Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2021eko otsailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
580

AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Popular de Estudios Vascos izeneko fundazioak estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Ikusi eta aztertu da fundazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskripzio hori eskatzeko aurkeztutako espedientea. Honako hauek kontuan hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2021eko urtarrilaren 11n Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat aurkeztu zen, telematikoki, Fundación Popular de Estudios Vascos izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Eskabidearekin batera aurkeztu zen 2020ko uztailaren 16an Vitoria-Gasteizen, Francisco Rodríguez-Poyo Segura notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 2831). Eskritura horren bidez, jendaurrean jartzen da patronatuko kideek aho batez hartutako erabakia, 2020ko urtarrilaren 7an Fundazioaren estatutuak aldatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Aipatutakoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Bilboko (Bizkaia) Fundación Popular de Estudios Vascos izeneko fundazioaren estatutuen aldaketak, agindu honen datarekin. Aldaketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin ziren, eta bat datoz 2020ko uztailaren 16an Francisco Rodríguez-Poyo Segura notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 2831).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 20a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala