklaratzekoa, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko), herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartze aldera. Espainiako Estatuan zein nazioartean ezarririko konfinamendu zorrotzak, murriztapenek eta pertsonen mugimenduan ezarritako mugek inpaktu zuzena izan zuten Euskadiko turismo-sektorean, eta nabarmen urritu zuten sektorearen jarduna, bai eta erabat geldiarazi ere.

Konfinamendua arintzeko prozesuaren eta lehen alarma-egoeraren indarraldiaren amaieraren ondoren, normaltasun berriko etapari ekin zitzaion, eta, aldi horretan, osasungintzako agintariek balizko agerraldiak kontrolatzeko neurriak hartzen jarraitu zuten.

Uda partean izandako berragertze-kasuek, eragotzi egin zioten atzera sektore turistikoari bere normaltasuna berreskuratzea. Eustaten datuen arabera, aldi horretan, Euskadik 306.000 turista baino gehiago galdu zituen aurreko urteko uztaileko eta abuztuko datuekin alderatuta; ostatu mota guztietan izandako sarrerek % 40,7ko beherakada izan zuten eta ostatu-gauak, berriz, % 44,2 murriztu ziren. Atzerakada hori bereziki nabarmena izan zen atzerriko turismoan.

Udazkenean kasuen goranzko joera erregistratu zen, bizkortu egin zen gaixotasunaren transmisioa eta metatutako intzidentzia-tasa, berriz, areagotu. Horren ondorioz, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duena.

Bestalde, Euskadin birusa gero eta gehiago transmititzen ari zenez eta ospitaleko okupazioan eta zainketa intentsiboetako unitateetan asistentzia-inpaktua gero eta handiagoa izaki, Labiren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta Labiren Aholku Batzordeak ezinbestekotzat jo zuten birusaren transmisio-katea hausteko neurri gehiago hartzea; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago hartu behar izan zituen.

Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak (zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko), batetik, murriztu egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonen sarrera eta irteerak, eta, horretaz gainera, mugatu egin zituen pertsonen sarrera eta irteerak bizilekua finkatuta zuten udalerrietan. Neurri murriztaile horien ondoren, turismo-sektoreak okupazioko eta edukierako mugak izan zituen hotel, kanpin eta ostatu turistikoetako gune komunetan, azoka-esparruetan eta turismo aktiboko eta naturako jardueretan, bai eta aisialdi-zentro turistikoetan ere.

Hori horrela, Eustatek emaniko datuen arabera, 2020ko azaroan, establezimendu turistiko hartzaileen % 34 itxita egon dira (hotel-establezimenduak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak). Halaber, erregistratutako gaualdiak eta sarrerak % 82,1 eta % 77,6 murriztu dira, hurrenez hurren, iazko aldi berarekin alderatuta.

Lehendakariaren abenduaren 22ko 47/2020 Dekretuak (zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko) eutsi egiten dio pertsonak Euskal Autonomia Erkidegora sartzeko eta irteteko murrizketari, baita mugikortasunean ezarritako beste hainbati ere.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna bada ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontuan hartu behar ditu prebentzio-itxiera horrek EAEko turismo-sektorean dituen ondorioak eta eragina ere, ez baita ahaztu behar sektore hori jarduera-, enplegu- eta ongizate-iturria dela EAEko gizarte osoarentzat.

Hori dela eta, turismo-sektoreak barnean hartzen dituen kolektibo guztiei erantzuteko –askotariko enpresa-tipologiak batzen dituen aldetik–, laguntza-lerro berezi eta ezohiko bat diseinatu da EAEko jarduera ekonomikoaren sektore garrantzitsu horretako autonomoei eta enpresei zuzendua.

Ildo horretan, Euskadiko Turismo Sektoreari sostengua emateko 2021eko Laguntza Programak osatu egin nahi ditu erakunde batzuek eta besteek ere har ditzaketen neurri ekonomikoak, eta, hori hala den aldetik, bateragarriak dira haiekin guztiekin.

Hori horrela, likidezia eta kreditua bermatzeko, enplegua babesteko, zergen alorreko edo alokairura bideratutako neurrien eta ildo horretan garatzen diren beste hainbaten osagarri gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkotzat jotzen du itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen lerro bat ezartzea, EAEko turismo-sektorearen biziraupenean laguntzeko, jarduera mugatu izanaren berehalako ondorioen aurrean.

Laguntza-programa hori premiazkoa denez, prozedurak arina izan behar du. Ezin da bestela izan gaur egungo egoeran, eta, era berean, aurreikusten den eskabide kopuru handia ahalik eta azkarrena izapidetzeko aukera eman behar du. Gainera, laguntzak kudeatzeko, komenigarritzat jo da gastu publikoaren kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten kontrol beharrezkoak errespetatzea.

Laguntza horren oinarrizko helburua da jarduerari eta enpleguari eusten laguntzea, eta, hartara, osasun-krisiari erantzuteko neurrien ondorioz gertatu diren zuzeneko galera ekonomikoak apaltzea, bai establezimenduen titularrek izandakoak, bai, Euskadin egoitza izanik, turismo-lanbideetan diharduten pertsonek izandakoak.

Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2021ean turismo-sektoreari eusteko sustatuko dituen kanpainetan parte hartzeko betekizuna ezartzen da –hala nola bonu turistikoetan–.

Jarduera ekonomiko turistiko baten titularrak izango dira dirulaguntzen hartzaileak, bai norberaren konturako langileak edo autonomoak, bai EAEko sektore turistikoko enpresa txiki eta ertainak.

EAEko turismo-sektorearen enpresa-egitura kontuan hartuta, lau tarte ezarri dira laguntza horiek kuantifikatzeko, langile autonomoen eta besteren konturako langileen kopuruaren aintzakotzat harturik, eta zenbateko finko bat esleitu da enpresa-dimentsio horren arabera, premisatzat harturik horiek direla erreferenteak berehalako finantzaketa-premietarako.

Laguntza-programa honek badu behar adina aurrekontu-kreditu.

Hori horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren Dekretuaren (irailaren 6ko 18/2020) 15. artikuluak, Jaurlaritzari buruzko Legearen (ekainaren 30eko 7/1981) 26. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 51.2 artikuluak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz,

Honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

1.– Laguntzen agindu honen xedea da oinarriak ezartzea EAEko turismo-sektorea, norberaren konturako langileak edo autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko, guztia ere COVID-19aren hedapena geldiaraztera bideratuta hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta azkarrena berrekitea ahalbidetzeko.

2.– Xede horrekin bat etorriz, laguntza-lerro honen helburua da Euskadiko turismo-sektoreko norberaren konturako langileen edo langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen zuzeneko galera ekonomikoak apaltzea; izan ere, COVID-19aren pandemiak eragindako zailtasun-egoerak mugatu egin du haien guztien jarduna, COVID-19ak sorturiko krisi sanitarioa kudeatzeko harturiko neurrien ondorioz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 17.700.000 eurokoak dira guztira, eta 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte beren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, nortasun juridikorik gabeko unitate ekonomiko edo ondare banandu bat osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek, eta artikulu honetako 3. zenbakian zerrendatutako jardueren artean dauden EAEko turismo-sektoreko mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan badago haien egoitza fiskala eta soziala, bai eta lantokia ere, eta haren jarduerak inpakturik pairatu badu COVID-19k eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma-egoera deklaratu izanaren ondotik hartutako neurriak direla eta.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez, egiaztatzen da laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3.– Artikulu honetan adierazitako entitateek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta euren jarduera honako tipologia honetan sartzen bada:

a) Turismo-ostatuko establezimenduak. Ostalaritza-establezimenduak, apartamentu turistikoak, kanpalekuak, nekazaritza-turismoa, landetxeak eta aterpetxeak.

Zehazki, erregulazio honen xede dira: Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN) «I» sekzioan bildutako jarduerak:

• 551 EJSN TALDEA: Hotelak eta antzeko ostatuak.

• 5510 EJSN MOTA: Hotelak eta antzeko ostatuak.

• 552 EJSN TALDEA: Turismo-ostatuak eta egonaldi laburrerako beste ostatu batzuk.

• 5520 EJSN MOTA: Turismo-ostatuak eta egonaldi laburrerako beste ostatu batzuk.

• 553 EJSN TALDEA: Kanpinak eta karabanentzako aparkalekuak.

• 5530 EJSN MOTA: Kanpinak eta karabanentzako aparkalekuak.

• 5590 EJSN MOTA: Beste ostatu batzuk.

Agindu honen ondorioetarako, Espainian edo nazioartean ezarritako hotel-sare edo -kate bati lotutako ostatu-establezimenduen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu bakoitzeko langile kopurua hartuko da kontuan.

b) Erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen titular juridikoak, agindu honetan aipatzen diren betetze-baldintza espezifikoen arabera, eta besteren konturako langile-taldea dutenak.

Enpresa horiek alta emanda egon beharko dute jarduera ekonomiko gisa, EJSNko talde eta mota honetan:

• 552 EJSN TALDEA: Turismo-ostatuak eta egonaldi laburrerako beste ostatu batzuk.

• 5520 EJSN MOTA: Turismo-ostatuak eta egonaldi laburrerako beste ostatu batzuk.

Era berean, legez eratuta eta Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, nahitaezkoa izango da Gizarte Segurantzaren agiri hau atxikitzea: «Izena emateko eta CCC Esleipenerako dokumentuen kopia, enpresariarentzat».

c) Bitartekaritzako turismo-enpresak. Turismoaren arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere jarduera garatzeko eskakizun formalak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta bidaia-agentzia handizkariak.

Zehazki, atal honen xede dira Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN) «N» sekzioan bildutako jarduerak:

• EJSN TALDEA 791: Bidaia-agentzien eta bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

• EJSN MOTA 7911: Bidaia-agentzien jarduerak.

• EJSN MOTA 7912: Bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

• EJSN TALDEA 799: Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta haiekin loturiko jarduerak.

• EJSN MOTA 7990: Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta haiekin loturiko jarduerak.

d) Garraio turistikoko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipamendu-ondasunak edukita, nagusiki ibilbide turistikoak egiten dituzten enpresak Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota tokietan. Garraio turistikoko jarduera nagusitzat hartuko da erregulartasunez eskaintzen dena eta enpresa-jardueran negozio-bolumen handiena sortzen duena.

e) Turismo aktiboko enpresak. Lehia-asmorik gabeko aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak prezio baten truke modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituztenak. Jarduerok egiteko, egiten diren lekuan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak bakarrik erabiltzen dituzte, jarduerotan beti izaten da arriskua, eta beharrezkoa da neurri batean trebatuta egotea. Kanpoan geratzen dira kirol-federazioak, -klubak eta -elkarteak, nahiz eta halako jarduerak gauzatu.

I. eranskinean jasotako turismo aktiboko jarduerei dagokienez, deialdi hau aplikatzeko interes turistikoko jardueren eskaintza zehazten duten puntuak hartuko dira kontuan. Ondorioz, interesdunek bi aukera izango dituzte: dela establezimendu edo lantoki zehatzei buruzko eskaerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-sektoreari sostengua emateko 2021eko laguntza-programa arautzen duen Aginduan jasotako arau orokorrekin bat etorriz; dela zerbitzu horiek eskaini ohi dituzten puntu zehatzari buruzko eskaerak egitea. Puntu horiek bakarrak izango dira eta Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko dute; halaber, han bilduko dituzte beren jarduera turismo-zerbitzu horien eskaintzan garatzen duten langile guztiak, betiere ezarritako arau orokorrekin bat etorriz.

f) Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak egiteko aholkularitza-, plangintza-, antolaketa-, zuzendaritza- eta kontrol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa espezializatuak, edo dena delako kongresuak profesionalki eskatzen duen zernahi beste jardueratan aritzen direnak; izan litezke zuzenean eginak edo hirugarren pertsonei edo elkarteei azpikontratatuak.

Zehazki, erregulazio honen xede dira Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko «N» sekzioan bildutako jarduerak:

• EJSN TALDEA 823: Batzarren eta erakustazoken antolaketa.

• EJSN MOTA 8230: Batzarren eta erakustazoken antolaketa.

g) Turismo-gidak. Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten duten pertsonak, Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoarekin loturik. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan. Definizio horretan pertsona juridikoak ere sartzen dira.

• EJSN TALDEA 791: Bidaia-agentzien eta bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

• EJSN MOTA 7912: Bidaia-agentzia handizkarien jarduerak.

• EJSN TALDEA 799: Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta haiekin loturiko jarduerak.

• EJSN MOTA 7990: Beste erreserba-zerbitzu batzuk eta haiekin loturiko jarduerak.

Horrezaz gainera, pertsona fisikoek ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafe hauetan sartuta egon beharko dute.

ATALA: 2

DIBISIOA: 8

ELKARTEA: 88

TALDEAK: 882 Turismo-gidak 883 Turismoko interprete-gidak.

4.– Orobat, a), b) eta c) letretan aipatutako establezimendu eta enpresek 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen egon beharko dute inskribatuta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan.

5.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, baita eta partaidetzako bestelako erakundeak ere, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek badute gehiengo partaidetza haien kapitalean edo gobernu-organoetan.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egon beharko du 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

7.– Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta eskakizunak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, zeinak behar adina ahalorde izango baititu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Baldin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokoarren (azaroaren 17ko 38/2003) 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro baino lehen desegiten bada elkartea, itzuli egin beharko du emandako dirulaguntza.

Horretarako, enpresa horiek erakunde onuraduneko kide bakoitzaren partaidetza-ehunekoa adieraziko dute aurkeztutako eskabidean.

8.– Pertsona eta erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte 2021eko urtarrilaren 15ean:

a) Egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta bertan kokatuta egotea lantokia edo, hala badagokio, egindako jarduera.

b) Agindu honen 3. artikuluko 3. zenbakian edo eranskinean zerrendatutako jardueraren batean aritzea, eta jarduera horrek COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko hartutako neurrien ondorioak pairatu izatea.

c) Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

9.– Aurreko zenbakiko a) eta b) letretan jasotako betekizunak nahitaez gorde beharko dira, gutxienez, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrerako lau hilabeteetan. Era berean, erakunde onuradunak EJZn alta emanda egon beharko du, gutxienez aldi horretan.

Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak egiaztatuko du mantendu egiten dela onuradunen jarduera.

10.– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du betetzen direla artikulu honetako 6., 7., 8. eta 9. zenbakietan ezarritako baldintzak, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, aurreko zenbakietan identifikatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Halaber, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, emateko eta ordaintzeko ebazpena eman aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizuna hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kabuz.

11.– Aurreko zenbakietan aurreikusitako eskakizunez gainera, pertsona eta erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeari (otsailaren 18ko 4/2005) edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrari buruzko Lege Organikoari (martxoaren 30eko 3/2007) jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, eskabideari dagokion establezimenduan edo lantokian 2021eko urtarrilaren 15ean alta emanda zeuden langileen kopurua hartuko da aintzakotzat, turismo aktiboko enpresen kasuan izan ezik, horiek 2019ko batez besteko langile kopurua hartuko baitute kontuan, ondoren zehazten den moduan:

Agindu honen 3. artikuluaren 3. zenbakiko a), b), d), e), f), eta g) letretan bilduriko erakundeentzat –hau da, turismo-ostatuetako establezimenduak, erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen pertsona juridiko titularrak, turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak eta turismo-gidak–:

• 1 eta 3 langile bitarteko establezimenduak: 6.000 euro.

• 4 eta 9 langile bitarteko establezimenduak: 9.000 euro.

• 10 eta 49 langile bitarte dituzten establezimenduak: 12.000 euro.

• 49 langiletik gorako establezimenduak: 15.000 euro.

Agindu honetako 3. artikuluko 3. zenbakiko c) letran bildurik dauden erakundeentzat; hau da, bitartekaritzako turismo-enpresentzat:

• 1 eta 3 langile bitarteko establezimenduak: 10.000 euro.

• 4 eta 9 langile bitarteko establezimenduak: 12.000 euro.

• 10 eta 49 langile bitarte dituzten establezimenduak: 15.000 euro.

• 49 langiletik gorako establezimenduak: 20.000 euro.

Kasu guztietan ere, langile guztien zenbaketan autonomoak ez ezik soldatapekoak ere sartuko dira, kontuan hartu gabe lanaldi osoa edo partziala duten, jardunean dauden, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden, lan-harremana etenda daukaten edo jarduera utzita dauden. Langile berak lantoki bakarrean egon ahalko du atxikita.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

5. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko bederatzietan, eta 15 egun baliodun geroago amaituko da.

2.– Eskabide bat aurkeztuko da enpresa bakoitzeko; nolanahi ere, enpresa batek hainbat lantoki izan ditzake laguntza hauek eskatzeko, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu beharko du.

Bitartekaritzako turismo-enpresek eskabide bakarra egingo dute enpresa osatzen duten lantoki, sukurtsal eta salmenta-puntu guztietarako.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta xede horretarako aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste:

3.1.– Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:

a) Eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa, enpresa txikia edo ertaina, edo nortasun juridikorik gabeko taldea den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren datu pertsonalak banakatu beharko dira. Datuen artean, berariaz adierazi beharko da laguntza eskatzen den establezimenduaren kokapena eta izena, eta zehaztu beharko da ekonomia-jardueren gaineko zergaren zer epigrafetan dagoen alta emanda establezimendu hori.

b) Betetzen dituela erakunde onuradun izateko deialdi honetan ezarritako eskakizunak.

c) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

d) Betetzen dituela beharrezko diren baldintzak mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain gisa hartzeko:

1) 250 langile baino gutxiago izatea, eta deialdi honen aurreko ekitaldiko abenduaren 31n gehienez 50 milioi euroko negozio-bolumena edukitzea, edo urteko balantzea gehienez 43 milioi eurokoa izatea.

2) 250 langile edo gehiago dituen eta 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena duen enpresa batek ez duela kapitalaren % 25eko edo gehiagoko partaidetzarik.

e) 2019ko batez besteko plantillari buruzko datuak, turismo aktiboko enpresen kasuan; gainerako onuradunen kasuan, berriz, 2021eko urtarrilaren 15ean zuten langile talde osoari buruzko datuak; kasu guztietan, kontuan hartu beharko dira autonomoak bezala soldatapekoak ere, eta banakatu egin beharko dituzte gizonak eta emakumeak; halaber, adierazi beharko da laguntza eskatzen duen establezimendu edo zentro bakoitzeko langile bakoitzaren Gizarte Segurantzako zenbakia.

f) Laguntzaren xede den lantokia edo establezimendua EAEn egotea edo, hala badagokio, jarduera EAEn garatzen duela, eta orobat martxan zegoela 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

g) Ez dela sozietate publiko bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat, ez eta partaidetzako erakundea ere, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek badute gehiengo partaidetza haien kapitalean edo gobernu-organoetan.

h) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

i) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izaera berarekin emandako dirulaguntzen inguruan, ez haren erakunde autonomoek emaniko dirulaguntzekin loturik.

j) Ez izatea debekurik dirulaguntza eta laguntza publikoak jasotzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) 24.2 artikuluak dioenari jarraikiz.

k) Konpromisoa hartzen duela Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2021ean turismo-sektoreari eusteko sustatuko dituen kanpainetan parte hartzeko –hala nola bonu turistikoetan–.

Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatu ahal izango du f) atalean jasotakoa, datu-bitartekaritzako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu egiaztapena egiteko behar diren egiaztapenak.

Hori horrela, egiaztatu egingo da e) letran jasotakoa: turismo aktiboko enpresen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak 2019. urteari buruz egindako Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostenaren bidez; gainerako eskatzaileen kasuan, berriz, Kotizazio-kontuaren kode baten lan-bizitzari buruzko txostena aurkeztuta, 2021eko urtarrilaren 15ean kontrataturiko langile taldea egiaztatzeko.

3.2.– Eskatzaileak EAEn dituen lantoki bakoitzarentzat izango dira aipaturiko laguntzak, bitartekaritza-enpresen kasuan izan ezik, zerbitzu turistikoen eskaintza arrunta badute irekita eta enplegatuak izanez gero haietan lanean. Lantoki bakoitzari atxikitako langile kopurua elementu erabakigarria izango da eman beharreko laguntza zenbatesterakoan.

I. eranskinean adierazitako jardueren kasuan, baldin eta egiaztatzen bada ez dituztela establezimendu edo lantoki horiek, eskakizun horren ordez langile kopurua egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ahal izango da, eta, hala, eutsi egingo zaio laguntzak kalkulatzeko modu orokorrari.

3.3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak alta emanda egon beharko du Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan, edo dagozkion banku-datuak aldatu beharko ditu bertan. Horretarako, dagokion aukeraren arabera, aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango du, hemen zehazten diren argibideei jarraikiz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

4.– Bitarteko elektronikoz egingo dira agindu honetan jasotako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen eta gainerako kudeaketak. Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da: http://www.euskadi.eus/servicios/111060. Hirugarrenen altaren edo aldaketaren kasuan, artikulu honetako 3.2 zenbakian agertzen den helbidea baliatu beharko da.

Egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-eredua. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: www.euskadi.eus/servicios/1110601

Elektronikoki izapidetutako eskabideen kasuan, eskatutako dokumentazio guztia jasotzean, erregistro elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat. Horietan guztietan, deialdi honetan eskatutakoaren arabera eskabidea osorik formalizatu duen uneari dagokion data hartuko da kontuan.

Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gainera, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatuta, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982) ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu 3.3.b) artikuluan eta 5. artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala akatsa edo aurkez ditzala nahitaezko agiriak 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago interesdunaren eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira interesduna edukira sartu gabe, ulertuko da uko egin zaiola jakinarazpenari eta, prozedurari jarraituz, egintzat joko da izapidea, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

4.– Zuzenketak eta jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Onuradunei ordainketa bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza, ematea erabaki eta eskatzaileak onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

8. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Dirulaguntzen eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, aurkezpenaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, kasu guztietan ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta eskuragarri dagoen kredituaren arabera.

2.– Onuradun izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– Bigarren artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ezetsi egingo dira ebazteke dauden eskabideak. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

Hasierako zuzkidura areagotzen bada, berriro ekingo zaio laguntzak emateari, eta hasierako zuzkidura agortu izanagatik laguntzarik gabe geratu direnek izango dute lehentasuna, dagokien ordenaren eta sistematika beraren arabera.

4.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio edota informazio osagarria eskatu ahal izango dute edozein unetan.

9. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko ditu eskabideak bata bestearen jarraian, eskabidea osorik formalizatzen den uneari erreparatuta, eskabidea osorik aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, eta ebazpen arrazoitua emango du aurkeztutako dirulaguntza eskabide bakoitzari dagokionez.

2.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskabidea osorik formalizatzen denetik aurrera, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak; eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da diruz lagundutako eskabideen zerrenda.

Hiru hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo erakunde interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

3.– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez, eskaera-inprimakian adierazitako telefono mugikorreko zenbakietara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute izango inola ere jakinarazpen-baliorik.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Dirulaguntzaren zenbatekotik kendu egingo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak, zerga arautzen duen araudia aplikatuta dagozkionak. Era berean, emandako dirulaguntza guztien berri emango zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta ondorioetarako.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14.1, 18.3 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jardueran alta emanda egotea, eta 3.3 artikuluan adierazitako kolektibo onuradunetako baten barruan egotea, gutxienez lau hilabetez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Finantzatutako jardueran gutxienez lau hilabetez aritzea jarraian, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari berariaz eta idatziz, ulertuko da onartu egin duela.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari bete beharreko funtzioei buruzko informazioa ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez.

e) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (otsailaren 18ko 4/2005) eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako Lege Organikoan (martxoaren 22ko 3/2007) xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza ere aldatu egingo da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari ekingo zaio. Horretarako, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

12. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik eta/edo erakunde pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza batzuk batuta, ezin izango du gainditu diruz lagundutako kontzeptuaren kostua. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzak, egungo COVID-19aren testuinguruan, ekonomia babestera bideratutako estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende daude; hau da, 2020ko martxoaren 19koa (2020/c 91 i/01) eta haren aldaketak, (c (2020) 2215, 2020ko apirilaren 3koa, c (2020) 3156, 2020ko maiatzaren 8koa, c (2020) 4509, 2020ko ekainaren 29koa) eta C (2020) 7127, 2020ko urriaren 13koa. Aldi Baterako Esparru horrek estatu kideei araubideak ezartzeko eta enpresei laguntzak emateko aitortzen dizkien ahalmenen barruan ematen dira laguntzok, presako likidezia-premiei aurre egite aldera.

13. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu dirulaguntzen deialdi honetako baldintzak hobeto ezagutze aldera, eta enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako titularrak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren –non erakunde interesdunari entzungo zaion– adieraziko du, ebazpen bidez, erabat edo zati batean galdu duela dirulaguntza eskuratzeko eskubidea, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzapen-mailarekiko proportzioan, bai eta berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen Legegintza Dekretuak (azaroaren 11ko 1/1997) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, diru-itzulketa partzialari dagokionez, 38/2003 Legeak, 37. artikuluan zehazten duenaren arabera, eta, itzulketa partzialaren kasuan, 38/2003 Legearen aipaturiko 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Ez-betetzearen espediente hori eskaera http://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoaren bidez izapidetuko da, interesdunak legitimoki beste bat eskatzen duenean izan ezik. Izapidetze elektronikoaren kasuan, egoitza elektroniko honen bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003) jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 26a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
LAGUNTZEN AGINDU HONEN ONDOREETARAKO TURISMO AKTIBOTZAT HARTZEN DIREN JARDUERAK
1.– URETAKO JARDUERAK

1) Bela-nabigazioa:

• Bela arina: nabigazio mota honetan, haizeak oihal-gainazal baten gainean sortzen duen eragina propultsio-indar gisa aprobetxatzen da; kabinarik gabeko eta eskifaiarena baino pisu txikiagoa duten ontziak erabiltzen dira.

• Gurutzaldi-bela: nabigazio mota honetan, haizeak oihal-gainazal baten gainean sortzen duen eragina propultsio-indar gisa aprobetxatzen da, eta eskifaiarena baino pisu handiagoa duten ontziak erabiltzen dira; ontziok gaua igarotzeko kabina izaten dute.

2) Windsurfa: belaren eta surfaren arteko hibridoa. Helburua da uraren azaleraren gainean irrist egitea ontzi arin baten gainean. Ontzia ohol batez eta haizearen indarra jasotzen duen bela batez osatzen da.

3) Surfa: kirol honen helburua olatuen gainean irristatzea da, diseinu hidrodinamikoko ohol baten gainean zutik jarrita.

4) Ibilbideak motordun itsasontzietan: itsasontzietan ibilbideak egitea, ibaietan edo kostaldean zehar.

5) Piraguismoa: modalitateak:

• Kayaka: piragua mota bat da; goiko aldea itxita dauka, eta pilotua sartzeko tarte bat baino ez du. Pilotuak bi pala asimetriko dituen arraun batekin gidatzen du kayaka.

• Kanoa: ontzi txiki eta arina; nabigatzaileak pala bakarreko arrauna erabiltzen du aurrera joateko.

• Arraunketa eta traineruak: ontzi batek uraren gainean hartzen duen propultsioa arraunlari baten edo batzuen indar muskularraren bidez. Arraunlari bakoitzak arraun bat edo bi erabiliko ditu, bigarren mailako palanka sinple gisa, eta aitzinamenduaren norabideari bizkarra emanda eseriko dira, gidatuko dituen lemazainarekin edo gabe.

6) Raftinga: emari handiko ibaietatik jaistea, hainbat pertsonarentzako ahalmena duten baltsa pneumatikoen barruan, eta arraunez propultsatuta. Ontzia zuzentzeko, tripulatzaile guztien arraunek koordinatuta ekin behar dute.

7) Bodyboarda: uretatik irrist egitea, apar gogorrezko ohol baten gainean ahuspez etzanda, eta hegatsen laguntzaz.

8) Wakeboarda edo uretako eskia: uraren gainazalean irrist egitea ohol edo eski baten gainean tente jarrita eta motordun ontzi batek herrestan eramanda.

9) Hidropedalak: jarduera hau pedalen bidez mugitzen diren hegalez propultsatutako ontzi txiki batean egiten da.

10) Donutskia: helburua da erroskilla pneumatiko erraldoi baten gainera igo eta motordun ontzi batek atoian eramaten uztea.

11) Kite surfa: helburua da uraren gainazalean desplazatzea ohol baten gainean zutik jarrita; erabiltzailea parapente txiki edo kometa antzeko bati lotzen zaio, eta hori haizearen indarrak bultzatzen du.

12) Ski Busa: helburua da uraren gainazalean hainbat tripulatzaile irristatzea ontzi flotagarri batean eserita, beste ontzi motordun batek herrestan eramanda.

13) Busboba: ur lasterreko ibai batetik flotagailu zilindriko handi baten gainean jaisteko jarduera. Flotagailua jaurtigai handi baten modukoa da; beste bi flotagailu txikiago ditu albo banatan itsatsita, oinak jartzeko.

14) Arraun-surfa: jarduera honetan arraun bat erabiltzen da uretan zehar desplazatzeko, surf-ohol baten gainean zutik iraunez.

15) Pala-surfa/stand up paddlea/paddle surfa: uretan zehar surf-ohol baten gainean desplazatzea pala baten laguntzarekin.

16) Zetazeoak begiztatzea: baleak eta beste zetazeo batzuk haien habitat naturalean behatzea.

17) Urpekaritza, urpeko jarduerak, eskafandra-urpekaritza eta snorkela (arnas hodi bidezko urpekaritza): ingurune hiperbarikoan zehar desplazatzea jolaseko edo dibertimendurako helburuarekin.

18) Urpekaritza-bataioa: urpekaritza-bataioa urpekaritzako hastapena eta lehen esperientzia da.

19) Ur-motorretako ibilbideak eta/edo txangoak: ur irekietan edo barrukoetan uretako motorrekin egiten den jarduera, indarrean dagoen araudiak baimentzen duen lekuetan eta segurtasun-arau zorrotzen arabera (seinaleztapena, etab.).

20) Ibaiko eskia: ur bizietatik jaistea eski berezi batzuekin eskia eginez eta pala bikoitzeko arraun baten laguntzaz.

21) Coasteeringa: itsaslabarrak itsasondotik behatzea eta zeharkatzea, oinez, igeri eginez, salto eginez, katuka igoz, katuka jaitsiz, etab., taldearen mailaren eta itsasoaren egoeraren arabera egokiena den progresio-metodoa erabiliz.

2.– AIREKO JARDUERAK

1) Paradescendinga: kometa batekin (parapentearen antzekoa) desplazatzea; motordun ontzi baten trakzioaren bidez altxatzen da eta horrek airean mantentzen du.

2) Globo aerostatikoa: globo bat erabiliz egiten den hegaldi-modalitatea.

3) Delta-hegala: airean zehar desplazatzeko jarduera da, ezaugarri jakin batzuk dituen hegal bat (delta-hegala) erabiltzen da, eta aireratzeko, mendi-magaletatik abiatzen da.

4) Parapentea: airean zehar desplazatzeko jarduera da, ezaugarri jakin batzuk dituen jausgailua erabiltzen da, eta, aireratzeko, mendi-magaletatik abiatzen da.

5) Motorrik gabeko hegaldia: aireko progresio-jarduera, ezaugarri jakin batzuetako aireontzi (belaontzi) bat erabiltzen da, motorrik gabea, eta baliabide mekanikoak erabiltzen ditu aireratzeko.

7) Ultra-arineko hegaldia: aireko progresio-jarduera; ezaugarri jakin batzuetako aireontzi motordun bat erabiltzen du.

8) Parakaidismoa: helburua da hegaldatu den hegazkin, helikoptero, globo edo abioneta batetik jaurtitzea eta lurrera arte jaistea, jausgailu batekin jaitsiera balaztatuz eta zuzenduz.

9) Puentinga: zubi, garabi, aerostato, helikoptero, eraikin edo beste egitura mota batetik nork bere burua jaurtitzea hainbat soka dinamikoren bidez loturik; horrela, jauzilaria airean esekita geratzen da.

10) Elastikoekin jauzi egitea (Benji edo Bungee): leku altu batetik nork bere burua jaurtitzea, goma elastiko batekin lotuta; horrela, jauzilaria hainbat aldiz igo eta jaisten da, eta azkenik, jauzilaria airean esekita geratzen da.

11) Hegaldi motorduna: aireko txango edo ibilbide bat, motordun abioneta bat erabiliz.

3.– MENDIKO ETA ESKALADAKO JARDUERAK, OINEZKO BIDEAK ETA AMILDEGI JAITSIERAK

1) Mendizaletasuna: mendian zehar oinez desplazatzeko jarduera; helburua mendietara igotzea da, eta eskalada, alpinismo edo eskiko teknikak eta materialak erabil daitezke, segun eta zer dagokion.

2) Arroila-jaitsiera: jarduera honetan ura duten edo urik ez duten sakanak igotzen edo jaisten dira, mendizaletasunean, eskaladan eta espeleologian erabiltzen diren jaisteko teknikak erabiliz.

3) Izotzetako eskalada: jarduera honen helburua harkaitzezko, elurrezko edo izotzezko hormak dituzten mendietan gora joatea da, izotzetan eskalatzeko teknika eta material bereizgarriak erabiliz.

4) Harkaitzean eta rokodromoan eskalada egitea: jarduera honen helburua horma naturaletan eta artifizialetan gora joatea da, harkaitzean eskalatzeko teknika eta material bereizgarriak erabiliz.

5) Mendi-ibilaldiak: espazio naturaletan zehar oinez desplazatzeko jarduera; helburua da seinaleztatutako edo seinaleztatu gabeko bide eta bidezidorrak zeharkatzea.

6) Zeharkaldia edo trekkinga: hainbat egun irauten duen txangoa; eremu menditsuak edo landa-eremuak zeharkatzen dira, eta gaua hainbat tokitan igarotzen.

7) Via ferratak: via ferratak ibilbide bertikalak dira, eta hainbat materialez daude hornituta, hala nola iltzeak, grapak, heldulekuak, eskubandak, kateak, zubi zintzilikariak eta tirolinak, eta, horiei esker, segurtasunez igo daiteke sarbide zaileko eremuetara.

8) Espeleologia: jarduera honetan lur azpiko barrunbeak esploratzen eta zeharkatzen dira, barrunbe horiei dagozkien oztopoak saihestuz, eta espeleologiako teknika eta material bereizgarriak erabiliz.

9) Zeharkaldia: ibilbide luzeko eta ertaineko espedizioa mendiko eskualdeetan barrena; ibilbide horietan aterpeetan edo kanpalekuetan lo egiten da.

10) Ibilketa nordikoa.

11) Orientazio-jarduerak: modalitateak:

• Orientazio-lasterketa: mendian eta beste leku batzuetan egiten diren oinezko lasterketak; haietan, parte-hartzaile bakoitzak ezarri diren kontrol-puntu batzuetatik igaro behar du, iparrorratz bat eta mapa bat soilik erabiliz.

• Orientazio-jarduera: orientazio-lasterketaren jolas-egokitzapena.

12) Alpinismoa: kirol-modalitate honetan lur-eremu menditsuak zeharkatzen dira, eskalada-tekniken, ingurunean bizirauteko tekniken eta orientazioaren bidez.

13) Coasteringa: kirol-modalitate honetan, ibilbide bat egiten da kostaldean zehar, honako hauek konbinatuz: mendi-ibilaldiak, altuera-jauziak uretara, lurreko leizeen esplorazioa, urpekaritza, zeharkaldiko eskalada, rappela eta soka-zubia, besteak beste.

14) Slacklinea: modalitate honetan, nylonezko edo poliesterrezko zinta lau baten gainean oinez egiten da, zinta hori bi puntu finkora lotuz eta tenkatuz.

15) Rappela: eskalada-teknika bat da, eta helburua da soka batekin gainazal bertikal edo okertuetatik jaistea.

16) Tirolina/Tirolesa/Dosela/Canopya: sistema honen bidez, amildegi baten bi punturen arteko ibilbidea gurutzatu daiteke, puntu horiek lotzen dituen soka baten edo polea bidez.

17) Zubi tibetarra: ibai bat, arroila bat edo igarobide bertikalak zeharkatzeko egitura tradizional bat da. Elkarri lotutako hiru sokaz osatzen da: bi paraleloak, bi eskuetarako, eta behean beste bat, oinetarako.

18) Tximu-zubia: ibai bat, arroila bat edo igarobide bertikalak zeharkatzeko egitura tradizional bat da. Bi soka paralelorekin osatzen da: goikoa eskuetarako eta behekoa oinetarako.

19) Elurretako mendi-ibilaldia: ibiltaria, oinetakoei erraketa berezi batzuk finkatu ondoren (elur-erraketak), lurra hondoratu gabe ibiliko da gainazal izoztuen gainean.

20) Biziraupena: kirol-jarduera honetan hainbat diziplinatako teknika (orientazioa, eskalada, etab.) eta inguruneko teknika (botanika, meteorologia) bateratzen dira, naturan moldatu ahal izateko, naturaren baliabideak ezagutzeko eta aprobetxatzeko, eta arriskuak saihesteko.

4.– BIZIKLETA- ETA HIPIKA-JARDUERAK

1) Zaldi-txangoak eta -ibilaldiak, aldez aurretik zehaztutako ibilbide bati jarraituz.

2) Mendiko bizikleta (Mountain Bike): progresio-txirrindularitzako espezialitate bat da; naturaguneak zeharkatzen dira, mendiko txirrindularitzako teknika eta makina bereizgarriak erabiliz.

3) Zikloturismoa: egun bateko edo gehiagoko ibilbideak edo bidaiak egiten dira, bizikletaz, errepidez edo bideak zeharkatuz.

5.– JARDUERAK IBILGAILU MOTORDUNEKIN

1) Quadak: jarduera hau zirkuitu itxietan edo baimendutako ibilbideetan egiten da ibilgailu bereziekin; hau da, lau gurpileko lur orotako eta gehienez ere bi eserlekuko ibilgailua (motozikletaren aldaera bat da).

2) Lur orotako ibilgailu motorduna edo 4x4: jarduera honetan ibilbideak egiten dira zirkuitu itxietan edo baimendutako ibilbideetan lur orotako ibilgailuekin.

3) Buggieak: hondarrerako lur orotako ibilgailu arina.

4) Ziklo-kros, triala, enduroa.

5) Kartinga: automobilismo-diziplina bat da; kartodromo izeneko zirkuituen gainean praktikatzen da kart izeneko ibilgailuekin: 600 eta 1700 metro bitarteko luzera eta 8 eta 15 metro arteko zabalera izaten dute.

6) Segwaya: garraiorako ibilgailu arin giroskopiko, elektriko eta bi gurpilekoa; bi gurpilak albo banatan kokatzen dira, eta ordenagailuz kontrolatutako auto-balantza du.

6.– BESTE JARDUERA BATZUK

1) Jarduera anitzeko zirkuitua: hainbat jarduera konbinatzen dira hainbat tokitan, hala nola zubi esekiak, tirolinak, eskubandak, zubi tibetarrak, etab.

2) Arku-tiroa: jarduera honetan geziak jaurtitzen dira arku baten laguntzarekin, eta helburua da puntu edo leku finko batean jotzea; naturagune batean garatzen da.

3) Paintballa eta antzekoak: jarduera hau aire zabalean egiten da; bi taldek pintura-bolekin borrokatzen dute helburu bat lortzeko.

Modalitateak:

• Paintballa (tiro egitea pintura-bolarekin).

• Airsofta (tiro egitea plastikozko bolarekin).

4) Herri-kirolak eta pilota: jarduera hauen bidez, euskal kultura eta euskal tradizioak –herri-kirolak eta euskal pilota– ezagutu daitezke. Erakusketa-jarduera bat izan daiteke, non turistek parte hartzen baitute, edo, bestela, parte hartzeko jarduera bat izan daiteke, zeinean taldeak beren artean lehiatzen baitira pilota-joko edo herri-kirol formatuan, taldearen arabera.

5) Ginkanak: team building jarduerak. Batez ere talde baten sentimendua indartzeko, marka bat bultzatzeko edo pizgarri baten moduan erabiltzen diren jarduerak. Taldeen arteko lehiaketak izaten dira eta hainbat motatako probak egiten dira: oreka, indarra, asmamena, koordinazioa, talde-lana, etab.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala