23. zk., 2021eko otsailaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (268 KB - 3 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
577
ERABAKIA, 2020ko abenduaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2020ko enplegu publikoaren eskaintza onesten duena.
Osasun Sailaren 2020-2024 aldiko Esparru Estrategikoan zehaztuta dago zein diren Eusko Jaurlaritzaren osasun-arloko politiken gidalerroak, pertsonen beharrizanei ahalik eta ondoena erantzuteko. Esparru horretan, euskal osasun sistema hobetzen jarraitzeko erronka jasotzen da, eta horretarako inbertitu beharra pertsonalean, azpiegitura berrietan, ikerketan eta prozesuetan, betiere integrazio-, lankidetza- eta efizientzia-printzipioak abiapuntu hartuta.
Pertsonalaren arloan, enplegua egonkortzea aurreikusten da, plantilla handitzeko neurriak hartuz, Osakidetzan lan-egonkortasun handiagoa ekarriko dutenak. Ildo horretatik, hautaketa-prozesuetarako deialdiak egingo dira 2020-2024 aldian, onartutako enplegu publikoaren eskaintzen barruan.
Horrela, Osasun Arloko Mahai Sektorialean 2020ko abenduaren 10ean hartutako konpromisoak betez, 2020ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu behar da.
2020ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan, langileen berritze-tasari dagozkion lanpostuak sartzen dira, hau da, 2019an izandako baja guztien % 100. Ehuneko hori kenketa honen emaitzari aplikatuko zaio: aurreko aurrekontu-ekitaldian zerbitzua emateari utzi zioten langile finkoen kopurua ken ekitaldi horretan edozein arrazoi dela-eta lanean hasitako langile finkoen kopurua (enplegu publikoaren eskaintzetatik sartutakoak izan ezik), edo ken lanpostu gordetzea ez dakarten egoeretatik zerbitzura itzuli diren langileen kopurua. Horretarako, aintzat hartuko dira arrazoi hauek tarteko gertatu diren zerbitzu-uzteak: jubilazioa, erretiroa, heriotza, uko-egitea, lanpostua gordetzea ez dakarren eszedentzia-egoeraren deklarazioa, karrerako funtzionarioaren izaera galtzea edo lan-kontratua azkentzea, edo beste edozein egoera administratibo, betiere lanpostua gordetzea ez dakarrena edo lanpostua utzitako administrazioaren kontura ordainsariak jasotzea ez dakarrena. Aintzat hartuko dira, halaber, beste administrazio publiko batzuetara aldatzeko lekualdatze-lehiaketen ondorioz gertatutako altak eta bajak.
Ondorio horietarako, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiri bat eransten zaio erabaki honi, non jasotzen baita zenbat baja eta alta hartu diren aintzat berritze-tasa kalkulatzeko.
Langile berriek bete beharreko lanpostuez gain, barne-sustapeneko prozesuen bidez bete beharrekoak ere sartuko dira Enplegu Publikoaren Eskaintzan. Lanpostu horiek ez dira zenbatzen langileen berritze-tasaren ondoriozko gehieneko mugaren barruan, hala ezarrita baitago uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan. Hortaz, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskatzen zaio onar dezan zenbat lanpostu eskainiko diren EPEn barne-sustapeneko prozesuen bidez, betiere dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren, eta plantillaren egoera aztertuta. Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.
Osasuneko mahai sektorialean negoziatu beharko dira lanpostuen lanbide-kategorien araberako banaketa eta deialdien oinarriak, eta, Administrazio Kontseilu honek onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Osakidetzak, horrela, berriz ere berresten du bere profesionalen enplegu-kalitatea hobetzeko hartu duen konpromisoa, lege-esparruaren barruan betiere, eta eskaini beharreko plazen kopurua langileen berritze-tasari egokituta (% 100), aipatutako aurrekontu-legeetan bildutako oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraituz.
Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Kontseilu honi aurkeztutako agiriak aztertuta, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2020ko abenduaren 18ko bileran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko 2020ko enplegu publikoaren eskaintza onartzea.
2020ko enplegu publikoaren eskaintzan 1.002 lanpostu eskainiko dira, guztira, txanda irekian, langileen berritze-tasari dagozkionak.
Bigarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio EPEn barne-sustapeneko hautaketa-prozesuen bidez zenbat lanpostu eskainiko diren onar dezan, betiere dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren, eta plantillaren egoera aztertuta.
Hirugarrena.– Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez.
Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin gauzatuko dira.
Laugarrena.– Enplegu publikoaren eskaintzaren xede diren kategoriak zehazteko, dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Bosgarrena.– Betiere, barne-sustapenean nahiz txanda irekian, deialdira ateratako lanpostuen % 7 gordeko da, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek betetzeko, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkien lan eta zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.
Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, desgaitasun intelektuala duten pertsonek betetzeko izango da eskainitako lanpostuen ehuneko bi, eta, gainerakoa, beste edozein desgaitasun-mota duten pertsonek betetzeko.
Seigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.
Zazpigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori gauzatzeko behar adina ebazpen emateko, alderdi hauek barnean hartuko dituztenak: deitu beharreko lanpostu zehatzak, epaimahaien izendapena, deialdien ebazpena eta lanpostuen esleipena.
Zortzigarrena.– Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 18a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.