23. zk., 2021eko otsailaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (345 KB - 11 orri.)
- EPUB (231 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
581
EBAZPENA, 2020ko abenduaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita «Larrako» ustiapen-emakidaren (12675 zk.) C) sekzioko 2C aurrealdea aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan. Proiektu hori Sociedad Financiera y Minera SA – Cementos Rezola enpresak sustatu du.
AURREKARIAK
Ingurumen sailburuordearen 2002ko urtarrilaren 31ko Ebazpen bidez, Larrako eta Goriko harrobiak ustiatzeko proiektuen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen; bata zein bestea Sociedad Financiera y Minera SAk (Cementos Rezola) Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan sustatutako proiektuak.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko abenduaren 17ko Ebazpen bidez aldatu egin zen Larrako eta Goriko harrobietako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean aurreikusitako ingurumen-zaintzako programa. Proiektu horiek Sociedad Financiera y Minera SAk sustatu zituen Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan.
Gero, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko apirilaren 1eko Ebazpen bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena eman zen, eta aldatu egin zen Sociedad Financiera y Minera SA (Cementos Rezola) sozietateak sustatutako Larrako eta Goriko harrobiei buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
2018ko uztailaren 19an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpena eman zuen. Ebazpen horren bidez, Larrako emakidan (12675 zk.) 2C aurrealdearen ustiapen-proiektuaren diseinua aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua formulatu zen. Proiektua Sociedad Financiera y Minera SAk sustatu du Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan.
2019ko martxoaren 20an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan kokatutako «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.) C) sekzioko 2C aurrealdea aldatzeko ustiapen-proiektua eta lehengoratze-plana, baita haren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Izapide horri buruzko iragarkia 2019ko apirilaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak adierazten du ez dela alegaziorik jaso.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, orduko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, 2019ko martxoaren 20an, kontsultak egiten hasi ziren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.
2020ko urriaren 6an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Larrako meatze-emakidan (12675 zk.), 2C aurrealdearen ustiapen-diseinuaren aldaketa-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko. Proiektu hori Sociedad Financiera y Minera SA (Cementos Rezola) merkataritza-sozietateak sustatu du Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan.
Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:
– Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia), «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.) 2C aurrealdearen ustiapen-diseinua aldatzeko proiektuaren memoria eta eranskinak (2017ko urrikoa).
– Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia), «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.) 2C aurrealdearen ustiapen-diseinua aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa (2018ko martxokoa).
– Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia), «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.) 2C aurrealdearen ustiapen-diseinua aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren txosten osagarria (2020ko maiatzekoa).
– Jendaurrean jarri izanaren ondoriozko emaitzei buruzko dokumentuak.
– Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitzei buruzko dokumentuak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan kokatutako «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.), C) sekzioko 2C aurrealdea aldatzeko proiektua arau horren I.B) eranskinaren 6.1. epigrafean dago jasota.
Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantiboa den aldetik, Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan kokatutako «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.) C) sekzioko 2C aurrealdea aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunterako beharrezkoa dena xedatu du (proiektu hori Sociedad Financiera y Minera SA merkataritza-sozietateak sustatu du). Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat atxiki dio espedienteari eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra; lehendakariaren 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan kokatutako «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.), C) sekzioko C aurrealdea aldatzeko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea (Sociedad Financiera y Minera SAk sustatua).
Larrako ustiapen-emakida (12675 zk.) Pastorekorta mendiaren ipar-ekialdeko hegalean kokatuta dago, Arrigorriaga herriaren mendebaldean, Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia). Larrako kareharri-materialak ustiatzen dira, eta material horiek lehengai mineral gisa erabiltzen dira sustatzaileak meatze-emakidetatik gertu dituen industria-instalazioetan zementua egiteko.
Emakidak barne hartutako aurrealdeetan aire zabaleko ustiapena egiten da, ezponda behartuko harmaila-sistemaren bidez. Materiala leherketa handiekin ateratzen da, eta erauzitako materiala birrintze-instalazioetara eramaten da iraulki bidez. Bertan, birrindu egiten da, gero zementua egin ahal izateko.
Proiektuaren xedea ustiapenaren diseinua aldatzea da, baimendutako ustiapen-proiektuan zehazten den hori, zehazki. Horretarako, sustatzaileak 2041. urtera arte luzatu du emakida. Gaur egungo handitze-proposamenean –2C aurrealdea bakarrik jorratzen du–, hasieran planifikatutakoa baino lursail gehiagori eragiten zaie. Horrela, meatze-ustiapeneko eremuaren azalera 1,14 ha handiagoa izango da, eta sartzeko pistetarako beharrezkoa dena, berriz, 3,17 ha handiagoa.
Aldaketa hori justifikatuta dago, ustiapen-eremuetako batean, ustiapen-helburuetarako material antzua hauteman baita; beraz, beharrezko den ekoizpena lortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 2C aurrealdearen geometria aldatzea eta ustiapena hego-mendebaldeko hegalean atzeraematea, hasiera batean aurreikusitako ustiapenaren azalera handituz.
Baimendutako proiektuaren arabera, 2C aurrealdea 7 harmailak osatuko lukete azken egoeran; harrobiaren plaza 275 kotan egongo litzateke, eta ustiapenaren goiko kota, berriz, 445ean. Proposatutako aldaketarekin, 20 metroko altuera duten 2 harmaila berri gehitu dira; horrenbestez, ustiapenaren goiko kota 485 izango da. Ustiapenaren azalera 209.900 m2 izatetik 221.273 m2 izatera igaro da.
2C aurrealdearen ustiapen-diseinuaren aldaketa horren eraginez, pista berri bat egin beharko da goi-mendebaldeko eremura sartu ahal izateko. Guztira, aldaketak 43.067 m2-ko azalera gehigarria izango du.
2C aurrealdearen ustiapenean sortutako material antzuak zementu-fabrikan erabil daitezke, harea naturalaren ordezko gisa, eta beraz, ez da hondakindegirik ireki beharrik izango material horiek gordetzeko.
Proiektuaren aldaketak ez du eraginik dekantazio-putzuaren neurrietan; izan ere, nahikoa izango da 2C aurrealdea handitu ondoren sortuko diren isurketak tratatzeko.
Bigarrena.– Baldintza lotesle hauek finkatzea «Larrako» ustiapen-emakidan (12675 zk.), harrobiaren 2C aurrealdearen aldaketa-proiektuaren aldaketa gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:
A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baita aurreko lerrokadan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Ingurumen-alderdirik azpimarragarrienen artean, adierazi behar da 2C aurrealdea handitu nahi den eremuan Batasunaren intereseko habitatak daudela; zehazki, aurrealdea handitzeak habitat hauei eragingo die: 6210 Larre mesofiloak, Brachypodium pinnatum dutenak; eta 4030 Txilardi lehor europarrak dituen habitata. 6210 habitataren kasuan, ingurumen-inpaktuaren azterketak berariaz aztertu du orkidea esanguratsurik ote dagoen, ezetz ebatziz, eta beraz, habitat hori ez da lehentasunezkotzat jotzen.
Proiektuak ez die eragiten babestutako espazio naturalei, ezta natura-intereseko beste eremu batzuei ere (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) azpiegitura berdeak, EAEko Garrantzizko Naturaguneen Katalogo Irekiko espazioak, EAEko Hezeguneen Lurraldearen arloko Planeko beste hezeguneak).
Ingurumen-inpaktuaren azterketak justifikatzen du ustiapen-aurrealdea handitzeak ez duela inpaktu esanguratsu berririk sortuko fauna-espezieei dagokienez; era berean, kiropteroei buruzko azterlan espezifiko bat hartzen du barnean, eta, horren arabera, ez dago ustiapen-eremuaren ingurune harkaiztarrarekin lotutako haitzuloetako espezierik.
Azterketa arkeologikoak emandako datuen arabera (ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsi zaio), ez da hauteman elementu arkeologikorik, eta ez dago egitura, material edo maila antropikorik. Era berean, ez da aurkitu aztarna arkeologikoak izan ditzakeen barrunbe edo leize karstikorik.
2C aurrealdea handituko den eremua ez dago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako lursailen artean. Agindu horren bidez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen da. Proiektuaren eragin-eremuan ez dago ur-ibilgurik, eta, beraz, harrobia ez dago uholde-arriskuko inongo gunetan.
Emandako informazioaren arabera, proiektuaren aldaketak ez du handituko ustiatu beharreko urteko kareharri kopurua, ezta ustiapen-aldia ere. Birrintzeko eta sailkatzeko instalazioak, instalazio osagarriak eta ustiapenean erabilitako makinak baimendutako proiektuan ezarritako baldintza lehengo berean geratuko dira.
Era berean, proiektuaren aldaketarekin ez dira aldatuko gaur egun egiten diren leherketen kopurua eta maiztasuna; leherketen kopuruak hilean 2-3 ingurukoa izaten jarraituko du, gaur egun bezala.
D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.
D.1.– Proiektuaren esparrua.
Jardueraren eragina pairatu dezakeen gehieneko eremua zedarrituta dago 2C aurrealdea aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan. Mugak ingurumen-inpaktuaren azterketaren 3.3.6 planoan zehaztuta daude, «2C aurrealdearen egoera, Larrako emakidan. 2041. urtea».
Ezin izango zaie inolaz ere eragin ustiaketa-proiektuan aipatutako eraginpeko mugetatik kanpo dauden guneei, ez zuloen irekierarengatik edo ez pista berrien, sarbideen, zabortegien edo erauzketako bestelako jarduera lagungarrien beharrengatik.
Muga horien erreferentzia bat finkatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta.
D.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Hargatik eragotzi gabe Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatzen dena eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, honako neurri hauek ezarriko dira:
D.2.1.– Erauzte-jarduerak zuzenean eragingo ez dien Europar Batasunaren intereseko habitatei eta bertako zuhaitz-landaretzako eremuei dagokienez, ahalik eta prebentzio-neurri zorrotzenak hartu beharko dira proiekturako behar-beharrezkoa den baino azalera handiagoari ez eragiteko.
Helburu horretarako, aipatutako eremuak zehatz-mehatz mugatu eta balizatu eta neurriak hartuko dira zuhaiztietan kalterik ez eragiteko eta behar ez den zuhaitzik ez mozteko; jardueratik hurbilen dauden oinak eta, beraz, makinek kolpatu ditzaketenak babesteko.
D.2.2.– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
D.2.3.– Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan, baita, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezarritakoa ere.
D.3.– Ura babesteko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
D.3.1.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko espedientean dauden agirien arabera, 2C aurrealdearen ustiapena handitzean sortzen diren jariatze-urak drainatzeko sare bat egingo da ustiategi-zuloko jariatze-ur guztia biltzeko, ustiategiko pisten sisteman sortutakoak barne. Drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzu bat izango da. Egoki diren kalkulu hidraulikoak egingo dira solidoak ondo atxikiko direla bermatzeko, eta isuria leku jakin batean eta uraren parametro fisiko eta kimikoei buruz indarreko arauetan xedatutakoa betez egingo dela bermatzeko.
D.3.2.– Drainatze-sarea eta horren azken elementuak, dena den, proiektuaren garapen segidako faseetan ustiategia hartzen joango den egiturari egokitu beharko dira, une oro bermatuta egongo delarik ustiapen eremuan sortuko diren jariatze-uren bilketa, solidoen atxikitze egokia eta isurketa mugatu zein indarreko araudiaren araberakoa.
D.3.3.– Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo edo potentzialki kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko euri-urak joaten diren gune eta bideetan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren zirkulazio askea ez oztopatzeko.
D.3.4.– Dekantazio-putzuaren mantentze- eta garbitze-lanak egin beharko dira aldizka, funtzionamendua optimoa izan dadin eta, horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatuta egon dadin. Beraz, tratamendu-sistemaren errendimendua optimoa izateko xedez, pilatutako lohiak atera egin beharko dira maiztasun jakin baten arabera. Lohi horiek zementua fabrikatzeko prozesuan erabiliko dira, sustatzaileak egindako dokumentazioan adierazitakoaren arabera.
D.3.5.– Sortzen diren efluente-isurketek beroriek baimentzeko eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
D.4.– Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa).
Larrako harrobiak badu atmosfera kutsa lezaketen jarduerak garatzeko baimena, Ingurumen Administrazioaren Zuzendariaren ebazpen bidez eman zen 2016ko azaroaren 24an. Ildo horretan, ingurumen-organoak baloratu egingo du 2C aurrealdearen aldaketak baimen hori eguneratzea eskatzen duen ala ez aztertzea.
Aurrekoaren eta dagokion baimenean azaldutakoaren kalterik egin gabe, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:
D.4.1.– Zulaketako eragiketetan, lantalde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.
D.4.2.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko diren bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan.
D.4.3.– Ustiategiko hautsa murrizteko sistemari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, hura behar bezala erabiltzeko jardunbide egokien kode bat ezarri behar da eta harrobiko langileei nola erabili irakatsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.
D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
D.5.1.– Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan.
D.5.2.– Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, erabilitako makinak kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenei lotu behar zaizkie eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari ere bai.
D.5.3.– Zarata-iturburu berririk balego, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako jardueretara aplika daitezkeen muga-balioak bete beharko dituzte.
D.5.4.– Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.
D.5.5.– Leherketa-proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eragin-esparruan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.
D.5.6.– Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistemarekin jarraitu beharko du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.
D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
D.6.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 2011/22 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
D.6.2.– Meategiko hondakinak Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
D.6.3.– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
D.6.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatuko dira, baita ere, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
D.6.5.– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
D.6.6.– Hondakin arriskutsuak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren otsailaren 4ko Ebazpenean ezarritako neurrien arabera kudeatuko dira. Ebazpen horren bidez, Sociedad Financiera y Minera SA Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketako Erregistroan inskribatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin arriskutsuen ekoizle txikien apartatuan, Arrigorriagako udalerrian eta Arrigorriagako Arane auzoa z/g helbidean (Bizkaia) kokatuta dauden Larrako eta Goriko harrobietarako, kareharria ateratzera xedatua.
D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (haitzuloak agertzen badira, adibidez), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; gero, beharrezkoa izanez gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.
D.8.– Paisaia babesteko eta obren eraginpeko azalerak lehengoratzeko neurriak.
Erauzketa-lanek aldatutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:
D.8.1.– Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.
D.8.2.– Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.
D.8.3.– Besteak beste, Cortaderia selloana eta Buddleja davidii espezie inbaditzaileak desagerrarazteko lanekin jarraituko da. Lehengoratze-eragiketetan, espezie horiek ez ugaltzeko ekintzak egingo dira, eta, bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatuko da, eta ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.
D.8.4.– Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean giza osasunaren babeserako ezarritako EBA-B ebaluazioko balio-adierazleak baino kutsatzaile-eduki txikiagoak dituzten obretako indusketa-lanetatik datozen materialak soilik baimenduko dira.
D.8.5.– Gainera, kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, baimenik gabe geratuko dira hondakin horien balorizazioa aurrera daramaten pertsona fisikoak edo juridikoak, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.
D.8.6.– Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean.
E) Ingurumena Zaintzeko Programa.
E.1.– Ingurumena Zaintzeko Programa ebazpen hauetan aurreikusitakoaren arabera gauzatu beharko da:
– Ingurumen sailburuordearen 2002ko urtarrilaren 31ko Ebazpena. Haren bidez, Larrako eta Goriko harrobiak ustiatzeko proiektuen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, Sociedad Financiera y Minera SAk (Cementos Rezola) Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan sustatutako proiektuak.
– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko abenduaren 17ko Ebazpena. Haren bidez, aldatu egin zen Larrako eta Goriko harrobietako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean aurreikusitako ingurumena zaintzeko programa. Proiektu horiek Sociedad Financiera y Minera SAk sustatu zituen, Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan.
– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko apirilaren 1eko ebazpena. Haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena ematen da, eta Sociedad Financiera y Minera SA sozietateak sustatutako Larrako eta Goriko harrobietako ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzen da, Arrigorriagako eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia).
Dekantazio-putzutik irtetean, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.
E.2.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egongo da erregistroa, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.
E.3.– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.
Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.
E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitiren ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena Zaintzeko Programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari, Arrigorriagako Udalari, Bilboko Udalari eta Sociedad Financiera y Minera SA – Cementos Rezola merkataritza-sozietateari.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 14a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.