23. zk., 2021eko otsailaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (265 KB - 2 orri.)
- EPUB (240 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
574
ERABAKIA, 2020ko abenduaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, erakunde zentralaren egitura aldatzen duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta, bereziki, dekretu horren lehenengo xedapen gehigarrian esleitutako eskumenen arabera, «Zuzendaritza eta kudeaketa organoak eratzen direnetik aurrera (...) langileak egituratzeko eta antolatzeko behar diren erabakiak hartu ahal izango ditu»; horrez gain, I. eranskineko 8. artikuluaren arabera, Administrazio Kontseiluari dagokio, besteak beste, «Onartzea, zuzendari nagusiak proposatuta eta sozietatearen estatutuetan ezarritako arauekin bat etorriz, ente publikoaren erakunde zentralak behar dituen egitura organikoa eta funtzionamendu-arauak, bai eta sozietatearen estatutuek esleitzen dizkioten antolamendu-garapeneko arauak eta irizpideak ere, ente publikoaren zerbitzu sanitarioen erakundeei dagokienez.»
Erakundearen eraldaketa digitalari ekiteko, eraginkorragoa da erakunde publikoaren zerbitzu zentralen egitura berrantolatzea, Informatikako eta Informazio Sistemetako Zuzendariordetza Zuzendaritza Ekonomiko Finantzarioari atxikita. Izan ere, zuzendariordetza hori, gaur egun, Zuzendaritza Nagusiaren mende dago.
Egitura berriak ez dakar plantilla handitzea.
Horrenbestez, Administrazio Kontseilu honek, adierazitakoa aintzat hartuta, eta sozietatearen estatutuen 8.5 artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuta, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak aurkeztutako proposamena onartzea, zeinaren organigrama eranskin gisa erantsi baita. Proposamen horren bidez, erakunde zentralaren egungo egitura aldatzen da, honela: Informatikako eta Informazio Sistemetako Zuzendariordetzaren egungo atxikipena aldatzen da, eta Zuzendaritza Ekonomiko Finantzarioaren mende geratuko da. Izan ere, zuzendariordetza hori, gaur egun, Zuzendaritza Nagusiaren mende dago. Halaber, aipatutako Zuzendaritza Ekonomiko Finantzarioaren egitura bera ere aldatu egingo da, eta honekin batera doan eranskinean jasotako egitura hartuko du.
Bigarrena.– Baimena ematea Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari behar diren neurriak har ditzan, bere eskumenen esparruan, egitura berria garatu eta gauzatzeko, Administrazio Kontseiluari aurkeztutako memoriari jarraituz.
Hirugarrena.– Erabaki honetan onartutakoaren araberakoa ez den antolakuntza-egitura oro indargabetzea.
Laugarrena.– Erabaki honek onartzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidaliko da, argitaratzeko. Nolanahi ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde zentrala osatzen duten zuzendariordetza guztiei ere bidaliko zaie, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 18a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.